Edukira joan

Baskonizazio berantiarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Akitanierazko izenak dituen estela, Bossens, Garona Garaia: SILVANO BI- / HOTARRIS F(ilio) / AMOENAE / SEMBETTENIS F(iliae) VX(ori)

Baskonizazio berantiarra[1], baskoitze berantiarra[2], beranduko baskonizazioa edo euskalduntze berantiarra[3][4] euskaldunen eta euskararen historiari buruzko hipotesi bat da, gaur egungo zientzia komunitatean bazterrekoa dena, onarpen handirik gabea. Hipotesi horrek gaur egun dioenez, euskara Hego Euskal Herrira Goi Erdi Aroan heldu zen, jatorria Akitanian —bereziki Bigorran edo Commingesen— izan zuen migrazio baten ondorioz.[5]

Lehenago, baskonizazio berantiarraren hipotesiak zioen baskoiak gaur egungo Euskal Herriko ipar-mendebaldeko lurraldeetara Goi Erdi Aroan, bereziki V. eta VI. mendeetan, heldu zirela, eta haiekin batera euskara. Hipotesi hau aldezteko, aztarna arkeologikoen, toponimiaren eta onomastikaren interpretazio jakin bat egiten da.

Claudio Sánchez-Albornoz, Manuel Gómez-Moreno, Jürgen Untermann, Francisco Villar Liébana, Joseba Abaitua eta Héctor Iglesias historialari eta hizkuntzalariak daude hipotesi hori agertu eta aldeztu dutenen artean. Aitzitik, aurka azaldu dira Ramón Menéndez Pidal, Koldo Mitxelena, [oh 1] Julio Caro Baroja, Jose Maria Jimeno Jurio edota Joakin Gorrotxategi.[6]

Erromatarren aurreko tribuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal tribuak erromatar garaian.

Estrabonek, Plinio Zaharrak, Pomponio Melak eta Klaudio Ptolomeok eman zuten egungo Euskal Herriaren eremuan bizi ziren herrien berri. Hala ere, egile guztiek ez zuten sailkapen berdina egin. Iparraldean akitaniarrak zeuden, Garonaraino gutxienez hedatuak eta, Estrabonen arabera, hainbat tributan banatuak. Gipuzkoaren ipar-ekialdea, Nafarroa Garaia, Errioxaren ipar-ekialdeko muturra, Jazetania eta Zaragozako Cinco Villas hartzen zituen baskoien lurraldeak. Mendebalderago, Ptolomeoren arabera, herri hauek zeuden:[7]

Garai hartan lurralde bat = hizkuntza bat binomioa ez zen beti gertatzen. Baskoien lurraldean, dirudienez, hiru hizkuntza zeuden erromatarrak iritsi zirelarik: euskararen arbasoa, zeltiberiera eta iberiera.[8] Joakin Gorrotxategiren arabera, euskararen arbasoa erabat nagusi zen iparraldeko eta mendialdeko eremuetan, eta beste bi hizkuntzak gehiago ageri ziren bakoitzaren eremu nuklearretara hurbildu ahala.[9] Akitaniarrak akitanieraz mintzatzen zirela onarturik dago,[10] eta beroiak zeltatzat jotzen dira,[11] baina ez dago adostasunik barduliarren, karistiarren eta autrigoien ahaidetasunari eta mintzairari dagokienez.[12][13]

Baskoitze berantiarraren aldeko ikertzaileek autrigoien, karistiarren eta barduliarren jatorri zelta edo indoeuroparra erabiltzen dute arrazoibide nagusi gisa. Haien ustez herri horiek zerikusi gehiago izanen zuten kantabriarrekin baskoiekin baino, hizkuntzari dagokionez batez ere, eta, horregatik defendatzen dute baskoien hedapena mendebalderantz.[14] Baskoitze haren sorburua Comminges izan zela diote, gutxi gorabehera gaur egungo Frantziako Saint-Gaudenseko barrutiarekin bat zetorren Pirinioetako eskualde bat, eta handik mendebaldera jo zuela migrazioak. Alabaina, ez da ulertzen zergatik ez zen mendebaldera baizik zabaldu migrazio hipotetiko hura, zergatik ez zuten ekialdera ere jo, edo noranahi; orobat, ez da ulertzen zergatik galdu zen euskal hizkuntza jatorrizko lurralde hartan.[5]

Aldeko eta aurkako arrazoibideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vascongado terminoaren erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arnaut Oihenarten Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae.

