Edukira joan

Andrea Mantegna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Andrea Mantegna

ganberako margolari

1468 -
ganberako margolari

1460 - 1506
Bizitza
JaiotzaIsola Mantegna (en) Itzuli, 1431
Herrialdea Veneziako Errepublika
BizilekuaCasa del Mantegna (en) Itzuli
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaMantua1506ko irailaren 13a (74/75 urte)
Hobiratze lekuaBasilica of Sant'Andrea (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Nicolosia Bellini  (1453 (egutegi gregorianoa) -
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Francesco Squarcione
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, copper engraver (en) Itzuli, illuminator (en) Itzuli, eskultorea, marrazkilaria, grabatzailea eta artista bisuala
Lantokia(k)Venezia
Padua
Mantua
Florentzia
Pisa
Erroma eta Verona
Lan nabarmenak
InfluentziakDonatello
MugimenduaItalian Renaissance (en) Itzuli
pizkundea
Genero artistikoamargolaritza historikoa
arte sakroa
allegory (en) Itzuli
animal painting (en) Itzuli
margolaritza mitologikoa
erretratua
margolaritza erlijiosoa

Musicbrainz: 5912ad97-58fd-4179-b3f7-1d5602af40f0 Discogs: 2250238 Edit the value on Wikidata

Andrea Mantegna (Isola di Carturo, 1431Mantua, 1506ko irailaren 13a) italiar margolari eta grabatzailea izan zen. Italiako Pizkundeko artista gailenetako bat izan zen. Bere freskoetako giza irudiak adierazkortasun bizikoak dira, eta gotikoko gorputz luzaxken ordez gorputza bere neurrian margotu zuen aurrenetakoa izan zen. Koloreak maisutasunez erabili zituen, eta jantzietako eta arkitekturako xehetasun guztiak agertu ohi zituen.

Paduako aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paduako 1441eko dokumentu batean aipatzen da lehenengo aldiz Mantegnaren izena, pintura irakasle eta antzinako zaharkinen bildumatzaile Francesco Squarcioneren aprendiz gisa. Paduar pintore halaholako hura eta, batez ere, 1420tik aurrera Paduara beren estilo berria erakustera joan ziren florentziar pintore maisuak -Fra Filippo Lippi, Paolo Uccello, Andrea del Castagno eta, ororen gainetik, hamar urtez bizi izan baitzen Paduan, Donatello handia-, izan zituen bere estiloaren moldatzaile nagusiak. Dena den, jeinu goiztarra izan zen Mantegna.

Hamazazpi urte besterik ez zituela izenpetu zuen bere lehenengo agindua, berak bakarrik burutua: erretaula bat Paduako Santa Sofia elizan (XVII. mendean suntsitua). Bere arteak hamar bar urtean iritsi zuen heldutasuna, eta hurrengo berrogeita hamar urtean egin zuen guztian 1450-1460 hamarraldiko estiloari jarraitu zion funtsean.

Baratzeko otoitza (1458-1460, National Gallery, New York)

Garai hartako lanik baliotsuena Paduako Eremutarren elizako Ovetari kaperako freskoak ditu (1448-1455). Obra horretako margolanetan -bi fresko baizik ez dira gorde, Jasokundea eta San Kristobalen martirioa; gainerakoak Bigarren Mundu Gerran suntsitu ziren- Mantegnak agerian utzi zuen bere estiloaren gogortasuna, Erromako arkitektura klasikoan oinarritua, giza irudi irmo tinkoetan; estilo ikaragarria da, diseinuaren indarragatik eta xehetasunengatik, eta perspektibaren behetik gorako erabilera harrigarriagatik (fresko horietako batzuetan margolanaren behealdea bera baino beherago eta erdigunetik eskuinera aldaratua kokatu zuen ikuslearen ikuspuntua). Nabarmena du, halaber, hasiera-hasieratik, beste ezaugarri bat, Antzinateko gauza zaharrekiko arkeologoen adinako zaletasuna, Paduako unibertsitateko jakintsu humanistekin harremanetan izan zen seinale.

1457an hasi zuen bere beste maisulanetak obat, San Zenonen erretaula (San Zenon eliza, Verona). Nabarmena da lan honetan, kolorearen eta argiaren erabileran batez ere, veneziar pintoreen estiloa, Giovanni Belliniren eraginez beharbada, haren arreba Nicolosiarekin ezkondu baitzen Mantegna 1453an. Lan hau ataletan zatitu eta Frantziara eraman zuten 1797an Napoleonen osteek. Atal nagusiak -Ama Birjina eta Haurra eta bi santu taldeak- bere lekura itzuli ziren 1815ean, eta azpiko hiru taula txikiagoen tokian kopiak jarri ziren. Jatorrizkoak hiru museotan daude: National Galleryn (Baratzeko otoitza), Louvren (Gurutziltzatzea), eta New Yorkeko Historical Society-n (Pizkundea).

Mantuako aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kristo hila (1466, Brerako Pinakoteka, Milan)

1459an Mantuara joan zen, Luigi Gonzagak deitua, familiaren pintore ofizial gisa lan egitera. Garai hartako lehen lanak, baina, ez dira ongi ezagutzen. Mantegnak betidanik defendatu zuen bere independentzia (hain zuzen, askatasun ezak bultzatu zuen bere lehen maisuarengandik banatzera), eta Gonzagatarren gortean bidaiatzea eta besteren eskariak hartzea galarazi bazioten ere, 1466-1467 bitartean Florentzia eta Pisara joatea lortu zuen. Florentzian, berriz ere Donatello, Fra Filippo Lippi, Paolo Uccello eta Andrea del Castagnoren lanak ikusteko aukera izan zuen.

