Bronkio
Bronkioak | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | lower respiratory tract (en) |
Aparatua | Arnas aparatu |
Konponenteak | main bronchus (en) lobar bronchus (en) segmental bronchus (en) subsegmental bronchus (en) |
Hona drenatzen du | bronchial veins (en) |
Arteria | Bronkio-arteria |
Zaina | Bronkio-zain |
Identifikadoreak | |
Latinez | Bronchus |
MeSH | A04.411.125 |
TA | A06.4.01.001 eta A06.3.01.008 |
FMA | 7409 |
Terminologia anatomikoa |
Bronkioak edo birikodiak arnas aparatuan parte hartzen duen ezinbesteko elementua da, arnasketa bidez gorputzean sartutako airea birikietara eramateko dugun konduktua. Bi bronkio nagusi ditugu, trakea bukaeran (T4 mailan) dagoen bifurkazioan banatzen direnak: eskuineko eta ezkerreko bronkio nagusiak. Eskuinekoak 3 adar emango ditu eta ezkerrekoak, aldiz, 2 soilik (bihotza baitago leku hori hartzen). Adar nagusi hauek zenbait adarkaduratan banatuko dira, airea birikietako azalera guztian banatu nahian, bertako odola oxigenatzeko helburuarekin. Gas trukaketa hori burutu ahal izateko, bronkio nagusietan eta hasierako adarkaduretan dagoen kartilagoa, desagertu egingo da amaierakoetan[1].
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anatomikoa[1][2][3]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bronkio nagusiak kartilago hialinozko eraztun osoz osatutako bi hodi dira, bat birika bakoitzeko. Beherantz eta kanporantz bideratzen dira trakearen amaieratik biriketan sartzen diren birika-erroetaraino. Zintzurrestea T3-T4 mailan adarkatzen da eta bronkio nagusien arteko angelua 70° ingurukoa da. Eskuineko bronkio nagusia ezkerrekoa baino bertikalagoa, motzagoa eta zabalagoa da, eta, horregatik, errazagoa da arnasketa bidez xurgatutako objektu bat eskuineko bronkio nagusian sartzea. Biriken barruan, bronkioak etengabe banatzen dira, eta adar bakoitza birikaren sektore jakin bati dagokio.
Eskuineko eta ezkerreko bronkio nagusiek badituzte beste desberdintasun batzuk ere:
- Eskuineko bronkio nagusia: laburragoa (2-3 cm) eta zabalagoa da ezkerrekoa baino. 3 lobulu bronkioetan banatzen da (eskuineko birikak 3 lobulu baititu): goikoa, erdikoa eta behekoa. Horietako bakoitzak dagokion birika lobulua aireztatuko du.
- Ezkerreko bronkio nagusia: luzeagoa (3-5 cm) eta kalibre txikiagokoa da, estuagoa. Kasu honetan, ezkerreko birikak 2 lobulu dituenez, ezkerreko bronkio nagusia 2 lobulu bronkiotan banatzen da: goikoa eta behekoa.
Trakea bi bronkio nagusietan banatzen den lekuan, karina deituriko kartilagozko gandor bat ikus daiteke, trakearen argialdean.
Esan bezala, bronkio nagusi bakoitza lobulu bronkioetan banatzen da. Lobulu bronkio bakoitza, era berean, bronkio-biriketako zatikiei dagozkien bronkio segmentarioetan edo zatiki bronkioetan banatzen da, eta horietako bakoitzak bere bronkio, arteria eta zain segmentarioak ditu. Zatiki bronkioak, berriz, zatiki azpiko bronkio nagusietan banatu eta hodi txikiagotan adarkatzen dira, behin eta berriz, arnas bronkioloak osatu arte. Bronkio-adarkatze hori guztia alderantzizko zuhaitz baten antzekoa da, eta horregatik deitzen zaio zuhaitz bronkiala.
Adarkatze mailak hurrenez hurren:
- Zintzurrestea
- Bronkio nagusiak
- Lobulu bronkioak
- Zatiki bronkioak
- Zatiki azpiko bronkio nagusiak
- Zatiki azpiko bronkio txikiak
- Bronkioloak
- Bukaera bronkioloak
- Arnas bronkioloak
Histologikoa[3]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bronkio segmentarioetara iritsi arte, bronkioen egitura trakearekiko oso antzekoa da. Kartilago hialinozko eraztun edo plakek bronkioaren horma egonkortzen dute. Horma hau hainbat geruzatako epitelio ziliatuz estalita dago barrutik, eta bertan zelula kaliziformeak aurkitzen dira.