Baskonizazio berantiarraren hipotesi klasikoaren defendatzaileen iritziz, vascongado eta bascongado terminoek frogatuko lukete baskoiek Euskal Herriaren mendebaldea, eta baita Ipar Euskal Herria ere, inbaditu zutela, alegia, lurraldea "baskoitu" zela. Izan ere, autrigoi, barduliar, beroi eta karistiar etnonimoak ez dira agertzen III. mendetik aurrerako iturrietan, eta IV. mendetik aurrera baskoi deitzen zaie lurralde horietako biztanleei. Arnaut Oihenartek proposatu zuen teoria hori Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae liburuan (1638), XVII. mendean oso zabaldurik zegoen eusko-kantabrismoa kritikatuz. Adolf Schulten eta Claudio Sánchez-Albornoz dira tesi hori aldeztu zuten historialaririk ospetsuenak.[14]

Hala ere, gaztelaniazko vascongado terminoaren lehenbiziko lekukotasunetan garbi geratzen da ez zuela "baskonizatua" esan nahi, "euskalduna" baizik. Adiera horrekin agertzen da, esate baterako, XIII. mendeko Nafarroako Foru Orokorrean: "esta zena es clamada en los bascongados on bazendu avaria", "la cayll que dize el bascongado erret bide", eta Aiara Etxearen genealogian (1371): "e los que vinieron a poblar la tierra de Ayala, dellos eran vascongados e dellos latinados. E los vascongados llamaban a éste don Vela, Jaun Velasco; e los latinados, don Belaco".[15]

Euskal itxurako lekukotasunen urritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baskonizazio berantiarraren hipotesiak nabarmentzen du Goi Erdi Aroa baino lehenagoko Hego Euskal Herriko euskal itxurako lekukotasunak urriak eta zalantzazkoak direla. Oiasso, Pompelon eta Iturissa alde batera utzirik, iturri klasikoetan aipatzen diren toponimoak ezin dira azaldu euskararen bitartez, eta mendebaldeko gehienek hizkuntza zelten ezaugarriak dituzte.[16] Francisco Villar hizkuntzalariaren arabera, Hego Euskal Herriko onomastika zaharrak agerian uzten du hizkuntza indoeuroparrak oso antzinatik hitz egiten zirela bertan. Esate baterako, Mesolitoko indoeuropar jatorria izanen lukete Nerbioi, Deba, Urola eta Kadagua hidronimoek. Nafarroa Garaian gune "proto-euskaldun" batzuk zeudela onartzen badu ere, gutxiengoa izanen ziren.[17][18] Baina Akitaniako mendebaldean, alegia, Lapurdin, Bearnon edota Landetan ere urriak eta zalantzazkoak dira berdin-berdin, eta hala ere segurutzat jotzen da horietan guztietan akitanieraz mintzo zirela.[5]

Euskal itxurako aztarnak estela eta aldare erromatarretan.

Haatik, 1960ko hamarkadatik aurrera, euskara zaharraren lekuko izan daitezkeen idazkun batzuk agertu dira baskoien eta karistiarren lurretan. Aipagarriak dira Lergako hilarriko izenak, Umme, Sahar, Narhunges, Abinsunhar, eta baita Nafarroako mendebaldean eta Zaragozako Cinco Villas inguruan aurkitutakoak ere (Serhuhoris, Loxsa, Larrahe, Selatse, Itsacurrinne...). Interes handikoak dira Lizarraldekoak, hizkuntza zelten eremuan sartu baitzuten eskualde hori, Araba bezala, Manuel Gómez-Morenok eta haren jarraitzaileek. Azkenik, 2001etik aurrera Soriako Tierras Altas eskualdean agertu diren zenbait hilarritan ere daude euskara zahar horren aztarnak: Sesenco, Onse, Onso...[5][10][19] Bestalde, Gorrotxategiren arabera, Gipuzkoan eta Bizkaian aurkitzen ditugun mailegatutako toki izen batzuek (Getaria, Sondika, Gernika...) oso mailegu goiztiarrak izan behar dute, euskararen barneko bilakaera garbia erakusten baitute.[19][oh 2]

