Portillo txaleta
Portillo txaleta | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Karrantza |
Koordenatuak | 43°13′15″N 3°21′22″W / 43.22086°N 3.356242°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1904 |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Jean Batiste Darroquy |
Estiloa | Arkitektura eklektikoa arkitektura modernista |
Ondarea | |
EJren ondarea | 17 |
Portillo txaleta Karrantzako Concha auzoko txaleta da. Indianoen arkitekturaren adibidea da; izan ere, horren jabea izandako Luis Portillo Rodrigo Kuban dirudun bihurturiko karrantzarra izan zen, kafea txigortzeko negozioari esker[1].
2013ko uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikin hau Karrantza udalerrian dago, landa-ingurunean. Bizkaia BI-4642 toki-sareko (sare horia) errepidearen ondoan kokatuta dago, eraikitako partzela baten gainean. Partzela hori zelaigune batean dago, Karrantza ibaiak bere adarretako batekin bat egiten duen lekuan hain zuzen.
Errepidetik eraikinean sartzeko plazatxo bat dago, ate nagusiaren mailan.
Portillo Txaleta Jean Batiste Darroquy arkitektoak egin zuen, eta hantxe bertan dagoen turtzioztar baserri baten eraberritze-proiektuaren egilea ere bada; proiektu horrek gaur egungo morfologia sorrarazi zuen.
Eraberritze- eta betearazpen-proiektua 1904 ingurukoa da. Beharrizanen programak bihurtu zuen hasierako landa-etxea familia bakarreko etxebizitza burges, udak pasatzeko egoitza erabilera duena.
Gerora, 1918an, familiak sustatutako eraberritze-lan bat egin zen, nekazaritza-ustiapenerako erabilera sartzeko zena. Horrek zenbait aldaketa ekarri zituen, hasierako eraberritzearen proiektuarekin bateragarri zirenak.
Ondoriozko multzoa 20x20 metroko plantaduna da, eta beheko lehenengo solairua eta teilatupekoa ditu. Bertan, jatorrizko baserriaren multzoa dago, eta hortik oraindik mantentzen dira zama-murruen zati bat, hegoaldeko fatxadatik gaur egungo multzoan sartzeko bidea eta lehenengo eraberritzeak sorrarazitako morfologia berria, batez ere estalki berriak eta ekialdeko eta mendebaldeko fatxadek sorrarazitakoa. Fatxada horiekin eraikitzeko gorputz berriak gehitzen dira, aurrerago deskribatzen den beharrizan-programa konpontzen dutenak.
Mendebaldeko fatxada bat ere nabarmentzen da, eklektizismo klasizista bati atxikitako errepertorio edergarri baten bidez, egoitza-eraikinerako sarbide berria izan dadin.
Bestalde, ekialdeko fatxada frantses jatorriko estilo «neovasco» delako baten bidez eginda dago.
Sartutako beharrizan-programaren ondoriozko antolamendu funtzionalari dagokionez, lehenengo eraberritzearen egoitza-erabilera batez ere lehenengo solairuan dago, bi alde dituena: jabeena, mendebaldeko fatxada eta hego-mendebaldeko alboko fatxada hartzen dituena: bost logela ditu -nagusia mendebaldeko fatxadako gorputzik erdikoenean dago- eta tximiniadun saloi bat; eta zerbitzarien aldea, honako hauek dituena: sukaldea, bainugela eta bi komun-ontzi. Zerbitzarien gelak ganbaran zeuden.
Bestalde, beheko solairuan etxeko zirkulazio-bide guztiak daude, eta hor eskailera nagusia dago, hasieran diseinu modernista duena eta atondotik sartzen dena, eta garai bateko apaingarrietako batzuk ditu oraindik.
Bigarren eraberriketarekin batera, erabilera aldatu zen. Orduan, sukaldea beheko solairura aldatu zuten, ipar-ekialdeko ertzera, eta gainera, sukalde ondoan jantoki argiztatu bat eraiki zuten, fatxada nagusitik sarbidea zuena. Gainera, hiru logela gehiago jarri zituzten. Hori guztia hasierako antolamenduarekin bateragarria zen antolamendu bat erabiliz eta material egokiak baliatuz, hala nola Gamboa fabrikako baldosa hidraulikoak, kromatismo nabarmeneko diseinu erakargarria duten baldosak.
Eraikinaren balio nagusiko elementuetako bat partzelaren hegoalde eta mendebaldeko itxitura da. Diseinu originala du, bai burdin hesian, bai burdin hesia zedarritu eta Karrantzako kare harrizko zutabeekin errematatzen duten harrizko elementu berezietan. Burdin hesiaren ondoan, espaloi bat proiektatu zen, errepidearen handitzeak aldatu duena.
Portillo txaletaren eraikuntza-multzoak eta atxikita daukan partzelak balio handiak dituzte: morfologikoak -konposiziozkoak eta formalak-, tipologikoak eta eraikuntzazkoak.
Izan ere, eraikinaren arkitektura-moldea funtsezkoa da estiloen trantsizioa ulertzeko, jauregi neoklasikotik gaur egungo etxera egoitza-erabilerara gertatu zena, XIX. mendearen erdialdetik erabateko helduarora iritsi arte, XX. mendearen hogeiko eta hogeita hamarreko urteetan.
Gainera, eraikina aurretiaz eraikitako molde baten egokitzapenaren emaitza da, eta horrek halako apartekotasun-balio bat eransten dio berez aparta den arkitektura horri.
Bestalde, ondo kontserbaturik dago, etengabeko egoitza-erabileraren ondorioz, eta horrek eragin du jatorrizko balioak egokiro mantendu direla eta transmititu ahal direla.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |