Lankide:Nbillelabeitia/Proba orria
Tanzimat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tanzimat (turkieraz: [tanziˈmat] ; otomandar turkieraz: تنظيمات , erromanizatuta: Tanzimāt , lit. 'Berrantolaketa', ikus nizām) Otomandar Inperioko eraberritze garaiari deritzo, 1839an Gülhane Hatt-ı Şerifekin hasi eta Lehen Aro Konstituzionalarekin amaitu zena 1876an[1].
Tanzimat aroa[2] Otomandar Inperioaren oinarri sozial eta politikoak sendotzeko asmoarekin hasi zen, ez erabateko eraldaketarako, modernizaziorako baizik. Otomandar Inperioa modernizatzeko eta barneko mugimendu nazionalisten eta kanpoko botere oldarkorren aurka bere lurralde-osotasuna ziurtatzeko saiakerak izan ziren bere ezaugarri nagusienak. Erreformek Inperioko talde etnikoen arteko otomanismoa bultzatu zuten eta Otomandar Inperioan nazionalismoaren gorakadaren olatua geldiarazten saiatu ziren.
Hans-Lukas Kieser historialariak argudiatu duenez, erreformek "musulmanak ez zirenen eta musulmanen arteko berdintasunaren sustapen erretorikoa ekarri zuten, musulmanek praktikan zuten nagusitasunaren aurrean"; beste historialari batzuek argudiatu dutenez, musulmanak ez zirenek haien legezko eskubideak baliatzeko zuten gaitasuna murriztu egin zen aldi horretan, eta, horren ondorioz, lurrak konfiskatu zitzaizkien eta emigratu egin zuten.
Politikari dagokionez, erreforma-politikaren zati bat 1838ko Balta Liman-go Itunean oinarritutako politika ekonomikoa izan zen, Otomandar Inperioaren Ate Gorena eta Britainia Handiaren artean sinatutako merkataritza akordio formala izan zena. Otomandar Inperioari inposatutako merkataritza-politikak, Balta Limango Itunaren ondoren, garai hartan aldarrikatu ziren merkatu irekiko akordio liberal batzuk izan ziren. Itunaren arabera, Otomandar Inperioak monopolio guztiak deuseztatu zituen, merkatari britainiarrek eta haien laguntzaileek otomandar merkatu guztietarako sarbide osoa izango dute eta tokiko merkatariek ordaintzen dituzten zerga berberak ordainduko dituzte.
Horrez gain, aldaketa asko egin ziren askatasun zibilak hobetzeko, baina musulman askok atzerriko eragin gisa ikusi zituzten Islamaren munduan. Pertzepzio horrek Estatuaren ahalegin erreformistak zaildu zituen. Hari beretik, gobernuaren erreforma konstituzionalek armada errekrutatze modernoa ekarri zuten, banku-sistemaren erreformak, homosexualitatearen despenalizazioa, lege sekularrak ordeztea eta gremioak fabrika modernoekin ordezkatzea. Gainera, Otomandar Posta Ministerioa 1840ko urriaren 23an ezarri zen Konstantinoplan, Istanbulen.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVII.mendean zehar Hasburgotarrek Otomandar Inperioa garaitu zuten, eta urte batzuk geroago Errusiak garaitu zuen Inperioa. Errusiaren aurkako gudan Krimeako penintsula, Danubioren iparraldea eta Dniesterren ekialdea galdu zituen Otomandar Inperioak[3].
Egoera horren aurrean, 2 korronte ideologiko sortu ziren. Aldi berean, Inperioak sufritzen zuen egoerarekin amaitzeko proposamenak egin zituzten. Tradizionalenek ziotenez, arazoaren oinarria instituzio otomandarretan zegoen, eta egoera hori konpontzeko Inperioak XV. mendean erabilitako metodoak berrezartzea eskatzen zuen. Ideologia berritzailea zutenek, aldiz, Otomandar Inperioa Europako potentziekin alderaztuz, atzeratuta zegoela azpimarratzen zuten. Azkenik, berritzaileen proposamena eraman zuten aurrera, Inperioan zenbait erreforma eginez. Erreforma horiek Mahmud II. a Sultanaren onespenarekin egin ziren.
Inperioan egindako erreformak Mahmud II.ak, haren semea zen Abdulmejid-ed eta, sarritan, Europan ikasi zuten burokratek idatzi zituzten. Burokratek instituzioak zaharkituta zeudela azpimarratzen zuten. Egindako aldaketa batzuk sinbolikoak izan ziren; horren adibide da uniformeen berrikuntza. Azken hau jendearen pentsaera aldatzeko asmoz egin zen. Esan beharra dago tradizionalenak ziren funtzionarioak honen kontra azaltzen zirela, uniformeak “europarrenak bezalakoak” zirela adieraziz. Beste zenbait erreforma lehenago Europan arrakastatsu izandakoak ziren, Frantzian ikasten zuten ikasle otomandarren kopurua asko hasi zenez, erreformetan Kode Napoleonikoaren eta lege frantsesen eragin handia ikus zitekeen. Aldaketak hezkuntzan, instituzioetan eta Errekrutatze Legearen inguruan egin ziren. Horien bidez, Otomandar Inperioak korrupzioa erradikatzea zuen helburu. 1839an Gulhanen Ediktuarekin musulmanak eta musulmanak ez zirenen arteko bizikidetza bultzatzea espero zen, otomanismo izeneko politika batekin.
Nahi handiko proiektuak Inperioaren gainbehera saihesteko egin ziren. Tanzimataren helburu nagusietako bat ejerzitua indartzea zen Europan erabilitako metodoak imitatuz. Bigarren helburu nagusitzat, Otomandar Inperioa osatzen zuten kulturen arteko oreka lortzea zen, lehenago egondako egiturak musulmanei soilik mesede egiten zielako. Erlijioen arteko orekak liskarrak geldiaraziko zituelakoan zeuden, eta, horretarako, musulmanen eta kristauen arteko legeak eta eskubideak berdindu ziren. Inperioa indartzeko aldaketa hauek Dimitrios Zambakos Pasha, intelektual liberalek, otomandar gazteen erakunde sekretuak eta Otomandar Parlamentuaren sortzailetzat hartzen den Midhat Pashak eraman zituzten aurrera. Tanzimatean egondako krisiei esker, 1876an Midhat Pasha-k Konstituzioa idatzi zuen, horrek Otomandar Inperioaren amaiera ekarriz.
Tanzimataren Garaia (1839-1976)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai honetako ideia nagusia biztanle guztien arteko bizikidetza bultzatzea zen[4]. Sinismen erlijioso desberdinak kontuan izan gabe, funtsezko eskubide batzuk eman zitzaizkien. Hau guztia biztanleriaren arteko berdintasunak bultzatzeko eta Inperioaren barnean nazionalismoaren ideiekin amaitzeko egin zen.
Aurretik, Europan egondako eta erreformistak ziren politiko batzuk, bertan ikasitako metodo batzuk aplikatu zituzten. Metodo hori erabiliz departamentuak ministerio bilakatu ziren. Erreforma politikoez gain, aurrerapen teknologikoak eman ziren; adibidez, telegrafoa eta trenbideak.
Urteak aurrera egin ahala zergak igo ziren. Honek burokrazia prestatuago bat eta hezkuntzaren indarpena eskatzen zituen, funtzionarioak prestatzeko. Gainerako erreformek ere dirua eskatzen zutenez, Otomandar Inperioa hipotekatu egin zen, etorkizun ekonomikoa zalantzan jarriz eta Europako potentziei diru-laguntzak eskatuz. Zorrak etengabe handitzen zihoazenez, Europak Inperioa kontrolatzen amaitu zuen.
Erreformak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tanzimaten erreformak Mahmud II.a sultanaren agindupean hasi ziren[5]. 1839ko azaroaren 3an, Abdulmezid I.a sultanak Hatt-i Sharif edo Gülhane izeneko ediktua igorri zuen. Horren ondoren, zenbait estatutuk bere politikak aldarrikatu zituzten. Ediktuan, sultanak adierazi zuen “Administrazio on baten onurak Otomandar Inperioko probintzietara erakunde berrien bidez eraman" nahi zituela.
Hezkuntzan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreformen aurretik, Otomandar Inperioko hezkuntza ez zen estatuaren ardura izan, baizik eta zenbait mijoena; musulmanen hezkuntza ulemak kontrolatzen zuen eta erlijiora zuzenduta zegoen. Sisteman lehen aldiz sartu zirenean, itsasontzi-ingeniaritzako (1773), ingeniaritza militarreko (1793), medikuntzako (1827) eta zientzia militarretako (1834) fakultateak sortu ziren. Diplomatiko eta administratzaileentzako antzeko erakundeak ere sortu ziren, itzulpen-bulegoa (1833) eta zerbitzu zibileko eskola (1859) barne; azken hori 1877an berrantolatu zen eta, azkenean, Ankarako Unibertsitateko zientzia politikoetako departamentua eta goi mailako funtzionarioen prestakuntza-zentro nagusia bihurtu zen.
