Opera musika klasikoaren barruko genero bat da; arte mota asko nahasten ditu: musika, kantua eta antzerkia bereziki. Operan, abeslariek istorio bat kontatzen dute agertoki edo eszenatokian, antzerkiko aktoreek egiten duten moduan; gainera, orkestra batek musika jotzen du, eta balleta edo beste dantza mota batzuk ere interpretatu ohi dira batzuetan
Opera batean abesten den istorioa horretako testua libretto deitzen da; opera gehienek istorio dibertigarriak, tristeak edo maitasunezko istorio erromantikoak kontatzen dituzte, asmatutakoak edo gertakari errealetan oinarrituak.
Ia opera osoa abestua izaten da. Pertsona bakar bat abesten ari denean solo deitzen da. Solo bat abesti konplikatu bat izan daiteke; horrelako abestiak aria deitzen dira eta, normalean, kataririk ospetsuenek kantatzen dituzte. Kantari nagusiez gain, koro bat ere egoten da askotan, abeslari-talde txiki edo handi batez osatua, kantari nagusiei lahuntzeko edo beste zati batzuk abesteko.
Agertokiko dekoratua eta abeslarien jantziak ere oso garrantzitsuak dira istorioa ondo kontatzeko; dekoratuei esker, eszenatokiak beste edozein lekuren itxura har dezake, haur baten logelarena zein baso batena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Opera Italian sortu zen, XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera bitartean. Jacopo Perik konposatu zituen ezagutzen diren lehengo bi operak; Dafne izan zen historian estreinatu zen lehenengo opera, 1597-1598. urteetan, baina opera hori ez dugu osorik ezagutzen, eta osorik dagoen lehenengo opera Euridice da; Perik 1600. urtean estreinatu zuen. Opera oso arrakastatsua izan zen Europa osoan.
Opera ezagun asko XVIII. eta XIX. mendeetan konposatu ziren. Wolfgang Amadeus Mozart XVIII. mendeko operagile oso garrantzitsu bat izan zen. Haren lan ezagunenetako bat Figaroren Ezkontza izan zen, 1786an idatzi zuena. Beste operagile ospetsu bat Giuseppe Verdi italiarra izan zen, XIX. mendekoa. XIX. mendearen amaieran Richard Wagner alemaniar konpositore edo musikagileak lau operaz osatutako multzo bat idatzi zuen, Alemaniako kondairetan oinarrituta. Multzo ezagun hori Nibelungoaren eraztuna deitzen da.
XX. mendean, opera hazi eta aldatu zen, garaiko gainontzeko musika klasikoak egin zuen moduan. Giacomo Puccini italiar konpositoreak XX. mende hasierako opera ezagunenetarikoak konposatu zituen. XX. mende amaieran eta XXI. mendearen hasieran, jendeak opera bikain eta zahar horiek interpretatzen eta gozatzen jarraitzen du. Gainera, konpositoreek opera berri eta modernoak ere egiten dituzte.
Ikusi opera baten zatia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondoko bideo honetan, Giuseppe Verdiren Rigoletto operako zati oso ezagun bat entzun dezakezu, La donna è mobile izenburua duena.