Arrasateko historia
Gaur egungo herriaren lurraldeetan, aztarna aurrehistoriko nabarmenak topatu dituzte Lezetxiki kobazuloan, Euskal Herriko zaharrenak direnak hain zuzen ere. Behe Paleolito eta Erdi Paleolitokoak dira aurkikuntzak, eta garai hartakoak dira beraz giza presentziaren testigantzak. Labeko Koba bereziki azpimarratzekoa da, Goi Paleolito tartekoa. Halaber, beste aztarnategi txikiago batzuk ditugu inguruan, Oterreta, Lezetxe eta Kobatxo.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1260ko maiatzaren 15ean Alfontso X.a Jakitunak hiri-gutuna eman zion bertan zegoen Arrasate edo Arresate herrixkari, Leintz eta Aramaioko haranak elkartzen diren tokian, Nafarroako Erresumaren mugetan, baita Mondragoe (Mondragon) izen berria ipini ere. Bizitoki hori Santa Barbara mendixkaren magalean kokatu zen. Tontorrean gaztelu zaharra zegoen, Deba ibarrean oso leku estrategikoan, iberiar goi-lautada eta kostaldearen arteko komunikabiderik garrantzitsuena baitzen ibar hori. Erdi Aroko hasieran hiriak sortzeko ahaleginari jarraituta, Deba ibarraren buruan eratu zen hiribildua, Gipuzkoako barneko aldeko beste haran eta ibar batzuetan egin zen antzera.
Alfontso X.a Jakitunak Gasteizko forua eman zion Mondragoeri. Ondoren, Gaztelako erregeek zabaldu egin zituzten bertako biztanleei emandako eskubideak. 1353an Garagartza, Gesalibarko Santa Ageda, Udala eta Uribarri elizateak hiribilduan sartu ziren.
Bando-gerren garaian eraso asko izan zituen Arrasatek. Oñatiko jaunak erre egin zuen hiribildua 1448ko ekainaren 23an, guraiatarren (oinaztarrak) eta baineztarren (ganboatarrak) arteko liskarrak zirela eta. Ia erabat hondatuta geratu zen herria horren ondorioz. Bi urte geroago, 1450ean, Zalgibarko Gebaratarren dorretxea eraitsi zuten arrasatearrek. 1457an Arlabandik Beasainerako errepidea eraiki eta Goikobaluko gaztelua eraitsi zuten. 1480an, Espainiako Errege Katolikoek Korrejidorearen etengabeko presentzia ezarri zuten, eta 10 urte geroago . bandoak ezeztatu zituzten. 1497an, Leintz sartu zen Gipuzkoako Hermandadean.
Aro modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondorengo mendeetan Mondragoeko hiribilduak izen handia izan zuen bertako burdinoletan egiten zen altzairua zela eta. Burdinolak garrantzi handikoak izan ziren XV. eta XVI. mendeetako garai hartan, armagintzan bereziki, eta Mondragoeko altzairua ezaguna zen Espainian, Frantzian, Herbehereetan, Ingalaterran eta Italian, besteak beste. Gaur egun, horren lekukoa da bertako kale nagusietako batek izen hori berori daukala. Halaber, Meatzerreka auzoaren izenak garbi erakusten du meatzeek herrian edukitako presentzia eta garrantzia.
Garai honetakoak dira herriko lehenengo pertsona izendunak: Esteban Garibai, Pedro Ignazio Barrutia, Antonio eta Miguel Okendo, besteak beste. Hiri garapena gertatu zen, eta oraingo eraikin esanguratsuak orduan egin zituzten: Udaletxea, San Frantzisko eliza, Monterron jauregia, Bañez Artazubiaga Jauregia, Andikano Zelaa Jauregia edo eta Okendo Jauregia.
XVIII. eta XIX. mendeen artean Espaina eta Frantziaren arteko gerrek eragina utzi zuten herrian ere.
Aro garaikidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro honen hasieran, bereziki garrantzitsuak izan ziren karlistadak izan ziren, lehenengo gerra 1833 eta 1837 artean, eta bigarrena 1865etik 1876ra. Besteak beste, foruen galera ekarri zuten. XIX. mendearen amaieran, bestela, 1897an Antonio Canovas del Castillo Espainiako lehen ministroa Santa Agedako bainuetxean hil zuen Michele Angiolillo anarkista italiarrak.
XX. mendearen hasieran, bestela, Pedro Viteri Aranak eskolak bultzatu zituen hemen eta Gipuzkoako beste bederatzi herritan. Bitartean, industriaren garapenak ekin zion herriaren gaurko marka ezartzeari, sarrailagintza arloan ("Unión Cerrajera", 1906). Immigrazio mugimendu esanguratsua eragin zuen, 1919an abiatutako Vasco-Navarro burdinbideak ere ahalbidetuta.
Espainiako Gerra Zibilean, 1936ko udazkena eta 1937ko udaberria artean frontea Kanpazar inguruan egon zen, Arrasate frankisten eskuetan zegoelarik, Intxorta aldera gudarien aurkako erasoaldia handik zuzenduz.
1950eko hamarkadan Jose Maria Arizmendiarrietak sortutako kooperatiba mugimenduaren hasiera, Fagor (orduan ULGOR izenez) eta Euskadiko Kutxaren (orduan Lankide Aurrezkia izenez) sorrerarekin batera. 1960-1970ko hamarkadetan herriko biztanleriak izugarri egin zuen gora, kooperatibismoak bultzatuta. Horren harira, J.M. Uranga Arregik hau idatzi zuen Mondragón trayectoria y anecdotario lanean, 1970ean:
« | Hainbeste gorabeheraren ondoren, burdinolen eta manufaktura metalikoen bulegoen tradizio luzeak etengabeko garapena bizi izan zuen XX. mendeko lehen erdian. Eta hori argi nabaritu zen biztanle kopuruan. Baina manufaktura metalikoen kontzentrazio industrialak eragin duen jauzi handi horren ondorioz, azken hamabost urteotan hogei mila biztanle izatera iritsi gara. Eta sortzen ikusi gintuen herria gu mantentzeko gauza badela ikustea pozgarria bada ere, nahiz eta etorkin mordoa hartu behar izan, arduraz jokatu behar dugu eta denontzako zerbitzuek sortzen dituzten arazoei irtenbidea bilatu behar diegu eta, era berean, hain eremu aktiboan sustapen sozio-ekonomikoak berekin dakartzan beharrizan gero eta ugariagoei erantzun behar diegu. | » |
1966an Bedoña auzoa Arrasate udalerriaren parte izatera pasatu zen, eta urte hartan bertan Lagun Aro erakundea sortu zuten. Halaber, San Andres, Musakola eta Uribarri baserri auzoak hiriko eremuan sartu ziren. 1991an MCC kooperatiben korporazioa abian ipini zuten, eta sei urte geroago Mondragon Unibertsitatea. Hiru urte lehenago, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea sortu eta mugimendu kultural handiaren hasiera izan zen, besteak beste gaur egungo Goiena taldearen sorrerarekin.
2013an krisialdiak jo zuen Fagor enpresa, herriko eta bailarako ikurra zena. Bitartean, Garaia parke teknologikoa abian ipini zuten.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz)Udalaren webgunean.