Aral itsasoa
Aral itsasoa Арал Теңізі (kazakheraz), Баҳри Арал (tadjikeraz) | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 31 m |
Mota | former lake (en) , aintzira gazi eta aintzira |
Luzera | 428 km |
Zabalera | 284 km |
Azalera | 8.303 km² |
Sakonera | 42 m 8,7 m |
Geografia | |
Koordenatuak | 45°N 60°E / 45°N 60°E |
Honen parte da | Mediterranean Sea Area (en) |
Estatu burujabe | Kazakhstan |
Hidrografia | |
Betebidea | |
Arroaren azalera | 690.000 km² |
Aral Itsasoa (kazakheraz Арал Теңізі, errusieraz Аральскοе мοре, tadjikeraz Баҳри Арал, persieraz دریاچه خوارزم Daryocha-i Khorazm) Asia Erdialdeko laku endorreiko edo barne itsasoa da, Kazakhstan (iparraldean) eta Uzbekistango Karakalpakstan eskualde autonomoaren (hegoaldean) artean kokatua. Aralgo ura gazia da.
1960ko hamarkadatik, Aral Itsasoaren azalera asko murriztu da, bertara isurtzen duten ibaien isuraldatzeak direla eta. Izan ere, Sobietar garaian, Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura Uzbekistan eta Kazakhstango lurrak ureztatzeko bideratzen hasi ziren. 1960an 68.000 km² izatetik gaur egun (2004ko datuak) 17.160 km² izatera pasatu da. Horrez gain, armagintza, industria eta ongarri isurketengatik itsasoa oso kutsatuta dago.
Aral itsasoaren eraketa
Zenozoikoan Aral Itsaso Beltzari loturik zegoen. Bereizi eta gero Asia Erdialdeko basamortuko beheragune bat izan zen. Pleistozenoan, duela 10 edo 20 mila urte, Amu Daria eta Sir Daria ibaiek urez bete zutenean, beheragunea hasieran oasi eta gero laku bihurtu zen.
Aral itsasoaren agortzea
Historia
1960. urtean SESBak Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura desbideratzea erabaki zuen, Asia Erdialdeko basamortuko eremuak ureztatzeko. Horrela, sobietar Asia erdialdean arroza, meloiak, zerealak eta, batez ere, kotoia produzitzen hasi zen. Izan ere Sobietar Batasunak munduko kotoi ekoizle handiena bihurtu nahi zuen, eta lortu egin zuen; gaur egun Uzbekistan munduko kotoi esportatzaile handienetariko bat da.
Ureztatze ubideak, eskala handian, 1930eko hamarkadan eraikitzen hasi ziren. Ubide hauek, eraikuntzari dagokionez, oso kalitate apalekoak zirenez, bidean ur asko galdu edo lurrundu egiten zen. Kara Kum ubidean (erdialdeko Asiako ubide handiena) adibidez %70 galtzen zen. Gaur egun ere Uzbekistango ureztatze-ubideen luzera osoaren %12 baino ez dago irazgaiztuta.
1960 baino lehen urtero 20-60 kilometro kubiko ur isuraldatzen ziren. Honek esan nahi du Aral itsasoa urez hornitzen zuen emari gehiena desbideratuta zegoela. Beraz, 60ko hamarkadan itsasoa murrizten hasi zen. 1961 eta 1970 artean itsasoaren mailak, batezbeste, urtean 20 cm egin zuen behera. 70ko hamarkadan beheratzea biziagotu zen, urtean 50-60 cm galtzera iritsiz. 80ko hamarkadan itsasoaren mailak, urtean, 80-90 cm egiten zuen behera. Hala ere, nekazal lurrak ureztatzeko gero eta ur gehiago erabiltzen zen zen: 1960 eta 1980 artean ibaietatik isuraldatutako ura bikoiztu egin zen, eta kotoi ekoizpena ia bikoiztu.
Oraingo egoera
Dagoeneko Aral itsasoaren azalera %60 murriztu da eta bolumena ia %80. 1960an, Aral itsasoa munduko laugarren lakurik handiena zen, 68.000 km²-ko azalera eta 1100 km³-ko bolumena zuelarik. 1998an, bere azalera 28.687 km²-ra murriztua zen, munduko zortzigarren laku handiena. Epe horretan Aral itsasoaren gazitasuna 10 g/l-tik 45 g/l-raino handitu egin zen.
Uraren mailak etengabe behera egitean, 1987an Aral itsasoak bi zatitan banatu zen: Iparraldeko Aral itsasoa eta Hegoaldeko Aral itsasoa, azken hau beste bi zatitan banatuta. Itsasoaren iparraldeko eta hegoaldeko zatiak lotzeko ubide bat eraiki zuten arren, uraren mailak behera egiten jarraitu zuenez 1999ko lotura etenda zegoen.
Hala ere, Iparraldeko Aral itsasoa babesteko zenbait lan egin ziren, tartean ur gezaren jario etengabea segurtatzen duten presak eraikitzea. 2003ko urrian Kazakhstango gobernuak jakitera eman zuen zementuzko presa bat, Kokaralgo dikea deitua, eraikiko zuela, Aral itsasoko bi zati nagusiak bereizteko. Era horretan Iparraldeko zatiaren ur-maila goratu eta gazitasuna gutxitu nahi zuten. Helburu hauek 2007an lortu egin ziren. Hegoaldeko Aral itsasoa berriz, arrazoi ekonomikoengatik bere kasa utzia, hilzorian dago. Aspaldi honetan gatz-lautada izugarriak zabaltzen ari dira, neguak hotzagoak eta udak beroagoak egiten dituztenak. Bertan sortzen diren hondar-erauntsiak Pakistan eta Artikoraino iristen dira. Ondorio kaltegarri hauek murriztu nahiean garai bateko itsasoaren hondoan zuhaitzak landatzen dituzte.
2003ko udan, Hegoaldeko Aral itsasoa aurrez ikusitakoa baino bizkorrago agortzen ari zen [1]. Bere gainaldea 30,5 metro itsasoz gora zegoen, aurrez ikusitakoa baino 3,5 metro beherago. Gazitasuna, bestalde, itsasoarena halako 2,4 zen. Lakuaren zatirik sakonenean, beheko ura goikoa baino gaziagoa da. Bi ur mota hauek elkarrekin nahasten ez baitira, lakuaren gaineko aldea gehiago berotzen da udan eta ura espero zitekeena baino bizkorrago lurruntzen da. Ikerketa batzuen arabera[1], Hegoaldeko Aral itsasoaren mendebaldeko zatia 15 urte barru erabat agortuta egongo litzateke. Ekialdeko zatiak, berriz, era ez-egonkorrean bada ere, iraungo luke.
Konponbideak
Aral itsasoaren agortzeak ekarri dituen kalteak konpontzeko hainbat neurri proposatu dira:
- Ureztatze-ubideak hobetzea
- Ura gatzgabetzeko plantak eraikitzea
- Nekazariei zerga bat ezartzea uraren erabileragatik
- Ur gutxiago behar duten kotoi aldaerak erabiltzea
- Siberiako glaziarren ura Aral itsasora bideratzea
- Kotoigintzan produktu kimiko gutxiago erabiltzea
1994an Kazakhstan, Uzbekistan, Turkmenistan, Tadjikistan eta Kirgizistanek izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, beren aurrekontuen %1 Aral itsasoa berreskuratzeko erabili behar zuten. Herrialde hauen arteko lankidetza, ordea, oso urria izan da.
Gaur egun, Kokaralgo dikeari esker, Iparraldeko Aral itsasoaren egoera hobetzen ari da.
2008ko abuztuan Uzbekistango lehenbiziko GKE ekologista sortu zen. Bere helburuetako bat Aral itsasoaren egoera hobetzea da.
Aral Itsasoa zineman
1989an Dmitri Svetozarov zuzendari errusiarrak Psi filma egin zuen (errusieraz Псы, euskaraz Zakurrak), Aral itsasoaren arazo ekologikoetan oinarritutako thrillerra.
Ikus, gainera
Kanpo loturak
- Aral itsasoa desagertzear. Zientzia.net
- Diruak Aral itsasoaren zati bat berreskuratu du. Zientzia.net
- Berpiztuko al da Aral itsasoa?. UNESCO Aldizkaria
Erreferentziak
- ↑ a b http://www.newscientist.com/article/dn3947 Nicola Jones (2003). South Aral Sea 'gone in 15 years'
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aral itsasoa |