Edukira joan

Getaria (Gipuzkoa)

Koordenatuak: 43°18′16″N 2°12′13″W / 43.3045°N 2.2037°W / 43.3045; -2.2037
Wikipedia, Entziklopedia askea
Getaria
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Getariako ikuspegi bat. Ezkerrean, Aldamar dorretxea. Atzealdean, San Anton mendia.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaUrola Kosta
Izen ofizialaGetaria
Posta kodea20808
INE kodea20039
Herritarragetariar
Ezizenalapajaleak
Kokapena
Koordenatuak43°18′16″N 2°12′13″W / 43.3045°N 2.2037°W / 43.3045; -2.2037
Map
Azalera10,6 km²
Garaiera0-278 m.
Distantzia24 km Donostiara
Demografia
Biztanleria2.868 (2023)
43 (2022)
alt_left 1.391 (%48,5) (%49,9) 1.430 alt_right
Dentsitatea27,06 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 7,7
Zahartze tasa[1]% 20,76
Ugalkortasun tasa[1]‰ 64,72
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 79,18 (2011)
Genero desoreka[1]% 2,19 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 6,14 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 83,19 (2010)
Etxeko erabilera[2]% 78.5 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1209
Webguneahttps://www.getaria.eus


Getaria Gipuzkoako kostaldeko udalerri bat da, Urola Kosta eskualdean. Ekialdean Zarautz du mugakide, eta mendebaldean Zumaia. Getariako Alde Zaharra edo herrigunea Gipuzkoako kostaldeko bazter askotatik ikusgarria den San Anton mendi eta penintsularen inguruan zabaltzen da. Penintsula lehorrera lotzen duen istmoaren gainean dago Getariako herrigune zaharra. Historian, Getaria Juan Sebastian Elkano marinelaren jaioterria da, munduari bira osoa eman zion lehena. Arrantzale giroko herria, Euskal Herriko kostako turismogune ezaguna da eta Getariako Txakolina jatorrizko izendapenaren udalerri nagusia. Cristobal Balenciaga museoa ere han dago.

2.791 biztanle zituen 2016. urtean.

Gipuzkoako Getariaz gain, Lapurdin ere izen bereko Getaria udalerria ere badago. Bi udalerriak Euskal Herriko kostaldean izanik eta arrantzale usadioa izanik, bi udalerrien izenen esanahi eta jatorrien antzekotasuna bilatu nahi izan da antzinatik. Azken urteetan topatutako aztarna arkeologikoetan oinarriturik, gaur egungo hipotesi nagusia da leku-izenaren jatorria latinezko cetaria hitza dutela, bai Gipuzkoakoak, baita Lapurdikoak ere. Latin klasikoan [ketaria] ahoskatua, arrain kontserbak egiteko tokiaren izena zen. Hain zuzen ere, arrain kontserbagintzako erromatar instalazioen aztarnak aurkitu dira bi herriotan.

Ingurune naturala eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hendaiatik Zumaiara 40 kilometroan zehar doan kostaldeko mendilerroan kokatuta dago. Mendilerro hori Zenozoiko Aroko materialez osatua da eta Orio-Zumaia arteko ibilbidean eta, beraz, baita Getarian ere, serie alderantzikatua du. Alderantzikatze horrek ez dirudi Zenozoiko materiala oso itsas maila azpitik eraginik duenik, antolaketa hori Aia-Zarautz-Aizarnazabal mantu lerraduraren bultzadaren eragina dela baitirudi. Orobat, Kretazeo Berantiarreko flyscharen tuparriaren indargetzearen ondorioz bertako konpresio ondorioak nahiko azalekoak dira. Zumaiatik Zarautzera gutxi gorabehera N-120 noranzkoan geruzak alderantzikatuak datoz, jada Zarautzen bortizki tolesten dira, beregan 150 gradutan biratuz, Getariako penintsularekin lotu arte. Itsasoak Getariako geruzak eta Oriotik datozen geruzen arteko loturagune hau ezkutatzen dute.[3] Getariako herrigunea kareharri eta tuparriz osatutako lursailetan eraikia dago. Lursail horien hegoaldean hareharri, mikrokonglomeratu eta tupaz osatutako eremu batean hedatzen da. Material horiek udalerriaren iparraldean dagoen Isarri punta osatzen dute.[3]

