Edukira joan

Eurypterida

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eurypterida
Ordoviziar-Permiar

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
Ordena Eurypterida
Burmeister, 1843
Azpibanaketa
Stylonurina Diener, 1924

Eurypterina Burmeister, 1843

Eurypterida, artropodoen Merostomata klaseko ordena iraungitua da. Inoiz izandako artropodorik handienak izan ziren eta gaur egun 250 espezie baino gehiago ezagutzen dira[1].Ordoviziarraren hasieran (467 milioi urte dela) azaldu ziren[2] eta Permo-Triasiar iraungipen masiboan desagertu ziren, duela 251 milioi urte.

"Itsas eskorpioi" izena eman zaie eskorpioiekiko duten itxuraren antzekotasunarengatik, baina ez dute harreman filogenetikorik gaur egungo eskorpioiekin eta itsasoaz haratago ur gezatan ere bizi izan ziren. Handienek 2'5 metrotako luzera hartzen zuten. Fosilak Ipar Amerikan eta Europan aurkitu izan dira.

Eurypterida izena grekerazko eurús (εὐρύς), "zabala", eta pteron (πτερόν), "hegoa", hitzen elkarketatik dator eta "hegal zabala" esan nahi du[3]. Igeri egiteko erabiltzen zituen apendize zabalei egiten die erreferentzia.

Aurkikuntzen historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eurypterus remipes espeziearen fosila, Alemanian aurkitua.

1818. urtean Samuel L. Mitchillek Westmoreland inguruan (New Yorkeko estatua) aurkitutako alearen inguruan egin zuen aurreneko euripterido baten deskribapena. Oker zegoen ordea, siluru bat zela esan baitzuen. 1825ean James E. DeKayk ale bera aztertu eta artropodoa zela esan zuen. Eurypterus remipes izena eman zion eta trilobiteen eta brakiopodoen tarteko espezimen bat zela iradoki zuen[4].

1839an laugarren espezimena aurkitu zen Eskoziako harrobi batean eta Louis Agassizek deskribatu zuen. Pterygotus ("hegodun arraina") izena eman zion eta aurrekoak baino nabarmen handiagoa zen. Harrobiko langileek serafin ("aingeru") ezizena eman zioten fosilari[5].

1843an Hermann Burmeisterrek trilobiteen eta antzekoen taxonomia argitaratu zuen eta krustazeoen taldean sartu zituen. Euripteroen hiru espezie ezagutzen ziren orduan eta hirurak aipatu zituen[6]. Hurrengo urteetan ale berriak aurkituz joan ziren eta 1893an Malcolm Lauriek Anatomy and Relations of the Eurypterida lanean euripteridoen arteko harreman filogenetikoak eta antzeko taldeekin zituztenak (trilobite, krustazeo, eskorpioi eta araknidoak) zehazten saiatu zen. 1912an John Mason Clarke eta Rudolf Ruedemann paleontologoek egin zuten aurreneko zuhaitz filogenetikoa eta bi talde zehaztu zituzten; Eurypteridae eta Pterygotidae. Era berean euripteridoak eta ferra-karramarroak Merostomata klasearen barnean kokatu zituzten.

Artropodoa izanik gorputza segmentaturik eta apendizeak artikulaturik zituzten. Gorputza estaltzen zuen kutikula proteinaz eta kitinaz osaturik zegoen.

Euripteridoen ale handienak gizakiarekin alderatuta.

Aurkitu den euripterido handiena Alemaniako Prüm hirian azaldu zen[7]. Jaekelopterus rhenaniae espezieko alebaten kelizeroa da eta aztertu ondoren 2'5 metro inguruko luzera kalkulatu zaio[8]. Delta batetako padura eta zingiratan biziko zela uste da. Bi metrotik gorako espezieak ugari dira eta ikerketu izan da halako tamaina handiarekin nola izango zuten posible mugitzea, arnasa hartzea edota exoeskeletoa mudatzea. Eraikuntza arina izango zutela pentsatzen da, kutikula fina eta mineralizatu gabea izango zutela.

Euripterido gehienak handiak ziren arren bazeuden tamaina txikia hartzen zuten espezieak ere. Alkenopterus burglahrensis da espezierik txikiena, 2'03 cm baino ez[9].

Gorputzaren atalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Campylocephalus stylonurinoan ongi bereizten dira prosoma eta opistosoma.

