W S. Merwin
William Stanley Merwin (New York, 1927ko irailaren 30a - Haiku, Hawaii, 2019ko martxoaren 15a) estatubatuar poeta eta itzultzailea izan zen. 1971ko Poesiako Pulitzer saria irabazi zuen The Carriers of Ladders (1970, Eskailera-eramaileak) poema-bildumarengatik. Merwinen poemak bizitasun handikoak dira, eta inpertsonalak, aldi berean. Bakardadeaz, indarkeriaz, heriotzaz eta balio moralez idazten du, besteak beste. Izadiari eta animaliei buruz ere idatzi zuen hasierako poema-bildumetan: The Dancing Bears (1954, Hartz dantzariak) eta Green with Beasts (1956). Poema ezagunenak The Lice (1967, Zorriak) liburuan daude bilduta. Beste zenbait lan aipagarri Opening the Hand (1983, Eskua zabalduz), Travels (1993, Bidaiak) eta The Vixen (1996) dira. Itzultzaile gisa, gaztelaniazko eta frantseseko literatura-lanak itzuli ditu, batez ere, The Poem of the Cid (1959) eta The Song of Roland (1963), besteak beste. Hitz lauz idatzi dituen lanen artean, The Miner's Pale Children (1970, Meatzariaren haur zurbilak), Houses and Travellers (1977, Etxeak eta bidaiariak) eta Regions of Memory (1986, Memoriaren eskualdeak) dira nagusiak. 2008an, The Shadow of Sirius argitaratu zuen, eta 2009ko Poesiako Pulitzer saria irabazi zuen bigarrenez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: W S. Merwin |