Edukira joan

Teotihuacan

Koordenatuak: 19°41′33″N 98°50′38″W / 19.6925°N 98.8439°W / 19.6925; -98.8439
Wikipedia, Entziklopedia askea
Teotihuacan
Teotihuacan
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Mesoamerika
Kokapena
Estatu burujabe Mexiko
Mexikoko estatu Mexikoko estatua
Koordenatuak19°41′33″N 98°50′38″W / 19.6925°N 98.8439°W / 19.6925; -98.8439
Map
Historia eta erabilera
Gizarte hondatzea 650
Abandonment 750
Arkitektura
EstiloaTalud-tableroa
Azalera250 ha
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(i), (ii), (iii), (iv) eta (vi)
Erreferentzia414
Eskualdea[I]Latinoamerika eta Karibea
Izen-ematea1987 (XI. bilkura)
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Teotihuacan, batzuetan Teotihuacán (nahuatlez, Teōtihuácān, «jainkoak sortu ziren lekua»[1]) Mesoamerikako antzinako hiria izan zen, Mexikoko Haranean kokatua, Mexiko Hiritik 40 kilometro ipar-ekialdera. Gaur egun, kolonaurreko arkeologia gune erraldoia da, Mesoamerikan eraiki ziren egitura piramidal handienetakoak dituena. Piramideez gain, bizitoki multzoak, Hilen Etorbidea eta horma-irudi koloretsu ezagunak ere daude. Arkeologia guneak 83 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen 1987an.

Hiria K. a. 200 aldean sortu, eta VII-VIII. mendean utzi zen bertan behera. Goren unean, 1. milurtekoaren lehen erdian, Ameriketako hiri handiena eta munduko handienetakoa zen, 200.000 biztanle baino gehiago baitzituen. Hiri horri lotutako zibilizazioari Teotihuacano edo Teotihuacan deitzen zaio. Inperio baten erdigunea ote zen eztabaidagai dagoen arren, argi dago eragin handia izan zuela Mesoamerika osoan. Teotihuacanoen presentzia, agian erabateko kontrol ekonomiko eta politikoa ere, Veracruzeko hainbat gunetan eta Maien eskualdean ikus daiteke. Biztanleen etnia ere eztabaidagaia da, besteren artean nahuak, agian otomiak edo totonakak izan baitziren. Zenbait adituren arabera, Teotihuacan estatu multietnikoa izan omen zen.

Teotihuacan hiri inguruan sortu zen zibilizazioa maien garaikoa da. Hiria K. a. 500. urte inguruan sortu zen, nahiz eta hainbat mendetan zehar osatu zen erabat, eta eremu berriak erantsi zitzaizkion urteek aurrera egin ahala. Hiri hura hartzen da Mendebaldeko hemisferioko lehen hirigunetzat eta Azteken Inperio aurreko Ameriketako metropoli handientzat. Izan ere, 200.000 biztanle inguruko hiria izan zen garai oparoenean (450-650 aldean), eta 20 kilometro koadrotik gorako eremua hartzen zuen.

Oro har, zibilizazio baketsua izan zela esan daiteke, arma eta gerrari buruzko irudi eta sinbolo gutxi aurkitu baitira. Ez zuten harresiak eraikitzeko ohiturarik, kasu berezietan eta hiriaren hondamena hasi zen garaian izan ezik, eta agintariak printze borrokalariak izan ordez erlijioarekin lotura handiagoa zuten errege-apaizak ziren. Jainko nagusia Tlaloc zen, uraren jainkoa, eta haren mende zeuden izadiko gainerako indarren jainkoak. Teotihuacanen agertu zen lehen aldiz Mexikoko kulturan garrantzi handikoa izan den beste mito baten irudia: Quetzalcoatl edo suge lumaduna.

