Edukira joan

Guardiako aintzirak

Koordenatuak: 42°33′15″N 2°34′22″W / 42.554028°N 2.572653°W / 42.554028; -2.572653
Wikipedia, Entziklopedia askea
Guardiako aintzirak
Motahezegune
Geografia
Map
Koordenatuak42°33′15″N 2°34′22″W / 42.554028°N 2.572653°W / 42.554028; -2.572653
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
Arabako eskualdeaArabako Errioxako kuadrilla
UdalerriaGuardia
HustubideaEz du

Guardiako aintzirak Arabako lau hezegune dira, Guardia hiritik gertu daudenak. Aintziretako hiru -Carralogroño, Carravalseca eta Musco- aldi baterako urmaelak dira, jatorri naturala dutenak; laugarrena, Prao de la Paúl, urtegi txiki bat da. 2015ean, Eusko Jaurlaritzak aintzirak Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatu zituen.[1] Ingurune endorreiko bat osatzen dute, hau da, bertara doan urak ez da mediterranear isurialdekoa, baizik eta bertan geratzen da, ihesbide barik[2].

Carralogroño eta Carravalsecako urmaelak arian-arian galdutako hezeguneak dira, laborantzarako lehortu baitziren. Muscoko urmaelaren kasua: drainatu, lehortu eta landatu egin zuten. Beste hiru hezeguneak biotopo babestu izendatu zituzten arte ez zioten Musco lehengoratzeari ekin.[3]

1995eko dekretu baten bitartez, biotopo babestu izendatu zituzten Carralogroño, Carravalseca y Prao de la Paúlko urmaelak. Garai hartan, drainatuta, lehortuta eta landatuta zegoen Musco, eta jabe pribatuen esku. Horregatik guztiagatik –eta nahiz eta Guardiako urmael multzoaren parte izan–, hasiera batean, ez zuten biotopo babestuaren barruan sartu; bai, ordea, haren aldirietako babes-gunean.[3]

Biotopo babestuaren gunetik at gelditu bazen ere, oinarriak ezarri ziren, gerora Musco ere han sartzeko, aurreikusi baitzuten Muscoko urmaela lehengoratzeko programa bat abiaraziko zutela, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren artean (biotopo babestuaren kudeatzaile gisa jardungo zuen azkenak). Foru Aldundiak Muscoko urmaeleko lurrak eskuratu zituenean, bide eman zitzaion eremu hori lehengoratzeari heltzeko aukerari, eta, horrekin batera, biotopo babestuaren barruan sartzekoari.[3]

Guardiako urmaelen inguruan, mahastien laborantza da nagusi. Urmaelen ekosisteman eragin du jarduera horrek; izan ere, isurialdeen arroetan landaredi natural gutxi dago –albitz-belardi, belardi eta bazterreko sastrakak lur-zati publikoetan edo laborantzen ertzetan, non, egun, apenas baitago larratzerik, baina hainbat bertako hegazti bizi baitira. Laborantzaren eraginez, jalkinak, ongarriak eta fitosanitarioak iristen dira urmaeletako asketara, gainazaleko herrestatzea dela eta.[3]

Gainera, urmaelen inguru gehiena hartzeraino iritsi da laborantza-jarduera, ur-bazterretaraino ere, eta, ondorioz, landaredi-orlarik egotea eragotzi du.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]