Edukira joan

Thomas Alva Edison

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Thomas Edison» orritik birbideratua)

Thomas Alva Edison

Ahotsa
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakThomas Alva Edison
JaiotzaMilan1847ko otsailaren 11
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Talde etnikoaEstatubatuarra
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaWest Orange (en) Itzuli1931ko urriaren 18a (84 urte)
Hobiratze lekuaThomas Edison National Historical Park
Heriotza moduaberezko heriotza: 2 motako diabetes mellitusa
Familia
AitaSamuel Ogden Edison
AmaNancy Elliott
Ezkontidea(k)Mary Stilwell Edison (en) Itzuli  (1871 -  1884ko abuztuaren 9a)
Mina Miller (en) Itzuli  (1886 -  1931)
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaCooper Union (en) Itzuli
(1875 - 1879) : kimika
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakingeniaria, asmatzailea, matematikaria, ekintzailea, gidoilaria, enpresaburua, film-zuzendaria eta fisikaria
Enplegatzailea(k)General Electric
Continental Edison (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaSuediako Zientzien Errege Akademia
Amerikako Sozietate Filosofikoa
Sobietar Batasuneko Zientzien Akademia
Zientzien Errusiar Akademia
Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionala
Naval Advisory Board of Inventions (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioadeismoa

IMDB: nm0249379 Musicbrainz: 7ab467a1-d15b-41ea-a4d9-433d7ff64e9d Discogs: 1195433 Find a Grave: 1630 Edit the value on Wikidata

Thomas Alva Edison (Milan, Ohio, Ameriketako Estatu Batuak, 1847ko otsailaren 11 – West Orange, New Jersey, AEB, 1931ko urriaren 18a) asmatzailea eta negozio gizona izan zen.[1] 1.093 patente badira haren izenean, baina gaur egun badakigu denak ez zirela Edisonek asmatuak izan, ingeniari talde apartak harentzat lanean jardun baitzuen, eta, askotan, Thomasen ekarpen bakarra sinadura edo azken ukitua ematea izaten baitzen.[2]

Thomas Alva Edison, 1861ean, 14 urte zituela

Thomas Alva Edison Milanen jaio zen, Ohion. Edison sendia 1830eko hamarkadan joan zen Amsterdametik eta New Jerseyn ezarri ziren, Passaicen. Asmatzailearen aitona, John Edison, Independentzia Gerra garaian, britainiarren alde aritu zen borrokan eta Banghamen, Eire lakuaren inguruan, bizi izan zen; 1837an, hango altxamendua piztu zenean, Samuel Edison, Thomasen aita, matxinatuen alde jarri zen. Berriro ere, familia ihes egin beharrean izan zen, oraingo honetan, Estatu Batuetara.

1840an, Samuel Edisonek zurtegi txiki bat ezarri zuen Milanen (Ohion). Honen aurretik, Nancyk, eskoziar jatorriko kanadarrak, lau seme-alaba izan zituen. Geroago, hiru gehiago izango zituen, baina hasierako hiru hil zitzaizkion 1840ko hamarkadan eta bizirik zirautenek, 14, 16 eta 18 urte zituzten, 1847ko otsailaren 11n, Samuel Edisonen emazteak zazpigarren haurra izan zuenean. Thomas deitu zioten, arbaso baten omenez eta Alva, Alva Bradle kapitainaren omenez.

1855ean, Thomas eskolara joaten hasi zen, 8 urte eta erdi zituenean. 3 hilabete geroago, etxera itzuli zen negarrez, irakasleak ikasle idorra zela esan baitzion. Gertaera hau Edisonen barnean egon zen bere bizitza guztian zehar. Hantxe joan zitzaion ama Nancy[3] irakasleari protestan eta, Thomasek, ama gaizki ez uzteko ahaleginak egingo zituela erabaki zuen.

1859an, Port Huronetik Detroitera zihoan trenean egunkariak saltzen hasi zen eta, aldi berean, barazkiak, gurina edo masustak ere bai. Trenak 6 orduko atsedena hartzen zuen Detroiten eta Thomasek denbora irakurtzen pasatu ohi zuen Gazte Elkartean (Gerora, Detroiteko dohaineko liburutegia izango zen). Bata bestearen atzetik irakurtzen zituen liburuak, beheko apaleko lehenengotik hasi eta ilara guztia bukatu arte.

Irakurtzeaz gain, zientzia liburuetan oinarrituz, esperimentu berriak probatzen ere hasi zen. Hutsik zegoen bagoiren bat erabili ohi zuen laborategi gisa eta, gerora, eskuzko prentsa bat jartzea lortu zuen, Detroit Free Presseko lagun batek hainbat tipo eman zizkionean. Berehala ikusi zen emaitza, Grand Trunk Herald, 400 ale kaleratzen zituen astekaria.

Thomasek ez zuen ondo entzuten. Agian, haurtzaroan jasandako elgorriak edo, bere hitzei jarraituko bagenio, treneko langile batek, trena martxan zihoanean, belarritik helduta bagoira igo zuenean eragindako kalteek bihurtu zuten gor, neurri batean.

Mina Edison

1871ko abenduaren 25ean, Thomas bere dendatako batean lan egiten zuen eta bi hilabete lehenago ezagutu zuen 16 urteko María Stilwellekin ezkondu zen.

3 seme izan zituzten:

  • Marion Estelle Edison (1873-1965), Punto.
  • Thomas Alva Edison, Jr. (1876-1935), Dash.
  • William Leslie Edison (1878-1937), asmatzailea hau ere.

1884ko abuztuaren 9an, María Edison hil egin zen.

1886ko otsailaren 24an, 39 urteko alarguna 20 urteko Mina Millerrekin ezkondu zen Akronen, Ohion. Mina Lewis Miller asmatzailearen alaba zen eta beste 3 seme-alaba izan zituzten:

  • Madeleine Edison (1888-1979).
  • Charles Edison (1890-1969), aita hildakoan, berak hartuko zuen enpresaren ardura eta, urte batzuk geroago, New Jerseyko gobernadore egingo zuten.
  • Theodore Edison (1898-1992). Honek ere 80 bat patente egingo zituen.

Mina Thomas Edison baino beranduago hilko zen, 1947ko abuztuaren 24an.

Hasierako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Edison efektua, diodo batean. Bi eratara funtzionatzen du: batean, elektroi fluxua dago eta, bestean, berriz, ez. Geziek elektroien korrontea adierazi nahi dute, ez korronte elektrikoa

Port Hurononeko trenbidean, Thomas argi ibili zen haurra salbatzea lortu zuenean eta, haren aitak, J. U. Mackenzie telegrafistak, eskerraren eskerrez, telegrafia erakutsi zion, bera telegrafista baitzen. 16 urte zituen, J. U. Mackenzie Armadaren Telegrafista taldean sartu zenean eta bere postua utzi zionean, Port Huronen bere lehenengo telegrafista lana lortuz.

1863 amaieran, eta beti ere J.U.Mackenzieren laguntzarekin, Thomasek telegrafista lana eskatu zuen Grang Truckeko trenbidean. Ez zuen asko iraun lan hartan, behin hutsegite handia izan baitzuen, zama garraiatzen zuen trena gerarazteko seinalerik ez zuenean bidali eta, haren ondorioz, ia-ia aurrez-aurreko talkatakoa izan zenean. Sarniara alde egin zuen, Kanadako mugan eta, ondoren, Port Huronera.

1864 hasieran, Thomas Lake Shore Michiganeko trenbidean hasi zen lanean, Adrianen, Detroitetik 100 km-tara, baina berehala galdu zuen lan hura ere.

Western Union

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Thomas Alva Edison, 1915ean, 68 urte zituela
Edison, fonograforen alboan

Bi hilabetez egon zen Fort Waynen eta, lanik aurkitu ez zuenez, Indianapolisera joan zen. Hantxe lortu zuen Western Unioneko lana, etorkizuna markatuko zion enpresa.

1865eko otsailean, Thomas Cincinnatira joan zen eta, berriro ere, Western Unionen egin zuen lan. Trebetasuna baloratu zioten han eta bigarren mailako operadore izatetik lehenengo klasera igo zuten.

