Edukira joan

Tuterako setioa (1512)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Tuterako setioa 1512ko abuztu eta irailean gertatu zen 10 egunetik gora, Fernando II.a Aragoikoak agindutako Nafarroaren inbasioan kokatua. Gaztelar-aragoitar tropek pixkanaka estutu zuten Katalina I.a eta Joanes III.a nafar errege-erreginen aldeko hiribilduaren kontrako setioa, eta abuztuaren 31rako setioa erabatekoa zen; irailaren 9an, Tutera errenditu egin zen.

Tuteraren defendatzaileak ahuldu eta azpiratzeko, Fernando Aragoiko errege eta Gaztelako erregeordeak adiskidetasun hitzak, eskaintzak, mehatxuak eta tropa mugimenduak uztartu zituen, baita Erromako aita santuak emandako nafar eta frantses erregeen kontrako bulda baten aipamena ere, espainiarren ordezkariek prestatua. Erriberako hiribildu nagusia izan zen gaztelar-aragoitar tropek okupatutako azken nafar gotorlekua Pirinioez hegoaldera, eta Errege-erregina Katolikoek Nafarroako Erresumaren kontrol gehiena eskuratu zuten era horretan, salbu eta Nafarroa Beherea. Hurrengo egunean, hala ere, Donibane Garazi hartu zuten mendean.

Nafarroaren inbasioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tuterako harresiaren aztarnak

Fernando II.a Katolikoaren, "Iruzurtia" (Falsario) eta "Grifo" ere deituaren, agindupeko tropek Nafarroako Erresuma toki desberdinetatik inbaditu zuten. Goizuetara sartu ziren lehen tropak uztailaren 10ean, gipuzkoarrak. Bigarrenik, berriz, gaztelar espedizio nagusia sartu zen Arabako Lautadatik Burundan barrena. Gaztelar espedizio nagusian, 15.000 pertsonako zutabea zihoan, Fadrique Álvarez de Toledo, Albako Dukea, buru zuela.

Espedizioak Oskiako haitzartea zeharkatu zuen, eta Iruñea luze gabe errenditu zen, uztailaren 25ean. Hurrena, okupatzaileek mandatariak bidali zituzten Nafarroako gotorlekuetara errendizioa eskatzeko. Gehienek hala egin zuten, baina ez Amaiurrek (Baztan), Lizarrak, Tuterak eta Donibane Garazik. Katalina I.a eta Joanes III.a errege-erreginek Tuterarantz ihes egin zuten laguntza bila, baina erdibidean 500 bildu zitzaizkien besterik ez. Ondorioz, Irunberriko bidea hartu zuten; handik, berriz, bortuak zeharkatu zituzten Nafarroa Behera eta, gero, Orthezera. Tutera zen Erriberako benetako hiriburua eta Nafarroa hegoaldeko gotorleku nagusia.[1]

Etsaia atarian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren hasieran jada, Joanes III.a erregeak adi egoteko eta mobilizatzeko agindu zuen Tuteran, gainera zetorkien inbasioa aurreikusita. Gainera, zaldunak eta infanteriako gerlariak eskatu zizkion gutun batean, hori gertatu ez zen arren. Beste gutun batean, Albako Dukea Nafarroako mugan zela, 30 zaldunen eskolta eskatu zion Tuterako alkateari, Iruñera bidal zezan, eta beste talde bat Tuteran utz zezan, defentsarako. Garai honetan, eginkizun militarretan zebiltzan gerlariak Tuteran 50 inguru ziren.[2]

Fernando II.ak, irudian, Logroñotik jarraitu zuen Tuteraren kontrako erasoa

Uztailaren 21ean, tuterar agintariek handik hurbil erasotzaileek tropak errekrutatzen ari zirela jakinarazi zioten nafar erregeari. Dionis Esakoa (Ezakoa) zen Tutera gotorlekuko buruzagi militarra, eta berak agindu zuen defentsa. Irunberrin Nafarroako Gorteak deitu zituzten errege-erreginek, eta tuterarrei mandatariak bidaltzeko eskatu zieten. Ordurako, baina, egoera militarra biziki zaila zen eta, hilabete amaieran, Joanes III.a erregeak Biarnora alde egingo zuela iragarri zuen, familiarekin bat eginez. Joanes Ramiriz Bakedanokoa eta Joanes Jasokoa izan zituen bidaide.[2]

Ordurako, Lizarrak eta Tuterak baizik ez zuten irauten menderatu gabe Pirinioez hegoaldera. Alfontso Zaragozako artzapezpikuak men egiteko eskatu zien tuterarrei, promes eginez onik aterako zirela hala eginez gero, hala haien bizitzak nola jabetzak, eta Aragoiko foru eta askatasunak eskuratuko zituztela.[2] Bitartean, beste espedizio inbaditzaile bat antolatu zen Aragoitik. Espedizio horren buru Alfontso zihoan, Zaragozako artzapezpiku eta Fernando erregearen sasikoa, 3.000ko infanteriaren eta 300 (edo 400) zaldunen buruzagi.

