Edukira joan

Matilda efektu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Matilda Joslyn Gage, zientzialari, sufragista eta abolizionista zen. "Matilda efektua" bere omenez izendatua da.

Matilda efektua emakume zientzialarien lorpenak aitortzearen kontrako joera da, haien lana gizon lankideei egotziz. Margaret W. Rossiter ikertzaileak sortu zuen, Mateo efektuaren autoritate ezaren printzipioa genero ikuspegiarekin txertatuz eta emakume zientzialarien ikusezintasun historikoa salatuz.[1] XIX. mendean Matilda Joslyn Gage sufragista eta abolizionistak "Emakumea asmatzaile gisa" saiakeran protesta nabarmena egin zuen emakume asmatzaileen eskasia talentu faltaren ondorio zela uste baitzen.[2][3]

Matilda efektu terminoa 1993an sortu zuen Margaret W. Rossiter zientzia historialariak. Matilda Joslyn Gage, emakumeen eskubideen alde lan egin zuen XIX. mendeko emakumeen lana aipatu zuen, zientziaren arloan emakumeek jasan duten estimu eta begirune falta definitzeko. Horrela, emakumeak zientzian bizi izan duen diskriminazioari “Harriet/Matilda efektua” deitu zion, nahiz eta egun Matilda efektua deritzogun. Rossiterrek maiz azpimarratu zuen beharrezkoa dela errekonozitzea eta onartzea emakumeek diskriminazio sistematikoa jasan izan dutela zientzian, historia hortik aurrera behar bezala idatzi ahal izateko..[4] Matilda efektua Mateo efektuarekin lotuta dago: zientzialari ospetsu batek ikertzaile ezezagun batek baino sinesgarritasun gehiago lortzen du askotan, nahiz eta bere lana partekatua edo antzekoa izan.[5]

  • Trota Salernokoa (XII. Mendea) mediku italiarrak idatzitako lanak bere heriotzaren ondoren gizonei egozten zitzaizkien: hasiera batean senarrari eta semeari, baina informazioa zabaldu ahala monjeek bere izena gizon baten izenarekin nahasi zuten. [6]
  • Nettie Stevens (1861-1912), sexu-determinaziorako XY sistemaren aurkitzailea izan zen. Bazkari-zizareei buruz egindako ikerketa erabakigarriek agerian utzi zuten lehen aldiz organismo baten sexua kromosomek zehazten dutela eta ez ingurumeneko edo bestelako faktoreek. Stevens-ek asko eragin zuen komunitate zientifikoaren sexu kromosomikoaren zehaztapenaren ikerketa lerroarekin. Hala ere, aurkikuntza hori Thomas Hunt Morgan-ek, garai hartako genetista ospetsuari aitortu izan zaio. Genetikaren alorrean lan handia egin arren, Stevensek Morgan-en lanari egindako ekarpenak ez dira askotan kontuan hartu.
  • Mary Whiton Calkins-ek (1863-1930) frogatu zuen beste estimulu biziekin konbinatzen ziren estimuluak errazago gogoratuko zirela. Gainera, esposizioaren iraupenak hobeto gogoratzeko aukera ematen zuela ere bai. Aurkikuntza hauek eta parekako loturen metodoa erabili zituzten beranduago Georg Elias Müller-ek eta Edward B. Titchener- ek, Calkins-i aitortzarik egin gabe.
  • Gerty Cori (1896-1957), Nobel saridun biokimikaria, urte luzez aritu zen senarraren laguntzaile gisa, irakasle izateko titulazio berdinak zituen arren.
  • Rosalind Franklin (1920-1958), gaur egun 1953an DNAren egitura aurkitu izanaren laguntzaile garrantzitsu gisa aitortua. Francis Crick-ek eta James Watson-ek aurkikuntzagatik 1962ko Nobel saria jaso zutenean, Franklinen lanak ez zuten behar bezalako aitorpenik jaso (nahiz eta Watsonek bere ekarpenaren erabakigarri gisa azaldu zituen, 1968ko The Double Helix liburuan).
  • Marthe Gautier (1925.n jaioa), Down sindromea eragiten duen anomalia kromosomikoaren aurkikuntzan izan zuen eginkizun garrantzitsua aitortzen zaio gaur egun, baina hori baino lehenJérôme Lejeune-ri soilik.
  • Marian Diamondek (1926an jaioa), Berkeley-ko Kaliforniako Unibertsitatean lan egiten zuen eta esperimentalki aurkitu zuen plastizitate neuronalaren fenomenoa, ordurarteko dogma neurologikoaren aurka zihoana. 1964an bere lana argitaratzeko zorian zegoela, David Krech eta Mark Rosenzweig bigarren mailako egilekideen izenak haren izenaren aurretik jarri zituzten eta berea parentesi artean. Protesta egin eta gero lortu zuen bere izena lehenik eta parentesirik gabe agertzea.
  • Harriet Zuckerman (1937an jaioa), Matilda efektuaren ondorioz, bere senarra Robert K. Mertonek Mateo efektuaren kontzeptuaren egiletzat aitortu zuen.
  • ENIAC programatzaileak (1946): hainbat emakumek ekarpen handiak egin zituzten proiektuan, besteak beste, Adele Goldstine, Kay McNulty, Betty Jennings, Betty Snyder, Marlyn Wescoff, Fran Bilas eta Ruth Lichterman, baina ez zituzten ekarpen horiek errekonozitu.

Nobel sarietan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «El efecto Matilda en la galería: mujeres en los museos de historia de la ciencia | En la red» Mujeres con ciencia 2020-01-12 (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
  2. (Ingelesez) Rossiter, Margaret W.. (2016-06-29). «The Matthew Matilda Effect in Science:» Social Studies of Science  doi:10.1177/030631293023002004. (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
  3. (Gaztelaniaz) Ingeniaritza, Mugarik Gabeko. (2019-02-13). «Mundu zientifiko-teknologikoan maskulinitate berrien inguruan hausnartzen» Ingeniería Sin Fronteras (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
  4. (Gaztelaniaz) «Mujer, ciencia y discriminación: del efecto Mateo a Matilda | Ciencia y más» Mujeres con ciencia 2014-11-17 (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
  5. «Emakumeak, zientzia eta diskriminazioa: Mateotik Matilda efektura» Zientzia Kaiera 2014-10-03 (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
  6.  doi:10.1177/030631293023002004. ISSN 0306-3127..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]