Exoilargi
Exoilargi edo exosatelite bat exoplaneta edo nano marroi baten inguruan era naturalean orbitatzen duen satelite bat da.
Nano marroi baten inguruan orbitatzen duten sateliteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizionalki, satelite natural gisa jo dugu planeta baten inguruan orbitatzen duen argizagi oro, modu naturalean. Alabaina, Nazioarteko Astronomia Elkarteak dio argizagi bat satelite bezala har dadin, beste gorputz baten inguruan orbitatzen egon behar duela eta honen masak Deuterioaren fusio termonuklearra abiarazteko beharrezkoa denak baino txikiagoa izan behar duela. Azken kalkuluen arabera, aipatutako erreakzioak hasteko Jupiterren masa halako hamahiru beharko luke argizagiak.
Bilaketa eta honen oinarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Exoilargien existentzia ia ziurtzat jotzeko gure eguzki-sistemara begira jar gaitezke, izan ere, hemen aurki ditzakegun sateliteen kopurua ikaragarria da. Hauen aurkikuntza zail egiten duena egungo teknologia dela uste da, baina etorkizunean garatuko diren metodo eta tresna berriei esker era honetako argizagiak oso azkar eta ugari aurkitzea espero da.
Bizia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zientziaren egungo erronkarik handienetako bat gure planetatik at bizia aurkitzea da eta exoilargiei begira jartzen hasi dira zientzialariak, ikerketa ugari argitaratu baitira haien inguruan. René Heller eta Rory Barnesek egindako ikerketak izarraren argiztapena eta eklipseek argiztapen honetan izan dezaketen eragina erreparatu zuen.[1] Satelite hauetan biziak izan dezakeen etsaietako bat itsasaldi bidezko berokuntza dela ere ebatzi zuen. Aipatutako bi zientzialariek gauzatutako ikerketak, sateliteen orbita bizigarrien inguruan kontzeptu berri bat agerrarazi zuen. Gaur egun arras jakina da planetak bizigarriak edo ez diren suposatzeko haien orbita behatzen dela, zientzialari hauek berdina egin zuten baina kasu honetan sateliteekin, planeta jakin baten inguruan orbitatzen duen satelite batek bizia edukitzeko zer orbita eduki behar duen zehaztuz. Hala, haien eredu berriaren arabera, planeta baten inguruan hiru eremu banatuko genituzke, bizigarritasuna oinarritzat hartuz. Planetarengandik hurbilen dagoen eremuan bizia ezinezkoa da eta beraz, eremu horretan dauden sateliteek ez lukete bizia eduki behar. Aldiz, erdiko eremua eremu bizigarria izango litzateke, hau da, bertan orbitatzen duten sateliteek bizia edukitzeko aukera nabarmenak izango lituzkete. René Heller zientzialariak beste ikerketa bat gauzatu zuen, aurrekoaren jarraipena eta hemen, eklipseen eragina eta satelite baten orbitaren egonkortasuna kontuan hartu zituen.[2] Ondorio garbi bat atera zuen ikerketa honetatik: satelitearen orbitaren eszentrikotasunaren arabera, izar batek satelite bizigarriak eduki ditzan gutxienez 0.2 eguzki masa izan behar ditu.
Europa satelitea adibidetzat hartuta, Lurraren masaren %1a baino ez du, Lehmerren taldeak ondorioztatu zuen Lurraren orbitaren inguruan egongo balitz, bere atmosfera soilik milioi urte gutxi batzuetan mantenduko zuela. Haatik, beste satelite handiago batentzat, adibidez, Ganimedesentzat, gauzak bestelakoak izango lirateke, izan ere, tamaina horretako satelite bat bere izarraren eremu bizigarrian egongo balitz, atmosfera eta lurrazaleko ura epe oso luze batean mantentzeko gai izango litzateke. Sateliteen sorrera azaltzen duten ereduen arabera, Ganimedes baino satelite masiboagoak arruntak dira Jupiterren masa baino handiagoa duten exoplanetetan.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Heller, René; Barnes, Rory. (2013-1). «Exomoon Habitability Constrained by Illumination and Tidal Heating» Astrobiology 13 (1): 18–46. doi: . ISSN 1531-1074. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
- ↑ Heller, R.. (2012-9). «Exomoon habitability constrained by energy flux and orbital stability» Astronomy & Astrophysics 545: L8. doi: . ISSN 0004-6361. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
- ↑ (Ingelesez) Lehmer, Owen R.; Catling, David C.; Zahnle, Kevin J.. (2017-4). «The Longevity of Water Ice on Ganymedes and Europas around Migrated Giant Planets» The Astrophysical Journal 839 (1): 32. doi: . ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).