Handik urte batzuetara ezagutzen zaion lanik hoberena egiteko aukera eman zion Gonzaga familiaren laguntzak: Gonzagatarren Mantuako jauregiko Camera degli Sposi edo Senar-emazteen ganbera (1473-1474). Gelaren dekorazioa kanpora zabaldutako pabilioi bat bezala dago antolatua, non gorteko bizitzari buruzko pasarteak azaltzen baitira, pintatutako errezel lodi batzuen bestaldean bezala. Baina sabaia du gelako gauzarik aipagarriena, sabaiko erdiko begi moduko margolan harrigarria, zeru zabalaren ikuspegi fantastiko bat, non, artean sekula erabili gabeko perspektiba berezi baten bidez, baranda batetik begira ageri baitira pertsonaiak, mendean dutela areto guztia.

Garai hartako beste lan aipagarri bat San Sebastian (Kunsthistorisches Museum, Viena) du. Lan horretan, Piero della Francescak bere hainbat lanetan bezala, espazioari eta perspektibari buruzko kezkak erabili zituen laukitxo zuri-beltzeko zorua taularatzean.

Gonzagatarren babesean, Mategnak era askotako lanak egin zituen, margolanez gainera: tapiz diseinuak, kutxak, etab. Garai hartako margolanen artean aipagarriak ditu San Sebastian bat, Aigueperseko elizari emana Borbon baten ezkontzan (1481, gaur egun Louvren), hainbat erretratu, Andre Maria aingeru artean (Brerako pinakoteka, Milan), Tenpluko aurkezpena (Berlin-Dahlem), eta, guztietan ezagunena eta aditu batzuen ustez Mantegnaren lanik hoberena, Kristo hila (1480, Brerako pinakoteka, Milan), non azken muturreraino behartu baitzuen perspektibaren erabilera.

Azkeneko urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Parnaso (1497, Louvre, Paris)

Zesarren garaipena (1486 inguru, Hampton Court Palace, Ingalaterra) izeneko bederatzi mihiseko margolan sailak Mantegnaren artearen azkenaldia iragartzen du. Lan honetan antzinatea eta mundu klasikoa ohoratu nahi izan zituen, eta, ohi zuenaren kontra, ez zuen kolore hotzik erabili, margo baten tonu ezberdinen nahastura bat baizik.

1489an Erroman izan zen, Belvedereko kapera (gaur egun desagertua) dekoratzen, Inozentzio VIII.a aita santuak eskatuta. Hurrengo urtean Mantuara itzuli zenean, lan asko egin zituen Frantzisko Gonzaga eta Isabella d'Este printze-printzesa berrien eskariz: Marmiroloko etxearen dekorazioa; Madonna della Vittoria (1495, Louvre); Pala Trivulzio (1497, Castello Sforzesco, Milan).

Azkenaldi hartan, baina, Palazzo Ducaleko gela txiki bat dekoratzen eman zuen denbora gehiena. Gela horretan Italiako artista hoberenen lanak biltzen saiatu zen Isabella. Ordukoak ditu Parnaso (1497, Louvre) eta Trionfo della Virtù (1502, Louvre), besteak beste. Baina garai horretako lanik adierazgarrienak, kolore bakarrez eta fintasun eta zehaztasun harrigarriaz eginak, Bibliako zenbait pasartez egin zituen margolan miresgarriak dira, gaur egun hainbat museotan banatuak. Lan horietan harmonia osoa erakutsi zuen Pizkundeko ideiekiko, hizkuntza ametsezko bezain errealista baten bidez antzinateko mitoei buruzko zaletasuna gauzatu, eta zehaztasun eta neurri guztiz klasikoez irudi gogor lehorren ikuspegi zurruna eman zuen.

Mantegnaren margokera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mantegnaren estiloak bi oinarri nagusi izan zituen: batetik Paduako bere maisu Squarcioneren gauza zaharrekiko zaletasuna, bereziki, eta, bestetik, Paduan 1430-1460 urteetan izan ziren toscanar artistak (Andrea del Castagno, Paolo Uccello, Fra Filippo Lippi, Donatello).

Piero della Francesca Ferraran izan zen 1449an, eta San Lukasen poliptikoa-k, adibidez, bi artisten harremana salatzen du, erabilitako kolore argiengatik. Ferraran zela, bestalde, flandriar pintoreen obrak ezagutu zituen (Roger van der Weyden). Gero, Venezian izan zen, eta Jacopo eta Giovanni Bellini ezagutu zituen han.

Mantuan antzinako gauzak eta lanak aztertzen zituzten jakintsuen artean murgildu zen. Toscanan Benozzo Gozzoliren lana eta grabatuekiko zaletasuna gorde zuen. Antzinateari buruz zuen ikuspegia ez zen aldatu Erroman izan ondoren ere, hain zuen barneratua. Horren froga garbia da Garaipenak sailaren estilo batasuna, Erromako egonaldiaren aurretik eta ondoren egina izan arren. Azken urteetan bere baitara bildu zen, kontuan hartu gabe belaunaldi berria: Leonardo da Vinci, Giorgione, Michelangelo, Gozzoli.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andrea Mantegna Aldatu lotura Wikidatan