Metakognizio
Metakognizioa gure prozesu kognitiboei buruz (memoria, arrazoiketa, etab.) hausnartzeko eta prozesu horietan nahita esku hartzeko gaitasuna da. Hezkuntzan, norberaren ikaskuntza aztertzeko eta arautzeko trebetasunari egiten dio erreferentzia, hauda, ikasitakoaz kontziente izatea, zer eta nola ikasi duen adierazteko gai izatea eta, ondorioz, ikas-irakaste prozesuan auto-erregulatzen jakitea. Metakognizioa, ikasketari buruzko hausnarketa kontzientea, funtsezko elementutzat jotzen da ikaskuntza hobetzeko. Metakognizioak bi dimentsio ditu: kognizioari buruzko ezagutza eta kognizioaren erregulazioa.[1][2]
Kontzeptuaren garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Meta-kognizioa bide bideragarria da ikasleen autonomiaren garapen osoagoa lortzeko, eta hori, besteak beste, eskola-eremua gainditzen duen ikaskuntza batean islatzen da, ikasleen bizitzan proiektatzeko, "Ikasten ikastea". Metakognizioaren garapena sustatzeko, beharrezkoa da ikasle kontzienteak eta autonomoak prestatzea ikaskuntzetan, alde motibazionala eta testuinguru egokia ahaztu gabe ikaskuntza-estrategien garapenean. Ikasle metakognitiboak prestatzeko, beharrezkoa da hezitzaile metakognitiboak izatea.[1]
Hasierak (60 hamarkada)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezagutza metakognoszitiboari buruzko lehen ikerketek metamemorian jarri zuten arreta batez ere, hau da, memoriak nola funtzionatzen duen ezagutzan; Tulvingek eta Madiganek (1969) giza memoriaren inguruko ikerketan arreta jarri zuten esploratu gabe zegoen aspektu batean: jendeak bere memoria-prozesuei buruzko ezagutza eta sinesmenetan. Bide horretatik atera zuten ondorioa izan zen lotura handia dagoela memoriaren funtzionamenduaren eta memoria-prozesuetako ezagutzaren artean.
Garapena (70 hamarkadatik aurrera)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitzindarien bidea jarraiki, Flavel (1971) haurren metamemoria aztertzen hasi zen, hau da, haurrek beren memoriari buruz ezagutzen dutena. Horretarako, Flavelek haurrei beren memoria-prozesuei buruz hausnartzeko eskatzen zien. Hortik tira eginez, metakognizioaren dimentsioetako bat izango dena lan-ildo garatuko du: kognizioari buruzko ezagutza. Hurrengo ikerketek erakutsi zuten baliabide kognitiboen erabilera ez zela berez gertatzen; aitzitik, aktibatu egin behar zela zeregin edo arazo zehatzei aurre egin behar zaienean egoera bakoitzean egokiena den estrategia hautatze aldera. Ondorioz, ikasketetan autoerregulazio-metodoak esplizituki irakasten hasi ziren, subjektu esperimentalei beren baliabide kognitiboen erabilera monitorizatu eta ikuskatu ahal izateko. Ildo horretatik agertu zen metakognizioaren beste dimentsioa, kognizioaren kontrol gisa ulertzen duena.
Flavellen eta ikasitakoa orokortzeak eta transferitzeak eragindako arazoei heltzen zieten lanak baliagarriak izan ziren baieztatzeko gizakia bera gai dela arazoak ezagutzeko, ikasteko eta konpontzeko erabiltzen dituen prozesuak aztertzeko, hau da, bere ezagutza-prozesuei buruzko ezagutza izan dezakeela, eta, gainera, prozesu horien erabilera kontrolatu eta arautu dezakeela.
Geroztik, aurrekoen gainean aurrera egin du metakognizioaren kontzeptualizazioak. Antonijevick eta Chadwicken arabera (1981/1982) gure jarduera mentalei buruz, hau da, geure pentsamenduaz eta ikaskuntzaz daukagun kontzientzia maila da. Kostaren arabera (d/g), gaitasun metakognitiboa giza pentsamenduaren atributua da, eta pertsona batek dituen trebetasun hauekin lotzen da: ezagutzen duena ezagutzeko trebetasuna, informazioa prozesatzekoa, estrategiak planifikatzekoa, problemen ebazpenean bere pentsamenduen kontzientzia izatekoa eta bere funtzionamendu intelektualaren produktibitateari buruz hausnartzeko eta ebaluatzekoa. Chadwickek (1985) metakognizioa deitzen dio pertsona batek bere prozesu eta egoera kognitiboei buruz duen kontzientziari; egile horrentzat, metakognizioa azpi-prozesuetan banatzen da; adibidez, meta-arreta pertsonak informazioa jasotzeko erabiltzen dituen prozesuei buruz duen kontzientziari dagokio; metamemoria, subjektu batek berak prozesuotan dituen ezagutzei buruzkoa. Memorian gordeta daukan informazioari bezala (memoria-edukiak), hau da, ezagutzen duenaren eta ezagutzen ez duenaren kontzientzia.
Garciaren eta La Casaren ustez (1990), metakognizioak zerikusia du pertsona batek bere baliabide kognitiboen ezaugarri eta mugei buruz duen ezagutzarekin, bai eta pertsona horrek baliabide horien gainean izan dezakeen kontrolarekin eta arautzearekin ere.
Riosen ustez (1990) metakognizioaren konplexutasuna, estrategia kognitiboen ezagutza eta kontrola eskatzen duelako gertatzen da. Estrategia horiek, aldi berean, barneko ekintza kognitiboak besterik ez diren eragiketa intelektualen konbinazioak dira, eta horien bidez, subjektuak kanpoko munduak ematen dion informazioa antolatu, manipulatu eta eraldatzen du.
XXI. mendean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adituen definizioek adostasun batzuk erakusten dituzte, besteak beste, metakognizioak hainbat eragiketa kognitibo aipatzen dituela, hain zuzen ere, informazioa biltzea, ekoiztea eta ebaluatzea ahalbidetzen duten mekanismo-multzo barneratu batek gauzatutakoak, baita norberaren funtzionamendu intelektuala kontrolatzea eta autorregulatzea ere. Gainera, metakognizioa hiru dimentsiotako konstruktu bat dela: kontzientzia; monitorizazioa (gainbegiratzea, kontrola eta erregulazioa); eta norberaren prozesu kognitiboen ebaluazioa.[3]
Garunaren garapenari eta prozesu kognitiboei dagokienez, hasieran metakognizioa nerabezarotik aurrera baino ezin dela egin uste zen; izan ere, etapa horren aurretik garuna ez litzateke prest egongo bertan behar den jarduera kognitiboa erregulatzeko. Azken urteetako argitalpenek ideia hori baztertzen dute eta jokabide metakognitiboak eta autoerregulazioak hiru urtetik aurrera agerian geratu ahal direla ondorioztatzen dute,[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Osses Bustingorry, Sonia; Jaramillo Mora, Sandra. (). «METACOGNICION: UN CAMINO PARA APRENDER A APRENDER» Estudios pedagógicos (Valdivia) 34 (1): 187–197. doi: . ISSN 0718-0705. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
- ↑ Torres Ríos, Lola. (2017). (pdf) Ikaskuntzaz ohartzea atzerriko hizkuntzaren eskolan (I). .
- ↑ Gonzalez, Fredy. (1993-01-01). Acerca de la metacognición. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) Álvarez, Lilian del Carmen Gómez; Zúñiga, María Soledad Sandoval. (2019-12-07). «Alfabetización metacognitiva para el desarrollo de la comprensión auditiva en segundas lenguas: Fundamentos para la didáctica de ELE» Doblele. Revista de lengua y literatura 5 (0): 19–46. doi: . ISSN 2462-3733. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hezkuntzan ikasleentzakometakognizio karta-sorta.