Teotihuacango historian zenbait aldi bereiz daitezke[2]:

  • Patlachique aldia (K. a. 100 - K. o. 1): 4 eta 6 kilometro koadro arteko hedadura;
  • Tzacualli aldia (1-150): Hilen Etorbidea, Eguzkiaren Piramidea eta Ilargiarena eraikitzen hasi ziren; hiriak 17 kilometro koadro zituen;
  • Miccaotli aldia (150-250): Lumadun Sugearen Piramidea eta Zitadela eraikitzen hasi ziren; hiriak gehienezko eremua hartu zuen (22,5 kilometro koadro) eta 45.000 biztanle zituen;
  • Tlamimilolpa aldia (250-450): estetika maila handiko artelanak egin ziren; Lumadun Sugearen piramideari atxikitako piramidea eraiki zen; Mexikoko golkoarekin eta maien zibilizazioarekin izan zuen harremana; hiriak 65.000 biztanle zituen;
  • Xolalpan aldia (450-650): Teotihuacango kultura ezaugarrien hedapena Mesoamerika osoan zehar; Tetitla, Yayahuala, Atetelco, Tepantitla, Xolalpan, Tlamimilolpa multzo erlijiosoak, administratiboak eta etxebizitzak eraiki ziren; hiriak 85.000 biztanle zituen;
  • Metepec aldia (650-750): gainbehera (70.000 biztanle);
  • Oxtipac aldia: amaierako gainbehera (2000 biztanle).

Hiriaren antolaketa geografikoa mesoamerikar hirigintzaren adibide ona da, kokapena eta eraikinak Unibertsoaren ikuspegiari jarraiki. Hiriaren ardatza 15,5º lerratuta dago iparraldetik ekialderantz. Teoria baten arabera, Eguzkia angelu berdinarekin igotzen da udako egun berean urtez urte. Biztanleek lerrokadura erabiltzen ei zuten denbora neurtzeko, zenbait erritu egiteko edo landaketak egiteko. Beste teoria baten arabera, Mesoamerikako beste hirien antzera, inguruetako mendi garaienarekin lerrokatua egongo litzateke. Badirudi hau dela Teotihuacanen kasua, nahiz eta lerrokatu zeneko mendia ez dagoen ikusgai, beste mendi batek ezkutatzen baitu[3].

Ilargiaren piramidea

Teotihuacango hiriko arkitektura gotorra eta arranditsua da oro har. Hiriaren ardatza Hilen Etorbideak (ipar-hegoalde) eta Ekialdeko Hiribideak (eki-mendebalde) osatzen zuten; haiek eraiki ziren garai bertsukoak dira, orobat, Eguzkiaren tenplua eta beste zenbait eraikin ospetsu. Hilen Etorbidea (gaztelaniaz Avenida de los Muertos, nahuatlezko Miccoatli izenaren itzulpena) 1.700 metro luze eta 45 metro zabal zen, eta plaza karratu batean amaitzen zen. Plaza horretan Ilargiaren piramidea eraiki zuten. Etorbidean barrena, plataforma txikiagoak badaude. Aztekek hilobiak zirela uste zuten, eta horregatik eman zioten izen hori etorbideari. Adituen ustez, zeremoniak egiteko plataformak ziren, gailurrean tenpluak zituztela. Hilen Etorbidean, Ilargiaren piramidearen ekialdean, gotorlekua eta Eguzkiaren piramidea, harkaitzez inguratua, eraiki zituzten.

Teotihuacanen, Erdialdeko Amerikako beste kultura batzuetan hezala, garrantzi handiko eraikina izan zen piramidea, baina Teotihuacangoek zenbait ezaugarri berezi dauzkate: piramide garaiak eta aldi berean gotorrak dira, bolumen handikoak (1.300.000 metro kubo Eguzkiaren piramidearen kasuan), eta eskailera ataletan banatua dute, piramidearen gorputz bakoitzean atal bana, eta eskaileraren aurrean, berriz, beste eraikin mailakatu bat dute, plataforma moduko bat. Harri horizontalak laukizuzenak dira eta idazkunak dituzte zizelatuak, baita monumentu txikiagoetan ere.

Eguzkiaren piramidea eraiki bezala utzi zuten, ez zitzaion atal berririk edo estalki berezirik erantsi. Oinarria karratua du ia, aldeko 220 metro ingurukoa. Malda handiko lau atalez osatua da, eta gailurreko plataforma barne harturik 63 metroko garaiera du. Ameriketako bigarren handiena da, Cholulakoaren ondotik. Ilargiaren piramidea, berriz, oinarri laukizuzenekoa da eta 40 metro inguruko garaiera du. Egiturari dagokionez, dena dela, elkarren oso antzekoak dira biak.