Zelula kaliziformeak guruin exokrino mukosoak dira, muzina jariatzen dutenak (mukiaren osagai nagusia). Mukia ezinbestekoa da arnas-bideak garbi mantentzeko.
Eskuineko bronkioak 6-8 kartilagozko eraztun ditu, eta ezkerrekoak, aldiz, 9-12, luzeagoa baita.
Kalibre gutxiagoko bronkioetan, kartilagozko horma galtzen da, epitelioa zilindriko ziliatu prismatikoa izango da (geruza bakarrekoa), eta zelula kaliziformeak ez dira batere ohikoak izango (bukaera bronkioloetatik aurrera desagertu egingo dira). Kartilagoa desagertzen den heinean, muskulu leun kantitatea areagotzen da.
Funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bronkioen funtzio nagusia pasabide moduan jokatzea da, aho eta zintzurrestetik biriki eta albeoloetara airea garraiatzeko helburuarekin. Modu honetan, gorputzeko ehunek oxigenoa lortu ahal izango dute eta ekoiztutako karbono dioxidoa kanporatu[4].
Horrez gain, bronkioen osagai anatomikoek, beste funtzio batzuk ematen dizkie hauei. Bronkio bakoitza, dakigunez, kartilagoz, muskulu leunez eta estaldura mukoso batez osatuta dago. Osagai horietako bakoitzak funtzio bat beteko du bronkioen funtzionamenduan[5]:
- Kartilagoa ehun konektiboa da eta prozesu fisiologikoetan euskarria ematen duen osagaia da. Bronkioen kasuan oso garrantzitsua da, airea inhalatzean eta batez ere, kanporatzean, ez kolapsatzea saihesten baitu. Kartilagoaren gabezian, zailtasun handiak egongo lirateke airearen fluxuan.
- Muskulu leuna inboluntarioa da, hau da, nork berak ezin du kontrolatu. Muskulu honek gorputzaren beharren arabera jokatuko du, une bakoitzean behar den aire fluxua kontuan hartuz, erlaxatuz edo uzkurtuz.
- Mukosak oso funtzio garrantzitsua beteko du, gorputz kanpoko agenteekiko hesi moduan jokatuko baitu. Modu horretan, arnasbideetatik sar daitezkeen patogenoak harrapatzen ditu eta hauek birikietara heltzea eta infekzio posibleak saihestea lortuko du.
Irrigazioa[6]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arteria sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biriken odoleztapenaz bi arteria sistema arduratzen dira: birika-arteriak eta bronkio-arteriak. Bronkio arteriei dagokienez, 3 egongo dira: eskuinaldekoa eta goi eta behe ezkerraldekoak.
Eskuinaldekoa, hirugarren saihets arteko arteriaren adar bat izango da. Saihetsarteko arteria hauek, izenak dioen moduan saihetsen artetik iritsiko dira. Adar hau sortzen den momentuan eskuin bronkiora bideratuko du eta honen ibilbidea jarraituko du; hau irrigatuz.
Ezkerraldekoei dagokienez, hauek zuzenean toraxeko aorta arteriatik sortuko dira; goikoa lehenago eta behekoa apur bat beranduago. Hauek ere, dagokion bronkioaren ibilbidea jarraituko du eta honen odoleztapenaz arduratuko da.
Arteria hauek dagokien bronkioaren arnas bronkioloetara iristen direnean, lehen aipatutako birika arteriekin anastomosi bidez elkartuko dira, eta azkenik, kapilarretan banatuko dira.
Zain sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Birika zainez gain, birika eremutik kanpo geratzen diren bronkioen odol itzulia bronkio zainek gauzatuko dute. Eskuineko bronkio zainak, eskuin bronkioarekin egingo du ibilbidea Azigos zainera iristen den arte. Honek beranduago odola Goiko kaban askatuko du. Ezkerraldekoak, aldiz, ezker bronkioaren bidea jarraituko du, eta, Hemiazigos laguntzailean dreinatuko du odola. Bestalde, beranduago, hemiazigos laguntzailea Azigos zainean amaituko da.
Inerbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arnas aparatuko organoak nerbio sistema autonommoaren menpe daude eta honek arnas bideen guruinen jariaketa, muskulu leunaren uzkurketa-erlaxazio mugimenduak, iragazkortasun baskularra eta odol fluxua erregulatuko ditu.
Inerbazio eferentea[7]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inerbazio parasinpatikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sistema parasinpatikoak efektu kolinergikoa edukiko du bronkioen gain, hau da, atal parasinpatikoaren neurotransmisorea den azetilkolinak bronkiokonstrikzio, basodilatazioa eta guruinen jariaketa eragingo du.
Vagus nerbioaren bizkarraldeko nukleoa erraboilean dago eta hemendik biriketako zuntz eferenteak ateratzen dira. Zuntz hauek toraxera bideratuko dira, bidean idunetik igaroz, eta toraxera heltzean bitan banatuko dira, eskuin aldekoak eta ezker aldekoak. Ezkerrera bideratzen diren zuntzek zintzur nerbio atzekaria sortuko dute eta honek aorta arkua behetik inguratuko du eta zintzurrestera bideratuko da atzealdetik. Eskuineko zuntzek, berriz, eskuineko zintzur nerbio itzulia sortuko dute eta hau lepauztai azpiko arteria inguratuko dute behetik.
Zintzurreste eta brokio zuhaitzean zehar gaongoil parasinpatikoak egongo dira. Hemen sinapsia geratuko da eta gongoiletatik laburrak diren gongoil osteko zuntzak aterako dira. Gongoi osteko zuntzek arnas aparatuko atal desberdinak inerbatuko dituzte eta hauen inerbazioa bukaera bronkioetaraino helduko da.
Inerbazio sinpatikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nerbio sistema sinpatikoak efektu adrenergikoa dauka, hau da, bronkodilatazioa, guruinen jariaketaren inhibizioa eta basokonstrikzioa eragiten du. (apuntes) Bestalde, arnas bideak inerbatzen dituen nerbio sistema sinpatikoa parasinpatikoa baino gutxiago garatua dago.
Nerbio zuntz preganglionarrak, bizkar muineko T1-T5 mailetako alboko adarretik ateratzen direnak, enbor sinpatikoan egingo dute sinapsia. Ondoren, nerbio zuntz postganglionarrak biriketara bideratzen dira hilotik igaroz, bertan nerbio zuntz parasinpatikoekin nahasteko birika plaxua eratuz.
Birika plexua bitan banatzen da, aurreko eta atzeko birika plexuak. Alde batetik, aurreko birika plexua zintzurrestearen bifurkazioaren eta hiloaren aurrean kokatzen da eta bestetik atzeko birika plexua zintzurreste bifurkazioaren eta hiloaren atzean.
Inerbazio sentrikorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Birika eta pleuren sentikortasuna vagus nerbioak hartzen du hainbat hartzaileen bidez eta informazioa nerbio sistema zentralera eramaten du. Hartzaile tusigenoak zintzurreste eta bronkioetan kokatzen dira eta hauek kanpoko partikulen eta mukiearen prensentzian aktibatuko dira. Bestalde narriadura hartzaileak eta distentzio hartzaileak era zintzurreste eta bronkioetan aurkitzen dira. Hartzaileen zuntzek vagus nerbioaren beheko gongoilean dute haien soma (vagusak goiko eta beheko gongoilak ditu).
Pleuraren errai orriak eta birika parenkimak ez dute mina eta ukimenarekiko hartzaileak izango, baina pleuraren pareta orriak bai. Pareta orriaren atalaren arabera informazioa nerbio batek edo besteak eramango du. Saihetsetako eta diafragmaren alde periferikoaren informazioa saihetsarte nerbioek eramango dute; diafragmaren tendoi zentruaren eta mediastino aldearen informazioa, berriz, diafragma nerbioek eramango dute.
Patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Horra hor bronkioekin erlazionatuta dauden gaixotasun edota arazo batzuei buruzko informazioa:
Bronkitisak, airearen garraioaz arduratzen diren bronkioen inflamazioari deritzo. Honen ondorioz, eztula eta mukositatea ager daitezke eta azken honek, arnas bideetan oztopoak sor ditzake. Bi bronkitis mota bereizten dira: akutua eta kronikoa.
