Boleibol
Boleibola sei jokalariz osatutako bi taldek jokatzen duten kirola da, talde batek baloia sare gainetik gorputzeko edozein atalez (normalean eskua edo besaurrea) joz bidaltzean datzana. Kontrakoak bidalitako baloia norberaren zelai-zatian lurra jo gabe itzuli behar da kontrako zelaira; gehienez, hiru jokalarik segidan uki dezakete.
Bestalde, baloia kolpe garbien bitartez ukitu behar da, hau da, ezin da baloia hartu eta eskutan mantendu. Nahiz eta, aurretik aipatu bezala, normalean baloia esku edo besaurrearen bitartez ukitzen den, gorputzaren edozein atalekin ukitu daiteke, baita hankekin ere. Boleibolaren ezaugarririk aipagarrienetako bat talde bakoitzeko jokalariek puntu bakoitzeko egiten dituzten errotazioak dira. Modu honetan, sei jokalariek posizio desberdinetan jokatzen dute.
Historia
aldatuJokoa, denbora-pasa gisa, Willian G. Morganek asmatu zuen 1895ean Hlyokeko Kristau Gazte Asoziazioko Heziketa Fisikoko zuzendaria zelarik. Hasiera batean mintonette izena zuen eta berehala egin zen famatu, Ameriketako Estatu Batuetan ez ezik, mundu guztian zehar zabaldu zen. Lehenik 1900. urtean Kanadara heldu zen, eta gero Asiara. Estatubatuar gerrariek 1. mundu gudan Ekialdeko Europara eraman zuten, eta oso kirol arrakastatsua bilakatu zen.
1912an araudia aldatu zen; alde batetik, kantxaren neurriak eta baloiaren tamaina finkatu ziren, eta bestetik, talde bakoitza sei jokalarira mugatu zen, eta sake bakoitzeko errotazioa egiten hasi zen.
1912an araudia aldatu zen; alde batetik, kantxaren neurriak eta baloiaren tamaina finkatu ziren, eta bestetik, talde bakoitzeko sei jokalarira mugatu zen, eta sake bakoitzeko errotazioa egiten hasi zen.
Lehenengo aldiz Ekialde Urruneko jokoetan jokatu zen 1913an Filipinetan. Gainera, 1916an “Spalding Volleyball” gidaren bitartez Estatu Batuetan 200.000 jokalari zeudela jakin zen. Kirola emakume zein gizonek praktikatzen zuten, eta adin tarteko pertsona guztietan arrakasta zuen.
1922an talde bakoitzeko ukituak mugatu ziren, hiru ukitutan finkatuz eta atzelarien erasoa mugatu zen. Era berean, puntuazioa 14-14 izatekotan, bi puntu jarraian egin behar ziren set-a irabazteko. Horrez gain, urte horretan bertan Brooklyn-en lehenengo estatu mailako txapelketa egin zen, 11 estatutako 27 taldek osatuta.
1924ko Olinpiar Jokoetan[1] boleibola erakustaldi kirol moduan aurkeztu zen. Eta 1930. urtera arte nazioarteko partidu gutxi egon ziren arren, Ekialdeko Europan, 1933an Sobietar Batasuneko txapelketa batean 400.000 partaide bildu ziren. Are gehiago, Boleiboleko Federazio Internazionala (FIVB) 1947an sortu zen, eta federazioaren helburu nagusia arauak garatu eta hobetzea zen. Hori horrela, Munduko Boleibol txapelketa lehen aldiz egiteko oinarriak finkatu ziren.
Lehendabiziko munduko txapelketak 1949an jokatu ziren eta 1952tik aurrera lau urtez behin ospatzen dira. Bertako dominatzaile nagusiak SESB (bai gizonezko zein emakumezkoen kasuan), Txekoslovakia (gizonezkoen kasuan), Japonia eta Txina (emakumezkoen kasuan) dira.
