Edukira joan

Etxebarri baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxebarri
Kokalekua
Lurraldea  Araba
Eskualdea Aiaraldea
Udalerria Laudio
Auzoa Larra
Orientazioa Ekialdera
Garaiera 153 m
Etxebarri baserria is located in Araba
Etxebarri baserria
Etxebarri baserria
Etxebarri baserria (Araba)
Ezaugarriak
Garaia XVII. mendea
Fatxada 16,70 metro
Oinplanoa angeluzuzen
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2002ko uztailaren 29a

Etxebarri Laudioko Larra auzoan dagoen baserria da.

2002ko uztailaren 29an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Kokapena eta azalpen orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larra edo San Bartolome auzoan dago eta nekazari aurrekari nabarmenak dituzten etxe talde bateko eraikina da. Taldeko etxe guztiek, orokorrean, Etxeberri izena hartzen dute; ondoren, 3. zenbakia azalduko dugu.

Etxea Arraño mendiaren iparraldeko mazelan dago, eta Nerbioi errekak zeharkatzen duen ibarreko behe aldea menperatzen du; Larra auzoa bi zatitan -goialdea eta behealdea-, utzi duen Laudioko saihesbidearen ibilbide berritik oso hurbil dago. Fatxada nagusia ekialdera edo eguzki begira dago.

Mazelan kokatutako eraikin isolatu honek angeluzuzenetako solairu trinkoa du: fatxada 16,70 metrokoa eta luzera 12,60 metrokoa. Altxaerari dagokionez, bi solairutan –azpikoa eta lehenengoa- eta estalkipean banatua dago; azken hau, erdiko hormartean eta erabat zabalik agertzen da. Teilatua bi uretara eraikia da, eta fatxada nagusiarekiko elkarzuta den gailurra eta erdiko hormartean atzealdera zuzendua dagoen teilatu-faldoia (mirabustana) ditu. Fatxada nagusiko teilatuak jabaloiek eutsitako luzapen txikia du.

Aurrealdean, solairu nagusira sartzeko eskailera bikoitzak baserriak bizitza biko banaketa duela adierazten du. Horrek gogorarazten digu ere, nekazaritza ustiapena hobetzeko eta gehiago aprobetxatzeko banatu zela bi zatitan baserria.

Baserria dagoen maldak atzeko eta alboko altxaera guztian hormatxoa edo nibelazio-zokaloa (zimentazio bista) egitea behartzen du, hormatxo horren gainean jasotzen dira itxitura-hormak. Itxitura-horma horiek ertzetako harlanduen antzeko harri handiagoekin eta erregularragoekin eginak dira. Fatxada nagusiko beheko solairua harrizkoa da; goiko solairuek, berriz, gai arinagoekin betetako egurrezko bilbadura kareztatua azaltzen dute. Etxebizitzaren lurzorutik, hau da, beheko eta erdiko solairuaren altuera ertainetik hasi eta teilatura iristen diren egurrezko hiru zutoin sendoek finkatzen dute fatxada nagusiaren erdiko hormartea.

Etxebizitzetara sartzeko eskailera bikoitzak barandaudun eskailburuak ditu, eta hauetatik, hain zuzen ere, sartzen da barrura. Lau leihoek betetzen dituzte sarrera bakoitzaren alde banatan, solairu nagusian zabaldutako hutsarteak. Ganbara, guztiz zabalik, aurrean dago. Beheko solairura edo ikuiluetara bi ate xumetik joaten da. Gainerako altxaeratan, hau da albokoetan eta atzekoan, hutsarteen banaketa, tamaina eta egitea ausazkoa da, eta guztietan nabarmenena teilatuaren lerrotik oso hurbil daudela.

Etxebizitza biek antzerako zatiketa edo banaketa dute: hasieran atariko gela dago, handik sukalderako eta korridore motz baterako sarrera dago, eta azken horretan, ganbarara iristeko eskailera, eta komunera eta geletara sartzeko ateak.

Barneko egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinak goitik-beherako elementuz osatutako egitura azaltzen du, egurrezko bi zutoinek hiru hormarte bereizten dituzte, aurreko eta atzeko fatxadarekiko elkarzutak dira, erdiko hormartea zabalagoa da eta bi azpizatitan banatzen dute erdiarekiko ezarritako bi zutoinek. Ekialdeko eta iparraldeko hormei lotutako zutoinak horma horien barruan daude. Gainerakoak harroinetan oinarrituak eta berriki zementuaz gogortuak, teilaturarte osoak dira. Zutoinak orekan banatuta egotea, atariak 3,50 eta 4 metroko argi-hutsarteak izatea ahalbideratzen du. Goitik-beherako eta zeharkako harriak egituraren korapiloetan estekatzeko, giltzadun aho-zirika sistema erabiltzen da. Korapiloen inguruan hainbat piezatan kontra koskak izateak hauen muntaia errazten du. Badira, alboko ahoan egiten diren mihiztaketa "enara" itxurakoak ere, aho-zirika sistema baino zaharragoak diren mihiztaketa teknikak, hain zuzen ere. Zenbait elementuk izandako itxuragaltzeak mota ezberdinetako pieza lagungarriak gehitzea ekarri du, batez ere egonkortasuna eta egituraren gogortasuna ziurtatzekoak.

Teilatu-zurajean gapirioen eta petralen arteko lotura konpontzeko aterabidea edo sistema oso interesgarria da; gapirioetan josita dauden eta buru nabarmenak dituzten egurrezko iltzeak edo giltzak oraindik ere gorde egiten baitira. Hormarteak banatzen dituzten petralekin topa egiten dute buru horiek eta, horrela, gapirioak ez labaintzea eta egitura guztia gogortzea lortzen da. Gailurra egurrezko iltzeekin josita eta alboko ahoetan mihiztatzen diren jabaloiekin gogortzen da. Ganbarako solairuak opaitzurrarekin landutako eta burdinazko iltzeekin jositako egurrezko oholtza agerian du.

Tipologia eta kronologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserri motari dagokionez eraikina fatxada laua duten baserri-multzokoa da: ataririk gabekoa, zutoin osoduna, etxebizitza bikoitzekoa, altxaeran gutxi garatua, fatxada nagusiarekiko elkarzuta den gailurra duena eta jabaloiak eutsitako hegalkinduna. Orokorrean XVII. mendeko bigarren zatikoa dela esan daiteke, baina, mende horretako lehenengo zatikoak izan daitezkeen eraikuntza- eta forma-xehetasunak ere agertzen dira. Hala ere, baditu eraikuntzaren aldetik berrikuntzak eta beranduagokoak diren material- eta piezakatze-ekarpenak ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa