Domingo Basabilbaso
Domingo Basabilbaso | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Laudio, 1709ko irailaren 1a |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Heriotza | Buenos Aires, 1775eko maiatzaren 9a (65 urte) |
Hobiratze lekua | Buenos Aires Metropolitan Cathedral (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | enpresaburua |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Domingo Basabilbaso Lapresa[1] (Laudio, Araba, 1709ko irailaren 1a - Buenos Aires, Argentina, 1775eko maiatzaren 9a) enpresaburu eta politikaria izan zen. Gaztea zela Ameriketara joana, orduan Espainiako koroaren menpean zegoen Río de la Platako gobernazioa zen lurraldean posta zerbitzua antolatu zuen. Argentinan posta zerbitzuaren aitzindaria izateagatik gogoratzen dute.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere gurasoak Domingo Antonio Basabilbaso Usparitxa (Bilbo, 1863) eta María Rosa de la Presa Ereinotza izan ziren; la Presatarrek jatorria Orozkon zuten[2]. Laudion jaioa, bertako Done Petri Lamuzakoaren elizan bataiatu zuten. Osaba batek Montevideon zuen negozioan lan egiteko 16 bat urterekin Ameriketara joan zen. Han merkataritza eta politika arloetan aipatzeko moduko ibilbidea egin zuen.
1730eko maiatzaren 9an Buenos Airesen María Ignacia Urtubiarekin (hau ere euskal jatorrikoa baina bertan jaioa) ezkondu eta han plantatu zen; Gabriela, Francisco Antonio, Rosa, María Victoria, Rafaela eta Manuel seme-alabak izan zituzten[3]. Hiri honetako bizitzan kargu publiko batzuk izan zituen; 1736an Udaletxeko (cabildo) alkate, 1745ean síndico eta 1767an zinegotzi (regidor). Katedrala eraikitzeko lanen diruzaina eta Zalditeriaren milizietako kapitaina ere izan zen, beraz oro har administrazio kolonialaren eremu nagusietan goi-karguak okupatu zituen.
Posta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere ardurengatik gobernazio osoan zehar bidaiatu zuen; orduan ez zegoen posta zerbitzu erregularrik; 1747an erregeorderriko hiriburua zen Liman proiektua aurkeztu eta koroaren baimena lortu zuen Buenos Aires eta egun Bolivian dagoen Potosíren artean posta sistema antolatzeko. “Posta-karreretan” oinarrituta, laudioarrak sarearen zabalpena planifikatzen segitu zuen. Agintariek proposamenari egindako aldaketekin ados egon ez zenez posta zerbitzu osoaren ardura ez zioten berari eman eta Juan Vicente Betolatzari eskaini zioten. Zerbitzu hau abian jarri zen data (1748ko ekainaren 17a) Río de la Platako “posta finko” edo erregularraren jaiotzatzat jotzen da. Horren ondorioz Basabilbaso Argentinako posta zerbitzuaren aita dela esan ohi da.
1752 eta 1754 artean Basabilbasok bi bidaia sustatu zituen, administrazio kolonialean zituen kontaktuak baliatuta San Juliángo portuko gatzagak eta arrantza ustiatu nahian; bere itsasontzia hondoratu eta zenbait langile ito izanak proiektu horri amaiera ekarri zion[4].
1767an Jerónimo Grimaldiren aginduz egindako itsasoz haraindiko posta zerbitzuaren antolaketan Basabilbaso A Coruñatik Montevideora eta handik Buenos Airesera heltzen zen postaren administratzaile izendatu zuten. 1769an, lehorreko posta zerbitzu sortu berriaren ardura ere eman zioten. Kargu honetatik sarea garatzeari ekin zion; 1771n bi linea inauguratu ziren: alde batetik “Santiagoko karrera nagusia” (761 legoa), Buenos Airestik Mendoza, Santiago de Chile, Concepción eta Valdiviarekin lotzen zuena eta bestetik “Potosíko karrera orokorra” (716 legoa), Córdoba, Santiago del Estero, Tucumán, Salta eta Jujuytik pasatu eta gero egun gehienbat Bolivia den Peru Garaira heltzen zena, Potosíra hain zuzen.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1771ean erretiratuta, berak zuen kargua Manuel semeari (1739an jaioa) pasatzea lortu zuen; Manuel izan zen Buenos Airesko postetxea eraiki zuena. Domingo 1775eko maiatzaren 5ean hil zen eta Buenos Airesko Metropoliko Katedralean dago lurperaturik, Argentina, Txile eta Peruko askatzailea izan zen Jose San Martin-engandik hurbil. Bere hilobian, dena den, ez dago Basabilbasoren heriotzari buruzko erreferentziarik. Dirudienez, bere emaztea zena 1764an hil zenean bere hilobirako hilarri bat egiteko agindua egin zuen. Gerora, 1775ean Domingo bera hil zenean bere senitartekoek emaztea zenaren hilobian bertan lurperatu zuten, bere izena eta heriotza eguna ezarri gabe. Honela dio bada bere hilarrian:
« | Aquí yace María Ignacia de Urtubia y Toledo esposa que fue de Domingo de Basavilbaso a quienes pertenece esta sepultura - falleció el día 16 de agosto de 1764.
(Hemen datza Maria Ignacia Urtubia Toledo, Domingo Basabilbasoren emazte izan zena (haiena baita hilobi hau). 1764ko abuztuaren 16an hil zen.) |
» |
Basabilbasotarrak hiriko garaiko familia boteretsuenetakoak izan ziren eta hurrengo belaunaldietan jatorri bizkaitarreko Azkuenagatarrekin[5] eta Campijotik (Artziniega) heldutako Santa Colomatarrekin [6] “Azcuénaga - Santa Coloma – Basavilbaso” familia aristokratikoa sortu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Espainierazko grafian (de) Basavilbaso ere idatzia; amaren deitura “Lapresa” zein de la Presa formetan aurki daiteke.
- ↑ Linaje e Hidalguía vasca: algunos expedientes presentados al Cabildo de Buenos Aires hasta 1810. Sus escudos como credenciales de identidad., Nora Siegrist de Gentile, Euskonews.
- ↑ Extracto de los expedientes de la Orden de Carlos 3.o, 1771-1847, Vicente de Cadenas y Vicent.
- ↑ Domingo Basabilbaso. Correos en el Río de la Plata, Ángel Martínez Salazar, Gara.
- ↑ Vicente Azkuenaga Euskomedian.
- ↑ Santa Coloma: Protagonismo en la Historia Argentina, Familypedia webgunea.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Ángel Martínez Salazar: Presencia alavesa en América y Filipinas, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1988. Ikus 97-98.or. Basabilbasoren gaineko atala G. Lohmann Villenaren Los americanos en las órdenes nobiliarias lanean oinarrituta dago (2. liburukia, 282-283.or.).
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Posta finkoaren 250. urteurrena.
- (Gaztelaniaz) Argentinako posta zerbitzuaren historia.
- (Gaztelaniaz) Familiaren genealogia.