Kelizeratuen antzera gorputzak bi tagma edo atal zituen, prosoma (burua eta toraxa) eta opistosoma (abdomena).

Prosoma oskol batek babesten zuen eta begi konposatuak zituen, trilobiteen antzekoak, bai eta bi ozelo (begi sinple) ere[10]. Oskola zabala eta zapala zen[3]. Prosomatik sei apendize ateratzen zitzaizkien. Ahotik gertu dagoen aurreneko apendize pareak kelizeroak dira eta gaur egungo armiarmetan bezala pintzak dituzte elikagaia manipulatu eta ahora eraman ahal izateko[10]. Gainerako apendize pareak lokomoziorako erabiltzen zituzten hankak ziren. Aipatzekoa da atzera joan ahala apendizeak handiagoak zirela eta seigarren apendizeari begiratuta bi multzo handi bereizten dira, hanka itxurakoa dutenak (Stylonurina subordena) eta arraun itxurakoa dutenak (Eurypterina subordena)[11].

Opistosomak 12 segmentu eta telsona (isatsa) zituen. Segmentu bakoitzak bi atal zituen, artopodo guztietan gertatzen den bezela, gainaldekoa tergita eta alde bentralekoa esternita[3]. Segmentu bakoitzari zegokion apendize parea ezkata itxurakoa zen eta abdomena azpitik babestea zuen helburu. Opistosomaren aurreneko bi segmentuak (animalia osoaren 7.a eta 8.a) fusionaturik zegoen operkulu genitala eratuz. Espezie gehienetan telsonak laban itxura zuen eta igeri egiterakoan lema gisa erabiltzen zutela proposatu izan da[10].

Euripteridoen kokapen sistematikoa aspalditik eztabaidagai izan da. Kelizeratuak direla garbi dago eta badirudi filogenetikoki gertuago daudela Xiphosura ordenetik araknidoetatik baino.

Euripteridoen barnean bi multzo handi bereizten dira, Stylonurina subordena eta Eurypterina subordena. Jarraian agertzen den kladograma Erik Tetliek osatu zuen 2007an[11].

Eurypterida
Stylonurina

Rhenopteroidea

Stylonuroidea

Kokomopteroidea

Mycteropoidea

Eurypterina

Megalograptoidea

Eurypteroidea

Carcinosomatoidea

Waeringopteroidea

Adelophthalmoidea

Pterygotioidea

Hughmilleria

Herefordopterus

Slimonia

Pterygotidae

Paleobiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euripterido bat igerian.

Euripteridoen aurreneko bost apendizeak hanka artikulatuak ziren eta seigarrenean zegoen ezberdintasuna. Stylonurinoen sei apendize pareak hanka indartsuak ziren eta gaur egungo karramarroen antzera ibiliko zirela pentsatzen da. Euripterinoen kasuan seigarren apendize oparea handia eta zapala zen eta igeri egiten zutela uste da. Laban itxurako isatsa lema gisa erabiliko zuten. Aurreko bost hanka pareak ordea txikiak ziren eta narrasean joateko baino ez zieten balioko[11]. Alde bentrala gorantz begira igeri egiten zutela esan izan da baina begien posizioak ezeztatu egin du[7].

Hainbat iknofosil aurkitu dira espezieen lokomozioa hobeto zehazteko balio izan dutenak[12].

Pterygotus bat Birkeniak ehizatzen.

Euripteridoen digestio aparatuan ez da aztarnarik aurkitu eta itxura abiapuntutzat hartuz estrapolatu da haien elikadura estrategia. Ikusmen estereoskopikoa zuten[13], animalia handiak ziren eta apendize arantzatsuak zituzten, horrek guztiak iradokitzen du haragijaleak zirela. Espezie batzuetan apendize arantzatsuak espezializazio handikoak dira gainera. Dirudienez harraparitza ez zen espezie handien estrategia esklusiboa, txikienek ere jokaera berdina izango zutela uste da.

Koprolito batzuk aurkitu dira Ohioko ordoviziar garaiko geruzetan. trilobite zatiak zituzten batzuk eta Megalograptus ohioensis espeziearen koprolitotan espezie bereko zatiak aurkitu dira, kanibalismoaren zantzua litzateke. Lanarkopterus dolichoschelus espeziearen koprolitotan agnatu (barailarik gabeko arrainak) zatiak ikusi dira[13].

Animaliok bost zakatz pare zituzten eta alde bentralean kokaturik zeuden. Segmentuko apndizeekin kutxa erara babestuta zituzten[7]. Zakatzak bigunak ziren, belakien antzekoak, eta arantza txikiak eta inbajinazioak zituzten azalera handitzeko balio zutenak.

Azkar ugaltzen ziren euripteridoak. Badirudi talde txikiak osatuz bizi zirela[7]. Gero eta ebidentzia gehiago daude espezie batzuk bizimodu anfibioa zutela frogatzen dutenak. Gaur egungo karramarroen gisa itsasertzean lehorrera ateratzeko gaitasuna izango zuten[7].

Pentecopterus decorahensis parea beren habitatean, euripterido zaharrenetakoa. Patrick J. Lynchen ilustrazioa.
Adelophthalmus irinae, Permiar garaira iritsi zen genero bakarreko kidea.

Ordoviziarrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkitu den euripterido zaharrena Pentecopterus espeziekoa da eta duela 467`3 milioi urte dituela estimatzen da, Ordoviziar garaikoa beraz. Zaharragoak aurkitu direla dioten berriak ere badaude baina oraindik aztertu beharra dago haien datazioa. Euripteridoen antzeko fosilak aurkitu izan dira Kanbriarreko geruzatan ere, adibidez Fuxianhuia, eta "antzinako euripterido" izena eman zaien arren ez dira benetako euripteridoak[14]. Pentecopterus decorahensis Iowan aurkitu zuten 2010ean, Decorah hiriko Winneshiek Shale harrobian, eta 2015ean deskribatu zuen James C. Lamsdell paleontologoak. Metro eta erdiko luzera zuen. Izenak antzinako greziarren "pentecontero" gerra-itsasontziari egiten dio erreferentzia, itxuran antza izateaz gain harrapari izaera nabarmena zuelako[15].

Ordoviziarreko euripteridoen erregistro fosila nahiko urria da, izan ere garai hartan kokaturiko ale askok datazio akatsak zituztela ikusi baita. 11 espezie baino ez dira ezagutzen ordoviziar garaikoak. Bi multzotan berezi daitezke, laurentiako harrapari handiak eta Gondwanako itsas hondoetako animaliak[16].

Siluriar garaian izugarri dibertsifikatu ziren, bereziki Pridoli epokan (423-419 milioi urte artean), ordukoak baitira aurkituriko 150 espezie, erdia baino gehiago[14]. Siluriarrean bizi ziren euripteridoen %90a euripterinoak ziren. Denetan ugariena Eurypterus generoa zen, eta genero honetan %90 inguru Eurypterus remipes espeziea zen. Animalia harraparia izateaz gain sarraskijalea ere bazen, baina itsasoko zizareetaz elikatzen zen nagusiki[13]. Espezie inbasorea izan zen eta berehala kolonizatu zituen Euramerika osoa[17]. Biziraupen tarte txikia izan zuen ordea, 432 milioi urte inguruan sortu eta Prilodi epokaren amaieran desagertu baitzen[18].

Siluriarraren amaieran euripteridoak espezializatuz joan ziren eta ale handienak agertu ziren. Seigarren apendizeak arraun handi baten itxura hartu zuen, honi esker ozeanoak zeharkatzeko gai ziren aleak agertu ziren, eta bestetik kelizeroek ere asko eboluzionatu zuten, harrapakinari ongi heltzea edo harrapakina hiltzea ahalbidetuz[19].

Devoniar garaian espezie berriak sortzen joan ziren baina euripterinoen multzoa atzera egiten hasi zen, 10 milioi urtetan espezieen %50a desagertu baitzen. Stylonurinoen artean espezie bakarra iraungi zen. Hauek arrainekin lehiatzeari utzi eta txoko ekologiko berriak kolonizatu zituzten. Honen ondorioz irradiazio handia izan zuten eta espezie aniztasuna nabarmen handitu zen.

Karboniferoan eta Permiarrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru euripterido familia baino (Adelophthalmidae, Hibbertopteridae eta Mycteroptidae) ez ziren gai izan Devoniar iraungipen masiboa jasan eta Karbonifero garaira iristeko[20]. Familia horiek ur gezatan bizi ziren, itsasoan utzitako hutsunearen ondorioz arrain sarkopterigioak bihurtu baitziren itsasoetako harrapari nagusi. Permiar garaira Adelophthalmus generoa soilik iritsi zen eta izugarri zabaldu zen ur geza eta gazikaratan. Azkenik Permo-Triasiar iraungipen masiboan desagertu ziren euripteridoak[21].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. University of California, Museum of Paleontology
  2. (Gaztelaniaz) «El Periodo Ordovícico: ▷ Caracteristicas, clima, flora y fauna» Las Eras Geológicas (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  3. a b c (Gaztelaniaz) «Quelicerados. Merostomata. Eurypterida. Los escorpiones de mar» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  4. Clarke, John Mason; Ruedemann, Rudolf. (1912). The Eurypterida of New York. University of California Libraries ISBN 978-1125460221..
  5. Kjellesvig-Waering, Erik N.. (1964). «A Synopsis of the Family Pterygotidae Clarke and Ruedemann, 1912 (Eurypterida)» Journal of Paleontology 38 (2): 331–361. ISSN 0022-3360. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  6. Burmeister, Hermann. (1843). Die Organisation der Trilobiten aus ihren lebenden Verwandten entwickelt. Georg Reimer, (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  7. a b c d e «Eurypterida | Wiki | Amino Paleontología Amino» Amino Paleontología | aminoapps.com (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  8. (Ingelesez) Cressey, Daniel. (2007-11-21). «Giant sea scorpion discovered» Nature  doi:10.1038/news.2007.272. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  9. (Ingelesez) Poschmann, Markus; Tetlie, O. Erik. (2004-12-01). «On the Emsian (Early Devonian) arthropods of the Rhenish Slate Mountains: 4. The eurypteridsAlkenopterus andVinetopterus n. gen. (Arthropoda: Chelicerata)» Senckenbergiana lethaea 84 (1): 173–193.  doi:10.1007/BF03043470. ISSN 0037-2110. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  10. a b c (Ingelesez) Linnean Society of London; Linnean Society of London; Linnean Society of London. (1855). «Zoological journal.» Zoological journal. ISSN 0024-4082. PMC 233066560. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  11. a b c (Ingelesez) «Distribution and dispersal history of Eurypterida (Chelicerata)» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 252 (3-4): 557–574. 2007-09-03  doi:10.1016/j.palaeo.2007.05.011. ISSN 0031-0182. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  12. (Ingelesez) «Eurypterid trackways from the Table Mountain Group (Ordovician) of South Africa» Journal of African Earth Sciences 29 (1): 165–177. 1999-07-01  doi:10.1016/S0899-5362(99)00087-1. ISSN 1464-343X. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  13. a b c (Ingelesez) Palaeontological Association. (1967). Special papers in palaeontology.. The Palaeontological Association PMC 1091169456. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  14. a b O'Connell, Marjorie. (1916). "The Habitat of the Eurypterida". The Bulletin of the Buffalo Society of Natural Sciences. 11 (3):, 1-278 or..
  15. «Así era el Pentecopterus, un extraño depredador del mar ancestral con cuerpo de 'escorpión marino' gigante» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  16. Lamsdell, James C.; Briggs, Derek E. G.; Liu, Huaibao P.; Witzke, Brian J.; McKay, Robert M.. (2015-09-01). «The oldest described eurypterid: a giant Middle Ordovician (Darriwilian) megalograptid from the Winneshiek Lagerstätte of Iowa» BMC Evolutionary Biology 15 (1): 169.  doi:10.1186/s12862-015-0443-9. ISSN 1471-2148. PMID 26324341. PMC PMC4556007. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  17. (Ingelesez) «National Fossil Day : Eurypterus remipes» Biodiversity Heritage Library 2013-10-16 (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  18. Tetlie, O. Erik. (2006-01-01). «Two new Silurian species of Eurypterus (Chelicerata: Eurypterida) from Norway and Canada and the phylogeny of the genus» Journal of Systematic Palaeontology 4 (4): 397–412.  doi:10.1017/S1477201906001921. ISSN 1477-2019. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  19. (Ingelesez) Plotnick, Roy E.; Baumiller, Tomasz K.. (1988). «The pterygotid telson as a biological rudder» Lethaia 21 (1): 13–27.  doi:10.1111/j.1502-3931.1988.tb01746.x. ISSN 1502-3931. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  20. (Ingelesez) Hallam, A.; Wignall, P. B.. (1997-09-11). Mass Extinctions and Their Aftermath. Oxford University Press, UK ISBN 978-0-19-158839-6. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  21. (Ingelesez) Bergstrom, Carl T.; Dugatkin, Lee Alan. (2012). Evolution. Norton ISBN 978-0-393-92592-0. (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]