Barrualdean Garate mendia (278 m) dago, Getaria udalerriko lursailen erdigunean dago. Horren gailurra paraleloa da kostaldeari buruz eta haren maldetan, hainbat baserri daude. Garate mendia eta kostaldearen arteko lursail hori guztia eremu hartako mikroklimaren eraginari esker mahasti eta txakolindegiz beteta dago.

San Anton erdiuhartea da, 113 m-ko altueran, Herriko ikurtzat har daiteke. Sagu edo arratoi baten profila du: mendia muturra eta gorputza da eta herria, isatsa, tonbolo baten gainean. Hortik, herri hizkeran Getariako Arratoia, Getariako sagua, San Antongo Arratoia edota San Antongo Sagua esaten zaio. Parke naturala da eta gailurrean Getariako itsasargia dago, 1847an eraikia.

Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Getariak iparraldean Kantauri Itsasoarekin egiten du muga, hego-mendebaldean Zumaia du, ekialdean Zarautz, eta hegoaldean Aia, Aizarnazabal eta Zarauzko hainbat kokaleku txiki ere bai.


Udalerriaren ikuspegi panoramikoa Zarauztik datorren errepidetik ikusita, 2015eko urtarrilaren 10a.
Artikulu nagusia: «Getariako Alde Zaharra»

Getariako Alde Zaharra San Anton mendia lehorrera lotzen duen tonboloaren gainean dago eraikia, XV. mendean egindako lanei esker San Anton uhartea lehorrera lotu zenean. Arkitektura‑multzo harmoniatsua da, itsas girokoa. Artzapeko plazatxotik begira, Gipuz­koako eta Lapurdiko itsasertzaren zati handi bat ikusten da. 1964ko herri plangintzaren ondorioz Menditxu, Makibar eta Sagatzaga poligonoak sortu ziren.[4]

Bi hondartza ditu Getariak, biak herrigunetik hurbil: Gaztetape mendebaldean eta Malkorbe ekialdean, antzinean Malkorbe aundi eta Malkorbe txiki hondartza txikietan bereizita zegoena.

Penintsulako punta edo lurmutur nagusiak ekialdetik mendebaldera honako hauek dira: Fraileburu, Marzoparri, Isarri, Karlista eta Kastillo Harri.[4]

Sakontzeko, irakurri: «Getariako portua»
Getariako portua, 2012an.

Herriko portua San Anton mendiaren babesean dago. Portuaren kondizio onei esker, 1919an Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek larrialdietarako Arrantzaleentzako Aterpe-Ostatu bat gehitu zioten.

Pablo Gorosabel historialariak honela deskribatu zuen garai hartako portua:[5]

« Lurzoru garbiko badia edo senaia eta sakontasun oneko urak ditu, bertan itsasontzi ugari egon litezke, dauzkaten neurriak dauzkatela ere, uhartearen babespean: horrek ipar-mendebaldeko haizeetatik defendatzen ditu, bereziki kostaldeko arriskutsuenetatik. Herrigunea eta uhartearen ataka maila jakin bateraino betez babes horiosatuko balitz, eta kaian hobekuntza lan batzuk burutu, portua kostaldeko onena izango litzateke, bere sarrera nagusia dela eta, .[5] »
Pablo Gorosabel

1919ko irailaren 20an Juan Sebastian Elkanoren itsasoratzearen urteurrenan omenaldian zehar portu berria inauguratu zen, Aranbarri arkitektoak proiektatua. 1953an zaharberritu zen eta antzinako portua barnean laga zuten.[5] Azkenik, XXI. mendearen hasieran Getariako portuaren zabaltze lanak burutu ziren; horren ondorioz, portua asko handitu edo hazi zen, hainbat arrain biltegi ezarri eta dike eta kai berriak eraikita.

