Edukira joan

Zenobia Camprubí

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zenobia Camprubí

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakZenobia Salustiana Edith Camprubí y Aymar
JaiotzaMalgrat de Mar1887ko abuztuaren 31
Herrialdea Espainia
 Ameriketako Estatu Batuak  (1952ko abuztuaren 18a -
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaSan Juan1956ko urriaren 28a (69 urte)
Hobiratze lekuaCementerio Parroquial de Moguer (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: obulutegiko minbizia
Familia
Ezkontidea(k)Juan Ramón Jiménez  (1916ko martxoaren 2a -  1956ko urriaren 28a)
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaColumbia Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
ingelesa
katalana
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, idazlea, itzultzailea, poeta eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)Marylandeko Unibertsitatea
KidetzaLyceum Club Femenino
Residencia de Señoritas (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Find a Grave: 27216998 Edit the value on Wikidata

Zenobia Camprubí Aymar (Malgrat de Mar, 1887ko abuztuaren 31San Juan de Puerto Rico, 1956ko urriaren 28a) idazle, itzultzaile eta hizkuntzalari espainiarra izan zen, Espainiako zientzia eta letren zilarrezko garaikoa. Rabindranath Tagoreren lehen itzulpenak egin zituen gazteleraz eta hogeita bi liburuki itzuli,[1] hamaika jarduera zibiko, kultural, komertzial eta irakaskuntzakoak garatu zituen bitartean.[2]

Erbestean, Marylandeko Unibertsitatean[3] irakasle zela, gaztelaniar hizkuntza, kultura eta literatura zabaldu zituen. Horrela, hezkuntza-lan emankorra ezezik, filologikoa, literarioa, juridikoa eta kulturala ere egin zuen.[4] Lyceum Club Femeninoaren kide nabarmena izanik Victoria Kentekin batera, emakumearen presentzia handiagoa aldarrikatu zuen gizartearen arlo guztietan, eta Espainiako feminismoaren aitzindaritzat jotzen dute.

Jaiotza eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenobiaren irudia umetan.

Zenobia Salustiana Edith Camprubí y Aimar abuztuaren 31n jaio zen Bartzelonan familia katalan-puertorricar aberats batean. Isabel Aymar Lucca eta Raimundo Camprubí Escudero bikote kultu eta aberatsaren alaba zen. Amaren aitona, Augusto Aymar, merkatari estatubatuar aberatsa zen eta amona Korsikako familia baten kidea, Puerto Ricon finkatua. Ama eta amona Estatu Batuetako ikastetxe onenetan ikasiak ziren eta familia-lotura handiak zituzten herrialde hartan. Aita, Raimundo Camprubí, ingeniari zibila zen eta militar katalanen familia baten kidea, nahiz eta Iruñean jaioa.[5][6]Bikoteak lau seme-alaba izan zituen: José (1879), Raimundo, Zenobia eta Augusto.

1901ean New Yorkeko Saint Nicholas gazte aldizkariak Camprubíren ipuin labur bat argitaratu zuen A Narrow Escape izenekoa. Malgrat lan autobiografikoa ere idatzi zuen garai hartan. Aitaren lana zela eta, familia Valentziara aldatu zen[7] eta Campubrík zenbait literatura-lan idatzi eta argitaratu zituen hiri hartan, besteak beste The Garret I have known. Era berean, bere beste lan batek, When grandmother went to school izenekoak, sari bat eskuratu zuen St. Nicholas gazte aldizkariak emana.

1905ean gurasoak banandu egin ziren eta Camprubí Newburgh (New York)era aldatu zen amarekin batera. Bertan bizi ziren senide eta lagun ugari. 1908an Columbia Unibertsitateko Teacher's College-n matrikulatu zen ingeles literatura eta konposizioa ikasteko. Kultur ekintzetan eta emakume-elkarteetan parte hartu zuen, baita harremanetan jarri ere estatubatuar feminismoarekin.

Senarrarekin adiskidetuta, Isabel Aymar Espainiara itzuli zen 1909an alabarekin batera, eta La Rábida-n (Palos de la Frontera, Huelva) bizi izan ziren lehenengo eta Madrilen geroago. Estatu Batuetara ere bidaiatu zuen Camprubík 1911 eta 1912n. Urte horietan segitu zuen artikuluak argitaratzen aldizkari estatubatuarretan eta hasi zen parte hartzen Madrilen proiektu kultural eta intelektualetan.

Camprubík Juan Ramón Jiménez poeta gaztea ezagutu zuen 1913an eta harekin ezkondu New Yorken 1916an. Urte horietan bi itzulpen argitaratu zizkioten: bertso batzuk Tagoreren Cuarto creciente lanetik hartuak eta Jiménezen Platero eta biok, haurrentzat eginiko edizio txikia.[7]1917an Camprubík Tagoreren El Jardinero, El Cartero del Rey, Pájaros perdidos eta La Cosecha lanak itzuli eta argitaratu zituen. Juan Ramón Jiménezek lagunduta, Tagoreren beste lan hauek ere itzuli zituen: El Asceta; El rey y la Reina; Malini; Ofrenda Lírica; Las Piedras Hambrientas; eta Ciclo de Primavera.

Zenobia Camprubíren eta Juan Ramón Jiménezen ezkontza erretratua (1916ko martxoaren 2a, New York).

1918an Camprubík La Enfermera a Domicilio elkartea sortu zuen Madrilen Katherine Bourland, María de Maeztu eta Rafaela Ortega y Gassetekin batera. Haren helburua zen langile-familietako haur eta heldu gaixoen osasuna zaintzea, elikagaiak eta botikak emanez eta kontsultategira edo doan artatzen zituzten mediku ospetsuengana eramanez. Horrez gain, zenbait negozio txikitan jardun zuen etxeko diru arazoak gainditze aldera, senarrari laguntzeko edota Espainatik duintasunez alde egiteko Gerra Zibila hasi ondoren.[7]Esaterako, Inés Muñoz lagunarekin osatu zuen enpresa bat lehenagotik zuen jarduera batekin segitzeko: artesau lanak, bordatuak, zeramika eta liburuak Estatu Batuetara esportatzea.

1920an estreinatu zen Tagoreren Erregearen postaria, Camprubík itzulita eta antzerkirako egokituta. Era berean, 1921ean John M. Synge-ren Riders to the sea opera taularatu zen Madrileko Ateneoan, Camprubí-k egokitua. Horretaz gain, Comité para la Concesión de Becas a Mujeres Españolas en el Extranjero sortu zuen, María Goyri de Menéndez Pidal eta María de Maeztuk lagunduta. Batzorde horren idazkaria izan zen 1936ra arte.[7]

1926an Lyceum Club Femenino Español sortu zen Madrilen, Espainian egin diren emakume-elkarteetan lehenetarikoa, Camprubí idazkari eta María de Maeztu lehendakari izan zirelarik. Lan sozial garrantzitsua egin zuen elkarteak eta nabarmenki eragin zion orduko kultura-giroari.[7]

Zenobia Camprubík eragin nabarmena izan zuen Juan Ramón Jiménezen bizitzan eta lanean. Ezkonduta eman zituzten berrogei urteetan lankidetza handia izan zuen senarrarekin.

Senar-emazteek alde egin zuten Espainiatik 1936ko abuztuaren 22an. Ameriketako zenbait estatu bisitatu ondoren, Camprubí lanean hasi zen Puerto Ricoko Unibertsitatean.

1937 eta 1938an Habanan bizi izan ziren, non jarduera sozio-kulturalak burutu zituzten. Halaber, Espainiako Errepublikaren alde egin zituzten zenbait ekimen, esaterako, diru bilketak New Yorkeko prentsaren bitartez umezurtz espainiarrei laguntzeko. Campubrík bolondres lana ere egin zuen emakume-espetxeetan.[7]

Estatu Batuetako beste zenbait lekutan bizi izan ziren 1939 eta 1951 bitartean, New York, Miami eta Washington, non Campubrí irakasle aritu zen Maryland Unibertsitatean Historia eta Kultura sailean.

1951n ebakuntza egin zioten Bostonen minbizia artatzeko eta berriro aldatu zen bikotea Puerto Ricora, Campubrík lan intelektual interesgarria atzean utzita. Puerto Ricoko Unibertsitean jardun zuen lanean orduan, dibulgazio liburuxkak itzuliz eta irakaskuntzan. AEBetako nazionalitatea eskuratu zuen 1952an, handik aurrera nazionalitate bikoitza izan zuelarik.

1954an, osasun arazoak zirela medio, Camprubík lan egiteari utzi zion unibertsitatean eta Juan Ramón y yo lan autobiografikoa argitaratu zuen Americas aldizkarian.

Zenobia Camprubí 1956ko urriaren 28an hil zen Puerto Ricon, senarrak Literatura Nobel Saria jaso eta hiru egunera. Porta Coeli hilerrian lurperatu zuten. Juan Ramón Jiménez bi urte geroago hil zen, 1958an, eta bien gorpuzkiak Espainiara eraman zituzten Jesús de Moguer hilerrian lurperatzeko.[7]

Zenobia Camprubíren omenez eginiko monumentua (Moguer, Huelva)

Camprubíren egunkariak balio handikoak dira, izan ere, bera eta Rosa Chacel izan ziren emakume bakarrak idazten garaiko bizimodu eta literaturari buruz.[8] Hona hemen bere lan behinenak:[3]

  • Rabindranath Tagoreren zenbait lanen itzulpena, haietariko batzuk Juan Ramón Jiménezekin eginak.
  • Juan Ramón y yo (1954).
  • Diario I. Cuba (1937-1939).
  • Diario II. Estados Unidos (1939-1950).
  • Diario III. Puerto Rico (1951-1956).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Zenobia Camprubí y la Edad de Plata de la cultura española». PDF. .
  2. https://www.fundacion-jrj.es/zenobia/su-actividad/. .
  3. a b Cortés Ibánez, Emilia. (2010). Emilia Zenobia Camprubí y la Edad de Plata de la cultura española. Universidad Internacional de Andalucía. ISBN ISBN 9788479932077. OCLC 728887886..
  4. Ortuño Martínez, Bárbara. (2011). «Sebastiaan Faber, Cristina Martínez-Carazo (editado por), Contra el olvido: el exilio español en Estados Unidos»Diacronie. Studi di Storia Contemporanea (N° 7, 3).. ISBN ISSN 2038-0925..
  5. «Andalucía»PDF. .
  6. (Gaztelaniaz) Cardona Gamio, Estrella. «Zenobia Camprubí Aymar». .
  7. a b c d e f g «Vida - Cronología - Fundación Zenobia - Juan Ramón Jiménez Casa Museo». www.fundacion-jrj.es. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":0" defined multiple times with different content
  8. Bonet, Joana. (2015eko irailaren 19a). «La mujer que eligió vivir de los versos». La Vanguardia.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]