Abuztuaren 20tik aurrera Fernando Aragoiko erregea mehatxu gutunak bidaltzen hasi zen, gogoraraziz nafar errege-erreginak Frantziako "errege zismatikoarekin" lerrokatu zirenez, ez ziotela jada leialtasunik zor;[2] izan ere, Pastor Ille Caelestis bulda abuztuaren 23an irakurri zen lehen aldiz, Calahorra eta Zaragozan. Aldi berean, abuztuaren 21 eta 23an, Logroñon zela, Fernandok Tutera suntsitu eta arpilatzeko mehatxua eman zuen berehala ez errendituz gero.[1][2][oh 1]

Tutera setiatuta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal gerlariak 1530 inguruan

Abuztuaren 28an, Corellak, Cascantek eta Cintruenigok amore eman zieten tropa erasotzaileei. Ordurako, Tuterako herritarrak larri sentitzen ziren, eztabaida biziak ziren hartu beharreko jarrerari buruz: borrokatu ala amore eman. Abuztuaren 26an, hiribilduko agintariak elkarrekin borrokatu ziren aukera bien aldekoen artean. Irailaren 3an, istiluak berriz piztu ziren bi alderdi horien artean.[1] Espainiar agintariek estutu egin zuten beren hertsapena: errenditzeko eman zuten epea amaitzen ari zen.[1] Inguruko herriek ez zituzten tuterarrak hornitzen, eta hiribilduko agintariek beren etsipena adierazi zieten nafar errege-erreginei.[2]

Joanes Radakoaren bidez Tuterara helarazitako gutun batean nafar errege-erreginek agindu zuten sorospen espedizio bat igorriko zietela.[2] Gainera, adierazi zieten gaztelarrak ingelesekin bat egin eta elkarrekin Baionara bidean jarriko zirela, eta haien indar gehiena hara bideratuko zutela; beraz, leial jarraitzeko. Hori, baina, ez zen gertatu, eta ez zen arindu Tuteraren gaineko presioa. Hala ere, tuterarrek berretsi egin zuten nafar errege-erreginekiko egina zuten leialtasun agindua. Katalina erreginak beste 15-20 egun eusteko eskatu zien. Une horretan, Alfontso Tarazonan zen, tropa aragoitar eta valentziarren buruan, erasorako prest.[2]

Tuterarrek irailaren 3an bidali zieten azken sorospen gutuna, etsipena adieraziz, nafar errege-erreginei. Ordurako, itun batera heldu ziren erasotzaileekin Frantzisko de Limaren eta beste zaldun lagunen bitartekaritzaz; horretarako, gatibuak elkartrukatu zituzten. Artean, ordea, ez zuten errendiziorik hitzartu, baina herritarrek ez zuten hiribilduaren eta pertsonen kontrako kalterik nahi. Berehala Tuteraren defendatzaileek mandatari batzorde bat eratu zuten, lau kidek osatutakoa, Alfontso espedizio erasotzaileko buruzagiarekin errendizioa negoziatzeko. Ia astebete geroago, irailaren 9an, zuzeneko eraso militarrik gabe, Tutera errenditu egin zen, Lizarrak egin egun berean.[3]

Zenbait nafarren kontrako heriotza zigorra, Fernando espainiar erregearen kontra jokatzearren (1514)

Errenditu ondoren, Fernando II.a Aragoikoa hiribildura sartu zen, eta zin egin zituen bertako foru eta pribilegioak. Aldean zeramatzan Alfontso Fonseca (Santiagoko artzapezpikua), Diego Ribera (Palentziako apezpikua), Fernando Velasco, Iñigo Velasco (Gaztelako kondestable), eta beste agintari gaztelar batzuk.[2]

  1. Zehazki, gutun horien arabera, tuterarrek ohorea galdu, traidore eta gaizkile izendatuak, haien ondasunak bahitu, eta erasotzaileen morroi eta esklabo bihur zitezkeen, men ez eginez gero.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d (Gaztelaniaz) «9 de septiembre de 1512 • Rendición de Tudela» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-11).
  2. a b c d e f g h i Esarte Munian, Pedro. (2001). Navarra, 1512-1530. Pamiela, 92-99 or. ISBN 84-7681-340-6..
  3. Esarte Munian, Pedro. (2001). Navarra, 1512-1530. Pamiela, 119 or. ISBN 84-7681-340-6..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]