Altabizkarko kantua
Altabizkarko kantua 778. urteko Orreagako gudua euskaldunen ikuspegitik kontatzen duen kantua da, zortzi bertsok osatua.
Bertsoak lehendabiziko aldiz 1834. urtean argitaratu ziren, Institut Historique erakundeko idazkari zen François Eugène Garai de Monglavek idatzitako artikulu batean. Garaik adierazi zuenez, ahozko tradizioa jasotzen zuen jatorrizko pergaminoa ikusi zuen Garat kondearen etxean. Pergaminoa Tour d'Auvergne ospetsuarena izana zen, eta hark 1794an Donostiako komentu bateko buruaren eskutik jaso zuen.
Zalaparta handia sortu zen Altabizkarko kantuaren aurkikuntzaren berri zabaldu zenean, eta espezialisten artean zeresan ugari eragin zuen. F. Michelek beste testu zahar batzuekin alderatuz, Wencelas Hanka-k argitaratutako XV. mende bukaerako Défaite de Saxons poema bohemioaren antzekoa zela konturatu zen. Azkenean 1883ko abenduan Wentworth Webster ingeles jakintsuak Garai de Monglavek berak konposatu zuela antzeman zuen. Kantua asmatu zuenean Garai baionarra Parisen ikasten ari zen, eta ez zekien euskaraz. Ikasle euskaldunen bileretan kantatzeko konposatu zuen, eta Louis Duhalde Ezpeletako ikaskideak euskaratu zion, bertso librean.
Ingurune historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poeman kontatutako istorioa gertakari historiko batean oinarritzen da, 778. urteko abuztuaren 15eko Orreagako guduan, hain zuzen. Frankoen errege zen Karlomagno zenbait buruzagi musulmanekin elkartu zen beste batzuen aurka. Bere tropekin musulmanek hartutako Zaragoza hartu nahian zebilela, saxoiek bere lurrei erasotzen zietela eta Akitanian altxamendu bat hasi zela entzun zuen, eta etxerako bidea hartu zuen. Frankoek Ebroren ibaiertzeko gotorleku musulmanen kontra hasitako ekintza militarren aurrean nafarrek neutraltasunez jokatu zutenez, Karlomagnok bidean Iruñeari erasotzeko agindu zuen. Iruña zaharra suntsitu zuenez, euskaldunek 778ko abuztuaren 15ean Orreagan Errolan kondearen agindupean zihoazen tropen erretagoardiari eraso zioten. Orreaga inguruko Astobizkar iraganbide naturalaren ingurumarian bildu ziren baskoi guztiak, kristautuak eta pagano zirautenak. Haiekin bat egin zuten Banu Kasi baskoi musulmanek ere. Iruñearen kontrako ekintza militar hark inoiz izan ez bezalako batasuna ekarri zuen baskoien herrira. Frankoen armadaren atzealdeko ia soldadu guztiak hil zituzten nafarrek: besteak beste, Errolan, Bretainia eskualdeko kondea. Huraxe izan zen garai hartako armadarik ahaltsuena zenak inoiz pairatu behar izan zuten porrot bakarra [1][Betiko hautsitako esteka].
Haria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaragozako Marsilio errege mairuaren bake eskaintzaz hitz egiteko Karlomagnok Errolanen aitaginarreba den Ganelon bidaltzen du. Errolanek bere heriotza desiratzen duelakoan, Ganelonek Errolan buru duen atzeguardiari erasotzeko tratua egiten du Marsiliorekin, eta bera, berriz, Karlomagnoren ondoan geratzen da.
Mairuek Orreagan eraso zioten Errolanen atzeguardiari, olerkian kontatzen den bezala. Errolanen adiskide mina zen Olivier zaldunak mairuen etorreraz ohartarazten dio Errolani, baina honek errefusatu egiten du Karlomagnori laguntza eskatzeko olifanteak jotzea. Errolanek eta bere gizonek ausardiaz egiten diete aurre beraiek hogei halako diren mairuei, baina azkenean eta 60 bat gizon bakarrik geratzen zaizkiola, olifanteak hainbesteko indarrez jotzen du, non lehertu egiten baita. Olifantea adituta, Karlomagnok ez du pentsatzen atzekoak arriskuan daudenik, baina azkenean haiengana jotzen du. Bitartean, Errolan eta Turpin artzapezpikua bakarrik geratzen dira bizirik guda tokian. Mairuak ihesean jartzea lortu badute ere, biak hilzorian geratzen dira. Hil baino lehen, Errolanek haitzurdin baten aurka joaz Durandal bere ezpata puskatzen saiatzen da, baina ez du lortzen. Azkenean hiltzen da.
Karlomagno guda tokira iristen denerako, Errolan hila da. Mairuen atzetik abiatzen da eta azkenean, mairu armada handi baten aurka egiten du borroka eta mairuak suntsitu egiten ditu. Aix-la-Chapelle herrira itzultzen da Karlomagno eta han Oliveiren arreba eta Errolanen andregaia den Aude ederrari berri tristea ematen dio. Aude hil egiten da, berria entzundakoan.
Egiantz historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ziurtzat jotzen da historialarien aldetik, Errolanen armadari Orreagako guduan eraso ziotenak ez zirela mairuak izan, baskoiak baizik, Karlomagnok bere itzuleran Iruñea hiria suntsitzeagatik mendekua hartzeko.
Erdi Aroan zehar, soldadu frantsesek Errolanen kantua guduen aurretik abestu dutela aipatu dute historialariek.
Beste lan batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- XI. mende bukaeran frantsesezko literaturako lan nagusia den Errolanen kantua poema epikoa idatzi zen frantsesez.
- XIII. mende hasieran Orreagako kantua poema epikoa idatzi zen. Ez dago Errolanen kantuan onarrituta. Nafar erromantzearen ezaugarriak dituen Erdi Aroko gaztelaniaz idatzita dago.
- 1877ko abenduan Arturo Campionek euskaraz argitaratutako lehen lana Orreaga balada izan zen.
- 1981ean Benito Lertxundik Altabizkar/Itzaltzuko bardoari disko bikoitzean M. Garay de Monglaveren Altabizkarko kantua kantatu zuen.
Kantua
[aldatu | aldatu iturburu kodea](Garai Monglave)
« | I
Oihu bat aditua izan da Eskualdunen mendien artetik, eta etxeko jaunak bere atearen aitzinean xutik, ideki tu beharriak eta erran du: " Nor da hor? Zer nahi daute?" Eta xakurra, bere nausiaren oinetan lo zegoena altxatu da eta karrasiz Altabizkarren inguruak bete ditu.
Ibañetaren lepoan harrabots bat agertzen da, hurbiltzen da, arrokak ezker eta eskuin jotzen dituelarik; hori da hurrundik heldu den armada baten burrunba. Mendien kopetetarik guriek errespuesta eman diote; berek duten seinua adierazi dute, ta etxeko jaunak bere dardak zorrozten tu.
Heldu dira! Heldu dira! Zer lantzazko sasia! Nola zer nahi kolorezko banderak heien erdian agertzen diren! Zer zimiztak atheratzen diren heien armetarik! (bis) Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi. Bat, biga, hirur, laur, bortz, sei, zazpi, zortzi, bederatzi hamar, hameka, hamabi, hamairur, hamalaur, hamabortz, hamasei, hamazazpi, hemezortzi, hemeretzi, hogoi.
Hogoi eta milaka oraino. Heien kontatzea denboraren galtzea liteke. Hurbil ditzagun gure beso zailak, errotik athera ditzagun arroka horiek. Botha dezagun mendiaren patarra behera. Heien buruen gaineraino; leher ditzagun, herioz jo ditzagun.
Zer nahi zuten gure mendietarik Norteko gizon horiek? Zertako jin dira guro bakearen nahastera? Jinkoak mendiak egin dituanean, gizonek ez pasatzea nahi izan du. Bainan arrokak biribilkolika erortzen dira, tropak lehertzen dituzte. Odola xurrutan badoa, haragi puskak dardaran daude. Oh! Zenbat hezur karraskatuak! Zer odolezko itsasoa!
Eskapa! Eskapa! Indar ata zaldi dituzuenak. Eskapa hadi, Karlomano errege, hiru luma beltzekin ata hire kapa gorriarekin; hire hiloba maitea, Errolan zangarra, hantxet hila dago; bere zangartasuna beretzako ez du izan. Eta orain, Euskaldunak, utz ditzagun arroka horiek. Jauts ghiten fite, igor ditzaugun gure dardak eskapatzen direnen kontra.
Badoazi! Badoazi! Non da bada lantzazko sasi hura? Non dira heien erdian ageri ziren zernahi kolorezko bandera hek. Ez da gehiago zimiztarik ateratzen heien arma odolez betetarik. (bis) Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi. Hogoi, hemeretzi, hemezortzi, hamazazpi, hamasei, hamabortz, hamalaur, hamairur, hamabi, hameka, hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bortz, laur, hirur, biga, bat.
Bat! Ez da bihirik agertzen gehiago. Akabo da. Etxeko jauna, joaiten ahal zira zure xakurrarekin. Zure emaztearen eta zure haurren besarkatzera. Zurer darden garbitzera ata altxatzera, zure turutakin eta gero heien gainean etzatera eta lo itera Gabaz, arranoak joanen dira haragi puska lehertu horien jatera. Eta hezur horiek oro xurituko dira eternitatean. |
» |
[2] |
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Orreaga:778" Iñigo Saldise, Iruinea Nabarra (2008.8.15)[Betiko hautsitako esteka]
- (Gaztelaniaz) Altabizkarko kantua. Euskomedia
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Webster, W.: Altabiskarco Cantua. «Boletín de la Academia de la Historia», 1883, III, 139-153.
- Pitollet, C.: Divagations sur te «Chant de l'Altabiscar» et sur son auteur, Dax, 1935.
- Vinson, J.: Le chant d'Altabiscar, en su «Variétés Euscariens», X. «Impartial des Pyrénées, 1873.
- Michel, F.: Poesías Populares de los vascos, Auñamendi, 22 (Trad. A. Irigaray), 1963, 43-51.