Bestalde, boleibol modernoaren ezaugarri diren teknika eta taktika asko sartu zituzten Europako taldeek, eta horren adibide dira ondorengoak: blokeoa eta baggerra, Txekoslovakiak 1938an eta 1958an jokoan sartu zituenak, hurrenez hurren; erasoa iraupen-lerrotik, Poloniak 1974an lehen aldiz erakutsi zuena; eta 5-1 sistema, Sobietar Batasunak erabiltzen zuena.
Alabaina, Kirol Olinpiko 1964az[2] geroztik da. Europako txapelketak 1948tik aurrera, SESB osatzen zuten estatuek dominatuak izan dira. Lau urtez behin ospatzen den Munduko Kopa dago 1965az geroztik. Munduko Liga bat ere badago lehenengo aldiz 1990ean antolatua eta bertan hamar estatuk parte hartzen dute. 1993ean emakumeentzako Grand Prix bat sortu zen eta munduko zortzi selekzio onenek parte hartzen dute.
Joko olinpikoak eta gero
aldatu1998an liberoaren irudia sortu zen. Liberoa defentsa jokalaria da, etengabe irten eta atera daitekeena. Talde bakoitzeko libero bakar bat egon daiteke zelaian. Liberoaren irudiaren agerpenarekin batera, puntuazioa lortzeko prozedura aldatu zen. Ordura arte, sakearen jabetza izatea nahitaezkoa zen puntua eskuratzeko. Hala ere, 2000. urtetik aurrera puntua sakea eskuratu gabe lortu zitekeen. Horrez gain, sakean sarea ukitzea onartu zen, baldin eta baloia kontrako zelaira pasatzen bazen. Era berean, 2006an bi aldaketa nagusi planteatu ziren: bigarren sake bat egin ahal izatea, lehenengoa huts egitekotan, eta aulkian libero bat izatea partiduan zehar aldaketa egin ahal izateko. Bi moldaketa horietatik liberoaren aldaketa onartu zen 2008an Dubaiko Jokoetan. Hala ere, liberoa partiduan zehar behin bakarrik aldatzeko aukera zegoen.
2010ean beste aldaketa bat egon zen, sakeari dagokionez. Jokaldian eragina izanez gero, sarearen goiko aldean ukitutako sake guztiak falta izango ziren. Arau horretaz gain, liberoa partiduan zehar nahi beste aldiz aldatzea onartu zen.
Aldaerak
aldatuBoleibolak[3] barne eremu batean jokatzen den modalitateari egiten dio erreferentzia. Hala eta guztiz ere, Boleibolaren aldaera desberdinak aurki daitezke. Haien artean, harean jokatzen den modalitateak Hondartz Boleiak, pisu handia du gaur egun. Izan ere, Olinpiar Jokoetako kiroletako bat da. Horrez gain, desgaitasuna duten kirolarientzako Bolei eseriak arrakasta lortu du. Era berean, ofizialtasunik gabe boleibol kirola beste kirol batzuekin batzen da, eta aldaera desberdinak zabaldu dira: futboleia, edota waterboleia.
Arauak
aldatuJokalekua
aldatuJokoa jokatzen den eremua 18 m luze eta 9 m zabal den laukizuzen bat da, erdiko lerroan bi taldeak bereizten dituen sare batez zatituta. Jokoa kanpoan ere garatzen da, eremu librean, baldin eta baloiak ez badu lurzorua ez beste elementurik ukitzen. Eremu libreak gutxienez 3 metro izan behar ditu. Pistaren gaineko espazio libreak 7 m-ko altuera izan behar du gutxienez, eta nazioarteko lehiaketetan 12,5 m-ra igotzen da.
Marrak
aldatuErdiko lerroa zuzenean sarearen azpitik igarotzen da, eta joko-pista 9x9 m-ko bi eremu berdinetan banatzen du, talde bakoitzarentzat bat. Saretik 3 m-ra lerro batek mugatzen du eremu bakoitzean erasoko eremua, non une horretan defentsarako lanetan ari diren jokalarien (atzelariak eta liberoak) ekintzak mugatuta dauden. Lerro horiek marra etenekin hedatzen dira eremuaren kanpoaldera, eta marra horiek adierazten duten muga ere marra osoan proiektatzen da, marraztuak baino haratago ere. Lerro guztiek 5 cm-ko zabalera dute.
