Argentina
Argentina[1], ofizialki Argentinako Errepublika (gaztelaniaz: República Argentina), Hego Amerikako estatu federala da, Amerikako Hego Konoaren hego-ekialdean, Andeak eta Ozeano Atlantikoaren artean, dagoena. 2.780.400 kilometro koadroko eremua du eta 2010ean 40.117.096 biztanle zituen.[2] Buenos Aires du hiriburu eta hiri nagusi.
Azalerari dagokionez, estatu hispanofonorik handiena, Latinoamerikako bigarrena eta munduko zortzigarrena da. Halaber, Latinoamerikako hirugarren ekonomiarik handiena du. Nazio Batuen Erakundea, Mercosur eta Merkataritzaren Mundu Erakundearen kide sortzaileen artean dago. Hizkuntza ofiziala gaztelania da (bertako hizkuntza indigena batzuk ere hitz egiten dira).
1816an Espainiar Inperiotik askatu eta independentzia eskuratu zuenetik, kontserbadoreen eta liberalen arteko eta aginpide militar eta zibilen arteko barne gatazka gogorrak bizi izan ditu. Aberastasun natural eta baliabide ugariko herrialdea denez, eta atzerriko inbertsio handiak jaso izanari esker, nekazaritza modernoa eta industria askotarikoa dauzka. Bigarren Mundu Gerraz gero militarren diktadurapean egon zen, harik eta 1983an hauteskunde demokratikoak egin ziren arte.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako Errepublika Hego Amerikako bigarren estaturik handiena eta munduko zortzigarrena da. 2.780.400 km²ko eremua dauka, kontuan hartu gabe Erresuma Batuaren esku dauden eta Argentinak beretzat galdegiten dituen Malvinak (11.410 km²), Hegoaldeko Georgiak (3.560 km²) eta Hegoaldeko Sandwichak (307 km²). Horrezaz gain, 965.597 km²ko Antartikako lurralde bat (Hego Shetlandak eta Hego Orkadak barne) ere eskatzen du beretzat.[2]
Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Amerikako Hego Konoan dago. Iparraldean Bolivia eta Paraguairekin du muga, ekialdean Brasil, Uruguai eta Ozeano Atlantikoarekin, hegoaldean Txile eta Ozeano Atlantikoarekin eta mendebaldean Txilerekin. Brasilekin 1.132 kilometroko muga du, Boliviarekin 742 kilometrokoa, Txilerekin 5.308 kilometrokoa, Paraguairekin 1.699 kilometrokoa eta Uruguarekin 495 kilometrokoa[3].
Eskualde naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Patagonia kontuan hartu gabe, Argentinan zazpi eskualde natural bereizten dira[4]:
- Ipar-mendebaldea: Jujuy probintzia, Saltako gehiena eta bai Tucumángo, bai Catamarcako zati bana.
- Gran Chaco: Formosa, Chaco, Saltako ekialdea, Santiago del Esteroko zatirik handiena, Santa Feko iparraldea eta Tucumángo eta Córdobako alderdi batzuk.
- Mesopotamia: Misiones, Corrientes eta Entre Ríos.
- Cuyo: Mendoza probintzia, San Juango mendebaldea eta La Riojako eta La Pampako zati txiki batzuk.
- Panpa: Buenos Aires probintzia, La Pampako ipar-ekialdea, Córdobako ekialdea, Santa Feko erdi eta hegoaldea, eta Río Negroko, Mendozako eta San Luisko zati bana.
- Panpako mendilerroak: Tucumán, Catamarca, La Rioja, San Juan, San Luis eta Córdobako alde batzuk, eta Santiago del Esteroko zati txiki bat.
- Patagonia: Neuquén, Río Negro, Chubut, Santa Cruz eta Suaren Lurraldeko probintziak, Mendozako hegoaldea eta La Pampako hego-mendebaldea.
-
Ipar-mendebaldeko Maskorren Quebrada
-
Ipar-mendebaldeko Yunga
-
Mendebaldeko Patagonia
-
Ekialdeko Patagonia
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako erliebean Andeak nabarmentzen dira. 4.441 kmko luzeran, mendilerro honek herrialdearen mendebaldea zeharkatzen du, iparraldetik hegoalderaino. Gailurrik gorenak Aconcagua (6962 m) da, Amerika osoko mendirik garaiena, Ojos del Salado (6891 m), Pissis mendia (6795 m), Cerro Mercedario (6768 m) eta Cerro Bonete (6759 m) dira, denak mendilerroaren erdialdeko zatian. Iparraldean Atacamako puna dago, 3800 mko garaierako goi ordoki idorra, ekialdeko ertzean 6000 mko gailurrak dituena. Eskualde horretan bertan dago Quebrada de Humahuaca izeneko haitzartea (La Quiaca, 3.440 m). Patagoniako andeak, Neuquéndik hegoaldera, iparraldekoak baino apalagoak dira: Lanín sumendia, (3776 m), Cerro Tronador (3554 m) eta Fitz Roy (3405 m) dira puntu gorenak[5].
Andeen mendebaldean, Catamarcatik Neuquéneraino, Precordillera delakoa eta Panpako mendilerroen sistema daude. Sistema honetakoak dira Catamarcako Belén eta Ancastiko mendilerroak, eta La Riojako Jagüel eta Velascokoak. Tucumán, San Juan, San Luis, Santiago del Estero eta Córdoban ere daude mendilerroak. Buenos Aires probintzian Sierra de Tandil eta Sierra de la Ventana dira aipagarrienak[5].
Herrialdearen ipar-ekialdea oso ordoki zabala da, Paraguai eta Uruguaira ere hedatzen dena. Argentinan ordoki horrek 1.200.000 km²ko eremua hartzen du. Iparraldean Pilcomayo, Paraguai eta Paraná ibaiek mugatzen dute; mendebaldean mendilerro handiek; hegoaldean Colorado ibaiak; eta ekialdean Aguapié eta Uruguai ibaiek eta Ozeano Atlantikoak. Eremu zabal honetan oso paisaia desberdinak daude, hala nola, Corrientesko zingirak (Esteros del Iberá), Gran Chacoko oihanak eta Panpako larreak[5].