Herriak lau auzo ditu, herriguneaz gain:

  • Askizu: udalerriaren mendebaldean dago, Zumaia aldera. Antzinako parrokia eta dozenaren bat etxebizitzaz osatutako herrigune txiki bat du. Aldiz, bere inguruan banaturik dauden baserri ugari ditu. Denera 100 auzotar inguru bizi dira.
  • Eitzaga: udalerriaren ekialdean dago, Getariako herrigunearen eta Zarautzen artean. Sakabanaturik dauden baserri giroko auzoa da, 52 auzotar ditu.
  • Meaga: udalerriaren hegoaldean dago, itsas mailatik 95 metrora eta Garate mendiaren oinpean, mendi honek herrigunetik banatzen du. Auzoa izen bereko Meaga mendigainean kokatua dago, barnealdetik Zarautz eta Zumaia lotzen dituen errepidean. Bi udalerriek Getaria herrigunean barna zeharkatu eta lotzen dituen kostaldeko N-634 errepidea eraiki aurretik, Getaria eta kanpoaldea nahiz inguruko udalerriak lotzen zituen bide nagusia Meagako mendigaina zen. Bertan 125 auzotar bizi dira.
  • San Prudentzio: auzoak izena San Prudentzio baselizari zor dio, eta Getariatik Askizu auzora doan bidean dago. Sakabanatutako baserriz osatutako auzoa da. 84 auzotar ditu.
Getariako Txakolinaren sorlekuak diren mahastiak. 2014ko irailaren 13a.

Getariako herrigunean Burdin Aroaren hasierako eta erromatar garaiko aztarnak aurkitu dira, baina ezin izan da hauen testuingurua zehaztu, eta beraz Getariako egungo kokapenak garai historiko haietan zuen populatzeari buruz ezin da ezer asko jakin. Batzuen arabera, ordea, egungo Getaria antzinako Menosca barduliar tokia litzateke, toki horretarako beste kokapen hipotetiko batzuk proposatu badira ere.[6]

Getariaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Getariako Alde Zaharraren ikuspegi orokorra.

Getariako hiribildua XII. mendearen amaieran Nafarroako Erresumak sortu zuen, ziur aski Antso VI.a Nafarroakoaren garaian.[7] 1201eko urtarrilaren 20an Alfontso VIII. Gaztelakoak Burgos hiritik gutun bat bidali zion Getariari (egun galdua) bertan aipatu errege honek udalerriari "antzinako legez" bere larre, ur eta mendiekiko eskubideak aitortzen zizkiona.[8] Alfontso VIII.ak berak Donostian 1209eko irailaren 1ean emandako agirian, Getariako forua berretsi egin zuen, «Eo modo quo rex Navarre illud dedit vobis habendum» gaineratuz, hau da, aurreko hiribildu forua aitortuz.[9] Eta antza denez, errege horrek berak harresiak berreraikitzeko agindua eman zuen 1204an, bereziki herriaren kokapen estrategikoa, herriko itsasgizon trebeak eta hango ontzi onak bereganatzeko asmoarekin.

Esteban Garibai historialariak ere getariarrei foru-gutuna errege-erregina nafarrek eman zietela baieztatu zuen zuen eta Alfonso VIII.ak foru hori berretsi baino ez zuela egin, «para que ellos y sus sucesores gozasen perpetuamente del fuero de San Sebastián en los montes, pastos, y aguas, y en todas las causas, de la manera que gozar solían en tiempo de los Reyes de Navarra». Aurrerago, honako hau gaineratzen du: «Esta villa, cuya iglesia mayor es de la advocación de San Salvador, estaba de antes fundada como de las razones del mismo privilegio consta». Froga hauek guztiek argi uzten dute, egun gehien onartzen den hipotesi historikoa onartuz, Gaztelako Alfonso VIII.ak ez zuela sortu Getaria.[10]