Sarea
aldatuZelaiaren erdiko ardatzean, zelaia banatzen duen erdiko lerroan, sare bat dago. Sare horren arabera, goiko solairutik goiko ertzerako altuera, kategoria helduetan, 2,43 m-koa da gizonezkoentzat eta 2,24 m-koa emakumezkoentzat. Sare hau zutoin batzuen gainean muntatuta dago, eta horien altuera 2,55 m-koa da. Gazteen kategorietan beste altuera batzuk daude. Sareak berak 1 m-ko zabalera eta 9,5 eta 10 m arteko luzera du. Alde bakoitza alboetako lerroetatik 25 eta 50 cm artean ateratzen da, alboko lerroetatik kanporantz.
Sareak bi zerrenda ditu goiko eta beheko ertzeetan. Alboetako mugak hobeto mugatzeko, alboko lerroen gainean alboko zerrenda bat dago, sarearekin perpendikularki finkatua. Gainean, alde banatara, 80 cm-ko hagaxka bat ateratzen da, antena deritzona.
Antenak ez dituzte joko garaian ukitu behar, ez pilotak, ez jokalariek, eta baloia zein sektoretan jokatu behar den sarearen gainetik mugatzeko balio dute.
Baloia
aldatu1998 arte[4], baloia kolore argi bakarrekoa zen. Urte horretatik aurrera, koloreen konbinazioa ere egin daiteke. Esferikoa izan behar du. Kanpoko azala larruz edo material sintetikoz egina dago, pixka bat biguna eta josturarik gabea. Barruan gomazko edo antzeko ganbera bat du, airez betea. Saskibaloiko edo futboleko baloiak baino askoz txikiagoa eta arinagoa da.
Nazioartean onartuta dauden zenbait joko-baloi daude, eta xehetasun txiki batzuk bereizten dira koloreari edo jantzigintzari dagokienez. Neurriei eta pisuari buruzko printzipio orokorrak berdinak dira baloi guztientzat.
Puntuaketa
aldatu25 puntu egiten dituen lehen taldeak set bat irabazten du, betiere biko abantaila edo desabantaila dagoelarik. 24ra berdinketa baldin badago jokatzen jarraitzen da talde batek bi puntuko aldea lortu arte. Hau da, 25-23rekin irabazi egiten da, baina 25-24rekin 26-24ra arte itxaron beharko litzateke, eta horrela hurrenez hurren, bi taldeetako batek bi abantaila-puntuak lortu arte. Horrez gain, gizonezkoen eta emakumezkoen artean desberdintasunak daude, izan ere, gizonezkoen artean partidak bost set-etatik onenera jokatzen da (hiru irabazi) eta emakumezkoen artean hirura (bi irabazi).
Bestalde, bosgarren seta, berdinketa haustekoa, beharrezkoa izanez gero, helburua 15 puntu lortzea da, eta bien abantaila mantenduko da. Set horrek iraupen laburragoa du. Boleiboleko partiden iraupena oso aldakorra da, eta 3 setetatik 5 setetara jokatu behar izaten da (3-0, 3-1 edo 3-2 emaitza). Ordu batetik bi ordu eta erdira bitarteko iraupena izan dezake.
Eremuak partidaren aurretik zozketatzen dira, baita hasierako sakea ere. Set bakoitzean eremuz aldatzen da, eta lehenengo sakea txandakatzen da. Bosgarren set-a, set erabakigarria, beharrezkoa izanez gero, beste zozketa bat egingo da, eta, gainera, eremu-aldaketa bat egingo da, 8. puntua lehen taldetik lortzean.