Patagoniako goi-ordokia Patagoniako andeetatik Ozeano Atlantikoraino hedatzen den goi lautada da. Oso idorra da eta han-hemenka muino eta mendi apal batzuk daude: Cerro Anecón Grande (2010 m) Río Negron, Cerro Calfuquir (1885 m) Chubuten, Cerro Cojudo Blanco (1335 m) Santa Cruzen. Argentinako Patagonian dago Amerikako beheragunerik sakonena: Laguna del Carbón (-108 m).
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima eta latitud aniztasuna dela eta, Argentinan oso ibai desberdinak daude. Ipar-ekialdean emaritsuak, luzeak eta nabigagarriak dira; iparralde eta mendebaldean emari txikikoa; hegoaldean, Andeetatik hurbil ibai jariotsuak dauden arren, Patagonia zeharkatu ahala emaria galtzen dute. Arro hidrografikoak hiru multzotan banatzen dira[6][7]:
- Arro exorreikoak: ozeanora isurtzen dira.
- Atlantikoko isurialdea. Hiru sistema nagusi daude:
- Rio de la Plataren arroa. 3.100.000 kilometro koadroko eremua hartzen du, Argentina, Bolivia, Brasil, Uruguai eta Paraguairen artean banatua. Argentinako garrantzitsuena da, eta bost herrialde horien arteko nabigazioa ahalbidetzen du. Arro honetako ibai bagusiak Paraná, Uruguai, Paraguai, Pilcomayo, Bermejo, Salado, Carcarañá, Iguazu eta Río de la Plata.
- Erdialdeko arroak. Atlantikora zuzenean isurtzen diren ibai txikiak dira, gehienak Buenos Airesko probintziakoak: Quequén Grande, Sauce Grande, Sauce Chico eta Napostá erreka.
- Patagoniako arroak. Ibai hauek Andeetan sortu, Patagoniako zabaldi idorra zeharkatu eta Atlantikora isurtzen dira. Ibilbide paraleloak dituzte, eta ez dute adar handirik. Urtean bi ur-goraldi izaten dituzte: neguan, euriteengatik, eta udaberrian, elurraren urtzearengatik. Emaririk txikiena udazkenean izaten dute. Garrantzitsuenak Colorado, Chubut, Río Negro eta Santa Cruz dira.
- Pazifikoko isurialdea. Argentinako Andeetan dute iturburua, baina Txilera igaro eta Ozeano Barera isurtzen dira. Garrantzitsuena Futaleufú da.
- Atlantikoko isurialdea. Hiru sistema nagusi daude:
- Arro endorreikoak. Erdialdeko Argentinako ibai hauek ez dute Ozeanora isurtzen. Batzuek aintziretan dute ahoa, eta beste batzuk agortu egiten dira. Nagusiak hauek dira:
- Desaguadero ibaiaren sistema. Iturburua erdialdeko Andeetan duen ibai hau Guanacacheko urmaeletara isurtzen zen, baina XX. mendean hezegune hori lehortua izan zen. Ur goraldi handienetan (oso gutxitan) ura Ozeano Atlantikoraino irits daiteke. Ibai hau oso erabilia da hidroelektrizitatea ekoizteko eta ureztatzeko.
- Mar Chiquita aintziraren sistema. Dulce, Suquía eta Segundo ibaien ura hartzen du.
- Quinto ibaiaren sistema. San Luisko mendilerroan sortu eta hegoaldeko Córdobako zingiretara isurtzen da.
- Arro arreikoak. Chacoren erdialdean, Punan, mendebaldeko Panpan eta Andeetatik kanpoko Patagonian daude. Bertan ez da ibai iraunkorrik, eta elur urtze edo eurite handien ostean, zingirak (esteros), aldi baterako aintzirak edo gatz-lautadak eratzen dira.
Aintzira gehienak Patagonian daude; handienak Buenos Aires/General Carrera (Txilerekin partekatua, 1850 km²), Lago Argentino (1466 km²), Viedma (1088 km²) eta Colhué Huapi (810 km²) dira. Chaco eta Panpan ur gaziko eta gezako urmahel eta aintzirak daude; aipagarriena Córdobako probintziako Mar Chiquita (6000 km²) da.
Los Glaciares Parke Nazionalean (Patagonia) daude herrialdeko glaziarrik handienak. Besteak beste, Perito Moreno, Upsala eta Spegazzini nabarmentzen dira.
-
Colorado ibaia, Salto Andersen presa, Río Negro.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonaurreko garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinan aurkitutako gizakien lehenengo aztarnak K.a. 11.000 urtekoak dira. K.a. lehen milurtekoan, artoan oinarritutako zibilizazioak Andeetako aldean (Santa María, Huarpes, Diaguitas, Sanavirones, besteak beste) garatu ziren.
1480an, Inka Inperioak, Pachacútec enperadorearen agintaldian, egungo Argentinako ipar-mendebaldea konkistatu zuen. Ipar-ekialdean, guaraniarrek jukan eta patata gozoan oinarritutako kultura garatu zuten. Erdialdea eta hegoaldea (Panpak eta Patagonia) kultura nomaden menpe egon ziren, harik eta XVII. mendean maputxeek batu zituzten arte.
Espainiaren menpe
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1536. urtean hasi zen espainiarren konkista. Pedro de Mendozak Buenos Aires hiria sortu zuen, baina indiarrekin harremanik ez zutelako eta haien erasoak etengabeak zirelako, utzi egin behar izan zuten luze gabe. Potosiko zilar meatzeak aurkitzeak, ordea, Río de la Plata alderako joera areagotu egin zuen eta Argentina iparraldea (Chaco, Río de La Plata) Peruko Erregeorderriaren mendeko lurralde bihurtu zen. Juan de Garayk bigarren aldiz sortu zuen Buenos Aires 1580. urtean.
Erregeordetza eskuratu bitartean (1776), Argentinako espainiar kolonoek bi eginkizun izan zituzten: bertako herriei nagusitzeko gerra egin eta Mar del Platara inguratu ziren talde frantses, ingeles eta holandarrei, eta iparraldetik erasoan ari ziren kolono portugaldarrei aurre egin. 1776. urtean Río de la Platako Erregeorderria sortu zen, Perukotik bereizi eta eginbide kolonialistak hobeto gauzatzeko asmoz. Independentziaren aldeko lehen urratsa izan zen, ordea, hura: metropoliak ezarritako monopolioak haserre bizia piztu zuen bertako kolonoen artean eta, Ingalaterrak lagunduta, askatasunaren aldeko mugimendua sortu zen. 1806an eta 1807an, Britainiar Inperioa Buenos Aires hartzen saiatu zen, baina kreolek bi erasoei aurre egin zieten arrakastaz.
Independentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1810eko maiatzaren 25ean, Napoleonek Fernando VII.a erregea tronutik kendu zuelako zurrumurrua zabaldutakoan, Buenos Airesko hiritarrek, egoeraz baliatuta, erregeordea egotzi eta altxamendu batzorde bat sortu zuten. Batzordeak «Provincias unidas del Río de la Plata» direlakoen independentzia aldarrikatu zuen.
1816an, Belgrano eta San Martin jeneralak espainiarren gudarosteei nagusitu zitzaizkien eta Argentinaren burujabetasuna lortu zuten. Independentziaren aldarrikapen ofiziala 1816ko uztailaren 9an egin zen Tucumánen. 1817an, José de San Martín jeneralak Andeak zeharkatu zituen, Txile eta Peru askatzeko. Horrela, Espainiaren mehatxua betiko uxatu zen.
Baina XIX. mendean Argentina bat egitearen aldekoen (gaztelaniaz: Unitarios) eta probintzietako autonomisten (gaztelaniaz: Federales) arteko borroka izan zen nagusi. Juan Manuel de Rosasen diktadura zentralistak (1829-1852) ezarri zituen Argentinako estatuaren oinarriak. Diktadura kendu ondoren, 1853an Santa Feko kongresuak konstituzio federala onartu zuen.
Estatu burujabea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atzerriko inbertsioek zein Europako immigrazioak nekazari-teknika modernoak ekarri zituzten. 1880ko hamarkadan, Basamortuko Garaipena delakoak hegoaldeko Panpetan eta Patagonian bizi ziren tribuak suntsitu zituen. 1880 eta 1930 bitartean, Argentinak esportazioan oinarritutako ekonomia sendoa garatu zuen, eta herrialdeko populazioa zazpi halakatu zen. Garapen ekonomikoak eta immigrazioak areagotu egin zuten Buenos Aires hirialde guztiz jendeztatuaren eta gainerako Argentinaren arteko gatazka. Lanbide liberalei lotutako burgesiak eta langileriak gero eta indar handiagoa hartu zuten hiri nagusian, baina aginpide ekonomikoak eta politikoak militarren eta lur sail handien jabeen esku segitu zuen.
1916 arte, kontserbadoreek menderatu zuten Argentinako politika. 1916. urteko lehen hauteskunde orokorretan alderdi erradikaleko Hipólito Yrigoyen nagusitu zen; handik aurrera, burgesia liberal nahiz oligarkikoa (aristokrazia) izan zen gobernuan, Argentinako politikan beti izan diren militarren begiradapean. 1930. urtean José Félix Uriburu jeneralak emandako estatu kolpeak boteretik kendu zuen Yrigoyen eta gobernu militarren garaia zabaldu zuen.
Oligarkiakoen esanei loturik eta gainbeherako egoera ekonomikoa menderatu ezinik, gobernu horiek beste molde bateko gobernu militarrari egin zioten leku. Arturo Rawson eta Pedro Pablo Ramírezen estatu kolpeak (1943) ireki zuen militarren eta nazionalismo populistaren arteko batasunaren aroa: peronismoa egin zen agintearen jabe 1946ko otsailaren 24an. Juan Domingo Perónek hiriko langilerian (descamisados) oinarritu zuen boterea, nekazarien eta hiri klaseen kaltetan. Langileen egoera hobetu nahi izan zuen, sindikatuak bultzatuz. Kanpoaldean, Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren aurrean irmo azaldu zen Argentina independentziaren alde. 1950etik aurrera, Eliza eta Armada aurka jarri zitzaizkion eta 1955eko Askapenerako Iraultzak (Revolución Libertadora) aginpidetik kendu eta Espainiara jo behar izan zuen.
1950eko eta 1960ko hamarkadetan, gobernua militar bigun eta zibil ahulen esku egon zen; hala ere, ekonomiak gora eta pobreziak behera (1975ean % 7 baino txikiagokoa zen) egin zuen. Bortizkeria politikoa areagotu zen. 1973ko hauteskundeak irabazi ondoren, Peron agintera itzuli zen. Handik urtebetera hil zen eta María Estela Martínez de Perón, Perónen hirugarren emaztea, izendatu zuten lehendakari. Alderdi justizialista banatu egin zen orduan: ezkerreko joera marxistaren inguruko talde armatua (Montoneros) berriz ere ekintzak egiten hasi zen, diktadura militarra zegoen garaian egin bezala. Inflazioa mugatu ezinik (% 800ekoa), gizarte arazoei erantzun ezinik eta erabateko ustelkerian murgildurik, 1976ko martxoaren 24an militarrek, Videla jenerala buru zutela, beste estatu kolpe bat eman eta agintea hartu zuten.
Armadak osatutako eta izendatutako batzorde militarrak, errepresioa eta tortura erabilita, ezkerreko oposizioa desagerrarazi eta giza eskubideen aurkako ekintza lazgarrienetakoak egin zituen (30.000 lagun desagerrarazi,...). Horretarako, Hego Amerikako beste gobernuen zein CIAren laguntza izan zuen. Gerra zikinean parte hartu zuten buru militar askok AEBak diruz lagundutako Ameriketako Eskolan (School of the Americas) jaso zuten prestakuntza. Ekonomia zuzendu ezinik eta jendearen egoera larria arindu nahirik, kutsu nazionalista zuen ekintza prestatu zuen batzorde militarrak: 1982ko apirilean Argentinako armadak Erresuma Batuaren esku dauden Malvina uharteak hartu zituen indarrez baina, Estatu Batuek lagunduta, Erresuma Batuko armadak berreskuratu egin zituen eta milatik gora argentinar hil ziren gerran (1982ko apirila-ekaina). Hor hasi zen gainbehera garai hartan aginpidean zegoen batzorde militarra. Azkenean, arazo ekonomikoak, ustelkeria, giza-eskubideen urraketak eragiten zuen nazka publikoa, eta Erresuma Batuaren kontrako porrota zirela eta, gobernu militarren amaiera etorri zen.
