Sonja Henie
Sonja Henie | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oslo, 1912ko apirilaren 8a |
Herrialdea | Norvegia Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Oslo, 1969ko urriaren 12a (57 urte) |
Hobiratze lekua | Høvikodden (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: chronic lymphocytic leukemia (en) |
Familia | |
Aita | Wilhelm Henie |
Ezkontidea(k) | Dan Topping (en) (1940ko uztailaren 4a - 1946) ezezaguna (1949 - 1956) Niels Onstad (en) (1956 - 1969ko urriaren 12a) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa norvegiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, izotz gaineko patinatzaile artistikoa, zinema aktorea eta arte bildumagilea |
Parte-hartzailea
| |
Altuera | 165 zentimetro |
Jasotako sariak | |
|
Sonja Henie (1912ko apirilaren 8a - 1969ko urriaren 12a) norvegiar izotz patinatzailea eta aktorea izan zen. Hiru aldiz txapeldun olinpikoa izan zen (1928, 1932, 1936) bakarkako emakumezko proban, hamar aldiz munduko txapelduna (1927-1936) eta sei aldiz Europako txapelduna (1931-1936). Heniek beste edozein emakume patinatzailek baino domina olinpiar eta munduko titulu gehiago irabazi zituen. Bere aktore karreraren puntu gorenean, Hollywooden gehien kobratzen zuen izarretako bat zen eta arrakasta handiko hainbat filmetan parte hartu zuen, horien artean Thin Ice (1937), My Lucky Star (1938), Second Fiddle (1939) eta Sun Valley Serenade (1941).[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Henie 1912. urtean jaio zen Kristianian (gaur egun Oslo), Norvegian. Wilhelm Henieren (1872-1937), Norvegiako larrugile aberatsaren, eta Selma Lochmann-Nielsenen (1888-1961) alaba bakarra izan zen. Larru negozioaren irabaziez gain, Henieren gurasoek aberastasuna heredatu zuten. Wilhelm Henie munduko txapelduna izan zen txirrindularitzan behin eta Henieren seme-alabak txikitatik kiroletan aritzeko bultzatuak izan ziren.[2] Heniek hasiera batean talentua eskian erakutsi zuen, eta gero bere anaia zaharrena Leif jarraitu zuen patinaje artistikoan trebatuz. Neska zelarik, Henie maila nazionaleko tenislari, igerilari trebea eta zaldiketa zalea ere bazen.[3] Patinatzaile artistiko gisa serioski entrenatzen hasi zenean, eskolatze formala amaitu zuen.[2] Tutoreak izan zituen irakasle eta aitak mundu osoko aditu onenak kontratatu zituen, Tamara Karsavina dantzari errusiar ospetsua barne, alaba kirolari ospetsu bihur zedin.[3]
Kirolari ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heniek bere lehendabiziko lehiaketa nagusia, Norvegiako helduen txapelketa, 10 urterekin irabazi zuen 1923an.[2] Zortzi lehiakideen artean zortzigarrena gelditu zen 1924ko Neguko Olinpiar Jokoetan, hamaika urte zituela. 1924ko programan zehar, pistaren kanpoaldera hainbat alditan hurbildu zen, bere entrenatzaileari jarraibideak eskatzeko, baina hurrengo Olinpiar Jokoetan, ez zuen halako laguntzarik eskatu behar.[4]
Heniek izotz gaineko patinaje artistiko bere lehen Munduko Txapelketa 1927an irabazi zuen, 14 urte zituela.[5] Beste 9 irabaziko zituen jarraian, inoiz berdindu ez den marka bat lortuz. 1927ko Munduko Txapelketako emaitza oso eztabaidatua izan zen. Heniek Austriako Herma Szabo olinpiar eta munduko txapeldunaren aurka irabazi zuen 3-2ko erabakiarekin (edo 7 vs. 8 puntu ordinaletan). 5 epaileetatik, Henieri lehen postua eman zioten hirurak norvegiarrak ziren (1 + 1 + 1 + 2 + 2 = 7 puntu) eta Szabori eman zioten biak berriz, Austria eta Alemaniakoak (1 + 1 + 2 + 2 + 2 = 8 puntu).[6] Hurrengo urtean, irabaziko zituen hiru urrezko domina olinpiarren lehena eskuratu zuen.[4] Olinpiar dominak 1932an eta 1936an eta munduko txapeldun titulua 1936. urtera arte jarraian defendatu zituen.[7] 1931etik 1936ra Europako sei txapelketa ere irabazi zituen jarraian. Hiru urrezko olinpiar domina irabazi dituen emakumezko patinatzaile bakarra da, eta bere 10 Munduko Txapelketa jarraian irabaztearen marka ere ez du inork berdindu.[4] Errusiako Irina Slutskayak 2006ean Europako zazpigarren txapelketa irabazi zuenean Europako Txapelketan gehien irabazi dituen emakume patinatzailea bihurtu bazen ere,[8] Heniek jarraian irabazitako titulu gehienen marka izaten jarraitzen du, Alemaniako Errepublika Demokratikoko Katarina Wittekin batera (1983-1988).[9]
Bere ibilbidearen bukaeran, Cecilia Colledge, Megan Taylor, eta Hedy Stenuf bezalako patinatzaile gazteek gogor lehiatzera behartu zuten. Hala eta guztiz ere, lehiakide hauek gainditu eta bere hirugarren Olinpiar Jokoak irabazi zituen 1936ko Neguko Olinpiar Jokoetan, nahiz eta oso baldintza eztabaidatuetan. Izan ere, Cecilia Colledge bigarren geratu zen lehen postutik oso hurbil. Behartutako artazien froga amaitzerakoan, Colledge eta Henie birtualki berdinduak zeuden, Colledge puntu gutxi batzuengatik bigarren bazen ere. Sandra Stevensonek 2008ko apirilaren 21eko The Independent egunkariko artikuluan dioenaren arabera: “[lehiaketaren] parekotasunak Henie haserretu zuen, lehiakideen egongelan dagoen horman emaitzak eskegi zituztenean, papera erauzi eta zati txikietan apurtu zuen. Patinaje libreko irteera postuak susmopean jarri ziren [orduan], Henieri azkena irtetea egokitu baitzitzaion, Colledgek 26 lehiakideen artea bigarrena zen bitartean. Hasiera patinatzea desabantaila gisa ikusten zen, ikusleak oraindik ez zeudelako txalo zaparradetarako bero eta epaileek marka handiagoak eman ohi zituztelako txapelketak aurrera egin ahala. Urte batzuk geroago, zozketa bidezkoagoa martxan jarri zen egoera hori aurre egiteko".[10]
Bere ibilbidean zehar, Heniek asko bidaiatu zuen eta atzerriko entrenatzaile ugariekin lan egin zuen. Etxean, Oslon, Frogner estadioan entrenatzen zuen, eta bere entrenatzaileak Hjørdis Olsen eta Oscar Holte izan ziren. Bere ibilbidearen azken zatian zehar Howard Nicholson estatubatuarrak entrenatzen zuen nagusiki Londresen.[5] Entrenatu eta lehiatzeko bidaiatzez gain, Europa eta Ipar Amerikako patinaje artistikoko erakustaldietan irristatzeko eskaintza asko jasotzen zituen. Henie hain ospetsua bihurtu zen publikoarentzat, ze hainbat erakustaldietan polizia deitu behar izan zuten ikuslegoa kontrolatzeko, hala nola Praga eta New Yorken.[11] Sekretu ezaguna zen, garai hartako amateurismo baldintzak zorrotzak izan arren, Wilhelm Heniek "gastu dirua" eskatzen zuela bere alaba patinatzaileen agerraldietarako. Henieren gurasoak haien Norvegiako lanak alde batera utzi zituzten (Leif anaiari utziz larruaren negozia), Heinerekin bidaiatu eta bere kudeatzaile gisa jardun ahal izateko.[12]
Henie gero patinaje artistikoan ohiko bihurtu diren hainbat ekintzen aurrekaritzat hartzen da: gona motza erabiltzea, botin zuriak erabiltzea eta dantza koreografiak erabiltzea. Bere patinatzeko teknika berritzaileak eta bere jokabide xarmagarriak kirola betirako eraldatu zuten eta Neguko Olinpiar Jokoen zilegizko kirol gisa onartzea baieztatu zuen.[12]
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936ko Munduko Patinaje Txapelketaren txapelketen ostean, Heniek bere egoera amateurra utzi zuen eta karrera bat hasi zuen aktore eta zuzeneko ikuskizunetako profesional gisa.[13] Oraindik gaztea zen bitartean, Heniek erabaki zuen Kaliforniara joan nahi zuela eta bere kirolari garaia amaitzerakoan filmetako izar bat izango zela, bere azentu nabarmenak bere aktore anbizioak oztopatu ahal zituela kontuan izan gabe.[14]
1936an, bere aitak bere aktore karrera abiarazteko Los Angelesen antolatutako izotz ikuskizun arrakastatsuaren ondoren, Hollywood estudioetako zuzendari Darryl Zanuckekin Twentieth Century Foxen epe luzerako kontratua sinatu zuen.[15] Horrela, hobekien ordainduriko garaiko aktore bat bihurtu zen. Bere lehen filmaren arrakastaren ondoren, One in a Million (1936), Henieren posizioa ziurtatu zen eta gero eta zorrotzagoa bihurtu zen Zanuckekin zituen negozio harremanetan.[16] Henie bere filmetako patinaje zatien kontrol osoa izan nahi zuela defendatu zuen, adibidez Second Fiddle (1939) bezalako pelikuletan.
Heniek komedia musikalaren estereotipoa saihesten saiatu zen Everything Happens at Night (1939) film anti-naziarekin eta It's a Pleasure (1945) filmarekin, A Star is Born pelikularen patinaje bertsio bat, non ospetsu izandako izar alkoholiko batek iritsi berria laguntzen duen gai ezaguna jorratzen den. Technicolor teknikarekin grabatu zuen pelikula bakarra izan zen, baina ez zuen beste film batzuen arrakasta bera eta aktore dramatiko gisa zituen mugak erakutsi zituen, bere film dramatiko bakarra izanik.[17]
Zanuckek bere dramarako mugak ikusi zituenean, komedia musikal gehiagotan eman zion papera: Sun Valley Serenade (1941), Glenn Miller, John Payne, eta Nicholas Anaiekin batera; "Choodooga Choo Choo", "It Happened in Sun Valley" eta "I Know Why (And So Do You)" abesti arrakastatsuak adibidez. Ondoren etorri ziren Iceland (1942) Jack Oakie eta Paynerekin eta “The Will Never Be Another You” abestia, eta, azkenik, Wintertime (1943) Cesar Romero, Carole Landis, Cornel Wilde eta Oakierekin. Ordurako, Heinek dagoeneko komediarako erraztasuna garatu zuen eta pelikula guzti horiek 20th Century-Foxen garaiko arrakastatsuenen artean egon ziren.[18]
1936tik 1943ra arteko Foxen egindako bere ibilbide profesionalaz gain, Heniek Arthur Wirtzekin negozio akordio bat sortu zuen, "Hollywood Ice Revue" izena zuten izotz-ikuskizunak produzitzeko. Wirtz Henieren aholkulari finantzarioa izan zen baita ere. Garai hartan, izotz patinajea eta izotz ikuskizunak oraindik ez ziren ezarritako ekitaldiak Estatu Batuetan. Heniek zinema aktore gisa zuen ospeak zale berri asko erakarri zituen eta ikuskizun mota hau aisialdiko ikuskizun berri gisa ezarri zuen. 1940ko hamarkadan zehar, Henie eta Wirtzek Rockefeller Centerreko aretoan antolatzen zuten patinaje ikuskizunak milioika ikusle izan zituen.[19]
Bere ospearen gorenean, Heniek urtean 2 milioi dolar baino gehiago irabazi zituen bere ikuskizunei esker. Halaber, merkatuan patinak, jantziak, bitxiak, panpinak eta bestelako merkantziak bere izenarekin saltzeko hainbat kontratu zituen. Jarduera hauei esker, bere garaiko munduko emakumerik aberatsenetakoa zen.[20]
Heniek 1950ean Wirtzekin zuen akordioa apurtu zuen eta hurrengo hiru denboraldietan bere ikuskizunak produzitu zituen "Sonja Henie Ice Revue" izenarekin. Wirtzekin lehiatzeko harturiko erabakia izan zen, haren ikuskizunetan Barbara Ann Scott olinpiar txapelduna hasi baitzen patinatzen.[5] Wirtzek antzeztoki eta datarik onenak kontrolatzen zituenez, Henie txikiagoak ziren plazetan aritu behar izan zen, dagoeneko Ice Capades bezalako ikuskizunak hartzen zituztenak gainera. 1952an Baltimoreko (Maryland) ikuskizun batean harmailen zati bat erori ostean, biraren lege eta finantza kezkak eragin zituen.[21]
1953an, Heniek Morris Chalfenekin lankidetza berria sinatu zuen bere “European Holiday On Ice Tour”ean parte hartzeko. Honek arrakasta handia izan zuen.[22] Bere ikuskizun propioa produzitu zuen New Yorkeko Roxy Theatren 1956ko urtarrilean. Hala ere, urte horretan bertan Hego Amerikan egin zuen bira oso gaizki atera zen. Garai hartan Henie asko edaten ari zen eta ezin izan zuen ikuskizunaren maila mantendu, eta honen eraginez, patinajeko erretiroa hartu zuen.[5] Bere filme serie propioa egiten saiatu zen, hainbat hirietara bidaiatzeko aukera emango ziona. Hala ere, nahiz eta Paris eta Londres aipatu ziren, baina bakarrik Hello London (1958) pelikula egin zuen. Honek ere ez zuen batere arrakastarik izan, eta bere aktore karrera amaituarazi zuen.[23]
Bere autobiografia, “Mitt livs eventyr”, 1938an argitaratu zen,[24] eta 1940ean ingelesera itzuli zen Wings on My Feet izenburuarekin. 1954an berrikusitako edizio berri bat argitaratu zen.[25] Haren heriotzaren garaian, Henie telebistako saio berezi batean itzultzeko prestatzen zegoen, 1970eko urtarrilean aireratu beharko zena. Zhivago doktorearen "Lara's Theme" dantzatzekoa zen.
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Henie hiru aldiz ezkondu zen: Dan Toppingekin (1940-1946), Winthrop Gardiner Jrekin (1949-1956) eta Norvegiako itsas garraioko magnate eta arte mezenas Niels Onstadekin (1956-1969) (bere heriotzarte). 1956an erretiroa hartu ondoren, Henie eta Onstad Oslon bizi izan ziren eta arte moderno bilduma handi bat osatu zuten, gerora Henie Onstad Kunstsenter museoko oinarria izan zena.[5]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Henieri leuzemia diagnostikatu zioten 1960ko hamarkadaren erdialdean. 1969an, 57 urte zituela, gaixotasun honengatik hil zen Parisetik Oslorako hegaldi batean.[26] Osloko muino baten goian dago lurperaturik Onstadekin batera, bertatik Henie Onstad Art Center ikusi daitekeelarik.[27]
Lorpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bakarka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txapelketa | 1923 | 1924 | 1925 | 1926 | 1927 | 1928 | 1929 | 1930 | 1931 | 1932 | 1933 | 1934 | 1935 | 1936 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Neguko Olinpiar Jokoak | 8.a | 1.a | 1.a | 1.a | ||||||||||
Munduko Txapelketa | 5.a | 2.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | ||
Europako Txapelketa | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | ||||||||
Norvegiako Txapelketa | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a | 1.a |
Bikoteka
[aldatu | aldatu iturburu kodea](Arne Lierekin)
Txapelketa | 1926 | 1927 | 1928 |
---|---|---|---|
Munduko Txapelketa | 5.a | ||
Norvegiako Txapelketa | 1.a | 1.a | 1.a |
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Munduko Patinaje Artistikoko Ospearen Aretoan gehitu zuten (1976).[28]
- Nazioarteko Emakume Kirolarien Ospearen Aretoan gehitu zuten (1982).[29]
- Izar bat dauka Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan.[30]
- 1938an, 25 urte zituela, San Olafeko Ordeneko pertsona gazteena bihurtu zen.
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea | Filma | Pertsonaia |
---|---|---|
1927 | Seven Days for Elizabeth | Patinatzailea |
1929 | Se Norge | Bera |
1936 | One in a Million | Greta "Gretchen" Muller |
1937 | Thin Ice | Lili Heiser |
Ali Baba Goes to Town | Herself | |
1938 | Happy Landing | Trudy Ericksen |
My Lucky Star | Krista Nielsen | |
1939 | Second Fiddle | Trudi Hovland |
Everything Happens at Night | Louise | |
1941 | Sun Valley Serenade | Karen Benson |
1942 | Iceland | Katina Jonsdottir |
1943 | Wintertime | Nora |
1945 | It's a Pleasure | Chris Linden |
1948 | The Countess of Monte Cristo | Karen Kirsten |
1958 | Hello London | Bera |
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Sonja Henie» IMDb (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Sonja Henie facts, information, pictures | Encyclopedia.com articles about Sonja Henie» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ a b (Ingelesez) Loader, Mandy. (2010-05-31). Amazing Young Sports People Level 1 Beginner/Elementary American English. Cambridge University Press ISBN 9780521148993. (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Sonja HENIE - Olympic Figure skating | Norway» International Olympic Committee 2017-01-25 (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ a b c d e (Ingelesez) Jacobs, Laura. «The Glittering Rise and Fall of Sonja Henie, Ice Skating’s Original Queen» HWD (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «Herma Planck-Szabo Bio, Stats, and Results» Olympics at Sports-Reference.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «Sonja Henie Bio, Stats, and Results» Olympics at Sports-Reference.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «Irina Slutskaya | Russian figure skater» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «Katarina Witt | German figure skater» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «Cecilia Colledge: Champion figure skater» The Independent 2008-04-21 (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «1928: Sonja Henie wins first of three figure skating gold medals» NBC Olympics (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ a b (Ingelesez) Sagert, Kelly Boyer; Overman, Steven J.. (2012-02-13). Icons of Women's Sport [2 volumes. ] ABC-CLIO ISBN 9780313385490. (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «Sonja Henie Bio, Stats, and Results» Olympics at Sports-Reference.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Behlmer, Rudy. (June 1995). Memo from Darryl F. Zanuck: The Golden Years at Twentieth Century-Fox. Grove Press ISBN 9780802133328. (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Bogage, Jacob. (2018-02-21). «The world’s first Olympic ice queen became a Hollywood star — and a Hitler admirer» Washington Post ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ Detail view of Movies Page. 2014-04-02 (Noiz kontsultatua: 2018-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «It’s a Pleasure (1945)» The Blonde at the Film 2014-03-24 (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Ingelesez) Rowan, Terry. Motion Pictures From the Fabulous 1940's. Lulu.com ISBN 9781329811416. (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Ingelesez) «Skating Away | Front & Center at Rockefeller Center» www.rockefellercenter.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Ingelesez) «Sonja Henie and Niels Onstad | Henie Onstad Kunstsenter» hok.no (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Ingelesez) Sun, Baltimore. «1952 Ice Show Accident» baltimoresun.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Ingelesez) «Sonja Henie» Lifetime UK 2017-01-23 (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Ingelesez) «Olympic skater Sonja Henie belatedly arrives on DVD» New York Post 2014-02-10 (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Alemanez) Köln, Zentralbibliothek der Sportwissenschaften, Deutsche Sporthochschule. «Henie, Sonja: Mitt livs eventyr - 97/3590 - Zentralbibliothek der Sportwissenschaften, Deutsche Sporthochschule Köln» www.dshs-koeln.de (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Ingelesez) HENIE, Sonja. (1940). Wings on My Feet. (First edition. argitaraldia) Prentice-Hall (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ «Sonja Henie, Skating Star, Dies» www.nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ «Sonja Henie (1912-1969) - Find A Grave Memorial» www.findagrave.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ World Hall of Fame Members. worldskatingmuseum.org
- ↑ International Women's Sports Hall of Fame. womenssportsfoundation.org
- ↑ (Ingelesez) «Sonja Henie | Hollywood Walk of Fame» www.walkoffame.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1912ko jaiotzak
- 1969ko heriotzak
- Oslotarrak
- Norvegiako emakume aktoreak
- Norvegiar estatubatuarrak
- Norvegiako patinatzaile artistikoak
- Leuzemiaren ondorioz hildakoak
- Emakume kirolariak
- XX. mendeko emakumeak
- 1924ko Neguko Olinpiar Jokoetako patinatzaile artistikoak
- 1928ko Neguko Olinpiar Jokoetako patinatzaile artistikoak
- 1932ko Neguko Olinpiar Jokoetako patinatzaile artistikoak
- 1936ko Neguko Olinpiar Jokoetako patinatzaile artistikoak
- 1928ko Neguko Olinpiar Jokoetako dominadunak
- 1932ko Neguko Olinpiar Jokoetako dominadunak
- 1936ko Neguko Olinpiar Jokoetako dominadunak
- Olinpiar Jokoetako dominadunak patinaje artistikoan
- Olinpiar Jokoetako dominadunak abiadura-patinajean
- Ameriketako Estatu Batuetako emakume aktoreak