1237ko martxoaren 23an Fernando III.a Gaztelakoak sorrera gutun hori berretsi omen zuen, eta ondorengo erregeek ere gauza berbera egin zuten: 1255ko urtarrilaren 20an Alfontso X.a Gaztelakoak Burgos hirian, 1312ko apirilaren 11an Alfontso XI.a Gaztelakoak Burgosen, 1351ko azaroaren 7an Petri I.a Gaztelakoak Valladoliden eta 1426an Joanes II.a Gaztelakoak ere.[8]

Beste alde batetik, Getaria Gipuzkoako probin­tziaren sorrera historikoaren toki esanguratsua da, hantxe San Salbador elizako koruan bildu zen Gipuzkoako Ermandadea 1397an, Gipuzkoako foru-legeriaren oinarri izan ziren ordenantzak onartzeko.

Getaria Aro Modernoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Getariako portua ilunabarrean.

Getariak itsasoarekin eta arrantzarekin lotura estua izan du. Juan Sebastian Elkano nabigatzaile ospetsua eta herriko semea, Magallanesekin batera itsasoan zehar munduko itzulia egiten lehena izan zen. Domingo Bonetxea nabigatzaile handia ere getariarra zen. Hain zuzen, Getariako uretan harrapatutako balea baten es­keletoa erakusgai dago Kopenhageko zoologia‐museoan.

1597an hiribilduaren zati handi bat suntsitu zuen sute garrantzitsu bat pairatu zuen eta, geroztik, bere historian zehar hainbat gerrak eragindako hondamenak jasan dituen arren, Getariak Erdi Aroko jatorrizko hirigintza-ezaugarriak gordetzen ditu oinplanoan eta bide-trazaduran, baita bere lursail-egituraren zati handi batean ere.

Distantziak eta komunikabideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Zarautzera, 6.6 km.
  • Zumaiara, 7.2 km.
  • Donostiara, 26.2 km (APtik) eta 31.7 km (N364tik).

Tren geltoki hurbilena Euskotreneko Zarauzko geltokia da. Kostaldeko N-634 errepideak, berriz, Getaria, Zarautz eta Zumaia elkar lotzen ditu. Horrez gain, herri-bide bat Getaria eta Meaga auzoaren arteko lotura da. Bestalde, autobus zerbitzuak Getaria, Zarautz eta Zumaia lotzen ditu.

Herrigunea.

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: Lehen sektorea BEGaren %24,8. Bigarren sektorea %25,1. Hirugarren sektorea %49,3. Eraikuntza %0,8.[11]

Gaur egun udalerriaren ekonomia sektore nagusiak arrantza, turismoa eta txakolingintza dira.

XIX. mendearen hasieran bertako biztanleriak arrantzan baino nekazaritzan gehiago jarduten zuen, Gipuzkoa osoko txakolin onena lortzen zen bertan. Mende bat geroago, txakolina ekoizten jarraitzen da, baina jada lehen baino kopuru txikiagoan. Ondorioz, udalerriko aberastasun iturri nagusia arrantza bilakatu zen, antxoa nahiz atun arrantza nabarmentzen ziren. Gaur egun, ordea, arrantza sektorea gain beheran dator. Gazitze-lantegiren bat, ontziolak, izotz eta paketatze lantegiak ere badaude.[12]

Azkizu, Akerregi, Meagas auzoetan sagardoa ere ekoizten zen. 1962ko nekazaritza erroldaren arabera, udalerrian 133 nekazaritza ustiaketa zeuden, horietako bederatzi, 0,1 hektarea baino txikiagoak; 43, 0,1-1 hektarea bitartekoak; 26, 1-5 hektarea bitartekoak; 45, 5-20 hektarea bitartekoak; eta 10, 20-100 hektarea bitartekoak.[12]

Mahastiak, atzean Getaria dutela

Getariako Txakolina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Getariako Txakolina»

Getariako Txakolina da txakolinak duen jatorri deiturarik zaharrena, eta Getarian, Aian eta Zarautzen egiten da.

Udalerrian 20 jatetxe daude, horietako 16 herrigunean.

2019an 2.846 biztanle zituen. Horietatik %19,54k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %11,52 ziren.[11]

Getariako biztanleria
Udal hauteskundeak Getarian[13]
Alderdi politikoa 2019 2015 2011 2007
Botoak Zinegotziak Botoak Zinegotziak Botoak Zinegotziak Botoak Zinegotziak
Bildu 948 6 % 56,96% 7 % 46,67 5 - -
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) 719 5 % 39,07% 4 % 40,46 5 % 62,31 8
Aralar - - % 9,57 1 % 23,04 2
Eusko Alkartasuna (EA) - - - - % 7,93 1
PSE-EE 32 -

2011ko hauteskundeen ondoren Nika Lertxundi (Bildu) izendatu zuten alkate.[14]

2015eko udal hauteskundeen ondoren Nika Lertxundi (EH Bildu) aukeratu zuten berriro alkate.[15]

2019ko udal hauteskundeen ondoren Haritz Alberdi (EH Bildu) izendatu zuten alkate.[16]

2011ko ekainaren 7an udalerri horretako Aldamar Parkean Cristobal Balenciaga museoa inauguratu zen, herriko semea eta nazioarteko jostun ospetsua izan zen Kristobal Balentziagaren lanari buruzkoa.

Sakontzeko, irakurri: «Urolaldeko hizkera»
Getariako hiztunen testigantzekin osatutako bideoa, Euskal Herriko Ahotsak[17] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

1860an Louis Lucien Bonaparte hizkuntzalariak Getarian mintzatutako euskara gipuzkeraren barnean sailkatu zuen, eta horren barnean iparraldeko gipuzkera eta Azpeitiako aldaeraren barnean. XIX. mendearen lehenbiziko herenean Pedro Antonio Añibarro idazle eta frantziskotarrak osoki euskaldunak ziren udalerrien multzoan sartu zuen (Hainbat: "G. H. L. V.", 1960, I. bilduma, 44-60. orr.). 1970ean Getarian 2.625 euskaldun bizi ziren, hots, biztanleria guztia, 8 lagun kenduta (P. de Y.: "Los D. y V.", iraila, "B. R. S. V. A. P.", 1973, 29. orr).[18] Gaur egun, Getariako euskara Urolaldeko hizkeraren[19][20] barnean sailkatuta dago. 2016an herritarren %84,34a euskalduna zen.[11]

Elkanoren Omenezko Monumentua.

Getariak San Anton ospatzen du urtarrilaren 17an. Egitarauan ekitaldi erlijioso eta profanoak ageri dira, eta otordu gozoek lehentasuna dute. Herriko festak abuztuaren 6an ospatzen dituzte, San Salbatoreren omenez. Hainbat herri‑ekitaldi egiten dituzte, eta hots handikoak izan ohi dira Elkanoren lehorreratzea antzezten duten urteetan.

Getariako jai nabarmenenak honako hauek dira:

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Getariako Alde Zaharra»
San Salbador elizaren azpialdeko Katrapona tunela.
Elkanoren monumentua eta Getariako pilotalekuaren frontisa.

Getariako Alde Zaharra bastida gisako hiribildua da, kokatzen den lurraren topografiak nabarmen baldintzatzen duen oinplano angeluzuzena daukana. Bide-bilbea aldapa handiko lau kale paralelok osatzen dute: San Roke, Elkano, Kale Nagusia eta Aldamar kalea, kantoiek zeharka ebakitzen dituztenak. Kale hauetan armarria duten etxe ikusgarriak daude, hala nola Larrunbide (Pedro Larrunbide, burdinoletarako harriz­ko hauspoaren asmatzailea, jaiotako etxea) eta Romero senatariaren etxea, izkinako armarria duena. Hegoaldetik iparralderako norabidean dauden kaleak kairaino jaisten dira; XV. mendean egin zen betelan honek hiribildua San Anton mendiarekin lotu zuen.