Demokraziaren itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1982an, Malvinetako Gerraren ondoren, erregimen demokratikoa ezarri zen berriro Argentinan. 1983an hauteskundeak egin ziren, eta zibilek eskuratu zuten aginpidea. Raúl Alfonsín erradikala izan zen lehendakari 1989. urtea arte. Bitarte horretan demokraziaren aldeko lan handia egin zen gizartetik (Plaza de Mayoko amen higikundea, besteak beste) eta gobernutik: desagertutakoak bilatzeko lehen urratsak eman ziren, armada zibilen esku jarri, eta instituzio demokratikoak indartu zituzten, Batzorde militarra (Videla, Massera eta Agosti) epaitu zuten giza eskubideak urratzeagatik, etab. Baina demokrazia finkatzeko arazo handiak izan ziren, krisi ekonomiko larria eta militarrek aginpidea hartzeko egindako saioak zirela eta. Alfonsinek behar baino 6 hilabete lehenago utzi behar izan zuen boterea.
1989an Carlos Menem hautagai peronistak irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak, eta 1995ean berretsi egin zuten kargu horretan, datu makroekonomiko onei esker batez ere. Baina nazio barruan bakea eta elkarkidetasuna indartzeko aitzakian, militarren etengabeko presioen aurrean amore eman eta aske utzi zituen Malvinetako gerraren arduradunak eta estatu kolpean parte hartu zuten militar torturatzaileak (1990). Menemek politika neoliberala eraman zuen aurrera; arazo ekonomikoei aurre egin nahian (batik bat hiperinflazioa geldiarazteko), peso eta dolar estatubatuarraren arteko truke-tasa finkatu zuen 1991n. Argentinako ekonomia babeszale tradizionala ere aldatu zuen, arautegi ekonomikoa arinduz eta pribatizazio programa abian jarriz. Horrek ondorio onak izan zituen lehenengo bost urteetan, prezioak egonkortu eta inbertsioak areagotu baitziren. Baina ondoren istilu asko sortu zen, politika horrekin biztanleriaren parte handi bat pobretu zelako eta gizarte desberdintasunak areagotu zireko. Azkenik, 1999ko hauteskundeak oposizioak irabazi zituen, eta Fernando de la Rúak hartu zuen lehendakaritza.
Carlos Menem eta eta Fernando de la Rúa boterean zeudelarik, esportatzeko arazoak zirela kausa, Argentinako ekonomiak inportazio itzelari aurre egin behar izan zion. Horrela, nazioko industria eta enplegu-tasa kaltetu ziren, eta salerosteko tasa nahiz altxor publikoa defizitean zeuden. 1998ko Asiako krisialdiarekin batera, kapitalak herrialdetik alde egin zuen, 2001eko azaroko finantza-ikara eraginez. Kapital ihesari aurre egiteko hartutako neurriak (bankuetako gordailuak izoztea, corralito deritzona) zirela eta, gizarte liskar larriak gertatu ziren. 2001eko abenduan de la Rúa presidenteak kargua laga behar izan zuen.
Krisi haren ondorioz, hainbat lehendakari aldaketa gertatu ziren oso denbora gutxian, 2002ko urtarrilaren 2an Eduardo Duhaldek agintea hartu zuen arte. Orduan, peso eta dolarren arteko baliokidetasuna bertan behera utzita, pesoak balioa galdu eta prezioak igo egin ziren. Aldi berean, esportazioak areagotu ziren eta industrializazioa suspertzeko politika martxan jarri. 2002ko bukaerako, Argentinako ekonomia egonkortzen hasi zen.
2003an Garaipenerako Fronte-ko buru Néstor Kirchner hautatu zuten presidente. Agintaldian herrialdearen Nazioarteko Diru Funtsarekiko zorra kitatu zuen, izugarrizko ordainketa egin ondoren. Halaber, lehen pribatizatutako hainbat industria nazionalizatu egin ziren. BPGak gora egin zuen eta langabezia murriztu zen, baina atzera egin zuen 2002an eratutako gizarte planetan eta laguntzetan eta inflazioa igo zen.
2007ko hauteskundeak haren emazte Cristina Fernandezek irabazi zituen; herrialdeko lehendakari hautatutako lehen emakumea izan zen. Oro har, senarraren politika berari jarraitu zion krisi ekonomikoari aurre egiteko eta estatuaren esku-hartzea sustatu zuen.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gobernuari dagokionez, errepublika da Argentina. Gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1853an idatzi zen, eta 1994an berridatzi. Aginpide betearazlearen burua presidentea da, eta bera da, aldi berean, estatuburu eta gobernuburua. Aginpide legegilea Nazio Batzarraren (Congreso de la Nación Argentina) esku dago, senatua eta diputatuen kongresua hartzen dituena. Aginpide betarazleko karguak aukeratzeko hauteskundeak lau urtez behin egiten dira, eta aginpide legegileko karguen iraupena sei urtekoa da; bi urtez behin berritzen dira, herenka.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentina estatu federala da; 23 probintzia ditu, eta hiri autonomo bat: Buenos Aires. Honako hauek dira probintziak: Catamarca, Chaco, Chubut, Córdoba, Corrientes, Entre Rios, Formosa, Jujuy, La Pampa, La Rioja, Mendoza, Misiones, Neuquen, Rio Negro, Salta, San Juan, San Luis, Santa Cruz, Santa Fe, Santiago del Estero, Tierra de Fuego eta Tucuman.
Argentinak beretzat eskatzen ditu Antartikako eskualde bat eta Hego Atlantikoko zenbait uharte ere (Malvina edo Falkland uharteak), nahiz eta herrialde askok ez dioten jabego hori ezagutzen. Antartikako Itunaren sinatzaileetako bat da, eta presentzia etengabea du Antartikan 1904az gero. Bestalde, Erresuma Batuarekin istiluak izan ditu Malvina uharteen eta Hego Atlantikoko beste uharte batzuen gaineko nagusitasuna dela eta.