Hala ere, hiri batetik bestera mugitzen ibili zen eta lan batetik bestera ere bai. Brasilera joatekotan egon zen telegrafoan lan egiteko, baina 1868 bukaeran, Bostonen zegoen eta berriro Western Unionen ari zen lanean.

Lehenengo patentea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1868an, botoak kontatu ahal izateko tresnatxo bat sortu zuen. Ordezkari bakoitzaren mahai gainean jarriko zuten gailua eta bi botoi zituen, bata aldeko botoa emateko eta bestea, berriz, kontrakoa. Patentea bideratzeko, Carroll D.Wright abokatua kontratatu zuen eta Washingtoneko Legebiltzarraren batzorde baten aurrera eraman zuten. Erantzun borobila jaso zuten: Asmakizunen bat ez badugu behar, zurea da. Fraudeei ekidin nahi diegu bozketetan eta, zure tramankuluak, horiek egin ahal izatea erraztu besterik ez du egiten.

Asmakuntzak eta lanbideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1869an, New Yorken, Burtsan urrearen prezioa indikatzen zuen gailua konpontzea lortu zuen eta, horren ondorioz, oso lanbide ona lortu zuen.

Western Unionen ere aritu zen telegrafia lanetan eta, azkenean, bere kontura hasi zen.

1878an otsailaren 19an asmakizun garrantzitsuenetariko bat gauzatu zuen: fonografoa.

Bonbilaren asmakuntza berari esleitu bazitzaion ere, Edisonek perfekzionatu egin zuen soilik. Goritasunera erre gabe iristen zen harizpi bat lortu zuen; harizpi hau ez zen metala, banbu karbonizatua baizik. 1879ko urriaren 21ean 48 ordutan etengabe argitzen zuen bonbilla lortu zuen.

1880an J. P. Morganekin elkartu zen,General Electric sortuz.

Zientzia arloan, Edison efektua deritzona aurkitu zuen eta, 1883an, patentatu egin zuen: bonbilla puxika baten barruan, elektrizitatea harizpi batetik metalezko-xafla batera pasatzen zen. Ez berak, ez garaiko zientzialariek ez zioten garrantzi handirik eman, baina irrati-maskorra eta elektronikaren oinarriak ezartzen ari zen.

Edisonek zineman egin zituen ekarpenak ere garrantzi handikoak izan ziren. 1889an, 35 mmko filma komertzializatu zuen; ez zuen patentatzea lortu, George Eastman hartu baitzion aurre, baina 35 mmko filmak alboan dauzkan zulotxoak bere izenean daude.

1894an, Edisonen kinetoskopioak Europara iritsi ziren lehen aldiz; bi urte geroago, 1896an bitaskopioa aurkeztu zuen New Yorken, kinetoskopioak ordezkatzeko asmoz eta Lumière anaiek asmatutako zinematografora hurbildu nahian. 1897an, Thomas Alva Edison eta Lumière anaien arteko patente guda hasi zen, lehen zinema-gailu asmatzaile zein ote zen eztabaidatuz.

(Ingelesez) A Day with Thomas Edison (1922)

1931ko urriaren 18an hil zen West Orangen, New Jerseyn, 84 urte zituenean; bere omenez, zenbait hiritako argiak itzali zituzten minutu batez. AEBetan, XX. mendeko asmatzaile garrantzitsuenetakoa kontsideratzen dute eta, egin zituen 1.000 baino gehiago patenteek asmakizunak egiteko ekintza bera aldatu zuten erabat, enpresa izaten bukatuko baitzuen.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Sproule, Anna. (2000). Thomas A. Edison : the world's greatest inventor. Woodbridge, Conn. : Blackbirch Press ISBN 978-1-56711-331-0. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
  2. «Thomas Edison Home Page» www.thomasedison.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
  3. (Ingelesez) admin. (2016-01-21). «La Maravillosa Madre del Mítico Thomas Edison» Es mentira (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
  4. (Ingelesez) Morus, Iwan. «Thomas Edison: ¿visionario, genio o fraude?» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]