1846an estatuko hezkuntzako lehen plan integrala aurkeztu zen. Lehen eta bigarren mailako eskolen sistema oso bat eman zuen, unibertsitate mailara eramateko, guztiak Hezkuntza Ministerioaren pean. Lehen hezkuntza doakoa eta derrigorrezkoa aurreikusten zuen hezkuntza-planak. Bi eskemek poliki-poliki egin zuten aurrera, diru faltagatik, baina esparru bat eskaini zuten, non hezkuntza programa sekular eta sistematiko baterantz garatzea gerta zitekeen. Estatu sistemaren garapenari mesede egin zion musulmanak ez ziren mijoen-eskolen aurrerapenaren adibideak, eskola horietan ematen zen hezkuntza Otomandar eskoletan baino modernoagoa baitzen.
Legedian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legea ere mijoen ardura izan zen. Itunek atzerritarrak eta otomandarrak salbuetsi zituzten, atzerriko kontsulek lege penalaren aplikaziotik babestu zituztenak. Tanzimateko erreformatzaileek bi helburu zituzten legearen erreforman eta lege-prozeduran: lege otomandarra europarrentzat onargarri bihurtzea, kapitulazioak indargabetu eta subiranotasuna berreskuratu ahal izateko, eta lege islamiko tradizionala modernizatzea. Bere ahaleginak kode komertzial bat (1850), prozedura komertzialeko kode bat (1861), itsas kode bat (1863) eta kode penal bat (1858) aldarrikatzean gertatu ziren. Frantziaren eragina nagusitu zen haiengan, 1870-1876ko kode zibilean egin zuen bezala. Legeak gero eta gehiago administratu ziren estatuko auzitegi berrietan, ulemen kontroletik kanpo. Aurreikusitako helburuak lortu ez zituzten arren, etorkizuneko arrakastarako oinarria eman zuten.
Gulhaneko ediktua (1839)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gülhaneko Dekretu Noblea, Abdulmezid sultanaren gobernupeko Tanzimataren erreformen lehen erreforma handia izan zen, bai eta sekularizaziorako mugimenduan gertaera erabakigarria ere. Topkapi Jauregiko lurretan arrosa etxearen izena daraman dekretuak bertan behera utzi zuen zergen laborantza. Zerga sistema burokratiko bat ere sortu zuen soldatapeko zerga biltzaileekin. Gainera, Ediktuak derrigorrezko zerbitzu militarra ezarri zuen administrazio-barrutien barruan, biztanleriaren tamainaren arabera.
Hala ere, dekretuaren klausularik esanguratsuena zuzenbide-estatua betearazten zuena izan zen subjektu guztientzat, baita musulmanak ez direnentzat ere, guztiontzako bizitza-eskubidea eta jabetza bermatzen baititu. Horrek amaiera eman zion Kul sistemari, zeinak aukera ematen baitzuen gobernariaren zerbitzariak exekutatzeko edo haien jabetzak konfiskatzeko. Erreforma horiek herritar otomandar guztientzat berdintasun legala eta soziala ezartzea izan zuten helburu. Klausula horrek komunitateen pribilegioekin amaitu zuen, eta gizarte bat eraiki zuen, non guztiek lege bera jarraitzen zuten.
Eraginak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gulhanen Ediktuak eta Tanzimatak gizartean eragin handia izan arren, ez zuten Konstituzioak duen indarra edota Sultanak bezain beste indar. Tanzimat garaian ezarritako eskoletan hezitakoen artean, Otomandar Inperiotik aterako ziren nazio-estatuetako pertsonaia nagusiak zeuden, hala nola, Mustafa Kemal Pasha eta Turkiako Errepublikako beste buruzagi eta pentsalari batzuk, baita Balkanetako, Ekialde Hurbileko eta Afrikako beste pertsona asko. Azkenean, sistema hori desegin zuten Krimeako Gerraren ondorengo negoziazioetan[6].
1856ko Gutunean, Europako potentziek subiranotasun handiagoa eskatzen zuten inperioko komunitate etnikoentzat, otomandarrek ez bezala, berdintasuna eman nahi zuten eta horrek tratu berdina suposatzen zuen herritar guztientzat. Honek kristauak sendotzeko balio izan zuen, haien botere ekonomiko eta politikoa areagotuz.
