Chicago Bulls Chicagon sortutako hirugarren frankizia da, Packers/Zephyrs (orain Washington Wizards) eta Stags (1946-1950) taldeen ondoren. 1966-1967ko denboraldian hasi zuen ibilbidea NBAn, eta handitze aukeraketa batetik etorritako talderik onena zela berehala azaldu zuen NBAko kanporaketerarako sailkatzea lortuz.[1]International Amphitheatre-n jokatu zituzten lehenengo bi denboraldiak, Chicago Stadium-era lekuz aldatu baino lehen. Hurrengo urteetan talde lehiakorra osatzen saiatu ziren, garai hartan gailendu ez arren. Talde bortitz, borrokatzaile eta defentsara emana izan zen 1970eko hamarkadan. Jerry Sloan defentsa gogorrak, Bob Love eta Chet Walker hegalekoek, Norm Van Lier antolatzaileak, eta Clifford Ray eta Tom Boerwinkle pibotek osatu zuten haren oinarria. Dena dela, saileko garaipen bat bakarrik lortu zuen taldeak, eta ez zen NBAko finaletara heldu.