Edukira joan

Biometria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lainobeltz (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:23, 23 azaroa 2023
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Biometria giza gorputzarekin eta ezaugarriekin lotutako neurriak eta kalkuluak biltzen dituen arloa da. Autentifikazio edo kautotze biometrikoa informatika arloan erabiltzen da sistema eta zerbitzuetan erabiltzaileak identifikatzeko eta sarbidea kontrolatzeko. Zaintzapean dauden pertsonak identifikatzeko ere erabiltzen da, baita zelatatzeko ere.

Identifikatzaile biometrikoak gizabanakoak etiketatzeko eta deskribatzeko erabiltzen diren ezaugarri bereizgarri eta neurgarriak dira. Erabilienen artean daude hatz-markak, ahotsaren ezaugarriak, aurpegiaren formak, begiaren irisa, eskuaren geometria, belarrien forma, esku-ahurraren markak, eskuzko idazkera edo sinadura eta DNA.[1]

Funtzionalitate biometrikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza fisiologiaren, kimikaren edo portaeraren alderdi asko erabil daitezke autentifikazio biometrikorako. Aplikazio espezifiko batean erabiltzeko biometriko jakin bat hautatzeak zenbait faktore kontuan hartzea dakar. Jain et al. (1999) zazpi faktore identifikatu zituen, autentifikazio biometrikoan erabiltzeko edozein ezaugarriren egokitasuna ebaluatzeko erabili beharrekoak:[2]

  • Unibertsaltasuna: sistema erabiltzen duen pertsona bakoitzak ezaugarri hori duela ziurtatzea.
  • Bakartasuna: populazio osoaren indibiduoak elkarrengandik bereizteko gaitasuna.
  • Iraunkortasuna: denboran zehar nahiko aldaezina izatea.
  • Neurgarritasuna (biltegiragarritasuna): eskuratzeko edo neurtzeko erraztasuna.
  • Errendimendua: erabilitako teknologiaren zehaztasunarekin, abiadurarekin eta sendotasunarekin lotuta dago (ik. errendimendu atala).
  • Onargarritasuna: gizabanakoek teknologia zenbateraino onartzen duten
  • Elusioa: artefaktu bat edo ordezko bat erabiliz iruzurra egiteko erraztasuna.

Erabilera biometriko egokia aplikazioaren araberakoa da neurria batean, erosotasuna eta segurtasuna askotan elkarren aurka baitaude.

Gizabanako batek sistema biometriko bat erabiltzen duen lehen aldian inskripzio prozesua burutu behar da. Inskripzioa egitean, gizabanako baten informazio biometrikoa eskuratu eta gorde egiten da. Ondorengo erabileretan (parekatze prozesua), informazio biometrikoa detektatu egiten da, eta inskripzioan bildutako informazioarekin alderatzen da. Aipatu behar da funtsezkoa dela sistema horien biltegiratzea eta berreskuratzea seguruak izatea sistema biometrikoa sendoa izan dadin.

Prozesu horien urrats garrantzitsuak hauek dira:

1) Sentsorea: mundu errealaren eta sistemaren arteko interfazea da; beharrezko datu guztiak eskuratu behar ditu.

2) Aurreprozesaketa: hainbat eragiketa egiten da sistemaren eraginkortasunari begira (zarata ezabatzea, normalizazioren bat ...).

3) Ezaugarriak erauztea: Neurria islatzen duen txantiloi bat sortu ohi da, propietate partikularrak dituen zenbaki-bektore bat edo irudi bat askotan. Horrela alderaketa-algoritmoan erabiltzen ez diren neurketa biometrikoko elementuak baztertu egiten dira txantiloian, fitxategiaren tamaina murrizteko eta erabiltzailearen identitatea babesteko.[3] Hala ere, zenbait kasutan jatorrizko irudi-iturri biometrikoak gorde daitezke.[4]

Inskripzio fasean txantiloia biltegiratzen da (txartel batean edo datu-base batean edo bietan). Parekatze-fasean, momentu horretan eskuratutako txantiloia alderatzaile batera pasatzen da, lehendik dauden beste txantiloiekin aldera dadin. Txantiloien arteko distantzia kalkulatzen da horretarako.

Errendimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknologia biometrikoek indibiduoak diskriminatzeko duten gaitasuna sistemak kodetu eta parekatzeko barneratzen duen entropiaren menpe egongo da.[5]

Metrika hauek erabiltzen dira sistema biometrikoetako errendimendua zehazteko:[6]

  • Positibo faltsuen tasa: zein proportziotan parekatzen diren saiakera ez baimenduak
  • Negatibo faltsuen tasa: zein proportziotan ez diren parekatzen diren saiakera baimenduak
  • Hartzailearen ezaugarri operatiboa: aurreko bien konbinazioa
  • Errore-tasa gurutzatua: Lehen bi erroreak berdintzen duen parametroa.
  • Inskribatu gabekoen tasa: Zein proportziotan huts egiten duen Inskribatzeko saiakera batek.

Arazoak eta kezkak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza duintasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biometria ere funtsezkoa izan da Estatuko agintea garatzeko.[7] Gizakia parametro biometrikoen multzo bihurtzean, biometriak gizakia gizatasunik gabe utziko luke, gorputzaren osotasuna urratuko luke eta, azken batean, giza duintasuna irentsiko luke.[8]

Kasu ezagun batean, Giorgio Agamben filosofo italiarrak uko egin zion Estatu Batuetan sartzeari, protesta egiteko Estatu Batuetako Bisitarien eta Etorkinen Status Adierazle (US-VISIT) programaren betekizunagatik, bisitariei hatz-markak eta argazkiak eskatzen zituztelako.[9] Agambenek argudiatu zuen datu biometrikoen bilketa tatuaje biopolitikoaren modu bat dela, Holokaustoko juduen tatuajearen antzekoa.