Jokoa
aldatuTaldea sei jokalarik osatzen dute, hiru erasotzailek eta hiru defentsak. Sakea duen taldeko jokalaria bere zelai-atzeko marraren atzealdean jartzen da eta sarearen gainetik pasarazten du pilota eskumuturraz edo eskuaz emanda. Sakean saialdi bakarra dago eta zelaiaren atzeko eskuinean dagoenak egin behar du. Liberoak kolore desberdineko kamiseta du eta sakea ateratzen den momentuan jokalari bakoitzak toki jakin batean egon behar du kapitainarekiko.
Aitzitik, talde osoa gehienez 14 jokalarik (12 gehi 2 libero), entrenatzaile batek, entrenatzaile laguntzaile batek, masajista batek eta mediku batek osatzen dute. Jokalari bakoitzak zenbaki bat izanen du, 1etik 20ra bitartekoa. Zenbaki hori kamisetaren aurrealdean eta atzealdean ageri da. Jokalarietako bat taldeko kapitaina izango da, eta haren zenbakiaren azpian ikusten den banda batez identifikatuko da.
Errotazioak
aldatuTxandaketek aldakortasun handia dakarte bi taldeetako jokalariek pistan duten kokapenari dagokionez, eta joko-estrategien planteamendua zailtzen du. Partida batean bi taldeetako jokalarien errotazioa dela-eta konbinazio asko egon daitezkeenez, estatistika funtsezko elementua da jokatutako partidak aztertzeko.
Hala, talde batek puntu bat idazten duenean, baloia jarriko du jokoan. Kontrako sakea kentzen zaionean, sei jokalariek beren posizioa aldatu behar dute zelaian, erlojuaren orratzen noranzkoan. Ondorioz, jokalari guztiak (libero izan ezik) aurrelari eta atzelarien posizioetan txandakatzen dira.
Antolaketa egokia izan dadin, ez da beharrezkoa geometria jakin bat izatea, baizik eta puntu bakoitzari ekitean, sake-kolpean, aurrelari bakoitzak atzelariak baino oin bat aurreratuago izatea gutxienez. Era berean, lerro beraren barruan albokoek, erdiko posizioan dagoen jokalariak baino oin bat kanporago izatea gutxienez. Une horretatik aurrera, jokalari bakoitza aske mugi daiteke jokoari jarraituz. Arau horiekin, hasierako xedapenak askotarikoak izan daitezke, eta, ondorioz, behar bezain irekiak.
Libero
aldatuPartida batean bi jokalari berezi ere lerrokatu daitezke, liberoak. Libero bat defentsa-jokalari bat da, eta etengabe sar eta irten daiteke zelaian, errotazioz defentsa-posizioan dauden beste jokalarietako edozein ordezkatuz. Libero bakar batek jokatu dezake jokalekuan aldi berean.
Liberoaren sarreraren helburua erasotzaileen postua betetzea da. Jokalari horiek, normalean, oso altuak dira, eta, horregatik, harreran errendimendu txarra dute.
Liberoaren ezaugarriak:
- Ezin da taldeko kapitaina edo jokoan dagoen kapitaina izan.
- Ezin du sakerik atera.
- Ezin du blokeatu, ezta blokeatzeko saiorik egin ere.
- Baloia sarearen gainetik dagoenean, ezin du eraso-kolpea egin.
- Lapurreta franko bat egin dezake, baina ezin du salto egin hori egiteko.
- Atzamar-pasea egin dezake aurrealdean, erasotzaileak baloia sarearen goiko ertzetik behera jotzen badu.
Une bakoitzean, libero jardulea izango da, baina bigarren erreserba zilegi bat egon daiteke. Entrenatzaileak, partidako edozein unetan jokaldi bakoitzaren ondoren, bigarren liberoarekin alda dezake. Aldaketa pistako liberoarekin egin daiteke; kasu horretan, hasieran lehenengoak ordezkatzen zuen jokalaria pistara itzuliko da, eta ordezpena bigarrenarekin desegingo du, baina jokaldia edo puntua amaitu arte itxaron beharko dute.