Probintzia | Hiriburua | Biztanleria (2022)[8] |
Eremua (km²) |
per capita BPG (US$, 2008)[9] |
Mapa | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Buenos Airesko Hiri Autonomoa | 3 120 612 | 200 | 23 309 | |||||||||
Buenos Aires | La Plata | 17 569 053 | 307 571 | 7310 | ||||||||
Catamarca | San Fernando del Valle de Catamarca |
429 556 | 102 602 | 6009 | ||||||||
Chaco | Resistencia | 1 142 963 | 99 633 | 2015 | ||||||||
Chubut | Rawson | 603 120 | 224 686 | 15 422 | ||||||||
Córdoba | Córdoba | 3 978 984 | 165 321 | 6477 | ||||||||
Corrientes | Corrientes | 1 197 553 | 88 199 | 4001 | ||||||||
Entre Ríos | Paraná | 1 426 426 | 78 781 | 5682 | 5 | |||||||
Formosa | Formosa | 606 041 | 72 066 | 2879 | ||||||||
Jujuy | San Salvador de Jujuy |
797 955 | 53 219 | 3755 | ||||||||
La Pampa | Santa Rosa | 366 022 | 143 440 | 5987 | ||||||||
La Rioja | La Rioja | 384 607 | 89 680 | 4162 | ||||||||
Mendoza | Mendoza | 2 014 533 | 148 827 | 9079 | ||||||||
Misiones | Posadas | 1 280 960 | 29 801 | 3751 | ||||||||
Neuquén | Neuquén | 726 590 | 94 078 | 26 273 | ||||||||
Río Negro | Viedma | 762 067 | 203 013 | 8247 | ||||||||
Salta | Salta | 1 440 672 | 155 488 | 4220 | ||||||||
San Juan | San Juan | 818 234 | 89 651 | 5642 | ||||||||
San Luis | San Luis | 540 905 | 76 748 | 5580 | ||||||||
Santa Cruz | Río Gallegos | 333 473 | 243 943 | 30 496 | ||||||||
Santa Fe | Santa Fe | 3 556 522 | 133 007 | 8423 | ||||||||
Santiago del Estero | Santiago del Estero | 1 054 028 | 136 351 | 3003 | ||||||||
Suaren Lurraldea | Ushuaia | 190 641 | 21 571 | 20 682 | ||||||||
Tucumán | San Miguel de Tucumán |
1 703 186 | 22 524 | 3937 | ||||||||
ARGENTINA | 46 044 703 | 2 780 400 | 8269 |
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010eko erroldaren arabera, Argentinak 40.117.096 biztanle zituen[2], 14,4 biztanle/km²ko dentsitatearekin. 2015eko zenbatespena 43.431.886 biztanlekoa da[10]. Biztanleen heren bat baino gehiago Buenos Airesen eta metropolian bizi da, eta biztanleen % 91,8 bizi dira hiriguneetan (2015). 0-24 urteko biztanleak gizartearen % 40 dira (2015[10]). Bizi-itxaropena 77,7 urtekoa da, 74,5 urtekoa gizonezkoena eta 81,1 urtekoa emakumezkoena (2015). Alfabetatuen kopurua % 98 ingurukoa da (2015[10]), Latinoamerikako garaienetakoa.
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako biztanleen % 65 inguru europarren ondorengoak dira. Hego Ameriketako gainerako herrialdeetan ez bezala, oso biztanle mestizo gutxi dago; bertako biztanleek eta mestizoek biztanleriaren % 30 bakarrik hartzen dute[10]. Europarren artean, italiarrak eta espainiarrak izan dira XIX. mendetik kopuru aldetik garrantzitsuenak, bai eta herrialdeko kulturan eragin handiena izan dutenak ere. Argentinako gobernuak Europako immigrazioa bultzatzen du ofizialki, eta etorkin herrialdetzat hartua da; euskal jatorriko biztanle kolonia handia bizi da han, eta Euskal Etxe ugari dago. [11]
Italiar agentinarrei dagokienez, gaur egun 20-25 milioi lagun direla kalkulatzen da[12]; populazio guztiaren % 60 izanik, multzo etniko nagusia da. Italiarrak talde handitan bertaratzen 1857tik 1940ra hasi ziren; garai hartan, etorkinen % 45 ziren (espainiar jatorrizkoak, % 31,5). 1960ko hamarkadan migrazio jario horrek aurrera segitu zuen, eta 1980ko eta 2000ko hamarkaden artean Italiatik abiatutako gehienak Argentinara joan ziren.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelania da hizkuntza ofiziala herrialde osoan, baina guaraniera (Corrientesko probintzian) eta kitxua (Santiago del Esteroko probintzian) ere ofizialak dira. Patagoniako zenbait tokitan (besteak beste, Trelewen eta Gaimanen), 5.000-12-000 lagunek galesa lehen hizkuntzatzat daukate eta beste 25.000 hiztunen bigarren hizkuntza da.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako konstituzioak erlijio askatasuna bermatzen du. CONICETen arabera, biztanleen % 76,5 katolikoak dira, % 11,3 agnostiko edo ateoak, % 9 protestante ebanjelikoak, % 1,2 Jehovaren Lekukoak, % 0,1 mormoiak, eta % 1,2 beste erlijio baten jarraitzaileak[13]. Latinoamerikako komunitate musulman (400.000-500.000 lagun) eta judurik (180.000 pertsona inguru) handienak bizi dira bertan.
2013ko martxoaren 13an Jorge Mario Bergoglio argentinarra Eliza Katolikoaren aita santu aukeratu zuten. Era horretan, Amerikako aurreneko pontifize, eta baita historiako lehen jesuita ere, bilakatu zen[14].
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentina: biztanle gehien duten udalerriak (2007ko zenbatespena)[15] | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Probintzia | Biztanleak | Post. | Izena | Probintzia | Biztanleak | ||
Buenos Aires Córdoba |
1 | Buenos Aires | (Hiri autonomoa) | 3.050.728 | 11 | Resistencia | Chaco | 377.000 | Rosario Mendoza |
2 | Córdoba | Córdoba | 1.372.000 | 12 | Corrientes | Corrientes | 345.000 | ||
3 | Rosario | Santa Fe | 1.242.000 | 13 | Bahía Blanca | Buenos Aires | 304.000 | ||
4 | Mendoza | Mendoza | 885.434 | 14 | San Salvador de Jujuy | Jujuy | 298.000 | ||
5 | Tucumán | Tucumán | 789.000 | 15 | Posadas | Misiones | 287.000 | ||
6 | La Plata | Buenos Aires | 732.503 | 16 | Paraná | Entre Ríos | 268.000 | ||
7 | Mar del Plata | Buenos Aires | 604.563 | 17 | Neuquén | Neuquén | 255.000 | ||
8 | Salta | Salta | 516.000 | 18 | Santiago del Estero | Santiago del Estero | 244.733 | ||
9 | Santa Fe | Santa Fe | 493.000 | 19 | Merlo | Buenos Aires | 244.168 | ||
10 | San Juan | San Juan | 453.229 | 20 | Quilmes | Buenos Aires | 230.810 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentina baliabide natural aberatsekiko lurraldea da. Bertako ekonomia nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritu da, tradizioz, baina azken hamarraldietan bilakaera nabarmena gertatu da industrian, meatzaritzan, arrantzan eta zerbitzuen sektorean. Munduko labore, okela eta olio ekoizle nagusietakoa da. Industriari dagokionez, berriz, elikagai eta edari industria, metalgintza, auto eta motore industriak, petrolio findegiak eta ehungintza dira jarduera nagusiak.
1980ko hamarkadatik aurrera, ekonomiak gainbehera nabarmena izan zuen; kanpo zorra izugarri hazi zen eta inflazioa % 200 igo zen. batez beste. Ordu arte Hego Hemisferioko Europatzat hartua zen herrialdeak Latinoamerikako herrialdeen ereduari heldu zion, eta 1989an biztanleen % 38 pobrea zen. Krisiari aurre egiteko, sektore publikoaren pribatizazioa bultzatu zen eta dirua egonkortzeko erreforma garrantzitsuak egin ziren (1991n pesoa dolarrarekin parekatu zen), banku sisteman berrikuntzak egin ziren, etab. Hurrengo urteetan inflazioa asko jaitsi zen, eta neurri haiei eta nazioarteko egoera ekonomiko onuragarriari esker, BPG % 40 igo zen 1995az gero. Baina politika liberalak zerbitzuak hobetzea eta BPG errealaren igoera (% 9 1997an) ekarri zuen arren, kanpo zorra oraindik handia zen, eta langabezia % 25era iritsi zen, 2002an. Azken urteetan, dena den, susperraldia izan du ekonomiak, eta horri esker langabezia eta pobrezia murriztu egin dira.
Nekazaritza eta abeltzaintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako nekazaritza ekoizpenak barne beharrak asetzeko eta soberakinak esportatzeko lain ematen du, nahiz eta lurraren % 13 bakarrik den nekazaritzarako baliagarria. Panpa da eskualderik oparoena, laboreetan batez ere. Abeltzaintzari dagokionez, okela ekoizpen handia du Argentinak; okela eta eratorriak dira esportazioetarako gai nagusietakoa (% 11, 1994an). Okela gordinaren eta laboreen munduko esportatzaile handiena da, eta artilea ere esportatzen du.
Meatzaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken hamarraldiotan ikatz eta petrolio ekoizpenak gora egin du. Petrolioa da mea aberastasun aipagarriena, eta barne beharrak asetzeko eta esportatzeko adina ematen du; petrolio ekoizpena % 60 hazi zen 1990 eta 1996 bitartean, eta Txilerainoko oliobide bat eraiki zen. Gas naturala ere ekoizten da.
Industria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako industria gehienak Buenos Airesen daude. Industrian dihardute langileen % 23k (2009ko zenbatespena[10]), eta jarduera nagusiak elikagai industria eta ehungintza dira. Aipagarriak dira, orobat, goma, zementua, kimika gaiak, plastikoa etab. Metalgintzaren industriak nabarmen egin du gora.
Energia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinak energia baliabide bikainak ditu, eta iturri askotatik atera dezake, gainera, energia (batez ere hidroelektrikoa eta gasa), petrolioaz, harrikatzaz eta uranioaz gainera. Energia berriak ekoizteko aukera ere badu: energia geotermikoa, eolikoa, eguzki energia, etab. Mercosur elkartearen eskutik lan handiak egiten ari dira, adibidez kostaldearekiko lotura elektrikoak eta gasbideak Txile, Uruguay eta Brasilera. 1994an 62.700 milioi kWh ekoiztu ziren eta 2011n 123.200 milioi kWh[10].
Merkataritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinaren esportazio gai nagusiak nekazaritza arlokoak (alea eta haragia, batik bat, eta barazkiak, esnekiak eta olio gaiak, gutxixeago) eta petrolioa dira. Inportazio gaiak (makinak, metalak, gai kimikoak, mineralak…) Brasil eta Estatu Batuetatik ekartzen ditu batez ere. Barne merkataritza bizkorra da, errepide, burdinbide, itsaso eta ibaibide sare zabal bati esker.
1991n indartu egin zen Argentinako merkataritza, baina 1996 arte emaitza negatiboa izan zuen. 1994an, esaterako, 15.800 bat milioi dolar atera zituen esportazioetatik eta 21.600 milioi dolar gastatu zituen inportazioetan. 2014n, berriz, esportazioen balioa 76.470 milioi dolarrekoa izan zen eta inportazioena 65.900 milioi dolarrekoa[10]. Merkataritza harreman nagusiak Brasilekin ditu, eta salerosketa jarduera handia du, orobat, Alemania, Estatu Batuak, Txina, Belgika eta Herbehereekin. 1991n Asunciongo Hitzarmena sinatu zuten herrialdeetako bat da Argentina, Mercosur (Mercado Común del Sur, Hegoaldeko Merkatu Komuna) elkarteko kidea beraz; merkatu horretan merkatu askea ezarri zen 1999an salgai guztientzat.
Inportatutako produktu nagusiak makineria eta garraio-ekipamendua (% 47,1), produktu kimikoak (% 13,8), manufakturak (% 13,7), janari eta abereak (% 4,8) eta petrolioa eta eratorriak (% 2,5) dira. Esportatutako produktu nagusiak, berriz, janari eta abereak (% 40,7), manufakturak (% 13,7), makineria eta garraio-ekipamendua (% 11), petrolioa eta eratorriak (% 9,5), animalia eta landare-koipeak (% 8,1) eta produktu kimikoak (% 5,3) dira.
