Edukira joan

Txuzo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txuzo
pole weapon (en) Itzuli

Txuzo edo porkera lantza mota bat da[1], zurezko makila bat du, forma biribila duena mutur batean non burdinazko lantza-muturra ezartzen zaion. Funtzio zeremonialeko txuzo batzuetan, Euskal Herrian, zilarrezko muturra ere izan daiteke.[2]

Gaztelaniatiko mailegua dirudi hitzak, non chuzo erabiltzen den, hau eratortzen delarik arabierazko zúǧǧ hitzetik (zeharkatu, sastakatu). Etimologia herrikoia ere bada gaztelaniaz suizo/suitzar terminotik ote datorren, herrialde horretako gerlariak zerabiltelakoan.[3]

Erdi Arotik eta suzko armek ordezkatu arte, txuzoak erabili izan dira Iberiar penintsulan arma gisa, hala nola antzeko lantzak Europan erabili izan diren bezalatsu.[3]

Elgoibarko udalaren 1751. urteko ordenantza batzuetan, herritarrei eskatzen zaie, larrialdi kasuetan, armekin agertzeko eta suzkoak ez diren kasuan, txuzoekin agertzeko bederen.[4]

Erabilpen zeremoniala Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal agintaritzari eta bereziki alkateen eskuduntzei lotutako elementu sinboliko erabili izan dira txuzoak Euskal Herrian, zenbait herritan 21. mendera arte iraun duten ohituretan. Arratiako endore edo alkateek aginte-makila gisa erabili ohi zituzten,[1] adibidez, eta 21. mendean Durangaldeko Izurtza edo Garaiko udaletxeetan funtzio-horrekin gordetzen dira txuzoak oraindik, alkateek okasio berezietan eutsi eta erakusteko.[5][6][7]

Laudio (Araba) eta Arrankudiagan (Bizkaia) ere txuzoak gordetzen dira udaletxeetan, eta zeremonia zehatz batean erabiltzen dira. Bi herrien arteko Areta auzoa Araba eta Bizkaiaren arteko mugan dago, eta bertako mugarriaren inguruan bi herrietako ordezkariek topaketa egiten dute auzoko Santa Ana jaian, uztailaren 26an, zenbait txuzo lurrean iltzatuz mugarriaren inguruan, 1751. urtean erdietsi zen mugak zehazteko akordio baten oroigarri.[8] Laudioko txuzoek otsoak dituzte grabatuta euren puntetan, eta Arrankudiagakoek lehoiak eta armarriak.[9] Laudioko udalak, gainera, txuzo-punta horien kopiak ekoizten ditu Laudioko erakunde eta herritarrei ezagupen eta omenezko sinbolo gisa emateko.[10]

Ezkerretan Garaiko alkatea, txuzoarekin, 20. mendearen hasieran: herriko aginte-makilaren parekidea da Durangaldeko herri honetan eta ingurukoetan, eta Garaikoa 21. mendean ere erabiltzen da bederen. Eskuinean Laudioko txuzo-muturrak. Ezkerretan Garaiko alkatea, txuzoarekin, 20. mendearen hasieran: herriko aginte-makilaren parekidea da Durangaldeko herri honetan eta ingurukoetan, eta Garaikoa 21. mendean ere erabiltzen da bederen. Eskuinean Laudioko txuzo-muturrak.
Ezkerretan Garaiko alkatea, txuzoarekin, 20. mendearen hasieran: herriko aginte-makilaren parekidea da Durangaldeko herri honetan eta ingurukoetan, eta Garaikoa 21. mendean ere erabiltzen da bederen. Eskuinean Laudioko txuzo-muturrak.


Espainiako gauzainak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Espainiako 19. mende hasierako gauzain bat, txuzo eta guzti.

XIX. eta XX. mendean, txuzoaren erabilpena murriztu zen Espainian hiri handietako gauzainetara. Segurtasun zaintza egiten zuten funtzionatio hauek erabili hoi zituzten esku batean, atarietako giltzak eta, bestean, txuzoa, zeinaren albo bateko kakotik, zintzilik, faroltxo eraman ohi zuten. Lanbidea hau XX. mende erdialdean desagertu zen Espainian.[11]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «OEH - Bilaketa - Chuzo» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  2. (Gaztelaniaz) Peciña, Marta. (2022-07-27). «Los mojones de Llodio siguen en su sitio desde 1751» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  3. a b Castillo, Amo Del. (2011-10-12). «AMO DEL CASTILLO: Armamento medieval: Lanzas arrojadizas: venablos y chuzos» AMO DEL CASTILLO (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  4. Ayerbe Iríbar, María Rosa. (2015). «Las Ordenanzas ilustradas de la villa de Elgoibar (1751)» Iura vasconiae: revista de derecho histórico y autonómico de Vasconia (12): 501–572. ISSN 1699-5376. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  5. «3 Garai - Gerediaga Elkartea» www.gerediaga.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  6. kuarrenta. «Makilak, zumeak, lantzak eta mazoak, agintarien ikurrak» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  7. dantzancom. «Izurtza: dantzariak eta agintariak argazki zahar batean» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  8. «Santa Ana Mugarrietako ekintzaren jatorria - Arrankudiaga-zollo» Aiaraldea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
  9. (Gaztelaniaz) «Llodio y Arrankudiaga visitan hoy los mojones en Areta» El Correo 2007-07-26 (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  10. Laudioko Udalak La Milagrosa ikastetxea omendu du bere mendeurrena dela eta, eta txuzo bat eman dio | zuIN. 2022-06-29 (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  11. (Gaztelaniaz) Alarcón, Julio Martín. (2023-05-08). «Ronda nocturna con los serenos del Madrid canalla que quieren recuperar en Leganés tras el 28-M» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]