Edukira joan

Werther

Wikipedia, Entziklopedia askea
Werther
1774ko lehen argitalpenaren azala.
Datuak
IdazleaJohann Wolfgang von Goethe (1774)
Argitaratze-data1774
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaDie Leiden des jungen Werther
Hizkuntzaalemana
Herrialdea Alemania
Euskaraz
IzenburuaWerther / Wether gaztearen arrengurak
ItzultzaileaGotzon Lobera Revilla / Matías Múgica
Argitaratze-data1987 / 2013
BildumaKlasikoak
Orrialdeak151 / 176
ISBN9788477280521 / 9788493945985

Werther (alemanez, Die Leiden des jungen Werther) 1774an argitaratu zen nobela epistolarra dugu, Johann Wolfgang von Goetheren nobela erdi-autobiografikoa.

Werther alemaniar literaturako Sturm und Drang mugimenduko lan garrantzitsua dugu. Goethek, Friedich von Schiller-ekin batera, Weimarreko Mugimendu Klasikoa hasi aurretiko lan bakarrenetakoa da. Erromantizismoaren nobela aitzindaritzat hartzen da, aro literario honetan influentzia nabarmena sortu baitzuen.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Die Leiden des Jungen Werther nobela Werteherrek berak, izaera sentibera eta sutsudun artista gaztea, bere lagun Wilhelm-i bidalitako karta sorta moduan idatzia da. Gutunotan Werther Wahlheim izeneko fikziozko herri baten dagoela, tokiko datu eta barne-pentsamenduak kontatzen dizkio lagunari. Hala nola, Carlota (Lotte) izeneko neskatxa batez maitemindu dela, hauen ama zendu ostean bere neba-aizpen kargu egiten den neska gazte lirain batez. Zoritxarrez, Carlotak hamaika urte zaharragoa den Alberto (Albert) izeneko gizonarekin ezkon-hitza emanda du. Honek eragindako minaz ohartuta ere, Wertherrek Carlota eta Albertorekin adiskidetasun estua jorratzen du. Baina barneko suminak Walheimetik alde eginarazi dio, Weimarrera zuzenduz.

Denboragarrenean Walheimera itzuli eta inoiz ez bezalako sufrimendua pairatzen du Carlota eta Alberto ezkonduta ikustean. Egunak joanaz Carlotak inoiz ez duela maitatuko ohartzen da, eta gainera neskak, bere senarrarekiko errespetua dela eta, Wertherrek ordurarteko maiztasunaz ezin diola bisitatu behar erabakitzen du. Azkenekoz ikusten du neska eta “Ossian”-en zati bat errezitatzen dio, elkar musukatzen dira. Wertherrek gertaera honen aurretiaz, hirurotako batek – Carlotak, Albertok edo Wertherrek – hil behar zuela bazekien. Eta beste izaki bati min egiteko ezintasunaz, bere buruaz beste egitea besterik ez du irtenbide. Hil ondoren irakurria izateko agur-gutun bat idatzi ostean, Albertori ehizarako bi pistola eskatuz idazten dio. Carlotak albistea atsekabez harturik, pistolak bidaltzen dizkio, Wertherren nahia susmatu arren. Azkenik, Wertherrek bere buruaz beste egiten du.

Werther: Natura maite duen, artista gazte, jaso, sentikor eta sutsua dugu. Honez gain, gizarteak asperturik bakarti bilakatu den pertsonaia: ez du burokrazia gogoko, ezta gizarte mailen arteko ezberdintasuna, ez eta zuzentasun eta ohorez agertu behar izana.

Carlota (Lotte): Erromantizismoko emakume ametsezkoa irudikatzen du. Emakume lirain, ikasi, natural, umila da; emakume-amaren rolduna, erabat arduratsua, ingurukoaz zein ingurukoez zuhur dagoena.

Alberto (Albert): Carlotaren senargaia, eta Wertherren irudiaren kontrapuntua: arrazoidun gizona da, pentsakorra. Batzuetan sentikortasun gabez irudikatzen da, eta horregatik ez ditu ulertzen Wertherren pentsamolde eta jokabidea.

Werther Goetheren lehen lorpen handia izan zen, bat-batean ezezaguna izatetik idazle entzutetsu izatea ahalbidetu baitzion. Napoleon Bonapartek, esaterako, Europako lanik aipagarrienetakotzat eduki zuen. Napoleon gaztea zelarik Goetheren estiloak iradokitako monologo bat idatzi zuen eta, nagusitan jada, gerrateetara liburu honen ale bat zeraman.

Nobelak Werther-Fieber (Wertherren sukarra) izeneko fenomeno batetara bultzatu zuen jendea. Europako gazteak nobelan Wertherrek zeraman arropekin janzten ziren. Baita, suizidio mimiko moduan ezagutzen diren lehengo kasuak ere, ustez bi mila irakurle suizidatzea eraginez.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]