Bestalde, oraindik argitu gabe dago zein den akitanieraren eta euskara historikoaren arteko erlazio genetikoa, alegia, akitaniera euskara historikoaren arbasoa den edo arbasoaren ahaidea. Izan ere, antzekotasun handiak dauden arren, nekez uztartu daitezkeen zenbait ezaugarri ere atzeman dituzte euskalariek.[5] Hori dela-eta, Joakin Gorrotxategik akitaniera eta baskonikoa bereizten ditu; Akitaniako lekukotasunak lehenbizikoaren barnean sartzen ditu, eta baskoien lurraldekoak bigarrenaren barnean.[10]

Euskara batu zaharra eta euskalkiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baskonizazio berantiarraren aldekoek defendatzen dute euskara baturik zegoela Antzinate berantiarrean (V-VII. mendeak). Beraz, euskalkiek ez lukete zerikusirik Antzinateko euskal tribuekin, baizik eta VI. eta XI. mendeen artean sortu izanen ziren, hizkuntza mendebalderantz hedatu ahala.[17] Euskalkiak Antzinateko euskal tribuekin lotzen zituen hipotesia Arnaut Oihenartek plazaratu zuen XVII. mendean eta, besteak beste, Julio Caro Barojak zabalpen handia eman zion.[20] Baina azken urteetako ikerketek nabarmendu dute euskalkien arteko desberdintasunak oso urriak direla, eta Goi Erdi Aroaren hasierako hizkuntza komun batetik datozela. Joseba Abaituak proposatzen du euskara komun hori V-VI. mendeen inguruan iritsi zela Akitaniatik Iruñea aldera, eta handik mendebalderantz hedatu zela Iruñea-Gasteiz ardatzean barrena. Euskalkien sorrera hedapen prozesu horren ondorioa izanen zen.[17]

Egungo euskalari gehienek baztertu dute euskal tribuak eta euskalkiak lotzen dituen teoria.[21] Izan ere, azken urteetako ikerketek nabarmendu dutenez, Antzinate berantiarraren eta Goi Erdi Aroaren artean mintzatu zen Euskara Batu Zahar batetik datoz euskararen dialekto historikoak.[20][10] Koldo Mitxelenak proposatu zuen ideia hori 1981eko Lengua común y dialectos vascos lanean.[22] Agian, Joakin Gorrotxategik dioenez, Erromatar Inperioaren azken mendeetako aldake­ta politiko eta sozialen ondorioz gertatu izanen zen euskararen eraberritzea. Inperioa desegin osteko mendeetan joera hori indartu izanen zen, eta euskararen nagusitasuna sendotu edo zabaldu, bai lurraldean, bai gizartean (prestigioa, erabilpena, hiztunen kopurua gehitu, etab.). Hori azaltzeko, ordea, ez da behar migrazioaren hipotesia.[5]

Aztarna arkeologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baskonizazio berantiarraren aldekoek diotenez, XX. mende amaierako aurkikuntza arkeologiko batzuk ere hipotesiaren aldekoak izanen lirateke. Zehazki, VI. eta VII. mendeetako nekropoli batzuetako (Aldaieta, San Pelaio Dulantzi Araban; San Martin Finaga eta Santimamiñe Bizkaian) ostilamenduek eta hilobiratze-errituek, bereziki hilobietan armak agertzeak, ez dute zerikusirik Iberiar penintsulan ohikoa zenarekin, eta iparraldeko eragin nabaria daukate.[23][24] Aztarna horiek frogatuko lukete garai hartan migrazio bat izan zela Akitaniatik Euskal Herrira.

Alabaina, Aldaietako nekropoliari dagokionez, DNA analisiek frogatu dute gizaki haiek bertakoak zirela, ez zirela urrunetik helduak,[25][26] eta emaitza berdinak eman dituzte San Martin Dulantzin egindako ikerketek.[27] Agustín Azkarate eta Iñaki García Camino historialariek azpimarratu dutenez, armak agertzeak zentzu sinbolikoagoa dauka, funtzionala baino: ez ziren gerlarien hilobiak, baizik eta estatus eta izaera sozialaren adierazpen erritualizatuak, kanpoko hilobiratze ereduak hartuz egindakoak.[24]

  1. «Será siempre ocioso el interrogar a los autores clásicos sobre la lengua de los várdulos y caristios, por no hablar de la de los autrigones: aunque éstos callen, todo el mundo parece estar de acuerdo en que los vascones, por aquello del nombre y también porque el euskara al fin y al cabo tuvo que hablarse ya entonces en alguna parte, no lejos de aquí, eran vascos de lengua, aunque con razonable seguridad esto no debía ya de ser cierto para todos ellos en el siglo I a.C. Por lo que ellos nos dicen, tanto se puede sostener que várdulos y caristios, al menos en la parte norte de su territorio, hablaban la misma lengua que los vascones septentrionales, como que la coincidencia se daba más bien hacia el oeste, con las hablas cántabras sin duda indoeuropeas, ya que a veces los textos parecen olvidarse de su existencia específica al incluirlos, por omisión o comisión, entre los cántabros. Somos bastantes los que pensamos que la primera hipótesis es la que tiene más probabilidad de ser correcta, aunque sólo sea por razones de economía: para pensar que una lengua que luego vemos firmemente implantada en un territorio hasta el día de hoy es ahí advenediza, tiene que haber razones de fuerza excepcional.»
    Mitxelena, Koldo, «Sobre la lengua vasca en Álava durante la Edad Media», in Vitoria en la Edad Media, Gasteizko Udala, 1982; 303. orrialdea. ISBN 84-500-8052-5
  2. Nire ustez, Getaria bezalako izen batek, adibidez, mailegu goiztiarra izan behar du, ez dituelako alboko erromantzeek erakusten dituzten bi aldaketa jasan: bokal arteko leherkari ahoskabearen ahostuntzea (-t- > -d- bihurtzea, hain zuzen) eta hasierako belarearen palatalizazioa (ke- > tse- > se-). Fenomeno bi hauek —batez ere bigarrena— emanak ziren bisigodoen garairako.
    Ildo beretik Bizkaia partean gehien bat pilatzen diren Sondika, Gernika eta antzeko toponimoek erakusten duten -ika atzizkia ere bat etorriko litzateke planteamendu honekin; jatorria zeltiarra izan arren, askok uste duten bezala, euskarak mailegatu zuen garaian artean ahostundu gabeko forma zuen eta, horrexegatik, ezin latin berantiar baten bitartez euskaran mailegatua izan.
    Gorrotxategi, Joakin «Euskara zaharra» in Pirinioetako hizkuntzak: oraina eta lehena, Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarra, 2011, ISBN 978-84-95438-76-8, 695-716. or.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Baskonizazio berantiarraren teoria temosoaz -» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  2. SA, Baigorri Argitaletxea. (2017-05-30). «Konjeturen finantziazioa» GARA (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  3. «Euskalduntze berantiarra» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  4. «Euskalduntze berantiarra, berriro ezbaian Euskaltzaindiak argitaratutako lanean» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  5. a b c d e f Gorrotxategi, Joakin. Arabako (eta inguruetako) hizkuntzak Antzinatean. Arabako hizkuntzak eta hiztunak mundu eleanitzean jardunaldiak, Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduak 17 eta 18, researchgate.net (Noiz kontsultatua: 2021-1-12).
  6. 'Euskalduntze berantiarra' dokumentala salatzen. Berria, 2016ko urriak 11, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  7. Euskal Herriko herriak eta hiriak Antzin Aroan. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-15).
  8. Xamar "Euskaldunok ere erromatartu ginen, baina herriaren izena eta hizkuntza gordetzen jakin genuen". Sustatu 2014ko urriak 22, sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-16).
  9. Blázquez, Jose María. Los vascones en las fuentes literarias de la Antigüedad y en la historiografía actual. Trabajos de arqueología Navarra, ISSN 0211-5174, 20. zenbakia, 2007-2008, 103-150. orrialdeak, culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-16).
  10. a b c d Gorrochategui Churruca, Joaquín. Aquitano y Vascónico. Palaeohispanica, I.S.S.N. 1578-5386, 2020, 721-748. orrialdeak, ifc.dpz.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-16).
  11. Lorrio, Alberto J., Ruiz Zapatero, Gonzalo. The Celts in Iberia: An Overview. e-Keltoi,, Volume 6: 167-254 The Celts in the Iberian Peninsula, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2021-1-16).
  12. Almagro Gorbea, Martín. Etnogénesis del País Vasco: de los antiguos mitos a la investigación actual. Munibe (Antropologia-Arkeologia) 57, 2005, Homenaje a Jesús Altuna, euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2021-1-15).
  13. Iglesias Gorbea, Hector. Sur l'origine présumée du fractionnement dialectal de la langue basque. Arse: Boletín anual del Centro Arqueológico Saguntino, ISSN 0213-8026, 45. zenbakia, 2011, 65-96. orrialdeak, centroarqueologicosaguntino.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-16).
  14. a b Lanz Betelu, Jokin. Antzinateko baskoiak: izen eta izanaren arteko eztabaidak (XVI.-XXI. mendeak). Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca ISSN 1131-5350, ISSN-e 2445-0782, 39. zenbakia, 2016, 33-65. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-16).
  15. Estornés Zubizarreta, Idoia. Vascongado. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2021, (Noiz kontsultatua: 2021-1-18).
  16. Gorrotxategi, Joakin. Antzinateko euskararen nondiknorakoak. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-12).
  17. a b c Abaitua Odriozola, Joseba; Unzueta Portilla, Mikel. Ponderación bibliográfica en historiografía lingüística. El caso de la "vasconización tardía". Oihenart: cuadernos de lengua y literatura, ISSN 1137-4454, 26. zenbakia, 2011, 5-26. orrialdeak, euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2021-1-16).
  18. Gorrotxategi, Joakin. Vasco antiguo: algunas cuestiones de geografía e historia lingüísticas. Palaeohispánica: Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania antigua, ISSN 1578-5386, 9. zenbakia, 2009, 539-555. or., ifc.dpz.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-18).
  19. a b Gorrotxategi, Joakin. Euskara zaharra. Pirinioetako hizkuntzak: oraina eta lehena. Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarra, 2011, ISBN 978-84-95438-76-8, 695-716. or., euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-12).
  20. a b Reguero Ugarte, Urtzi. Euskalkiak eta historia: Euskalkien historiarako oinarriak finkatzeko hurbilketa. EHU, academia.edu (Noiz kontsultatua: 2021-1-18).
  21. Etxart, Sara. Koldo Zuazo: «Nafarroako Erresuma apurtzeak eragina izan zuen euskalkien sorreran». Deia, nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-7).
  22. Michelena, Luis. Lengua común y dialectos vascos. Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 15 (1981), 289-313. or., ojs.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-12).
  23. Velez de Mendizabal Azkarraga, Josemari. Agustín Azkarate: Aldaieta muestra un tipo de industria armera propiamente alavesa. eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-26).
  24. a b Azkarate Garai-Olaun, Agustín; García Camino, Iñaki. Baskonia, bitarteko lurra. Hileta-errituak mugan. Arkeologi museoaren koadernoak, bizkaikoa.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-20).
  25. (Gaztelaniaz) «Investigadores de la UPV reconstruyen la historia de la necrópolis de Aldaieta» Gara 2008-04-09.
  26. (Ingelesez) Alzualde A, Izagirre N, Alonso S, Alonso A, Albarrán C, Azkarate A, de la Rúa C.. (2006ko uztaila). «Insights into the "isolation" of the Basques: mtDNA lineages from the historical site of Aldaieta (6th-7th centuries AD)» Am J Phys Anthropol 130 (3): 394-404. PMID 16425179..
  27. Quirós Castillo, Juan Antonio; Loza Uriarte, Miguel; Niso Lorenzo, Javier. Identidades y ajuares en las necrópolis altomedievales. Estudios isotópicos del cementerio de San Martín de Dulantzi, Álava (siglos VI-X). Archivo Español De Arqueología, 86, 215–232. or., aespa.revistas.csic.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]