Dark Matters: On the Surveillance of Blackness lanean Simone Browne ikertzaileak Agambenen antzeko kritika egiten du, eta berriki egindako I+G biometrikoari buruzko azterlan bat aipatzen du. Ikerketa horren arabera, "afrikarrak gizon eta mongoloide gisa sailkatzeko joera du".

Sektore publikoan nahiz pribatuan teknologia biometrikoen hedapen handiak larritu egiten du kezka hori. Sektore pribatuak gero eta gehiago merkantilizatzen du biometria, eta giza balioa galtzeko arriskua handitzen du. Izan ere, enpresek indibiduoek baino gehiago baloratzen dituzte ezaugarri biometrikoak.[10] Brownek iradokitzen jarraitzen du gizarte modernoak "kontzientzia biometriko" bat izan behar duela, "teknologia horiei eta haien aplikazioari buruzko eztabaida publiko informatua sustatzeko, eta Estatuaren eta sektore pribatuaren erantzukizuna, non jabetza eta norberaren gorputz-datuetarako eta gorputzeko datuetatik sortzen den beste jabetza intelektual baterako sarbidea eskubide gisa ulertu behar baita".

Beste ikerlari batzuek, ordea, nabarmendu dute mundu globalizatuak nortasun zibil ahuleko edo hutseko pertsona multzo handi bati egin behar diola aurre.[11]

Pribatutasuna eta diskriminazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Litekeena da inskripzio biometrikoan lortutako datuak inskribatutako pertsonak onartu ez dituen moduetan erabiltzea. Adibidez, ezaugarri biometriko gehienek baldintza mediko fisiologiko eta/edo patologikoak (e.g., hatz-aztarnen patroi batzuk gaixotasun kromosomikoekin lotuta daude, irisaren ereduek sexua adieraz dezakete, esku-adurretako zainen ereduek gaixotasun baskularrak azal ditzakete, jokabidean oinarritutako sistema biometriko gehienek gaixotasun neurologikoak adieraz ditzakete...).[12] Gainera, bigarren belaunaldiko biometria, batez ere jokabidearen eta elektrofisiologiaren biometria (e.g., elektrokardiografian, elektroentzefalografian, elektromiografian oinarritua), emozioak detektatzeko ere erabil daiteke.[13]

Arriskua bermatutako artikulu jabeentzat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lapurrak egoitza seguruetara ezin direnean sartu, batzuetan lapurrak jabeari eraso egin diezaioke sarbidea lortzeko. Artikulua edo elementua gailu biometriko batekin aseguratuta dagoenean, eraso batean jabeari egindako kaltea itzulezina izan daiteke, eta bermatutako propietatea baino kostu handiagoa izan dezake horrek. Adibidez, 2005ean, Malaysian auto lapur batzuek hatza moztu zioten gizon bati S-class Mercedes bat lapurtzen saiatzean.[14]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Eneko, Imaz Amiano. (2001-07-18). «Identifikazio-teknologiak hizpide UEUn» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  2. Jain, Anil K., ed. (2006). Biometrics: personal identification in networked society. (1st softcover print. argitaraldia) Springer ISBN 978-0-7923-8345-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  3. (Ingelesez) «How Biometric Data is Stored» ievo Ltd 2018-12-10.
  4. Grother, Patrick; Salamon, Wayne; Chandramouli, Ramaswamy. (July 2013). Biometric Specifications for Personal Identity Verification. , NIST SP 800–76–2 or.  doi:10.6028/nist.sp.800-76-2..
  5. Daugman, John. (24 February 2021). Collision Avoidance on National and Global Scales: Understanding and Using Big Biometric Entropy.  doi:10.36227/techrxiv.14061671..
  6. Characteristics of Biometric Systems. Cernet.
  7. Breckenridge K. (2005). "The Biometric State: The Promise and Peril of Digital Government in the New South Africa". Journal of Southern African Studies, 31:2, 267–82
  8. Pugliese J. (2010), Biometrics: Bodies, Technologies, Biopolitics. New York: Routledge
  9. Agamben, G. (2008). "No to bio-political tattooing". Communication and Critical/Cultural Studies, 5(2), 201–202. Reproduced from Le Monde (10 January 2004).
  10. Walker, Elizabeth. (2015). «Biometric Boom: How the private sector Commodifies Human characteristics» Fordham Intellectual Property, Media & Entertainment Law Journal.
  11. Mordini, E; Massari, S. (2008), "Body, Biometrics and Identity" Bioethics, 22, 9:488
  12. Mordini E, Ashton H,(2012), "The Transparent Body – Medical Information, Physical Privacy and Respect for Body Integrity", in Mordini E, Tzovaras D (eds), Second Generation Biometrics: the Ethical and Social Context. Springer-Verlag: Berlin
  13. Mordini E, Tzovaras D,(2012), Second Generation Biometrics: the Ethical and Social Context. Springer-Verlag: Berlin
  14. Kent, Jonathan. (31 March 2005). «Malaysia car thieves steal finger» BBC Online (Kuala Lumpur).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]