Mark Légasse
Mark Légasse | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Paris, 1918ko apirilaren 19a |
Herrialdea | EH |
Heriotza | Ziburu, 1997ko martxoaren 21a (78 urte) |
Familia | |
Aita | Louis Légasse |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Jasotako sariak | |
Izengoitia(k) | Manuel Erobi |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Mark Légasse Zelaia[1] (Paris, 1918ko apirilaren 19a - Ziburu, 1997ko martxoaren 21a) Euskal Herriko idazle eta historialari anarko-abertzalea izan zen. Ibilbide politiko-pertsonal zinez apartaren jabe, bizitza osoan zehar Euskal Herriko askatasunaren aldeko ekimen ugaritan protagonista izateagatik nabarmendu zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parisen jaio bazen ere beti mantendu zuen harreman estua Euskal Herriarekin, batez ere bizitokia izan zituen Lapurdi (familiak herrialde honetako herri batzuetan etxeak zituen) eta Bermeorekin. Aita Parisen bizi zen, Armadoreen Ganberako presidentea zelarik; aita itsasoarekin harreman luzea zuen Basusarriko familia dirudunetik zetorren eta Entreprises Maritimes Basques enpresako burua zen. Familiak Hendaian zuen etxean Santa Kruz apaiza aterpetu zuen muga pasatzeko beharra izan zuenean. Amaren familia Oreretatik zetorren. Ikasketak amaitu zituenean Itsasura bizitzera joan zen.
Gaztetandik ideia abertzaleak jaso zituen familian; Luis Arana Goirirekin tratu zuzena izan zuen, Gaudioso Zelaia bere senideak Sabin Aranarekin ikasi zuen Urduñako Jesusen Konpainiaren ikastetxean eta 1937an Markek berak, Santi bere anaiarekin batera, Luisekin elkarrizketa luzeak izan zituen Donibane Lohizunen. Baina JEL leloa barik Jaun gabe eta legerik ez akrata sortu zuen. 1936ko iheslariei babesa Ipar Euskal Herrian emateko "Sorospen Batzordea" izeneko elkartea sortu zuenetakoa izan zen.
1942an Aintzina aldizkariaren bigarren aroan bertan kolaboratu zuen[2][3] eta 1944ko abuztutik Hordago aldizkari satiriko-politikoa editatzeari ekin zion; Hordagok 34 urte iraun zuen, nahiz eta irregulartasunez atera zen eta 1978an izen bereko argitaletxe donostiarrari bide eman zion. 1945ean Bigarren Mundu Gerraren amaieraren ostean sortutako giro berriarekin hauteskundeetara aurkeztu zen, arrakastarik gabe eta Ipar Euskal Herrirako autonomia estatutu baten proposamena -arlo horretan aitzindaria izanik- erredaktatu zuen; Jean Etxeberri-Aintxart baigorriar diputatu hautatu berriak Batzorde Konstituziogilean aurkeztu zuen baina inoiz ez zuten kontuan hartu. Légassek estatutua behin-behinekotzat jotzen zuen, Eusko Jaurlaritzak erbestetik Hego Euskal Herrira bultatzen zenean Parisekin autonomia hori negoziatuko zuela uste zuelako. 1946an isuna jarri eta kartzelaratu egin zuten: Hordago aldizkaria banatzeagatik Errepublikari lurralde frantses bat lapurtzen saiatzeagatik[4]; beste birritan egon izan zen espetxean, "propaganda separatista" eta "anarkismoa" bultzatzen zuelakoan.
Hurrengo hamarkadetan bost aldiz aurkeztu zen hauteskundeetara, beti ideia abertzale eta progresistetatik hurbil zeuden taldeen izenean: Enbata, EHAS eta EMA. Nahiz eta diruduna izan, beti erakutsi zuen ezkerreko ikuspegia eta gogotik kritikatu zituen bai EAJ bai Ipar Euskal Herriko eskuin tradizionala, beren jarrerek Euskal Herriaren askatasuna eta euskara aurrera ateratzea ahalbidetzen ez zutelakoan[5][6].
Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuen belaunaldi berriarekin -ETAren sorrerarekin alegia- ezkerreko abertzaletasunera berehala hurbildu zen. Erbesteratuen aldeko lau gose greba batzuetan esku hartu zuen eta Krutwig, Beltza, Ortzi, Txillardegi, Etxabe, Wilson, Ezkerra, Argala edo Peixoto bezalako intelektual eta ekintzaileekin harremana izan zuen. Eva Forestek Operación Ogro liburua (Luis Carrero Blancoren kontrako ekintzaz) idazteko ETAko Légasseren Ziburuko etxean Txikia taldearekin bildu zen[7].
1977an, Franco hil eta gero oso kutuna zuen Bermeora joan zen bizi izatera . 1979an Donostiako Zinemaldiko epaimahaiko kide bilakatu zen eta han ere bere ikutu iraultzailea eman zion. 1997an hil zen eta bere errautsak Orreagan bota zituzten lagunek urte bereko martxoaren 30ean[8].
Périco bere semea, Paris aldean jaio eta bizi dena, gastronomia eta politika alorrean kazetari ospetsua da[9].
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantsesez, euskaraz eta espainieraz idatzi izan du. Hauexek dira argitaratu dituen liburuak, jatorrizko bertsioan edota beste batzuek euskaratutakoak. Horietako asko ipuin edo artikulu txikiak dira eta maiz bildumetan aurki daitezke:
- La question Basque (Paris, 1938), Jacques Légassekin batera[10].
- Ainsi parlait Nekatua (Baiona, 1943).
- Euskadi ma patrie et autres contes (Baiona: La Presse, 1944), Jacques Légassekin batera.
- L'ombre d'Axular (Baiona, 1944), Jacques Légassekin batera.
- La petite sirène au peigne et au miroir d'os (Baiona, 1946).
- Les rêveries d'un gréviste de la faim (Baiona, 1947).
- Paroles d'un anarquiste basque (1947) (Euskal anarkista baten mintzoak, 1994[11]).
- Iru herrien alegia (Donibane Lohizune: Gernika, 1952. Jon Mirandek itzulia, Jon Chaho ezizenaz baliatuz[12]).
- Cantar del rey Sancho de Navarra (1955, espainieraz; 1985ean Santxo Azkarraren parabola izenburupean Txertoak euskaraz argitaratua, Piarres Lafitteren itzulpena).
- Le petit livre rouge du séparatisme basque (1967) (Euskeldun azkatasunaren idazti gorri txikia, Baiona, 1967).
- Les cavaliers de Guernica (Paris, 1970).
- Petit guide vert-de-gris du tourisme en Euskadi (1974).
- Euskararen Ebanjelio eta Apokalipsia (1979, euskaraz eta espainieraz egindako argitalpen elebiduna, Txertoa).
- Los contrabandistas de Ilargizarra (Donostia: Txertoa, 1980).
- Concierto guerrillero, pour un pays qui n'existe pas (Baiona: Maiatz, 1984) (Pasacalle por un país que ni existe (1984, espainieraz; Karrakak Euskadifrenia izenburupean argitaratuta).
- Les carabines de Gastibeltsa (Gastibeltzaren karabinak, Zarautz: Susa, 1985)
- Anark-herria (1986, Jakue Pascualekin batera, Txertoa).
- Infante zendu batendako pabana (Itxaro Bordaren itzulpena, 1986 eta 2006, Txertoa[13])
- Maddalen Ithurri (1989, Luzien Etxezaharretak euskaratua, Maiatz-18).
- La sombra de Axular y otros relatos de Marc Légasse (Donostia: Txertoa, 2011)
Bere biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Amaia Ereñaga: Marc Légasse. Un rebelde burlón, 1997, Txalaparta. ISBN 84-8136-067-8
« | - Zein izan dira zu markatu zaituzten erreferenteak, eta Ipar Euskal Herria markatu dutenak?
- Lehena Piarres Xarriton. Euskal Munduan sartu nintzen berari esker, eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zati bat horrelakoa da berari esker. Ekonomia arloan inportantea izan zen Jean Errekart, barnealdeko laborantza munduarentzat. Politikan, Mixel Labegerie, euskal nortasuna pizten lagundu zuelako. Kulturan, Piarres Lartzabal, abertzale ez ziren anitz abertzaletu zirelako haren antzerkiei esker. Laurek lagundu zuten jendeen mentalitatea aldatzen. Badira ere gehiago: Piarres Lafitte, Marc Legasse, Telesforo Monzon, Mixel Berhokoirigoin... |
» |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Mark zein Marc, Légasse zein Legasse eta Zelaia zein Celaya aldaeretan idatzita topa dezakegu. Seguru asko Legasa herriaren izenetik dator eta horren gaineko iturriren bat topa daiteke, adibidez La Ville Mauresque artikuluan baina euskaraz ez da inoiz "Legasa" erabili.
- ↑ Aintzina piztu Argiaren webgunean.
- ↑ La culture basque sous l'occupation[Betiko hautsitako esteka], Jean-Claude Larronde.
- ↑ El juego de la oca Iñaki Egaña, Izaronews.
- ↑ Legassez Argian.
- ↑ Zubizarreta, Patxi. (2023). Sakonean itsasoa ikusten da. Maingolarratarren uberan.. Txalaparta ISBN 978-84-19319-62-3..
- ↑ La Transición en el Estado español.
- ↑ Notas para una sonata en mi (menor), Alfonso Sastre; ikus 20. or.
- ↑ Périco Légasse Radio Francen.
- ↑ http://www.retours-vers-les-basses-pyrenees.fr/2015/01/1948paroles-de-marc-legasseanarchiste.html
- ↑ https://borrokagaraia.wordpress.com/2014/10/13/marc-legasse/
- ↑ http://jonmirande.gipuzkoakultura.net/jon_mirande_revista.php
- ↑ Légasseren liburuak[Betiko hautsitako esteka] Txertoaren webgunean.
- ↑ Aizpuru Ostolaza, Jose Luis. (2023-01-01). «Xipri Arbelbideri elkarrizketa - Jakin.eus» www.jakin.eus: 11-66. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- berria.info 1990ean Marc Legasseri Lezon egindako omenaldia (bideoa)
- Légasse Armiarma webgunearen "Euskarari ekarriak" atalean.
- Emilio Lopez Adan Beltzaren artikulua Argian, 2003ko azaroaren 9ko 1919. alea.
- (Gaztelaniaz) Légasse Euskomedian.
- Joxeluis Agirretxe: Mark Legasse irakaslea bere unibertsitatean [1]
- Joseba Aurkenerena: Mark Legasse nire oroitzapenetan [2]
- Joseba Aurkenerena: Mark Legasse beti gogoan [3]