Erdi Aroko harresietatik aztarna gutxi geratzen dira pilotaleku aldean eta Aldamar dorrearen inguruetan. XVII. mendean hiribilduko defentsak indartu egin ziren, hegoaldean eta iparraldean bastioi eta bateriaz hornitutako harresiak ezarriz. Iparraldean, itsasorantz orientatuta, Katrapona-bekoa egungo tunela hiribildura sartzeko zubi altxagarriz hornitutako atea zen.

Bide-trazaduraz gainera, Getariak Berant Erdi Aroko lursail-zatiketaren ezaugarriak gordetzen ditu: aurrealde estu eta sakonera handiko mehelin komuneko etxez osatutako etxadi trinkoak. Eraikuntza-tipologia nagusiak eutsi egiten die tradiziozko ezaugarriei: eraikinek behe-solairua eta bi solairu dituzte eta bi isurkiko teilatua, teilatu-gailurra fatxadaren paralelo dutela. Eraikuntza batzuetan badira bao eta apaingarri gotikoak oraindik ere. Era berean, goiko solairuetan zurezko egitura duen eraikuntzaren bat ere badago.

Halaber, badira beste zenbait eraikin interesgarri: Aldamar dorre gotikoa, irtenune batean kokatua, Joan Sebastian Elkanoren omenez eginiko monumentutik hurbil; Zarautz eta Olasotarren dorrea, elizaren parean kokatua; Elkanoren omenez eginiko monumentua, 1920ko hamarkadako obra eklektikoa; eta Udaletxe zaharraren eraikina, Kale Nagusian kokatua.

1996ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen Getariako hirigune historikoa, monumentu-multzo sailkapenarekin.[22]

Getariako San Salbador eliza
Sakontzeko, irakurri: «San Salbador eliza (Getaria)»

San Salbador eliza gotikoa arte- eta arkitektura-interes paregabea izateaz gain, leku historiko ospetsua da, bertan bildu baitzen 1397an Gipuzkoako Anaidiaren Batzarra, Gipuzkoako foru-legeriaren oinarri izan ziren ordenantzak onartzeko.

Eliza estilo gotikokoa da; XIV. mendearen erdialdean, eraikuntza‑lanak amaitu gabe bazeuden ere, gurtzarako han biltzen hasi ziren. Eraikin irregularra da; zimenduak malkarrean jarrita baitaude. Katrapona tunela San Salbatore elizaren kripta moduko bat da. Erdiko nabearen harriz­ko barne‑hormak triforio batez estilizatuta ageri dira. Gurutze‑gangan izar formako irudiak ageri dira eta giltzarriak arte handiz zizelatuak daude. Portada eta zortzi aldeko kanpandorrea beranduago egin zituzten, XVII. mendean. Gipuz­koa probintzia‑egitura politiko eta administratibo bezala sortu zen lekura sartzeko (korura, alegia) bi aukera daude: kaletik zuzenean sartzea, edo eliza barruko eskailerak erabiltzea. 1836ko sutean zenbait erretaula desagertu ziren, eta koruko harlanduak ere bai. Karlos Elgezua eskultore eibartarrak egindako kristo gurutzatua dago presbiterio jasoan, eta eskaintza gisa emandako itsasontzi maketa bat ere badago.

Bestelako eraikinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Getaria, Elkanoren jaioterria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Juan Sebastian Elkano nagigatzailea eta herriko seme ospetsuenaren estatua Getarian. Atzealdean, Getariako udaletxea.

