Edukira joan

Luis Vallet de Montano

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luis Vallet de Montano
Bizitza
JaiotzaPlan, 1895
HeriotzaIrun, 1982 (86/87 urte)
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa

Luis Vallet de Montano Etxeandia (Plan, 1895 - Irun, 1982) huescatar-gipuzkoar arkitektoa izan zen. Haren obra funtsezkoa izan zen Euskal Herriko XX. mendeko arkitekturan.[1][2]

Luis Vallet de Montano Etxeandia Planen jaio zen, Huescako probintzian, 1895ean. Haurra zela, familia Irunera joan zen bizitzera. José Salis izan zuen marrazketako lehen irakaslea. Gero, Madrilgo Arkitektura Eskolan izena eman, eta 1920an eskuratu zuen arkitekto titulua. Eskolatik irten bezain laster ekin zion lanari. Irungo Udaleko arkitekto postua lortu zuen 1921ean, eta, besteak beste, proiektu hauek garatu zituen kargu horretan izan zen bitartean: herriko Alondegia, hiltegia, Stadium Gal futbol zelaia eta bainuetxe publikoa.[2]

Euskal estiloari heldu zion hastapenetan, hura baitzen garai hartan Euskal Herriko joera nagusia. Gainera, berak euskal arkitekturari buruz aurkeztutako txosten eta gogoetek eragin handia izan zuten garai hartako arkitektoengan, baita Euskal Ikasketen Lehen Kongresuan ere. Biltzar hartan sortu zen Eusko Ikaskuntza, gerora euskal unibertsitatearen ernamuina izango zena, eta Vallet erakundeko kide zen.[2]

Karrera profesionalari ekin eta hamar urtera, euskal lengoaia alde batera utzi, eta belaunaldiko arkitekto gehienen moduan, lengoaia arrazionalistari heldu zion. Arrazionalismoa ari zen hedatzen Europan barrena, eta euskal estiloa ez zuen gai ikusten mugimendu hark zekartzan erronkei aurre egiteko. Lengoaia batetik bestera salto egitea erraza gertatu ez bazitzaion ere, lortu zuten erronka berriak bere egitea: ongizatea, osasuna, demokrazia, eraikuntzaren industrializazioa eta gainerako arte diziplinekiko harremana bezalako ideiak aintzat hartzen hasi zen.[2]

Aita Donostiaren omenezko kapera, Agiña, Lesaka

Egoera berrietara egokituz, bide zuzenetik zihoan. Baina 1936ko gerrak errotik moztu zuen haren hamabost urteko ibilbidea. Gerraosteko erregimenak herri administrazioan egindako garbiketaren ondorioz, Irungo arkitekto kargutik kendu zuten eta, arkitektoen elkargoen ekimenez, arkitekto gisa jarduteko gaitasunik gabe utzi. Erbestean igaro behar izan zituen hurrengo urteak, 1943an itzultzeko baimena lortu zuen arte.[2][3]

Erbestetik itzulitakoan, gogotik saiatu behar izan zuen erregimenak babestutako arkitektoen artean tokia egiteko. Lehenbiziko lanak Kantabrian egin zituen Frankismoak ezarritako eklektizismoaren eta historizismoaren bidetik.[1] 1950eko hamarkadako azken urteak iritsi bitartean ez zen erabat suspertu. Ordutik aurrera, Jorge Oteizarekin eta Gaur taldeko zenbait kiderekin batera, estetika berriak zabaltzen aritu zen. Hala bete zuten errepresio luzearen ondorioz jasandako hutsune kulturala.[2]

1976 arte ez zuen 2004an, Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenak barkamena eskatu zien hari eta beste 82 arkitektori, eragindako kalteagatik.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Fernández Altuna, José Javier. Vallet de Montano Echeandia, Luis. Auñamendi Entziklopedia [on line], aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).
  2. a b c d e f g Elustondo, Ihintza. Ingurura egokitzen jakin zuen arkitektoa. Berria, 2016ko martxoak 30, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).
  3. Etxepare Igiñiz, Lauren, García Nieto, Fernando. La depuración franquista en la administración durante la posguerra: el caso de Luis Vallet de Montano. Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca, ISSN-e 2445-0782, ISSN 1131-5350, Nº. Extra 1, 2018, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2025-1-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]