Martxan jarritako erreformak 1876an iritsi ziren punturik gorenera. Urte berean sultanaren botere aristokratikoa mugatzen zuen Konstituzioa ezarri zen. Abdul Hamid II.a sultan berriak lehen konstituzioa sinatu bazuen ere, berehala kontra egin zuen.
Zenbait adituk diotenez, musulmanaren ikuspegi islamiar tradizionalaren arabera, Tanzimat-ek musulman ez zirenekiko izan zuen aldaketarik handiena. Menpeko biztanleriaren egoeratik (dhimmi) berdinak izatera pasatu izanak, Hamidianho masakrearen eta Armeniar genozidioaren erantzule izan zen. Historialarien ustez, hauek izan ziren komunitate musulmanak saihestu ezin izan zituen erreakzioak, Tanzimat-en balioak goitik ezartzen baitziren eta ez baitzituzten gizartearenak islatzen.
Eraginak probintzia ezberdinetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Libanon, Tanzimat erreformek helburutzat, legearen aurrean, tradiziora itzultzeko asmoa zuten. Hala ere, Ate Gorenak azpian zegoen gizarte-orden hierarkikoa aldatu gabe geratuko zela jakin zuen. Libano mendiko eliteek Tanzimat oso desberdin interpretatu zuten, eta emantzipatu berri ziren maronitarren artean etno-erlijio altxamenduak eragin zituzten. Ondorioz, Europako eta otomandar funtzionarioek biztanleen leialtasuna irabazteko “lehiaketa” bat egin zuten: frantsesek maronitak babesten ziuztela aldarrikatzen zuten; britainiarrek, drusoak; eta otomandarrek sultanaren onginahia aldarrikatzen zuten, pertsona guztiak, erlijioari dagokionez, berdinduz.
Palestinari dagokionez, nekazal-erreformak, batez ere lurraren jabetzaren inguruan 1858an egindako legeak, errusiarrak ziren juduei lurrak erosteko aukera eman zien. Azken honek lehenengo Aliyan emigratzeko aukera eman zien. Zerga-oinarria handitzeko, otomandar estatuak Palestinako arabiarrek haien lur jabetzak erregistratu behar zituzten ezarri zuen. Arau orokor gisa, fellahinak ez ziren erregimenaz fidatzen, inskripzio zergak eta derrigortasun handiagoak bakarrik ekarriko zituelakoan baitzeuden. Fellahinen artean analfabetismoa nagusitu zenez, mukhtar askok herriko lurrak beren izenarekin erregistratu zituzten. Aurretik aipatutakoaren ondorioz, jabegoa aldarrikatu eta bertako nekazarien lurrak saldu ahal izan zituzten judu etorkin berriei. beraiek betiko Siriara edo Turkiara joan baitziren. Kristau edota musulman familia aberatsek, "Effendis" klaseak, beren kabuz ustiatzen zituzten lurrak saldu ahal izan zituzten.
Ondorioak politikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asmo aurrerakoiak gorabehera, Tanzimaten erreforma-politikak porrot egin zuen azkenean[7]. Erreformen inguruabar historikoak, porrot horren arrazoiak eta erreformen ondorioak interesgarriak dira azterketa historikorako, eta mundu osoko historialariek aintzat hartzen dituzte.
"Laburbilduz, 1838tik 1908ra arte, Otomandar Inperioak biziraupenaren aldeko bere azken borroka kondenatua burutu zuen." Zeynep Çelik.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Tanzimat. 2022-04-29 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ Gelvin, James L.. (2008). The modern Middle East : a history. (2nd ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-532758-8. PMC 78791187. (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ Creasy, Edward Shepherd. (2011). History of the ottoman turks : from the beginning of their empire to the present time. chiefly .... British Library, Historic ISBN 1-241-43206-6. PMC 942693443. (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ (Ingelesez) «Tanzimat | Ottoman reform movement | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ (Ingelesez) «Ottoman Empire - The Tanzimat reforms (1839–76) | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ «What was the Impact of the Tanzimat Reforms on the Ottoman Empire in the Nineteenth Century - DailyHistory.org» dailyhistory.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Carolus. (2020-06-02). «Los otomanos no musulmanes y su fin (I): millet y Tanzimat» Desvelando Oriente (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).