- Bronkitis akutua, ohikoa da oso; hau, bai hozkeria eta bai gripearen eragile diren birus edota bakterioen ondorioz ematen da gehienetan. Hori dela eta, gaixotasunak ez du luzaroan irauten; izan ere, 7-10 egun iraun ditzake asko jota. Aipatzekoa da badirela gaixotasun hau pairatzeko joera gehiago duten talde batzuk: ume txikiak, asmatikoak, erretzaileak, adinekoak edota defentsa ahuleko pertsonak.
- Bronkitis kronikoa ordea, larriagoa da, bronkioen estalduraren etengabeko narritadura edota inflamazioaren ondorioa baita. Irritazio honen ondorioz, mukosa pilatu egiten da; eta mukien eta konduktu hauen irritazioaren ondorioz, airea barruratzeko zein kanporatzeko prozesua zailago bihurtzen da. Azken hau pairatzen dutenen artean, ohikoa izaten da birikiekin erlazionaturiko beste gaixotasun kronikoren bat pairatzea (enfisema, adibidez), eta hau guztia tabakoa bezalako gai narritagarriekiko esposizioarekin erlazionatuta dago.
Gaixotasun honetan, bronkioen hiperaktibitatea ematen da. Asmaren kausa, alergeno batekiko erantzuna izaten da maiz; baina gaixotasun honen eragilea edozein delarik ere, nerbio sistema autonomoan eragina du. Eragin honen ondorioz, bronkioak uzkurtu egiten dira eta egoera honek arnasketa prozesua zailtzen du, oxigeno gutxiago helduko baita organismora, eta honek, prozesu zelularren burutzea oztopatzen du (oxigenoa, prozesu zelularrak emateko funtsezkoa da). Bronkozabaltzaileek, bronkioen dilataziorako baliagarriak dira; hortaz, bronkozabaltzaile baten ondorioz asmak eragiten duen egoerak hobera egiten du denbora tarte nahiko laburrean.
Bronkio atresia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bronkio atresia, etiologia ezezaguna duen eta ohikoa ez den sortzetiko gaixotasuna da. Gaitz honen kausa, lobulu bronkio, zatiki bronkio...baten formazio edo garapen partzialaren falta da. Atresia pairatzen duen eremutik urrun aurkitzen den bronkioak ordea, garapen normala du; hala ere, hau jariakinez bete eta dilatatu egiten da bronkozele bat eratzen delarik.
Aspirazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezkerreko eta eskumako bronkio nagusiak desberdinak dira. Alde batetik, ezkerreko bronkio nagusia, eskumakoa baino luzeagoa da; eta eskumako bronkio nagusia ordea, ezkerrekoa baino lodiagoa. Azken ezaugarri honen ondorioz, eskumako bronkio nagusiak ezkerrekoak baino arnaste arazo gehiago izateko joera du; hau da, elikagaiak, likidoak edota gorputz arraroak bide okerretik joanez gero, probableagoa da hauek guztiak eskumako bronkioan trabatuta gelditzea bronkio honen lodiera dela eta. Honen ondorioz, pneumoria bakterianoa edota aspirazioaren ondorioz emandako pneumoria eman daitezke.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Netter, Frank H. (Frank Henry), 1906-1991,. Atlas of human anatomy. (Sixth edition. argitaraldia) ISBN 978-1-4557-0418-7. PMC 895083443. (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Paulsen, Friedrich; Waschke, Jens. (2018-09-25). Sobotta. Atlas de anatomía humana vol 2: Órganos internos. Elsevier Health Sciences ISBN 978-84-9113-426-8. (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Prometheus, Texto y Atlas de Anatomía, Tomo 2: órganos internos. Editorial Médica Panamericana, 134-135, 140-141 or. ISBN 978-84-9835-763-9..
- ↑ (Ingelesez) «The Bronchi Are Involved in Numerous Functions of the Lungs» Verywell Health (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
- ↑ «What is the function of the bronchi in the respiratory system? | Socratic» Socratic.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
- ↑ Muñoz P. et al, Amat. ((2006-2008)). Anatomía Humana, funcional y aplicativa, de Escolar. Ed. Espaxs.
- ↑ Arreola-Ramírez, José Luis; Morales-Hernández, Pablo Ernesto; Falcón-Rodríguez, Carlos Iván; Segura-Medina, Patricia. «Aspectos generales de la inervación pulmonar» Gaceta Médica de México (México D.F.) 149: 502-508. 2013 http://www.anmm.org.mx/GMM/2013/n5/GMM_149_2013_5_502-508.pdf.