Kale Nagusian gora herriko plaza dago. Udaletxea 1922an inauguratu zuten, Joan Sebastian Elkanoren balentria gogoangarriaren laugarren mendeurrenean, eta pilotalekua hari erantsita dago. Getariarrek brontzez­ko estatua bat jarri zuten Elkanoren omenez, Parisen egina eta 1861ean Katrapunako idulkian jarria; baita marmol zuriz egindako beste estatua bat ere, Belver eskultoreak egina eta 1934an herriko plazan jarria; eta beste monumentu bat jarri zioten pilotalekuaren ondoan: Victoria ontziaren brankako irudiaren erreprodukzioa, Victorio Machok egina eta 1922an jarria. Gainera, parrokia‑elizako bataiontziaren ondoko plakak azaltzen du han bataiatu zutela munduari bira eman zion lehenengo nabigatzailea. Udaletxeko aretoetan Elkanoren bi erretratu daude: bata Elias Salaberriak egina, bestea Ignacio Zuloagak. Halaber, itsasgizon entzutetsuaren izena du Getariako kale batek. Bi urtetik behin, getariarrek Juan Sebastian Elkanoren eta harekin abiatutako 60 gizoneko eskifaiatik bizirik iraun zuten 17 itsasgizon adoretsuen egitandia kartsuki antzezten dute. Abuztuaren lehen egunetan egin ohi dute desfilea, 1526ko abuztuaren 6an Ozeano Barean Elkano betiko hondoratu zela oroitzapenera ekarriz.

Getariar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Getaria: Geologia», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. a b (Gaztelaniaz) «Getaria», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  5. a b c (Gaztelaniaz) «Getaria: Puerto», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  6. (Gaztelaniaz) ALBERDI LONBIDE, X.; ARAGÓN RUANO, A.; PÉREZ CENTENO, J. M.. (2005). «Quince años de investigaciones histórico-arqueológicas en torno a Getaria» Munibe.
  7. Arrieta, Idoia: "Donostiaren konkistaren agiri ezkutuaren aurkezpena: ikerketaren ibilbidea eta ekarpen historiko-kritikoa" (227-248 orriak). In: 1512. Euskal lurraldeak eta nafar estatua. Euskal Herriko historialarien II Biltzarreko aktak. Donostia: Txertoa, 2011. 234.orria
  8. a b (Gaztelaniaz) «Getaria: La concesión del titulo de "villa"», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  9. Martínez Díez, G.; González Díez, E.; Martínez Llorente, F.J.: Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1200-1369). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1991. 21. orria. [Liburua PDF formatuan eskuragarri dago ondoko helbide honetan: https://web.archive.org/web/20131203103557/http://www.gipuzkoa.net/batzarnagusiak/pdf/ISBN_84-7907-068-4.pdf. Aipuaren jatorria: Idoia Arrieta Elizalde: «Getaria: nafar fundazioa duen hiribildua», Berria, 2009-09-08.
  10. Idoia Arrieta Elizalde: «Getaria: nafar fundazioa duen hiribildua», BERRIA, 2009-09-08.
  11. a b c «Web Eustat. Getariako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  12. a b (Gaztelaniaz) «Getaria: Economía», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  13. «Hauteskundeak - Segurtasun Saila - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  14. «Nika Lertxundi izango da Getariako alkate» Urola Kostako Hitza 2011-06-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  15. (Gaztelaniaz) «Nika Lertxundi beste lau urtetarako alkate Getarian» El Diario Vasco 2015-06-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  16. «Haritz Alberdi izango da Getariako alkatea datozen lau urteetan» Urola Kostako Hitza 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  17. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  18. (Gaztelaniaz) «Getaria: Lengua», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  19. «Urolaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  20. «Getaria - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  21. Victoria itsasontzia Getariara iritsi da. 2009ko abuztuaren 5a. El Diario Vasco (Gaztelaniaz)
  22. Monumentu-multzo izendapena EHAAn

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa