Edukira joan

Alemaniar nekazarien gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alemaniar nekazarien gerra
Matxinaden hedadura eta bataila nagusiak irudikatzen dituen mapa
Data1524 - 1526
LekuaGaur egungo Alemania, Suitza eta Austria
EmaitzaNekazarien matxinada zapaldua eta sustatzaileak exekutatuak
Gudulariak
Nekazariak Liga suabiarra
Buruzagiak
Thomas Müntzer
Hans Müller von Bulgenbach
Wendel Hipler
Georg Truchsess von Waldburg
Indarra
Galerak

Alemaniar nekazarien gerra (Deutscher Bauernkrieg alemanez), hedadura handia lortu zuen herri-matxinada izan zen, Europa erdiko lurralde alemanetan 1524-1526 urteen artean jazotakoa. 1525eko udaberri eta udan bere maila gorenean izanik, 300.000 nekazari inguruk hartu zuten parte bertan eta estimazio garaikideek 100.000tan zifratu zituzten hildakoak. Aurreko Bundschuh eta Hustar gerren antzera, zenbait iraultza ekonomiko eta erlijiosoren iraultzen segida izan zen, non nekazariek, hiritarrek eta nobleek hartu zuten parte.

Matxinada abiarazteko orduan, nekazariek hainbat oinarrizko arazo izan zituzten. Euren antolaketaren izaera demokratikoak antolaketa militarra zailtzen zuen. Artilleria eta zalditeria moduko baliabide garrantzitsuak ez izatearen desabantaila taktiko eta frustrazio handia izan zen. Gehienek, izatekotan, oso esperientzia militar gutxi zuten eta baliabide ekonomiko gutxi zituzten eskarmentudun mertzenarioak kontratatzeko. Euren arerioek, aldiz, eskarmentudun buruzagi militarrak zituzten, baita nekazarien aurkako operazio militarrak ordaintzeko baliabide ekonomiko handiak ere. Oztopoak oztopo, alemaniar nekazarien gerra hura 1789ko Frantziar Iraultza baino lehenagoko Europa osoko matxinada handi eta hedatuena izan zen. Hiritar, nekazari eta aristokratek hartu zuten parte; erreforma erlijioso berrien erretorika bereganatu zuen; haren bitartez, nekazariek euren matxinadaren zilegitasuna bilatu zuten. Gerra hainbat matxinada bereizirekin hasi zen gaur egungo Alemaniako hego-mendebaldean eta Alsazian; gero, Alemaniako erdi eta ekialdeko lurretara zabaldu zen, baita gaur egungo Austriara ere. Alemaniako altxamendua suntsitua izan ostean, denbora laburrerako beste matxinada batzuk egin zuten eztanda Suitzako kantoi batzuetan.

Historiografian, alemaniar nekazarien gerra hark Friedrich Engels eta Karl Marxen materialismo historikoaren oinarria osatu zuen. Engels-en ustez, 1524-1525eko nekazarien porrota, Nekazarien gerra Alemanian liburuan azaldua, nekazarien atzerakoikeriaren erruz izan zen; horrek gidatu zituen Engels eta Marx ondorioztatzen iraultza komunista etortzerakoan, ez zela etorriko nekazari armada batek gidaturik, hiri-proletalgoak baizik. Ordutik, beste historialari batzuek alemaniar nekazarien gerraren ikuspegi ekonomikoa beste era batera interpretatu dute eta historialari sozial eta kulturalek ez dute oraindik bat egin matxinadaren izaera eta haren kausak definitzerakoan: Martin Lutherren erreforma protestantearen eztabaida erlijioso hazkorra; maila altuko nekazariek euren aberastasuna eta eskubideak ihes egiten zizkietela ikusi zutenean gizarteak duen egitura sozial, legal eta erlijiosoan txertatzen egindako saiakera; edo gero eta moderno eta zentralistagoa zen estatu politikoaren aurkako nekazarien erresistentzia izan zen.

Germaniako Erromatar Inperio Santuaren egitura sozio-politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Germaniako Erromatar Inperio Santuak Karlomagnok (Karl der Grosse alemanez, Karlos Handia) IX. mendean sorturiko Erdi-Aroko erresuman zituen bere sustraiak. Karlomagnoren heriotzaren ondoren, erresuma bere biloben artean banatu zen. Mendebaldeko Frantziako (gaur egungo Frantzia gutxi gora-behera) eta Ekialdeko Frantziako (gaur egungo Alemania) agintariek borrokatu zuten inperioaren jabetza, lehenengo mendebaldeko erregea (Karlos Burusoila) eta gero ekialdekoa (Karlos Gizena) bihurtuz enperadore. Dena den, 888. urtean jazotako Karlos Gizenaren heriotzaren ostean, inperioa gehiago zatitu zen. Prümeko Reginoren arabera, erresumaren zati bakoitza "erregetxo" bat aukeratzen hasi zen bertako "bozkatzaileen" artean. Karlos Gizenaren heriotzaren ondoren, Aita Santuak koroaturiko enperadoreek Italiako zenbait lurralde kontrolatzen zituzten soilik. Enperadore hauetariko azkena Berengario I.a izan zen, 924an hil zena.

XI. mende hasieran, ekialdeko erresuma Bavaro, Alamanniar, Franko eta Saxoiek osaturiko "konfederazioa" zen. Inperioa batasun politiko modura Henrike errege saxoiaren eta Otto haren semearen eragin indartsuagatik mantendu zen ziurrenik. Erregeak formalki tribu germanikoen buruek aukeratzen zituzten arren, euren ondorengoak aukeratzeko gai ziren. Hori Henrike II.a 1024an seme-alabarik gabe hil ondoren aldatu zen. Zenbait eztabaiden ostean, Konrado II.a, Saliar dinastiako lehena, aukeratu zuten errege. Eragin pertsonal handia, dinastien arteko liskar, oinordekotza-arazo eta gero printze hautesle bihurtuko ziren buruzagien babesean aurki daitezke errege aukeratua izatearen arrazoiak.

Lur frankoetan erroturiko dukerrietako lurraldeen eta lurralde-taldea ordezkatzen zuen gizonaren arteko dualismoa agerikoa bihurtu zen. Errege bakoitzak denbora gehien bere lurretan igarotzen zuen; saxoiak, esate baterako, Harz mendietako lurretan egoten ziren, Goslarren adibidez. Ohitura hau Otto III.aren agindupean (errege 983, enperadore 996-1002) aldatu zen bakarrik, zeina apezpikutzak erabiltzen hasi zen behin-behineko gobernu egoitza gisa. Bere bidaietan, eliza-lur hauei eskatzen zien toki bat, auzitegi bat jarri eta justizia banatzeko; bertan zegoelarik, lur horien kontura bizi zen, era berean apaiz arazotsu edo anbizio handikoak kontrolatuz. Antza denez, Otto III.aren ondorengoek, Henrike II.a, Konrado II.a eta Henrike III.ak, eurek zuten eraginaz baliatuz tropa eta ehizarako kontzesioak edo babes politikoa lortu zuten, bertako gizon ahaltsuekin hitz eginez. Lider lokal hauekin negoziatuz, subiranotasun lokala eta tituluak emanez babes militar edo politikoaren truke, hasierako enperadoreak eragina metatzen joan ziren. Enperadorearen agintaritza ahula gero eta sendoagoa bilakatu zen, beti ere agintaritza lokalaren bizkarretan. Ez da kasualitatea, beraz, garai hori izatea terminologia aldatu eta regnum Teutonicumeko (Alemaniako erresuma) lehen gertakariak jazotzen direna.

Autoritatearen dispertsio geografikoaren ondorioz, boterearen eta autoritatearen arteko erlazio deszentralizatuak garatu ziren. Hori dela eta, Germaniako Erromatar Inperio Santua, geroago Voltairek ez santu, ez erromatar, ez inperio modura deskribatu zuena[1], entitate legal deszentralizatu modura garatu zen. Izatez, hasieran dozenaka eta geroago ehunaka entitate sekular eta eklesiastikotan banatu zen. Dinastiek kontrolatzen zituzten entitate sekularrak. Azken hauek, euren burua errege, duke, konde, baroi eta zaldun modura izendatzen zuten gizonek gobernatzen zituzten. Lurraldeko boterea, eragina eta autoritatea belaunaldiz-belaunaldi mantentzen zuten. Dinastia terminoa errege eta enperadore etxeei erreferentzia egiteko erabiltzen da, estatu edo lurralde subirano jakin bateko agintari gisa. Dena dela, Etxe nobleetako dinastietan, gizonetik-gizonera igarotzen ziren herentzia eta parekidetasuna legalki kalkulatzen ziren komuneko arbaso batetik beherako gizonezko lerroan. Andrazkoak gizonezkoen lerroa hildakoan, kontuan hartzen ziren bakarrik.

Lurralde eklesiastikoetan, artzapezpiku, apezpiku, priore eta abadesek agintzen zuten. Artzapezpiku kargua nobleziako norbaitek izaten zuen gehienetan, baina ez zuen zertan apaiza izan; hedadura handiko ohitura horrek nobleziako seme gazteagoei ahalbidetu zien kargu entzutetsu eta diru irabazi segurua ukateko, abadetzaren betekizunak jarraitu beharrik gabe.[2] Artzapezpikua eta printze-hauteslea katedraleko kapitulu batek aukeratzen zituen eta aukeratutakoan kapituluko kideak izaten ziren euren aholkulari. Katedraleko kapituluko kide modura, mezan hartzen zuten parte; baita beste zeregin batzuetan ere, behar izatekotan. Ez zeuden behartuta apaiz izatera, baina nahi izatekotan, hala egin zezaketen. Katedraleko administrazioan parte hartzen zutenez, katedraleko diru-sarreretako zati bat hartzen zuten; katedralaren kokapen eta aberastasunaren arabera, urteroko diru-sarrera oparoa izan zitekeen.[3]

Erdi Aro Klasikoan hasita beraz, Germaniako Erromatar Inperio Santua, autoritate lokala zuten banakako eta enperadoreen arteko koexistentzia arazotsuak markaturik zegoen. Azken hauek euren botere politikoa zabaltzea bilatzen zuten, lurralde lokalen bizkarretan. Era berean, autoritate lokala zuten gizonek euren auzoko eta enperadoreen bizkarretan hedatu nahi zuten euren boterea. Frantzia eta Ingalaterra moduko beste Erdi Aroko entitateetan ohikoak ziren horrelako egoerak, baina Germaniako Erromatar Inperioan are ageriagoa zen; enperadore erromatar santuak ez ziren gai euren autoritatea zabaldu eta euren kontrol pertsonala indartzeko. Aldiz, euren posizioak mantentzeko, enperadoreek gero eta autonomia gehiago eman zieten agintari lokalei, bai etxe dinastikoei (noblezia) eta estatu eklesiastikoei. Prozesu hau XI. mendean hasi zen Inbestiduren auziarekin eta gutxi gora-behera 1648ko Westfaliako bakearekin amaitu zen. Hainbat enperadore saiatu ziren euren autoritatearen indargabetze etengabe honen aurka egiten, baina euren planak Aita Santuak eta inperioko printzeek zapuztu zituzten.

XV. mende amaierako baldintza sozial eta ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniar nekazarien gerrak, aurreko hamarkadetako ezohiko botere dinamika eta nekazaritza eta ekonomia kontraesan eta hedaketetan du partzialki jatorria. Igarotako XIV. mendeko bigarren erdian egondako behargin urritasunak, nekazariei ahalbidetu zien euren lana prezio altuago baten truke saltzea; era berean, janari eta ondasun urritasunak ere ahalbidetu zien euren produktuak prezio altuago baten truke saltzea. Hori dela eta, nekazari batzuk, bereziki jabego alodial mugatua zutenak, gai izan ziren abantaila legal, sozial eta ekonomiko garrantzitsuak metatzeko[4]. Nekazariak ez zituzten zamatu edota desjabetzen, kontrara, euren bizi mailan azken 75 urteetan egondako hobekuntzek euren oparotasuna handitu eta mantentzera eraman zituzten[5]. Beraz, gerrarako faktoreetariko bat izan zen aurreko hamarkadetan lorturikoa mantendu egin behar zutela, euren posizio sozial, ekonomiko eta legala defendatzeko eta azkenaldian asko betearazi ez ziren zamak kentzeko, eginiko aurrerapenen ikuspegitik gehiegizkotzat jotzen zirelako [6], hala nola, Mühlhauseneko nekazariek uko egin ziotenean euren jopu betebeharrak egiteari, ez baitzuten barraskilo-oskolik batu, zeinak bertako Damak erabiltzen zituen bere hariak harilkatzeko. Sistema feudal horren indartzeak, zeina europan azken mende erdian ahuldu zen, joputzara eraman zituen hainbat nekazari, hain zuzen nekazari askok jopu izateak zekarren bizi-maila horretatik irteten ari zirela sentitzen zutenean. [7]

Aldaketa ekonomiko hauek, gizartearen geruza guztiak (jopu, hiritar, nekazari, zaldun zein aristokrata) indarrean zegoen autoritate-hierarkia kuestionatzen hasi ziren garaiean kokatzen dira. Ehun kapitulutako liburua delakoan, esate baterako, 1501 eta 1513 artean idatzia, askatasun ekonomiko eta erlijiosoa aldarrikatzen da, gobernuaren aurkako gorroto hitzekin eta nekazariaren bertuteak harro goraipatuz[8]. Mende hasierako hogei urteetan jazotako Bundschuh matxinadak, ideia anti-autoritarioen beste etorrera bat ekarri zuen, esparru geografiko batetik bestera ideia hauek zabalduz. Martin Lutherren erlijo iraultzak mugimendu hauei intentsitatea eman zieten, baina ez zituzten sortu; gertakari bi hauek, erreforma protestantea eta alemaniar nekazarien gerra, gertakari desberdinak izan ziren, jazotako urteek elkarlotzen dituztelarik bakarrik[9]. Bestalde, Lutherren sinestun guztien apaizgoaren doktrinak, Lutherrek berak aldarrikatzen zuen baino berdintasun sozial handiagoa aldarrikatzen zuela interpretatu zitekeen. Thomas Müntzerren ikuspegiek, nahiz eta ez zuten gerra sortu, paper garrantzisuagoa izan zuten geroagoko gertakarietan.

Hustar gerrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Hustar gerrak»

Hustar gerren esperientziak alemaniar nekazarien gerran era berean garaipen eta porrotetan lagundu zuen. Jan Hus exekutatu zutenean Konstantzako kontzilioak hala aginduta (1415eko uztailak 6), Bohemia eta Moraviako noble eta zaldunek protesta bat helarazi zioten kontzilioari 1415eko irailaren 2an; protestatio Bohemorum horrek, Husen exekuzioa lengoaiarik gogorrena erabiliz kondenatzen zuen. Sigismundo I.a enperadoreak Bohemiara mehatxuzko gutunak bidali zituen, esanez Hustar guztiak itoko zituela, Husen jarraitzaileak, Bohemia eta Moraviako nobleziarekin aldi berean haserretuz. Ia segituan, Bohemian eztanda eginiko matxinada lokalek, haserrea eta frustrazioa Elizara zuzendu zuten eta matxinoek hainbat apaiz katoliko parrokietatik bota zituzten. Wentzeslao IV.a erregearen heriotzaren ondoren, Hustarren eta errege-mertzenarioen arteko borrokek Pragako gehiena suntsitu zuten. Matxinadak irauten zuen bitartean, matxinoek hainbat magistratu udaletxeko leihoetatik kanpora bultzatu zituzten, Pragako lehen defenestrazioan. Jan Žižka, buru Hustarra, Bohemia hegoaldera joan zen eta Sudoměř-ko batailan (1420ko martxoak 25) katolikoak garaitu zituen, Hustar gerretako lehen guda-zelaian. Bagoiz eginiko gotorlekuak erabiliz (Wagenburg), Hustarrek arerioen infanteria eta zalditeria borrokara erakartzen zituzten. Sigismundok Hustarren aurkako hiru kanpainetan parte hartu zuen; eta Hustarrek Sigismundoren eta haren aliatuen aurkako kanpainekin erantzun zuten. Bataila handienak Ústí nad Labem, Domažlice eta Tatxoven jazo ziren. Gerrak 1419ko uztailaren 30etik, 1434ko maiatzaren 30era arte iraun zuen eta nahiz eta Hustar komunitate erradikalen porrota ekarri, Hustar moderatuen antolamenduak ukigabe segitu zuen.[10]

Bundschuh matxinadak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Bundschuh»

Bundschuh deituko zitzaien matxinadak gaur egungo Alemaniaren hego-mendebaldean eta Alsazian, XV. mendearen azken laurdenean eta XVI.aren lehenengoan jazotako zenbait nekazari-matxinada izan ziren. Izena nekazariek erabiltzen zuten zapatatik dator, nekazariek euren batasun eta erronkaren sinbolo moduan erabiltzen zutena. Bundschuh-aren (loturiko zapata) sinbolopean, nekazari eta hiritarrek larregizko zerga, justizia arbitrario eta pribilegio eklesiastiko garestien aurka egin zuten. Bereziki aurka egin zioten jauntxoek ezar zezaketen heriotzaren gaineko zergari, honek hildakoen jabetzaren laurdena eta erdiaren arteko zerbaitekin geratzea ahalbidetzen baitzien jaunei. Familiako hainbat kide bata bestearengandik aste, hilabete edota urte gutxiren arteko desberdintasunarekin hiltzen zirenean, zerga honek familia oso baten aberastasuna aihenatu zezakeen belaunaldi baterako.

Bundschuh bandera horren azpian, nekazari eta hiritarrek zor feudalak, zergak eta betekizunak gaitzetsi zituzten (1439-1444) eta Armagnaceko konde frantsesaren tropak garaitu zituzten Rhin garaian eginiko hiru batailetan (1439, 1443 eta 1444ean, hurrenez hurren). Banakako matxinaden kopurua hazi egin zen, zeinetan nekazariek betekizun feudaletatik arintasuna eskatzen baitzuten, horietako asko aurreko hamarkadetan jaberik gabe geratu ostean. Betebehar feudal eta eklesiastikoen aurkako haserreak bertako erlijio ohiturekin egin zuen bat: 1476an, Niklaushausenen, artzainak, Andra Mariaren irudipena izan zuen, Niklaushausen erromes zentro modura ezarri zuelarik. Artzaina, gidaritza eklesiastikoaren handikeriaren kontra mintzatu zen eta bere erretorikak milaka erromes erakarri zituen Tauber errekako ibarrera. Urte horretan bertan sutan hiltzera zigortu zuten, eta bere errautsak Main ibaira bota zituzten. 1493an beste matxinada batzuk egon ziren Schlettstadt-en (Alsazia), 1502an Bruchstal eta Untergrombach hurbilean, 1513an Lehen-en eta 1517an Rhin garaian.

Elite eta aristokraziaren babes-aliantzak: Liga Suabiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Liga Suabiarra»
Liga Suabiarraren armarria, Gorka deunaren gurutzearekin. Bi aingeruk fondo zuria duen gurutze gorri bati eusten diote; Lema: Jainkoak lotu duena ez dezala gizonak banatu

1487an sortua, Gorka deunaren ezkutuaren konpainiako kide ziren alemaniar printzeek (baita duke eta nobleak ere), Hiri inperial libreek eta lurraldeko hainbat hirik osatzen zuten aliantza hau. Bertako kide ziren ondorengo herriak: Ulm, Esslingen, Reutlingen, Überlingen, Lindau, Nordlingen, Memmingen, Ravensburg, Gmünd, Biberach, Dinkelsbühl, Pfullendorf, Kempten, Kaufbeuren, Isny, Leutkirch, Giengen, Wangen, eta Aalen. Aliantza sortu eta hurrengo hilabeteetan Augsburg, Heilbronn, Wimpfen, Donauwörth, Weil der Stadt eta Bofingen ere batu ziren eta geroago, Wittelsbach etxeko lurralde bavariarrak, Württemberg-eko dukerriko lurrak eta Austria behea.[11]

Antolaketa militarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liga Suabiarreko armada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Georg Truchsess von Waldburg, nekazarien zartailua.

Liga suabiarrak Georg Truchsess (seneskal) von Waldburg-ek agindutako armada zelairatu zuen, geroago Bauernjörg izenarekin ezagutuko zena, matxinada suntsitzean izandako paperagatik. Burua, nekazarien zartailu izenarekin ere ezaguna zen. Ligaren kuartel nagusia Ulm-en zegoen kokaturik eta agintea gerra-kontseilu baten bitartez gauzatzen zen. Kontseilu honek erabakitzen zuen liga osatzen zuten kideetako bakoitzak zenbat troparekin lagundu behar zion aliantzari, normalean aliatuaren tamaina eta gaitasunen arabera zehazten zen kopuru hori. Esate baterako, Augsburgeko apezpikuak, 10 zaldun eta 62 oinezko soldadurekin lagundu behar zuen, konpaina erdi baten baliokidea zena. Ia 200 zaldun eta 1000 oinezko soldaduz osaturiko armada batek ezin izan zion aurre egin matxinadari. 1525erako, Oihan Beltza, Breisgau, Hegau, Sundau eta Alsaziako matxinadei bakarrik aurre egiteko 3.000 oinezko soldadu eta 300 zaldunetako armada behar izan ziren. [12]

Oinezko soldaduak, Landknecht (Lanskenete) delakoak, mertzenarioak ziren, hilean lau gremio-kidek jasoko luketen paga jasotzen zuten euren zerbitzuen truke. Hauek Haufen izeneko errejimentuetan zeuden antolaturik, baita 120-300 gizonek osaturiko konpainietan ere, Fähnlein edo bandera txikia zeritzetenak, konpainiak bata bestearengandik desberdintzen zituen ezaugarria baitzen bandera. Konpainia bakoitza unitate txikiagoz zegoen osaturik, hala nola 10-12 gizonetako eskuadretan, Rotte zeritzena. Landsknecht-ak euren burua jantzi, elikatu eta armatu behar zituzten eta jostun, okin, garbitzaile, prostituta eta antzeko pertsonek jarraitzen zituzten etengabe, haien lana beharrezkoa baitzen komunitate militarrean. Indar laguntzaile hau (Tross), batzutan, indar militarra bera baino handiagoa izaten zen, eta euren presentziak antolaketa eta diziplina eskatzen zuen. Landsknecht-ek euren egitura propioa mantentzen zuten, Gemein edo asanblada komuna izenekoa, eraztun batek sinbolizatzen zuena. Gemein-ak bere ofizial propioa zuen, Schultheissa eta Provost izeneko ofiziala ere, soldadu-lerroak arautu eta ordena mantentzen zuena.[12]

Ligak nobleziaren zalditeria armatu astunaren esku uzten zuen bere indar handiena; Ligak zalditeria astun eta arina zuen, azken honek Rennfahne izena hartzen zuelarik, indarraren abangoardia edo indar aurreratu modura erabiltzen zena. Normalean, Rehnnfahne-a, inolako herentzia edo giza-rolik ez zuten zaldun pobreen bigarren eta hirugarren semeek eta lur jabetza txikiak zituen noble baxu eta batzuetan pobretuek osatzen zuten. Gizon hauek askotan aurkitu zitezkeen landa-inguruneetan lan bila, edo bideetan lapurtzen.[13]

Dena den, eraginkorra izateko, zalditeriak mugikorra izan behar zuen eta pikekin armaturiko arerioak saihestu behar zituen..

Nekazarien armadak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nekazariak, gerrarako bidean.

Nekazarien armadak taldeetan zeuden antolaturik, Landsknecht unitateen moduan Haufen zeritzenak. Haufen bakoitza Unterhaufen edo Fähnlein eta Rotten-etan zegoen banaturik. Talde bakoitzaren tamaina aldakorra zen, inguruetan eskuragarri zegoen matxino kopuruaren arabera; Ladsknechten Haufenak ez bezala, nekazarien Haufenak lurraldeka batzen zituen nekazariak, Landsknechten Haufenak hainbat lurraldeko gizonez osaturik zeuden bitartean. Talde bakoitzak 4000 nekazari inguru izan zezakeen, beste batzuk, adibidez Frankenhauseneko batailan parte hartu zuen taldearen kasuan, 8000. Zabern-eko [oh 1] batailan zelairaturiko nekazari alsaziarren taldea, 18.000 nekazariz zegoen osaturik.[14]

Haufen-ak konpainiaz zeuden osaturik: normalean 500 gizon ziren konpainiako, 10-15 nekazaritako pelotoietan banaturik. Nekazari taldeek Landsknechtsen, titulu antzekoak erabiltzen zituzten: Oberster Feldhauptmann, edo komandante gorena, koronel baten parekoa zena, edo Leutingerak, lotinanten antzekoak. Konpainia bakoitza kapitain baten agindupean zegoen, zeinak bere Fähnrich edo entseina propioa zuen, konpainiak zeramana. Konpainiek sarjentu edo Feldweibelak ere bazituzten, baita Rottmeister edo pelotoi-puruak. Agintariak normalean aukeratuak izaten ziren, bereziki komandante goren eta Leutinger-ak.[14]

Nekazarien armadaren natura demokratikoarekin, armadak bere antolaketarako egituran agintzen zuen, eraztunak gailentzen zelarik egituran, non nekazariak zirkulu batean biltzen ziren taktikak, tropa mugimenduak, aliantzak eta harrapakinen banaketari buruz eztabaidatzeko. Printzipio demokratiko hau izanik ere, hierarkia ere bazegoen: nekazari talde bakoitzak komandante goren eta mariskal (Schultheiss) bana zituen, azken honek legea eta ordena mantentzen zituelarik. Konpainia bakoitzak lotinantak, kapitainak eta zutoihal eramaileak, armen maisua, bagoien gotorlekuen (Hustar gerretan ere erabilitako taktika, Wagenburg) maisua, garraio-maisua, lau zaintza maisu, guduko ordena eramateko lau sarjentu nagusi, konpainia bakoitzeko Weibel (sarjentu) bat, bi komisario, zaldietaz arduratzen zen beste komisario bat, komunikazioetarako ofizial bat eta azkenik, konpainia bakoitzeko rol garrantzitsua zuen harrapakinetarako maisu bat zituen.[15]

Nekazarien baliabideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazariek baliabide garrantzitsua zuten, arloetako lana egin eta mantentzeko ahalmena, alegia. Wagenburg izeneko gurdi-fortea ere era eraginkorrean erabiltzen zuten, hau, aurreko mendeko gerra hustarretan hobetutako teknika izanik. Gurdiak, bata besteari kateatzen ziren, zirkulu bat osatuz, kokaleku defentsibo egoki batean. Zalditeria eta zamabereak erdialdeak kokatzen ziren. Nekazariek lubakiak egiten zituzten fortearen kanpoko ertzean eta enborrak erabiltzen zituzten gurdien arteko eta gurdien azpiko zuloak estaltzeko. Hustar gerretan, artileria erdialdean zegoen kokaturik, lurrez eginiko muinoetan, gurdien gainetik su egin ahal izateko. Wagenburg hauek oso azkar eraiki eta desmuntatu zitezkeen eta nahiko mugikorrak ziren, baina bazituzten aurkako faktoreak ere: zelaigune zati lau handiak behar zituzten, ez ziren egokiak ofentsibarako. Gainera, 75 urte lehenago nahiko emaitza onekin erabili baziren ere, azpimarratu beharra dago garai haieta artileria ez zela horren sofistikatua. 1525. urterako, ordea, artileriak tiro-eremu eta indar handiagoa zuen.[16]

Nekazariek errotazioz egoten ziren armadan, batzuetan lau astetatik batean hartzen zutelarik parte, zerbitzuaren ostean euren herrietara bueltatzen zirelarik. Beste nekazari batek ordezkatzen zituen. Nekazariak kanpoan zeuden bitartean, geratzen ziren beste nekazariek hartzen zuten euren gain falta zirenen lan-karga. Ironikoki, honek batzuetan euren arerioentzat aberastasuna edo baliabideak sortzea zekarren, Salzburgoko artzapezpikutzaren kasuan adibidez, non nekazariek zilar meatzetan lan egiten zuten, zeina Liga Suabiarraren zerbitzurako Landsknecht konpainiak kontratatzeko erabiltzen zen.[15]

Dena den, eta bereziki, nekazariek berebiziko garrantzia zuen elementu baten faltan zeuden, Liga Suabiarrak bazuena: zalditeria. Noski, zenbait nekazari zaldiekin heltzen ziren eta nekazariek izan zezaketen zaldunak ziur aski esplorazio lanetarako erabili ziren. Baina, euren hegalak babestuko lituzkeen eta Landsknecht pelotoietan sartzeko erabiliko litzatekeen zalditeriaren falta, epe luzera arazo taktiko eta estrategikoa bihurtu zen.[17]

Piztea hego-mendebaldean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1524ko uzta garaian, Oihan Beltzaren hegoaldean dagoen Stülingenen, Lupfen-eko kondesak jopuei agindu zien barraskilo oskolak hartzeko, hari-bobina bezala erabiltzeko. Honen ondorioz, uzta hau, uzta zail segida baten azkena izan zen eta egun batzuetan, 1.200 nekazari bildu, arranguren zerrenda bat sortu, ordezkariak aukeratu eta bandera bat altxatu zuten. Harrabotsa arin zabaldu zen eta aste gutxi batzuetan, Alemaniako hego-mendebalde ia osoa matxinada irekian zegoen. Matxinadak harturiko hedadura, Oihan Beltzetik hasita, Rhinari jarraituz, Konstantzako aintzira, Suabiako mendialdea eta Danubio errekaren goiko jarioari segika, Bavariara arte zabaldu zen.[18]

Matxinadaren zabaltzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1525eko otsailaren 16an, Memmingen hiriko 25 herri matxinatu egin ziren, Memmingen-eko magistratuei (udala) hobekuntzak eskatuz euren egoera ekonomiko eta egoera politiko orokorrean. Euren eskaerak, lurren erabilera, basoen gaineko erraztasunak edota ordainketak eta zerbitzu-eskaera eklesiastikoak bezalako gaiak jorratzen zituen.

Hiriak, hiritarrez osaturiko kontseilu bat eratu zuen, nekazarien beharrei buruz eztabaidatzeko, eskaera espezifiko eta tribialen zerrenda bat espero zutelarik: esate baterako, ordainketaren bat galdutako egurragatik; bi herriren arteko muga zehaztea; arrantza-eskubideen berrezartzea, edo txerriak basoan askatzeko baimena; edo eguneroko lanetatik oporrak izatea nekazal lan egun garrantzitsuenetan (uzta, ereitea). Hiritarren harridurarako, nekazariek deklarazio uniforme bat eraman zuten, nekazari eta hiriaren arteko erlazioen oinarriekin talka egin zuena. Hamabi artikuluk argi eta konsistenteki laburtzen zituzten euren arrangurak. Dena dela, eskaera hauetatik asko ez ziren gailendu kontseiluan. Historialariek uste dute Memmingen-eko ordines provinciales una congregati (komunitateen ordezkariak) eginiko artikuluak, eztabaidarako oinarri bihurtu zirela Suabiako nekazarien konfederazioak 1525eko martxoaren 20an onarturiko hamabi artikuluetarako.

Printzipioen deklarazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Hamabi artikuluak»
12 artikuluen azala.

1525eko martxoaren 6an, Goi-Suabiako nekazarien Haufenen 50 ordezkari — Baltringer Haufen, Allgäuer Haufen eta Konstantzako aintzirako Haufen-a (Seehaufen)— Memmingen-en batu ziren, Liga Suabiarraren aurkako kausa komuna egiteko. Biharamunean, negoziazio zailen ostean, Kristauen Elkartea aldarrikatu zuten, Goi-Suabiako nekazarien konfederazioa. Nekazariak berriz bildu ziren hiri berean, martxoaren 15 eta 20an eta, zenbait eztabaidaren ostean, Wendel Hipler-ek, nekazarien kantzelariak nekazariek adosturiko Hamabi artikuluak aurkeztu zituen, baita Agindu federala (Bundesordnung) ere. Euren bandera, Bundschuh edota lokarridun bota, euren hitzarmenaren entseina bihurtu zen. Hamabi artikuluak, arin zabaldu ziren Alemania osora, batez ere hegoaldean, inprentaren bitartez.

Hamabi artikuluek eskubide komunal batzuk berrizkatzen zituen, komunitatearen autogobernuarekin zerikusi handia zutelarik. Arauon barruan, komunitatearen artzaina izendatu eta kanporatzeko eskubidea, zergen mugak, biltze, arrantza eta ehiza eskubideen hedapena, feria eta alokatze-hitzarmenen finkapena, errentak, ordainketak eta Todfall edo heriotza-zerga kentzea arautzen ziren, besteak beste.

Gerraren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kempten-eko matxinada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Iller errekak banatzen zituen Kempten hiria eta Kempten monasterioa.

Kempten im Allgäu, Allgäuko hiri garrantzitsua zen, Alemaniako hegoaldean dagoen eskualdea, gaur egun Bavarian dagoena, Württemberg eta Austriako mugetatik hurbil. VIII. mendean, fraide zeltek monasterio bat ezarri zuten hemen: Kempten monasterioa. 1213an, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadoreak, Federiko II.ak, fraideak Reichstand, edo inperioko ondare izendatu zituen eta abadeari Duke titulua eramateko eskubidea eman zion. Dena dela, 1289an, Habsburgoko Rodolfo erregeak ere pribilegio bereziak eman zizkion errekaren bestaldean zegoen kokalekuari, Hiri inperial libre izendatuz. 1525ean, abadeen Hiri inperial libreko azken jabego eskubidea saldu zen "Erosketa Handia" delakoan, izen bera zeramaten eta bata bestearen ondoan zeuden bi hiri desberdinen koexistentziari hasiera emanez. Hainbat geruzatako aginte honetan, Nekazarien gerran, Abade-etxeko nekazariak matxinatu ziren, monasterioa arpilatuz eta hiriarekin jarraituz.[oh 2]

Leipheim-eko gudua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nekazariak, zaldun bat inguratzen.

48°26′56″N 10°13′15″E / 48.44889°N 10.22083°E / 48.44889; 10.22083

1525eko apirilaren 4ean, 5.000 nekazari, Leipheimer Haufena (Leipheim-eko taldea) Leipheimetik hurbil bildu zen, Ulm-i eraso egiteko asmoz. Bost konpainiaz osaturiko taldeak, gehi Leipheim-eko 25 hiritarrek gutxi gora-behera, herriaren mendebaldean hartu zituzten posizioak. Ligako araketak Truchsess-ari jakinarazi zion nekazariak ondo armaturik zeudela. Bolbora eta balak zituzten beraien kanoiarentzat eta 3.000-4.000 artean ziren. Gainera, abantailazko posizioa zuten Biber errekaren ekialdeko ibaiertzean. Ezkerrean basoa zuten, eskuinean errekasto bat eta padurak; atzean, gurdi-forte bat eraiki zuten eta kako armak eta artilleria arineko zenbait pieza zituzten.[19]

Nekazariekin izandako beste guduetan aurretik egin bezala, Truchsess Von Waldburg-ek negoziatzeari ekin zion bere tropak posizio hobeagoetara eramaten zituen bitartean. Bere armadaren gehiengoa Leipheim-en zegoen bitartean, zaldizko destakamentuak bidali zituen Hesse eta Ulm-etik Elchingenera, Danubioa gurutzatuz. Destakamentu hauek 1.200 nekazaritako talde bereizi bat aurkitu zuten konfiskaketa lokalak egiten zebilela eta eraso egin zioten, nekazariak barreiatuz eta 250 nekazari preso hartuz. Momentu berean, von Waldburg-ek negoziazioak apurtu zituen eta nekazari talde nagusiak bidalitako su-deskarga jaso zuen. Zalditeria arina eta oinezko soldadu talde bat bidali zituen nekazariek eraikitako gotorlekura, atzean armadaren gehiengoa zuelarik. Nekazariek, arerioaren tamaina ikusi zutenean —1.500 zaldun, 7.000 oinezko eta 18 kanoi—, erretirada ordenatua egin zuten. Gurdi-fortean zeuden 4.000 nekazari ingurutik, 2.000 gai izan ziren Leipheim-eko hirira heltzeko, zaurituak gurdietan eramaten zituztelarik. Beste batzuk Danubiora jo zuten askapen bila, 400 ito zirelarik bertan. Von Waldburg-en zalditeriak beste 500 hil zituen. Hau izan zen gerrako lehen bataila garrantzitsua.[oh 3]

Wurzach-eko gudua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1525eko apirilaren 12an, Liga Suabiarreko tropek Baltringer-eko taldea erasotu eta erraz garaitu zuten. Nekazariei armak kendu zizkieten eta behartuak izan ziren kalte-ordain handiak ordaintzera.

Hurrengo egunean, von Waldburg eta bere armadak "Aintzirako taldearen" (Seehaufen) aurka egin zuten, azken hau talde ondo armatu eta antolatua zelarik. Nekazari-taldeak, ordea, ez borrokatzea erabaki zuen. Hurrengo egunean, Allgäuer Haufen-eko nekazariak aurkitu zituen Wurzach-en, baina haiekin negoziatuz, nekazariek armak utzi zituen. Weingarten-eko akordioan, apirilak 20, Allgäuer Haufen eta Seehaufen taldeei bermea eman zien von Waldburg-ek, libreki erretira zitezkeela eta euren gatazkak epaitegi inpartzial batek ebatziko zituela.

Weinsberg-eko sarraskia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

49°9′6″N 9°17′8″E / 49.15167°N 9.28556°E / 49.15167; 9.28556

Weinsberg-eko gaztelua, mahatsondoz inguratua. Bertan, nekazariek gaztelua hartu eta bertako lurjabe arisokratak masakratu zituzten.

Gatazkaren hurrengo elementu honek nobleziaren sektore zabal batengana erresumina eraman zuen. Apirila hasieratik mugitzen hasiak ziren Odenwald-eko nekazariek Schöntaleko monasterio zistertarra hartua zuten jada, eta Limburg an der Lahn eta Hohenloheko bandak batu zitzaizkien. Neckar bailarako nekazari talde handi bat, Jack Rohrbach-en gidaritzapean, batu zitzaizkien eta Neckarsulmetik, talde handitu hau, "Talde distiratsua" deiturikoa (alemanez, Heller Haufen) Weinsbergera joan zen, non Helfenstein-eko dukea bizi zen.[oh 4] Bertan, nekazariek garaipen garrantzitsua lortu zuten, non dukearen menekoek ere lagundu zieten. Nekazariek dukearen gazteluari eraso egin eta hartu zuten; dukearen soldadu gehienak Italian zeuden eta babes gutxi zuen bertan. Dukea preso harturik, nekazariek euren mendekua burutu zuten: Dukea eta berarekin zeuden babes bila etorritako 70 noble gutxi gora-behera behartu zituzten piken erasoa pairatzera, orduko Landsknechts-en arteko exekuzio era tipikoa. Rohrbach-ek bere taldeko gaita-jotzaileari agindu zion musika jotzeko erasoak irauten zuen bitartean. Heriotza latza izan zuen dukeak.[22]

Jacklein Rohrbach, nekazarien buruaren exekuzioa, Neckargartach-en.

Hau larregizkoa izan zen beste nekazari taldeetako buruentzat; Rohrbach-en ekintzak baztertuak izan ziren, kargutik kendu zuten eta zaldun bat jarri zuten haren lekuan, Götz von Berlichingen, zeina gero taldearen komandante goren izendatu zuten. Apirilaren amaieran, taldea Amorbachera joan zen, bidean Odenwald-eko nekazari erradikal batzuk batu zitzaizkielarik, zeintzuk Berlichingen-en atzetik zebiltzan. Berlichingen-ek, 10 urte aurretik gertaturiko matxinada bateko errepresioan hartu zuen parte eta nekazariek ez zuten hura ahaztu. Martxak zirauen bitartean, Wildenburg-eko gaztelua erre zuten, taldeak berak adosturiko Gerrarako Artikuluak urratuz.[23]

Weinsberg-eko gertakari honek eta bereziki, bertako nobleek izandako heriotza iraingarriak, nobleen hira ekarri zuen, baita Martin Lutherrena ere, zeinak Wider die räuberischen und mörderischen Rotten der Bauern (Nekazari hiltzaile eta lapurren horden aurka) idatzi zuen. Bertan, nekazariak zigortzen zituen ahoska ezinezko krimenengatik, ez bakarrik Weinsberg-eko nobleengatik, baita euren matxinada lotsagabeagatik ere.[24]

Errepresaliak heldu zirenean, Weinsberg erre zuten eta Rohrbach bizirik erre zuten, Neckargartach herrian.

Frankenhausen-eko bataila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

51°21′21″N 11°6′4″E / 51.35583°N 11.10111°E / 51.35583; 11.10111

1525eko apirilaren 29an, Frankenhausen (Turingia) eta inguruetako nekazarien kexa eta protestek eragindako matxinada batek egin zuen eztanda. Hiritarren zati handi bat matxinadara batu ziren, eta nekazariekin batera, udaletxea okupatu eta Schwarzburgeko kondeen gazteluari egin zioten eraso. Hurrengo egunetan, oraindik matxino gehiago bildu ziren hiriaren inguruko zelaietan. Mühlhausenetik Thomas Müntzer heldu zenean 300 borrokalarirekin, maiatzak 11, inguruko lurretako beste zenbait mila nekazari zeuden zelaietan kanpaturik: nekazari armadaren tamaina ez da oso argia, baina 8.000-10.000 nekazari artean dago estimaturik. Filipe Hessekoa eta Saxoniako dukeak Müntzerren atzetik zebiltzan eta euren Landsknechtak Frankenhausen-erantz bideratu zituzten. Maiatzaren 15ean, bi nobleen indar bateratuek Frankenhausenetik hurbil, Thomas Müntzer anabaptista buru zuen nekazari-taldea garaitu zuten.

Printzeen tropak 6.000 mertzenario inguru zituen, Landsknechtak, zeinak ondo ekipatu eta entrenaturik zeuden eta eskarmentudunak izateaz gain, moral ona zuten. Bestalde, nekazariek, izatekotan, ekipamendu pobrea zuten eta Müntzerrekin heldutako 300 borrokalari horietaz aparte, entrenamendua zeukatenak, oso entrenamendu txarra jasotakoak ziren. Gainera, nekazari asko ez zeuden ados jarraitu beharreko pausuei buruz: printzeen tropen aurka borrokatu edo negoziatu behar zuten? Maiatzaren 14ean, arrakastaz egin zieten aurre printzeen tropei, baina ezin izan zioten etekinik atera garaipenari. Horren ordez, su-etena akordatu zuten eta gurdi-forte batera erretiratu ziren.

Hurrengo egunean, bi printzeen tropak batu egin ziren eta segituan su-etena apurtu zuten, infanteria, zalditeria eta artilleriarekin eraso bortitza hasiaz. Nekazariak babes gabe aurkitu zituen armadak eta hauek beldurrez herrira ihes egin zuten, mertzenarioak atzetik erasoka zituztela. Matxinoen gehiengoa eraila izan zen, sarraski bihurtu zen batailan. Eroritakoen zifrak ez dira fidagarriak, baina 3.000-10.000 hildako artean dago estimaturik nekazari hildako kopurua, mertzenarioen galerak aldiz, sei bakarrik izan zirela uste da (horietatik bi zaurituak besterik ez). Müntzer bera ere atxilotu, torturatu eta azkenik Mülhausenen maiatzaren 27an exekutatu zuten.

Böblingen-eko bataila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hohenstaufen-eko gaztelua irudikatzen duen 1470 inguruko freskoa.

Böblingeneko bataila (1525eko maiatzaren 12a) nekazariek gerra osoan jasotako porrotik handienetakoa izan zen. Nekazariek apirilak 16 Stuttgart okupatu ostean, Waldburg-ek Rottenburg-en kanpatu zuenaren berri izan zutenean, Herrenberg-erantza joan eta hiri hau hartu zuten (1525eko maiatzaren 10ean). Herrenberg berriz hartzeko Liga Suabiarrak eginiko aurrerapenak saihestuz, Württemberg-eko taldeak hiru kanpaleku jarri zituen Böblingen eta Sindelfingen artean. Bertan, lau unitate eratu zituzten, hirien arteko maldan kokatuz. 18 piezaz osaturiko artilleria, Galgenberg izeneko muinoan zegoen, arerioen armadari begira. Nekazariak Ligako zalditeriak gainditu zituen, nekazariak inguratuz eta kilometrotara jarraituz.[25]

Württemberg-eko taldeak 3000 nekazari inguru galdu zituen (zenbakiak 2000 eta 9000 artekoak dira), eta Liga Suabiarrak, aldiz, ez zituen 40 soldadu baino gehiago galdu.

Bitartean, nekazariek Hohenstaufen-eko gaztelua hartu eta suntsitu zuten, Lorch-eko monasterioarekin batera.

Friburgoko setioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Friburgo, zeina lurralde Austriarra (Habsburgo) zen, arazo nahikotxo zituen nekazariei aurre egingo zien soldadutza egitera beharturiko soldadu taldea aurkitzeko, eta hiriak zutabe bat lortu zuenean nekazariei aurre egiteko, nekazariek ihes egin zuten basora, ostean berriz agertzeko. Baden-eko dukeak, Margrave Ernst, Suabiako haufen-ak planteaturiko Hamabi artikuluak onartzeari uko egin zionean, nekazari talde nahiko handiak Oihan Beltzean zeuden hainbat monasteriori eraso egin zioten. Heitersheim-eko Zaldun ostalariak ere erori ziren hauen aurrean maiatzaren 2an; iparraldeko zenbait Haufen-ek Tennenbach eta Ettenheimmünsterreko monasterioei eraso egin zieten. Maiatzaren hasieran, Hans Müller Kirchartzen-era heldu zen 8.000 nekazari baino gehiagorekin. Beste zenbait nekazari-talde heldu ziren, 18.000 nekazariz osaturiko indarra lorturik. Egun batzuen buruan, Friburgo inguratu zuten eta nekazariek setiorako planak egin zituzten.[26]

Nekazariek 1525eko maiatzaren 23an hartu zuten Friburgo.

Königshofen-eko bataila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1525eko ekainak 2an, Königshofen-eko kanpoaldean, Wendel Hipfler eta Georg Metzler nekazarien buruzagiek kanpatu zuten. Flanko bakoitzeko Liga Suabiarreko bi eskuadroi eta zalditeriaren hurbilketa sumatu ostean, -gaur egun Truchsess-aren estrategia izan zela uste dena- nekazariek artilleria eta gurdi-fortea herri gainean zegoen muinora mugitu zituzten. Ordurako nekazariek ikasirik zuten nola babestu zalditeriaren erasotik eta kanoiaren ostean baina gurdi-fortearen parean batu ziren, lau lerrotan, forteak atzeko eraso batetik babestuko zituenaren ustearekin. Nekazarien artilleriak Ligako zalditeriaren abangoardiari egin zion su, ezkerretik egin baitzien honek eraso. Von Waldburg-en agindupean zegoen infanteriak aurrez-aurreko erasoari ekin zion, baina borrokara heldu baino lehen, nekazarien atzetik beste eraso bat egindu zuen Waldburg-ek. Zaldunek atzeko lerroak jotzen zihoazen heinean, beldurra areagotzen joan zen nekazarien artean. Hipler eta Metzler-ek ihes egin zuten, artilleriako ofizialekin batera. Bi mila nekazari inguru heldu ziren hurbileko basora, non birrantolatu eta aurre egin zioten Ligako zaldunei. Atzetik etorri zen kaosean, nekazariek, zaldunek eta oinezko soldaduek bataila zabunkatua osatu zuten. Gauerako, 600 nekazari besterik ez ziren geratzen eta bataila bukatu zenean, von Waldburg-ek bere soldaduei lekua ikuskatzeko eskatu zien eta hauek, hildakoen itxurak egiten ari ziren 500 nekazari aurkitu zituzten. Bataila honi, Turmberg-eko bataila ere deritzo, zelaian zegoen talaia batengatik. [27]

Würzburg-eko bigarren bataila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihan Beltzeko nekazariek Friburgo hartu ostean, Hans Müller-ek taldeko zenbait nekazari hartu zituen Radolfzell-en zegoen setioan laguntzeko. Beste nekazariak euren herrietara bueltatu ziren, zelaietan lan egiteko. Ekainak 4ean, Würzburg inguruan, Müller eta nekazari-soldaduz osaturiko talde txikia Hellen Lichten Haufen-eko zenbait nekazarirekin batu zen. Nahiz eta indarrak batu, armada honen tamaina oraindik txikia zen. Waldburg-Zeil-en, Würzburg-etik hurbil Götz von Berlichingen (Burdinezko eskudun Götz izenarekin ere ezaguna) tropekin egin zuten topo. Zaldun inperiala eta esperientziadun soldadua izanik, nahiz eta armada txikia izan, nekazariek ezin izan zuten ezer egin beraren aurrean. 2 ordutan, 8.000 nekazari baino gehiago hil zituzten.

Von Berlichingen, garaipenaren ostean Allgäura joan zen bere armadarekin, azken matxinadak deseginez. Lau hilabetetan, bere armadak mila kilometro baino gehiago egin zituen.

Ondoren, beste talde batzuk jarraitu zuten borrokan, Gaismar tiroldarrarena kasu, dena den, ez zen bataila handi gehiagorik egon.

Gerraren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazariek pairaturikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxinoentzat ondorio larriak ekarri zituen gerrak. Estimazio desberdinen arabera, gerrako fasean bakarrik 100.000 nekazari inguru hil ziren. Bizirik geratu zirenak, aldiz, automatikoki eragin zien Reichsacht proskipzio inperialak, heriotza zibilaren antzeko egoeran jartzen zituelarik nekazariak. Era honetan, eskubide eta jabego guztiak kendu zizkieten eta legegabe (Vogelfrei [oh 5]) izenda zitzaketen. Matxinoen buruzagiak heriotzera kondenatu zituzten.

Beste matxino batzuk jauntxoen epaitegi penaletara epaitu zituzten, zeintzuk oso krudelak izan zitezkeen. Garaiko zenbait kronikek, buru-mozteak, begien erauzketak, gorputz-adarren anputazioak eta antzeko gauzak azaltzen dituzte.[erreferentzia behar] Diru-zigorrak jaso zituztenak, pribilegiatutzat jo zezaketen euren burua, nahiz eta kondenatu asko ez zeuden ordainketei aurre egiteko egoeran.

Komunitate osoei euren eskubide guztiak kendu zizkieten, matxinoei sostengua erakusteagatik. Jurisdikzio eskubideak galdu zituzten, jaiak debekatu ziren eta herrietako gotorlekuak suntsiturik geratu ziren. Era berean, armak entregatu behar izan zituzten eta tabernetara gauetan joatea ere debekatu zen zenbait lekutan. [erreferentzia behar]

Beste lurralde batzuetan, aldiz, eragin positiboak izan zituen, nahiz eta gutxiengoa izan. Arazoak akordio bitartez konpondu ziren matxinadak zirkunstantzia bereziki txarretan hasitako lurralde jakin batzuetan, esate baterako, Kempten-eko printzerri-abadian, zeinean akordio batera heldu ziren Espirako Reichstag-ean, 1526an.

Buru militarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazarien porrotak, irabazleak izan ziren nobleen ondarearen aberastea jarri zituen, galtzaileen bizkarretan. Von Waldurg seneskalak Goi-Suabian lur asko lortu zituen. Era berean, Schertlin von Bürtenbach komandantea galtzaileez baliatu zen euren kontra erabilitako mertzenarioak ordaintzeko. Karlos V.a enperadoreak eta Klemente VII.a Aita Santuak eskerrak eman zizkioten Liga Suabiarrari matxinada zapaltzen eginiko lanagatik.

Gerra eta Erlijioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Apaiz lizunkoi baten bizitza irudikatzen duen karikatura.

Martin Luther

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreformaren ikuspuntuek nekazari matxinoei justifikazio moral garrantzitsua eman bazieten ere, Martin Luther altxamenduetatik aldendu zen. 1521ean jada bazituen zehazki desberdindurik eremu zerutiar eta lurrekoa, berak erreformarekin Eliza aldatzea baitzuen helburu, ez munduaren kristautzea. Agintariek gero eta gehiago leporatzen zioten gerrako gertakarien arduradun gisa, ez baitzen esplizituki matxinoengandik aldentzen. 1525ean Lutherrek kritikatu egiten zuen printzeen jarrera harroa. Weinsberg-eko sarraskiaren ondoren, ordea, iritziz aldatu eta baldintzagabe lerratu zen printzeen aldera eta matxinoen hurrengo kondena egin zuen:

« talde harrapari eta hiltzaileen kontra busten dut nire luma odoletan: bertako kideak suntsituak, itoak, sastatuak izan behar dute, sekretupean zein publikoki, nahi duenak egin ahal izateko, txakur amorratuak hiltzen diren gisan »


Geroago, nekazarien galera erraz aurreikusten zenean, Wider die räuberischen und mörderischen Rotten der Bauern (Nekazari hiltzaile eta lapurren horden aurka) testua idatzi zuen. Hori dela eta, Nekazarien gerran izandako bere papera kritikatu dute hainbat historialarik.[erreferentzia behar]

Gerra ostean, protestantismoak, iraultza sen osoa galdurik, Lutherrek lagunduta jauntxoen gizartearen instituzio boteretsuak ezartzen lagundu zuen, autoritateari izan beharreko otzantasunaren dotrinarekin.

Thomas Müntzer

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Thomas Müntzer Martin Lutherren jarraitzailea izan zen, baina azken honek ez bezala, ideologia erradikal eta iraultzailea hartu zuen, armen bitarteko askapenaren alde eginez. Bere ustez ordena sozial justua zenaren oinarriak jarri nahi zituen: pribilegioen indargabetzea, monasterioak deuseztatzea, behartsuentzako aterpeak eratzea, txiroentzako dohaintzak eta ondasunen jabego komunala.

Historiografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marx, Engels eta Nekazarien gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniar nekazarien gerrak Friedrich Engels eta Karl Marxen materialismo historikoaren kontzeptuaren oinarria ezarri zuen. "Nekazarien Gerra Alemanian" lan mardulean azaldu bezala, Marx eta Engels-ek, nekazariek izandako porrota, hauen ideologia kontserbadorearen eragin zuzena izan zela idatzi zuten; honek eraman zituen ondorioztatzera iraultza, gertatuko zenean, ez zela nekazarien armada batek gidatua izango, baizik eta proletalgo hiritarrak. Klase borrokaren bere interpretazioan, Engels-ek nekazariak askatasunaren kausaren aurkako traidore moduan identifikatu zituen. [28]

Lekua historiografian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraren Marx eta Engels-en interpretazioaz harago, historialariak ez daude ados matxinadaren izaera eta bere kausei dagokionez, ea Martin Lutherrengan zentraturiko auzi erlijiosotik hasi zen; nekazari aberatsez osaturiko talde batek euren eskubide eta aberastasunak ihes egiten ikusi eta hauek gizartearen egitura sozial, legal eta erlijioso berrian berridaztea bilatu zuen; edo estatu politiko modernizatzaile eta zentralizatzaile hazkorraren aurkako erresistentzia izan zen. Historialariek Alemaniar nekazarien gerra bi eratara kategorizatzera jo dute, arazo ekonomikoen erakusle modura edo gizarte feudalaren mugen aurkako adierazpen teologiko/politiko modura.[29]

1930eko hamarkadatik aurrera, Günter Franz-ek nekazarien gerrari buruzko egindako lanak agintzen zuen matxinadaren interpretazioen artean. Franz-ek nekazarien gerra borroka politiko modura ulertzen zuen, non alderdi ekonomiko eta sozialak rol txikiagoak izan zuten. Franz-en interpretazioa ulertzeko beharrezkoa da ikustea nekazariei mesede egin ziela XVI. mendeko errekuperazio ekonomikoak eta euren arrangura, Hamabi artikuluak bezalako dokumentuetan jasoak daudenak, ez zeudela (edo egotekotan, oso gutxi) garaiko errealitate ekonomikoan oinarriturik. Matxinadaren kausak berez politiko moduan interpretatu zituen, eta bigarren plano batean, ekonomikoak: lurjabeen nekazarienganako kontrolerako adierazpenak, zerga berriak jarriaz eta zaharrak aldatuz eta morrontzaren sorrera, legeak babesturik. Franz-en ustez, 1525eko matxinadak "nekazari nardagarri" eta printzeen arteko borrokak izan ziren, non nekazariak zanpatuak izan ziren eta mendeetarako desagertu ziren eszena politikotik. Interpretazio ekonomiko desberdin batek Franz-en ikuspuntuari egin zion aurre 1950 eta 1960 hamarkadetan. Interpretazio honek, uzta, soldata eta baldintza finantzarioz osaturiko datu ekonomikoz lagundurik, ondorioztatu zuen XV. mende hasierako hobekuntza ekonomikoak eragin zuela nekazariengan, baina, XV. mende bukaeran eta XVI.aren hasieran, nekazariek abantaila hauek galtzen ikusi zituztela noblezia eta talde militarren aurrean. Gerra, beraz, agintariengandik abantaila sozial, ekonomiko eta politiko hauek berreskuratzeko saiakera izan zen, noblezia bestalde, lorturiko pribilegioak indartzen saiatu zen bitartean. [30]

1970eko hamarkadatik aurrera, alemaniar nekazarien gerrako ikerketara historialari sozial eta kulturalak gehitu ziren. Gutun, egunkari, tratatu erlijioso, hiri eta herri agiriak, informazio demografikoa... moduko iturriak erabiliz, historialariek nekazari eta tradizio autoritarioari buruz denbora luzez izandako usteei egin zien erronka, beste hipotesi batzuk aurkeztuz. Korronte hauen arabera, nekazarien erresistentzia, bi eratara gauzatu zen. Lehenik, berez sorturiko matxinada lokalak, tradiziozko askatasunak eta lege zaharraren alde egin zutenak. Era honetan, galdutakoa berriz irabazteko saiakera tradizional eta kontserbadorea izan zen. Bigarrenik, zenbait historialarik gatazka lurralde desberdinetako matxinada antolatu modura ikusten zuten, bere legitimazioa lege jainkotiarretik hartzen zuena, oinarri ideologikoa Erreforma protestantean aurkitu zuelarik. Historialariak, bereziki, Alemania hego-mendebaldeko lurraldeetako historia ikertzen zeudenak, Franz-en gerraren jatorria eta gerraren garapenaren interpretazio marxista gezurtatu zuten, baita azken bi korronte hauen emaitza eta ondorioez eginiko hausnarketan ere. Hauetariko garrantzitsuena, Peter Blickle izan da, zeina bat datorren Franz eta marxistekin, Alemania hego-mendebaldean feudalismoa krisi sakonean zegoela ikusiaz. Krisi honek eragin politiko, sozial eta ekonomikoak izan zituen, nekazari eta euren lurjabeek XV. mendeko klima, teknologia, lan eta uzta aldaketei aurre egiteko ahaleginean izan zuen jatorria. Blickle-ren ustez, nekazarien matxinadarako posibilitatea Alemania hego-mendebaldeko tradizio parlamentarioa eta asko galtzeko zuten norbanakoen (interes politiko, sozial eta ekonomikoa zutenak nekazari produktuen produkzio eta banaketan) talde baten bultzadaren menpe zegoen. Norbanako hauek asko zuten galtzeko.

Ikuspegi hau, zeinak baieztatzen duen matxinada errekuperazio ekonomikorako nekazari-sistemaren barruko taldeen parte-hartzetik hasi zen, Scribner, Stalmetz eta Bernecke historialariek jarri dute ezbaian. Defendatzen dute Blickle-ren nekazarien errekuperazio ekonomikoaren analisia printzipio Maltusiarraren forma dudagarri batean dagoela oinarriturik eta nekazal ekonomiaren berreskuratzea oso mugatua izan zela, bai lurralde mailan, baita nekazariengan izandako eraginean ere. Historialarien ustez, nekazari gutxi batzuk berreskuratu zuten euren aberastasuna, lurralde gutxi batzuetan, eta beraz ez zen heldu nekazaritzan jarduten zuen gehiengo handiari. Blickle eta bere ikasleek euren iritzia aldatu zuten, nekazarien aberastasunari dagokionez. Tokiko ikerketa batzuk erakutsi dute nekazari batzuk etekina atera ziotela berreskuratze ekonomikoari, baina hau lortu zutenak ez zirela izan aurretik uste zirenak beste.

Gerraren garapenak beste zenbait gertakariren garrantzia azpimarratu zuen: ideologia askatzaile berria, Müntzer eta Gaisman moduko buru karismatiko eta heziketa militarra jasotakoak nekazarien alde egin izana, jatorri sozial eta ekonomikoa zituzten arrangurak, zalantzan jarritako erlazio politikoak eta diskurtso sozial eta politikorako tradizioa. Franz-en analisian, azken batailetan nekazariek pairaturiko sarraskiak eta euren buruen exekuzioak, nekazariak euren helburuak lortzeko porrotaren erakuslea izan ziren: nekazariak, beraz, mendeetarako desagertu ziren eszena historikotik. Dena den, tokiko ikerketa eta genero eta klase ikuspegitik landutako erlazioak helburu zituzten ikerketek erakutsi dute nekazariak gai izan zirela berreskuratzeko, baita kasu gutxi batzuetan euren eskubide eta askatasun tradizionalak hedatzeko gai ere, hauek idatziz negoziatuz eta euren jauntxoei behartuz betetzera. Nahiz eta eskaera erradikalenak ez ziren onartuak izan, hau ez da arraroa; aldaketa historikoen izaera ikusirik, ez horren polemikoak diren eskaerak hartzen baitira aintzat lehenengo.

Eragina arteetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Goethe. Berak, von Berlichingen Burdinezko eskuduna Liga Suabiarreko buruaren bizitzan oinarrituriko antzerkia egin zuen.

Nekazarien gerra, bere gertaera heroiko, intriga eta traizioekin, sormen literariorako zenbait inspirazio eman ditu, bereziki kultura alemanaren Sturm und Drang garaitik aurrera. Era honetan, Goethe, bere lehen antzezlan ezagunerako, Goetz von Berlichingen pertsonaia eztabaidatuan inspiratu zen (1773).

Gerhart Hauptmann-ek, era berean Florian Geyer antzezlana sortu zuen: nekazarien gerra tragikoa, 5 atal eta sarrera batekin (1896).

Azkenik, Luther Blissettek iatzitako Q eleberriko hainbat pasarte Nekazarien gerran jazotzen dira, Frankenhausen-eko bataila delarik nobelako lehen eszenatokia.

Bauernkriegspanorama artelana duen eraikina.

Thomas Müntzer, Alemaniako Errepublika Demokratikoko materialismo historikoaren ikono bihurtu zen aldetik, Frankenhausen-eko bataila irudikatzen duen margoa egin zen Bad Frankenhausenen, Bauernkriegspanorama izenekoa (Nekazarien gudako panorama), batailaren 450. urteurrena gogoratzeko asmoz. Werner Tübke-ren esku geratu zen eginkizuna, Leipzig-eko Arte Bisualen Akademiako errektorea. Beren-beregi eraikitako eraikin batean dago artelana (Panorama museum), zeina 1976 eta 1987 artean egin zen. 123 metro luze eta 14 metro zabal da panorama, bertan 3000 pertsona agertzen direlarik. Bere 1722 m²-rekin, munduko artelan handienetakoa da eta munduko olio margo handiena [31].

Bertan, Tübke-k nahiko interpretazio pesimista egin zuen, Müntzer bakarrik agertuz tropen artean, lurrean dagoen Bunschuh bandera baten ondoan. Panorama, 1989ko irailaren 14ean inaguratu zen, Berlingo harresia erori baino zortzi aste lehenago.


  1. Zabern, gaur egun Saverne izenarekin ezaguna den hiri frantses modernoaren izen alemana da.
  2. Gatazka gehiago sortu ziren, Hiri Inperiala 1527an protestantismora konbertitu zenean, monasterio katolikoari zuzen-zuen aurre eginez
  3. 1994an, hilobi handi bat aurkitu zuten Leipheim-etik hurbil; txanponen bitartez garaira loturik, arkeologoek aurkitu zuten bertako hildako gehienak buruko zaurien ondorioz hil zirela [20]
  4. Dukea, mendekoek mespretxatzen zutena, aurreko enperadorearen, Maximiliano I.a, suhia zen.[21]
  5. Vogelfrei, "txoriei emana" moduan itzuli daiteke, hegazti basatiei erreferentzia eginez. Vogelfrei izendapena zuena erail edo laidotzeak ez zuen inolako zigorrik ekartzen. Hil ostean, euren gorpuak ezin zitezkeen lurperatu eta gune ireki batean uzten ziren, hegazti harrapakinen bazka gisa

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Voltaire, Essai sur l'histoire générale et sur les mœurs et l'esprit des nations (1756), 70. kapitulua
  2. Lins, Cologne. New Advent.
  3. Encyclopedia Americana, "Chapter," New York, Encyclopedia Americana, 1918, 514. orr.
  4. Pérez Zagorín. Rebels and rulers, 1500–1660. Cambridge and New York: Cambridge University Press, 1984. ISBN 978-0-521-28711-1 187–188. orr.
  5. Zagorín, 187. orr.
  6. Zagorín, 188. orr.
  7. Yves Marie Bercé. Revolt and revolution in early modern Europe: an essay on the history of political violence. (Frantsesez) Révoltes et révolutions. Joseph Bergin, trans. Manchester: Manchester University Press, 1987. 9780719019678. 154. orr.
  8. Gerald Strauss (ed.) Manifestations of Discontent in Germany on the Eve of the Reformation. Bloomington, IL: University of Illinois Press, 1971.
  9. Zagorín. 190. orr.
  10. Wilhelm, Joseph. "Hussites". In The Catholic Encyclopedia (New Advent online). New York: Robert Appleton Company, 1910. 2010 urtarrilaren 5ean kontsultatua
  11. Miller, Douglas. Armies of the German Peasants' War 1524–1526. Oxford: Osprey Publishing, 2003. 5. orr.
  12. a b Miller 7. orr.
  13. Miller, 6. orr.
  14. a b Miller, 8. orr.
  15. a b Miller, 10. orr.
  16. Miller, p. 13.
  17. Miller, 11. orr.
  18. Miller, 4. orr.
  19. Miller, 20-21. orr.
  20. Miller 21. orr.
  21. Miller 35. orr.
  22. Wolfgang Menzel. The history of Germany, from the earliest period to the present time. Mrs. George Horrocks, Trans. London, H. G. Bohn, 1848-49, 239. orr.; eta Miller, 35. orr.
  23. Miller, 34. orr.
  24. Peter Blickle, ed. The Revolution of 1525: The German Peasants’ War from a New Perspective. Baltimore: The Johns Hopkins University Press, 1981, xxiii. orr.
  25. Miller, 26. orr.
  26. Tom Scott. Freiburg and the Breisgau: Town-country relations during the Reformation. 204–209. orr.
  27. Miller, 37. orr.
  28. Friedrich Engels, "The Peasant War in Germany" in Marx & Engels Collected Works 10. lib., 399. orr.
  29. Steven E Ozment, The age of reform 1250-1550 : an intellectual and religious history of late medieval and reformation Europe. New Haven: Yale U.P., 1980, ISBN 978-0-300-02760-0, 279. orr.
  30. Ozment, 250. orr.
  31. Art of the 20th Century, 1. atala, Karl Ruhrberg et al (2005)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]