Koreako Gerra (Hego Korean Hangul한국전쟁; Hanja韓國戰爭; RRHanguk Jeonjaeng, euskaraz: «Koreako Gerra»; Ipar Korean Hangul조국해방전쟁; Hanja祖國解放戰爭; RRChoguk haebang chǒnjaeng, euskaraz: «Aberriaren Askapenerako Gerra») Ipar Korea eta Hego Korearen arteko gatazka armatua izan zen, 1950eko uztailaren 25ean hasi 1953ko uztailaren 27an amaitu zena. Ipar Koreak Sobietar Batasunaren eta Txinaren laguntza militarra izan zuen, eta Hego Koreak Australia, Kanada, Erresuma Batua eta Estatu Batuena. Hori dela eta, Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko guda ez ofizialtzat har daiteke.

Koreako Gerra
Gerra Hotzaren zati
Goitik behera, erlojuaren orratzen norabidean: estatubatuar marineak atzeraka Chosingo urtegiko Guduan; NBEko indarrak Incheonera iristen; korear iheslariak Estatu Batuetako M26 Pershing gudu orga baten aurrean; estatubatuar marineak Incheonen lehorreratzen; North American F-86 Sabre ehiza-hegazkina
Data1950 - 1953
LekuaKoreako penintsula
EmaitzaSu-etena eta Koreako Desmilitarizazio Gunearen sorrera
Gudulariak
 Hego Korea
---------
Nazio Batuak:
 Australia
 Belgika
 Kanada
 Kolonbia
 Etiopia
 Frantzia
 Grezia
 Luxenburgo
 Herbehereak
 Zeelanda Berria
 Filipinak
 Hegoafrika
 Thailandia
 Turkia
 Erresuma Batua
 AEB
 Ipar Korea
---------
 Txina
 Sobietar Batasuna
Buruzagiak
Hego Korea Syngman Rhee
Hego Korea Chung Il-kwon
Hego Korea Paik Sun-yup
Filipinak Elpidio Quirino
Filipinak Fidel Ramos
Turkia Tahsin Yazıcı
Ameriketako Estatu Batuak Douglas MacArthur
Ameriketako Estatu Batuak Matthew Ridgway
Ameriketako Estatu Batuak Mark Wayne Clark
Ameriketako Estatu Batuak Harry S. Truman
Ameriketako Estatu Batuak Dwight D. Eisenhower
Ipar Korea Kim Il-sung
Ipar Korea Choi Yong-kun
Ipar Korea Kim Chaek
Txinako Herri Errepublika Mao Zedong
Txinako Herri Errepublika Peng Dehuai
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna Josef Stalin
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna Georgy Malenkov
Indarra
941.356–1.139.518 soldadu[1][2][3] 1.642.600 soldadu[4]
Galerak
178.405 hildako[3]



398.000–750.000+ hildako[5][6][7]


  • Zibil hilak/zaurituak denera: 2,5 milioi[3]
  • Hego Korea: 990.968 hildako/zauritu
    373.599 hildako[3]
    229.625 zauritu[3]
    387.744 desagertu[3]
  • Ipar Korea: 1.550.000 hildako/zauritu[3]

Gerra Hotzaren une txarreneko tentsio egoera bizi-bizian gertaturiko gatazka honek agerian jarri zuen edozein tokitako borrokak mundu mailako gerra batera eraman zezakeela. Baina, aldi berean, garbi erakutsi zuen, Ekialde Urrunean ere, Estatu Batuak guztiz deliberaturik zeudela txinatarren eta sobietarren hedapena galaraztera. Europan “altzairuzko oihal” batek komunistak eta kapitalistak banatzen bazituen, “banbuzko hesi” batek bereizten zituen Asia aldean; Europan bi Alemania baziren, Ekialde Urrunean bi Txina, bi Korea eta bi Vietnam izango ziren aurki.

Izenak

aldatu

Hego Korean, gerrari 625 Gerra (6.25 전쟁; 六二五戰爭) edo 6.25 istilua (6·25 동란; 六二五動亂 yugio dongnan) deitu ohi zaio, eta ekainaren 25ean hasi zela islatzen du[8].

Ipar Korean, gerra, ofizialki, Aberriaren Askapen Gerra (Choguk haebang chinjaeng) deitzen zaio, edo Txosongo gerra korearra (조선전쟁; Chosŏn chŏnjaeng)[9].

Txina kontinentalean, Herri Boluntarioen Armadaren esku-hartzearen ondorengo gerraren segmentua Amerikari aurre egitea eta Koreari laguntzea[10] (txineraz: 抗美援朝战争; anyu pinyinez: Kàngměi Yuáncháo Zhànzhēng) bezala ezagutzen da, nahiz eta batzuetan Txosineko Gerra (txineraz: 朝鮮戰爭; hanyu pinyinez: Cháoxiǎn Zhànzhēng) terminoa modu ez-ofizialean erabiltzen den. Hán gerra (koreera) (txineraz: 韓戰; hanyu pinyinez: Hán Zhàn) terminoa Taiwanen (Txinako Errepublika), Hong Kongen eta Macaun erabiltzen da gehien.

Estatu Batuetan, Harry S. Truman presidenteak, hasiera batean, gerra ekintza polizialtzat jo zuen, Estatu Batuek ez baitzieten inoiz gerra formalki deklaratu aurkariei, eta operazioa Nazio Batuen babespean egin zen[11]. Ingelesez hitz egiten den munduan, batzuetan, Gerra ahaztua edo Gerra ezezaguna deitu izan zaio, gerra garaian eta ondoren jaso zuen arreta publikorik ezagatik, aurretik izan zuen Bigarren Mundu Gerraren eskala globalari eta ondoren etorri zen Vietnamgo Gerraren angeluari dagokienez[12][13].

Aurrekariak

aldatu

1890. urtean, Mendebaldeko potentzien laguntzari esker, Japoniak Koreako penintsula okupatu zuen;[14] 1905ean kolonia bilakatu, eta 1910ean beretu zuen. Horren ostean, korear nazionalista asko irten ziren herrialdetik. 1919an, behin-behineko gobernu bat osatu zen erbestean, Syngman Rhee presidente zuena.[15] Bai barnean, bai atzerrian, komunistak ere borrokatu ziren japoniar okupazioaren aurka. Japoniarrek Txinako zati batzuk okupatuak baitzituzten, korear iheslariek Kuomintang nazionalistaren eta Askapenerako Herri Armada komunistaren laguntza izan zuten. Zehazki, korear eta txinatar nazionalistak Burman borrokatu ziren japoniarren kontra 1941-1945 bitartean; eta Kim Il-sung buru zuten komunistek Korea eta Mantxurian gudukatu zuten.

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, 1945eko udan, sobietar eta estatubatuar gudarosteek askatu zuten Koreako penintsula. Sobietarrak iparraldetik sartu ziren Txinako mugan zehar, eta estatubatuarrak, Seul hartuta, 38. paralelotik hegoaldera hedatu ziren. 1943ko Kairoko Batzarrean Aliatuek Korean estatu bakarra eta demokratikoa erabaki bazuten ere, ez ziren ados jarri administrazio bakarra jartzerakoan. Sobietarrak Kim Il-sung, aspaldiko gerrilla buruzagi komunistaren alde azaldu ziren; honek pertsonalitatearen gurtzan oinarrituriko errejimen estalinista ezarri zuen 38. paralelotik iparraldera. Hegoaldean, Syngman Rheeren alde agertu ziren amerikarrak; politiko antikomunista zen Rhee, erbesteko Koreako gobernuburua izana japoniarren okupazioaren garaian.

Gerra Hotzaren dinamika hartan, barne tentsioek herrialdearen zatiketa ekarri zuten. 1947ko azaroan, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak onartu zuen Korea osoan hauteskundeak egitea behin-behineko gobernua osatzeko, baina Sobietar Batasunak uko egin zion. 1948ko maiatzean, Hego Koreako herritarrek nazio biltzarra hautatu zuten hauteskunde bidez, eta abuztuan Syngman Rheek Koreako Errepublika aldarrikatu zuen. Berehala iparraldeko komunistek Koreako Herri Errepublika Demokratikoa eratu zuten.[16] Handik gutxira, errusiarrek eta amerikarrek alde egin zuten penintsulatik, elkarren etsai ziren bi errejimen politiko uzten zituztela atzean. Gerra hasi aurretik ere, borrokatxo ugari gertatu ziren 38. paraleloko mugan.[17]

Txinako egoerak ere eragin handia izan zuen. Izan ere, japoniarrak errenditu ondoren, berriz hasi zen nazionalisten eta komunisten arteko Txinako Gerra Zibila. Ipar Koreako gobernuak sostengu eman zien txinatar komunistei Mantxurian, eta milaka iparkorearrek zerbitzatu zuten Askapenerako Herri Armadan. Garaipena lorturik, 1949an Txinako Herri Errepublika eratu zuten Mao Zedongen komunistek. Handik hara, ez ziren ahantzi iparkorearren ekarpenaz, eta laguntza agindu zieten Hego Korearen aurkako balizko gudu batean.[18]

Gerraren bilakaera

aldatu
 
1950-1953 Koreako Gerra.[19]

1950eko ekainaren 25ean, Ipar Koreako gudarosteak, sobietarrek trebatua eta hornitua, 38. paraleloa zeharkatu eta Hego Korea inbaditu zuen. 135.000 soldadu inguru ziren.[16] Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak –errusiarren ordezkaritza bertan ez zegoela, Txinako Herri Errepublika onar zezaten presioa egitearren– iparkorearren erasoa kondenatu zuen eta gudaroste multinazionala –funtsean amerikarrek osatua– bidaltzea erabaki zuen Rheeren gobernuari laguntza ematera.

Kasko urdinak iritsi zirenerako, Hego Koreako gobernua setiaturik zegoen Busan eskualdean, herrialdearen hego-mendebaldean. Baina, irailaren erditsuan, Douglas MacArthur jeneralaren agindupeko gudarostea ausardia handiz lehorreratu ziren Incheonen, Seuletik hurbil. Incheongo Guduak gerraren norabidea aldatu zuen, ustekabean harrapatu baitzituen iparkorearrak. Hauek, atzeragoardiatik mehatxaturik, Seulgo setioa bertan behera utzi eta itsumustuan erretiratu behar izan zuten abiaguneetara.

Nazio Batuen lehen aginduaren kontrara, MacArthur-ek eraso handia jo zuen Ipar Korearen aurka. Antikomunista sutsua zen MacArthur, eta Korea osoan lehendakari bakarra, Syngman Rhee, ezartzeko prest zegoen. Urrian Yalu ibaira –Txinako mugatik gertu– iritsi ziren haren gudariak. Baina Txinako gudaroste komunistak gatazkan eskuhartzeak salbatu zuen Kim Il-sungen errejimena, txinatarrek Nazio Batuen gudarostea menderatu baitzuten. 1951ko urtarrilaren 4an, txinatar armadak Seul hartzea lortu zuen, baina martxoaren 14an amerikarrek berreskuratu zuten, Matthew Ridgway buru zutela.

1951ko erdialdean, frontea egonkortu zen 38. paraleloaren inguruan. Izan ere, Estatu Batuetako presidente Harry S. Trumanek uko egin zion Txinan bonba atomikoak jaurtikitzeari; horixe zen MacArthuren guraria, eta horrexegatik kendu zuten kargutik.[20] Ridgway jeneralak ordeztu zuen MacArthur. Uztailean hasi ziren bake elkarrizketak Kaesongen. Azkenean, 1953ko uztailaren 27an armistizioa sinatu zuten Panmunjomen: Korea bi estatutan zatiturik geratu zen, 38. paraleloko gune desmilitarizatuak banaturik.

Ondorioak

aldatu

Hiru milioi hildako baino gehiago eragin zituen gerra hura garaile garbirik gabe amaitu bazen ere, haren ondorioz Asia erabat sartu zen Gerra Hotzaren dinamikan. Estatu Batuen interpretazioaren arabera, txinatar komunismoa, SESBk lagundurik, Asian hedatzeko lehen saioa izan zen iparkorearren eraso hura. Mao Zedong Txinan nagusitu izana galarazi ezin izan bazuen ere, Washington ez zegoen prest beste errejimen komunistarik onartzeko eskualde hartan.

Estatu Batuetako gobernuaren iritziz, herrialde bat komunisten eskuetan eroriz gero, epe erdira haren auzo-herriek ere erori behar zuten (“domino teoria”). Arrazoi horrexegatik azkartu zuen Japoniako modernizazioa, bai eta Taiwango laguntza ekonomiko eta militarra indartu ere. Ildo beretik, eskualdeko aliantza militarra bultzatu zuen (SEATO) eta hartara bildu ziren Filipinak, Pakistan, Tailandia, Australia eta Zeelanda Berria.

Ikuspegi estrategikoaren aldetik, Estatu Batuek ongi ikasi zuten Koreako ikasgaia. Ulertu baitzituzten bi superpotentziek modu tinko eta orokorrez elkarren aurka egiteak zekartzan arriskuak. Aurrerantzean, gerrak “irispide mugatukoak” izango ziren eta soilik etsaiari “eustea” izango zuten helburu, beste mundu gerra bat pizteko arriskuan erori gabe.

Erreferentziak

aldatu
  1. Millett, Allan Reed. The Korean War, Volume 3. U of Nebraska Press (Noiz kontsultatua: 2018-3-30).
  2. USFK United Nations Command. USFK Public Affairs Office, usfk.mil (Noiz kontsultatua: 2018-3-30).
  3. a b c d e f g Casualties of Korean War. Ministry of National Defense of Republic of Korea, imhc.mil.kr (Noiz kontsultatua: 2018-5-1).
  4. Mobile Book Cards of the World: Cold War. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2018-3-30).
  5. Rummel, Rudolph J.. Statistics of Democide: Genocide and Murder Since 1900. hawaii.edu (Noiz kontsultatua: 2018-3-30).
  6. 180,000 Chinese soldiers killed in Korean War. china.org.cn (Noiz kontsultatua: 2018-3-30).
  7. Hickey, Michael. The Korean War: An Overview. bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2018-3-30).
  8. Pratt, Keith L.; Rutt, Richard; Hoare, James (1999). Korea: A Historical and Cultural Dictionary. Richmond, Surrey: Curzon. p. 239. ISBN 978-0700704644.
  9. Kim, Ilpyong J. (2003). Historical Dictionary of North Korea. Lanham, MD: Scarecrow Press. p. 79. ISBN 978-0810843318.
  10. (Ingelesez) Rawnsley, Gary D.. (2009-12). «‘The Great Movement to Resist America and Assist Korea’: how Beijing sold the Korean War» Media, War & Conflict 2 (3): 285–315.  doi:10.1177/1750635209345186. ISSN 1750-6352. (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  11. [https://web.archive.org/web/20101226063925/http://teachingamericanhistory.org/library/index.asp?document=594 «The President�s News Conference of June 29, 1950 by Harry S. Truman»] web.archive.org 2010-12-26 (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  12. «REMEMBERING THE FORGOTTEN WAR: KOREA, 1950-1953. Navy Combat Artists in Korea:» web.archive.org 2007-08-19 (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  13. (Ingelesez) Korean War. 2023-02-17 (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  14. Blas, Iker. Estatu jutxeista nazioartean. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-5-1).
  15. Syngman Rhee. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-29).
  16. a b Korean War Fast Facts. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-30).
  17. Korean War. history.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-30).
  18. Chen, Jian, China's Road to the Korean War: The Making of the Sino-American Confrontation, New York: Columbia University Press. ISBN 978-0231100250
  19. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
  20. Kennedy, David M.. Only God Was His Senior. nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2018-5-1).

Kanpo estekak

aldatu