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aireportuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinari buruzko lehenbiziko kronikak Ulrico Schmidl (1510-1580) eta Martín del Barco Centenera (1535–1602) atzerritar idazleek egin zituzten. Lehenbiziko argentinar olerkaria Luis de Tejeda y Guzmán (1604-1680) izan zen. XIX. mende hasierako independentzia gosea Vicente López y Planes (1785-1856), Pantaleón Rivarola (1754-1821) eta Esteban de Lucaren (1786-1824) lanetan islatu zen[16]. Bartolomé Hidalgo (1788-1822) eta Hilario Ascasubik (1807-1875) literatura gautxeskoa abiarazi zuten; Jose Hernandezen (1834-1886) El gaucho Martín Fierro (1872) izan zen genero horren gailurra. Garai hartako idazlanetatik, Esteban Echeverríaren El matadero ipuin errealista eta Domingo Faustino Sarmientoren (1811-1888) Facundo dira aipagarrienak[17].
XX. mende hasieran modernismoa hedatu zen; Leopoldo Lugones (1874-1938) eta Alfonsina Storni (1892-1938) izan ziren higikunde horretako idazle nagusiak. Ricardo Güiraldesen (1886-1927) Don Segundo Sombra (1926) eleberri gautxeskoa ere garai hartakoa da. 1924an argitaratzen hasi zen Martin Fierro aldizkariak Matinfierrismo-aren sorrera eragin zuen: Oliverio Girondo (1891-1967), Leopoldo Marechal (1900-1970), Elías Castelnuovo (1893-1982) eta Jorge Luis Borgesekin (1899-1986)[16]. 1930eko hamarkadatik aurerra, Sur aldizkariak Borges, Adolfo Bioy Casares (1914-1999) eta Silvina Ocamporen (1891-1991) lanak ezagutarazi zituen. 1960ko hamarkadan Latinoamerikako literaturaren Booma gertatu zen; Argentinan, besteak beste, Ernesto Sábato (1911-2011), Manuel Mujica Láinez (1910-1984), Julio Cortázar (1914-1984), Alejandra Pizarnik (1936-1972), Manuel Puig (1932-1990) eta Juan Jose Saer (1937-2005) gailendu ziren[17].
Dikataduraren urte ilunetan (1976-1983) idazle batzuk -Roberto Santoro (1939-1977), Haroldo Conti (1925-1976), Rodolfo Walsh (1927-1977)- desagertu, eta beste batzuk -Juan Gelman (1930-2014), Antonio Di Benedetto (1922-1986), Daniel Moyano (1930-1992)- erbesteratu ziren[17].
Komikigileen artean, Quino (1932-), Fontanarrosa (1944-2007) eta Caloi (1948-2012) dira aipagarrienak[18].
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tangoa, 1880tik aurrera Buenos Airesko hiri-bazter eta prostituzio etxeetan sortutako musika eta dantza, Argentinako kultura-ikurretako bat da. Carlos Gardel hartzen da Tangoaren errege-tzat. Musika honen urrezko aroan (1930-1950 bitartean) Osvaldo Pugliese, Aníbal Troilo, Enrique Cadícamo eta Francisco Canaro musikariak gailendu ziren. 1960ko hamarkadatik aurrera, Astor Piazzollaren Tango berria zabaldu zen[19].
Argentinako musika akademikoak maila handiko artistak eman ditu, hala nola, Alberto Ginastera, musikagilea; Alberto Lysy, biolinista; Martha Argerich eta Eduardo Delgado, pianistak; Daniel Barenboim, pianista eta orkestra zuzendaria; José Cura eta Marcelo Álvarez, tenoreak; eta Jorge Donn, José Neglia, Norma Fontenla eta Julio Bocca, ballet dantzariak.
Musika indigena eta espainiarraren arteko fusioak oso folklore aberatsa eman zuen, desberdina eskualde bakoitzean, milonga, zamba, chamamé, carnavalito, cueca edo pericón bezalako erritmoekin[19]. Jorge Cafrune, Atahualpa Yupanqui, Mercedes Sosa, Oscar Palavecino eta Soledad Pastoruttik arrakasta handia lortu dute musika folklorikoa landuz.
Argentinako rocka 1960ko hamarkadatik aurerra garatu zen[19]. Los Gatos, Almendra eta Manal taldeei, Seru Giran, Los Abuelos de la Nada, Soda Stereo eta Patricio Rey y sus Redonditos de Ricota jarraitu zieten, Litto Nebbia, Andrés Calamaro, Luis Alberto Spinetta, Charly García, Fito Paez eta León Gieco artistekin. Gato Barbieri eta Lalo Schifrin jazz musikariak eta Les Luthiers umorezko taldea ere aipagarriak dira.
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako zinema Latinoamerikako garatuenetarikoa da. Quirino Cristianik historia osoko animazioko lehen pelikula egin zuen, 1917an. Hasierako urteetako zinemagilerik aipagarriena José Agustín Ferreyra (1889-1943) izan zen, Libertad Lamarqueren (1908-2000) aurreneko filmetako batzuk zuzendu zituena. Lehenengo film soinuduna Luis Moglia Barthen Tango (1933) izan zen. Garai hartako egile nagusiak Manuel Romero (1891-1954), Mario Soffici (1900-1977), Leopoldo Torres Ríos (1899-1960), Luis César Amadori (1902-1977) eta Lucas Demare (1910-1981) izan ziren[20].
1957an Instituto Nacional de Cinematografía (INCA) sortu zenetik, produkzioa ugaritu zen. Leopoldo Torre Nilsson (1924-1978), Fernando Ayala (1920-1997) eta Héctor Oliveraren (1931-) lanek entzute handia lortu zuten. 1973-1976 bitartean Argentinako zinemagintzak loraldi bikaina izan zuen, besteak beste, Héctor Oliveraren La Patagonia rebelde (1974), Sergio Renánen (1933-2015) La tregua (1974) eta Lautaro Murúaren (1926-1995) La Raulito (1975) filmekin. Baina gobernu militarrek (1976-1983) pizkunde hori suntsitu zuten[21]. Hala ere, Adolfo Aristarainen (1943-) Tiempo de revancha (1981) eta Fernando Ayalaren Plata dulce (1982) zentsura saihestea erdietsi zuten[20].
Demokraziaren itzuleraren osteko zinemagintzan, besteak beste, María Luisa Bembergen (1922-1995) Camila (1984), Luis Puenzoren (1946-) La historia oficial (1986), Oscar Saria irabazi zuena, Eliseo Subielaren (1944-) Hombre mirando al sudeste (1986), Pino Solanasen (1936-) El Exilio de Gardel (1985) eta Miguel Pereiraren (1957-) La deuda interna (1988) nabarmentzeko modukoak dira[21]. Azken urteetako film arrakastatsuenetako batzuk, Fabián Bielinskyen (1959-2006) Nueve reinas (2000), Lucrecia Martelen (1966-) La ciénaga (2001), Pablo Traperoren (1971-) Mundo Grúa (1999) eta Carancho (2010), Juan José Campanellaren (1959-) El hijo de la novia (2001), El secreto de sus ojos (2009) eta Metegol (2013)[20] eta Damián Szifronen (1975-) Relatos salvajes (2014) izan dira.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Futbola da jarraitzaile gehien dituen kirola. Talde nagusiak Boca Juniors, River Plate, Club Atlético Independiente, Racing Club eta San Lorenzo de Almagro dira. Argentinako futbol selekzio nazionalak birritan lortu du Munduko Futbol Txapelketa irabaztea: 1978 eta 1986an. Alfredo Di Stéfano (1926-2014), Diego Armando Maradona (1960-) eta Lionel Messi historiako futbolari onenetakotzat hartzen dira.
Saskibaloian, 1950eko Munduko Txapelketa irabaztea eta 2004ko Udako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabaztea dira Argentinako selekzioaren lorpen nagusiak. Emanuel Ginóbili, Luis Scola eta Andrés Nocioni NBAn aritu dira. Errugbiko selekzioari dagokionez, Munduko zortzigarrena zen 2015eko rankingaren arabera[22]
Argentinako beste kirolari ospetsu batzuk, Guillermo Vilas eta Gabriela Sabatini tenislariak, Juan Manuel Fangio eta Carlos Reutemann auto lasterketetako gidariak eta Luciana Aymar belar hockey jokalaria dira.
XXI. mendean txirrindularitza ospea hartu du herrialdean. 2007tik 2016ra San Luis Tourra egin zen. San Juan Itzulia ere egiten da.
Hedabideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egunkari nagusiak Clarín eta La Nacion dira.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eremu honetan ez dira sartzen Argentinak beretzat eskatzen dituen Antartikako lurraldea (965.597 km², Hego Orkadak barne), Malvinak (11.410 km²), Hegoaldeko Georgiak (3.560 km²) eta Hegoaldeko Sandwichak (307 km²)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/08/06 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-29).
- ↑ a b c Población por sexo e índice de masculinidad. Superficie censada y densidad, según provincia. Total del país. Año 2010. in: Censo Nacional de Población, Hogares y Viviendas 2010. INDEC – Instituto Nacional de Estadística y Censos (Noiz kontsultatua: 2015-08-06).
- ↑ Argentina: superficie, límites y puntos extremos. in: Instituto Geográfico Nacional. ign.gob.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-09).
- ↑ Argentina: regiones geográficas. barrameda.com.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-09).
- ↑ a b c Argentina: geografía. barrameda.com.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-14).
- ↑ Hidrografía de Argentina. in: Argentina el Pais su Cultura y su Gente. surdelsur.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-16).
- ↑ Argentina: Hidrografía. todo-argentina.net (Noiz kontsultatua: 2015-08-16).
- ↑ Argentina: provinces. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2023-6-21).
- ↑ Análisis del PBI per cápita de Argentina por provincias. abeceb.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-17).
- ↑ a b c d e f g The World Factbook: Argentina. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2015-08-10).
- ↑ https://www.clarin.com/ediciones-anteriores/56-argentinos-antepasados-indigenas_0_HyKg3I5y0Fx.html
- ↑ Unos 20 millones de personas que viven en la Argentina tienen algún grado de descendencia italiana, asteriscos.tv
- ↑ Mallimaci, Fortunato; Esquivel, Juan Cruz; Irrazábal, Gabriela. Primera Encuesta Sobre Creencias y Actitudes Religiosas En Argentina. CONICET – Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas (Noiz kontsultatua: 2015-08-18).
- ↑ Lotina, Eriz. Jorge Mario Bergoglio argentinarra, Frantzisko aita santua. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2015-08-18).
- ↑ 3218.0 - Instituto Nacional de Estadistica y Censos, Argentina, 2006-07. INDEC – Instituto Nacional de Estadística y Censos (Noiz kontsultatua: 2015-08-09).
- ↑ a b Furlán, Luis Ricardo. Historia de la Literatura Argentina. in: Argentina el Pais su Cultura y su Gente. surdelsur.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-17).
- ↑ a b c Argentina: literatura. argentina.gob.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-17).
- ↑ De Fontanarrosa a Quino, la democracia dibujada. tiempo.infonews.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-17).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c Argentina: musica. argentina.gob.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-18).
- ↑ a b c Argentina: cine. argentina.gob.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-18).
- ↑ a b Sendrós, Paraná. El Cine Argentino (1945-1995). in: Argentina el Pais su Cultura y su Gente. surdelsur.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-18).
- ↑ Ranking WR: Los Pumas mantienen el 8° lugar. espn.com.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-18).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Gobernuaren webgune ofiziala
- (Gaztelaniaz) Informazio turistikoaren webgune ofiziala
- (Gaztelaniaz) Juan de Garay Euskal-Argentinar Fundazioa
Amerikako herrialde eta lurraldeak | |||
Ipar Amerika eta Karibea |
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu Batuak • Antigua eta Barbuda • Bahamak • Barbados • Belize • Costa Rica • Kuba • Dominika • Dominikar Errepublika • El Salvador • Grenada • Guatemala • Haiti • Honduras • Jamaika • Kanada • Mexiko • Nikaragua • Panama • Saint Kitts eta Nevis • Santa Luzia • Saint Vincent eta Grenadinak • Trinidad eta Tobago
|
Hego Amerika |
Estatu burujabeak: Argentina • Bolivia • Brasil • Txile • Kolonbia • Ekuador • Guyana • Paraguai • Peru • Surinam • Uruguai • Venezuela
|