Bi piramide nagusiez gainera, monumentu aipagarria da gotorlekua eta bertako tenplu nagusia, Quetzalcoatl jainkoarena, piramide formakoa hau ere. Sei maila ditu eta friso zizelatuz apaindurik dago; inguruan beste hamabost monumentu txikiago zituen. Hilen Etorbidearen albo batean Nekazaritzaren tenplua dago, horma irudi bikainez hornitua. Hasieran piramide txiki bat zen, baina gero terraza bat erantsi zitzaion, mailadi zabal batekin.

Administrazio eta erlijio guneez gainera, hainbat auzo zegoen hirian. Auzoetan, bizitokiez gainera, tenpluak eta administrazio eta politikarekin loturiko eraikinak zeuden. Etxebizitzak areto eta gela laukizuzenez osatuak ziren, plaza eta kalexka itxiez bereiziak. Pezozko hormak zituzten, ez zuten leihorik, baina patio txikietara ematen zuten; patioaren erdian ur biltegi moduko bat zegoen. Etxeek gurutze formako oinarria zuten, eta beso bakoitzean gela bana zeukaten, patiora begira. Orain arte ikertu den auzorik handiena Tlamimilolpa multzoa da. 3.500 metro koadrotik gorako eremua hartzen zuen eta 176 gela, 21 patio txiki, 5 plaza handi eta hainbat kalexka zeuden bertan.

Hilen Etorbidearen ikuspegi panoramikoa.
Hilen Etorbidearen ikuspegi panoramikoa.
Harrizko maskara

Teotihuacango multzoko arkitektura bezala, gotorra eta arranditsua da eskultura ere. Dena dela, ez zuten eskultura monumentala landu. Erliebe modura zizelkaturiko buruak (Tlaloc jainkoaren burua, suge lumadunarena, etab.) eta maskarak dira eskultura aipagarrienak.

Maskarak hileta errituarekin loturik zeuden, adituen ustez, eta oso zurrunak dira, eskultura eta artea oro har bezala, baina batzuek agerian dituzte hildakoaren ezaugarriak. Harri gogorrean egiten zituzten maskarak, serpentina, diorita eta onizean, eta obsidianazko, piritazko, granatezko eta jadezko mosaikoez hornituak dira asko.

Pintura eta zeramika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tepantitlako horma-irudia

Pinturaren alorrean horma irudiak dira adierazpide aipagarriena. Piramideak eta eskulturak kolore distiratsuez margotuak zeuden, nahiz eta gaur arte gorde diren aztarnetan ez diren behar bezala nabarmentzen, ospakizun eremuaren inguruko jauregietan izan ezik. Oinarri gisa karea eta kuartzo hauts oso finezko nahastura bat erabiltzen zuten; gainerako margoak oso nabarmen gelditzen ziren hondo horren gainean. Pinturen gaiari dagokionez, errituei edo mitologiako gaiei buruzkoak dira gehienak: Tlaloc jainkoa, lurren emankortasunagatik eta uragatik eskerrak emateko hari egindako eskaintzak eta otoitzak eta abar.

Teotihuacango pinturaren erakusgarri nagusia Lurreko Paradisuaren horma irudia da, Tepantitlakoa; hil ondoko bizitzaren adierazpena da, ez du leku jakin bat zehatz-mehatz deskribatzen, eta ez dago espazio errealaren edo leku jakin baten erreferentziarik. Hondoa neutroa da, gorrixka. Irudi guztiak soslaiez daude, eta ez dagokio izaki jakin batzuei, aldiz, Tlalocen erreinura iristeak dakarren zorionaren kontzeptua bakarrik islatzen dute.

Zeramika lanetan aipagarriak dira hiru oin zilindrikoko ontziak eta buztin egosizko irudi txikiak. Ontziak kolore biziko irudi geometrikoez apaintzen zituzten. Irudiak moldez egiten zituzten eta gizakiak edo jainkoen irudiak dira gehienak: hiruki tankerako aurpegia dute eta jantzi, orrazkera eta bitxi dotoreak dituzte.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. teō- 'jainko', -tiā (kausatiboa), -hua (pasiboa), -cān '(ekintza gertatu den) tokia'.
  2. Eduardo Matos Moctezuma, Teotihuacan. La cité des dieux, CNRS Éditions, 82-87 or.
  3. Teotihuacan History. ourworldwonders.com (Noiz kontsultatua: 2017-10-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Gaztelaniaz) Teotihuacán, Sistema de Información Cultural del Consejo Nacional para la Cultura y las Artes, sic.cultura.gob.mx