Aldaketak eta ordezkapenak
aldatuSet bakoitzaren hasierako prestakuntzako jokalariak setean behin bakarrik ordezka daitezke, eta, ondoren, aldaketa egin duen jokalariarengatik deseginez itzul daitezke. Horrela, gehienez sei ordezkapen egin daitezke, jokalari bakoitzeko bat. Hemen ez dira kontatzen liberoen sarrerak eta irteerak. Era berean, ordezko jokalariak ezin du jokalari bakarra setez ordezkatu.
Banakako ordezkapen baterako, ordezko jokalaria joko-uniformearekin hurbildu behar da, jokoa geldirik dagoela, ordezkapen-gunera, ordezkatuko duen jokalariaren zenbakia duen taulatxo bat erakutsiz. Ohar-egileak klaxona edo txilibitua aktibatuko du ordezkapena baimentzeko, eta neurketako aktan idatziko du.
Atsedenaldiak edo hutsarteak
aldatuTalde bakoitzak 30 segundoko bi atsedenaldi eska ditzake set bakoitzean. Atsedenerako denborak entrenatzaileak bakarrik eska ditzake, eta ez balego, taldeko kapitainak eska ditzake. Txapelketa ofizialetan, gainera, 60 segundoko bi denbora tekniko ezartzen dira ofizioz, eta taldeetako lehenak set bakoitzeko 8. eta 16. puntuak lortzen ditu, hurrenez hurren, behin betiko bosgarren setean izan ezik.
Arbitrajea
aldatuHauek osatzen dute boleibol-partida bateko arbitraje-taldea:
- Lehenengo arbitroa: Partida zuzentzen duen arbitroa da, jokaldi bakoitzaren hasiera adierazten baitu, puntu bat zein taldek irabazten duen eta zer falta den erabakitzen du, baloia sartzen den edo kanpora joaten den. Jokalariei edo teknikariei txartelak erakusten dien bakarra da, eta jokaldiaren amaiera ere adierazten du.
- Bigarren arbitroa: Zelaiaren kanpoko eremuetan (idazleak, aulkiak, zigortzeko guneak, berotze guneak) gertatzen diren gorabeherak, atsedenaldiak edo etenaldiak eta lurzoruaren eta baloien egoera kontrolatzen ditu. Jokoan zehar, jokalarien posizioa egiaztatzen du, txandaketen arabera, jokalarien aldaketak kontrolatzen ditu. Horrez gain, sareko ukituak, sarearen azpitik egindako sartzeak, libero edo atzelari bidezko blokeoak, talde hartzailearen kokapen faltak eta talde eramailearen errotazio faltak adierazten ditu.
- Idazlea: Bi taldeetako puntuak, ordezkapenak eta txandatzeak idazteaz arduratzen den arbitroa da. Bigarren arbitroa arduratuko da talde batek sake-ordenan edo bidezko ez diren aldaketa edo etenetan akatsen bat egiten duen adierazteaz.
- Apuntatzaile laguntzailea: Jokalari liberoaren aldaketak idazteko ardura duen epailea da, eta elektronikoki idazten du Europako Boleibol Konfederazioaren (CEV) lehiaketako akta…
- Lineako 2 edo 4 epaileak: Baloia zelaian bertan edo kanpoan erortzen den, kanpora ateratzen den baloia jokalariren batek ukitzen duen, baloia dagokion lekutik pasatzea eta jokalariek baloiarekin zenbat ukitu egiten dituzten kontrolatzeaz eta lehenengo arbitroari jakinarazteaz arduratzen da.
Arbitro bakoitzak eginkizun jakin bat badu ere, lehen arbitroak du edozein jokaldiren gainean erabakitzeko ahalmen guztia.
Teknikak
aldatuOinarrizko ereduak
aldatuBi oinarrizko jarrera bereizten dira[4]: oinarrizko jarrera altua eta beheko jarrera. Jarrera horien bitartez errendimendurako nahitaezkoak diren ezaugarri batzuk lortzen dira, horien artean: kontzentrazioa hobetzea, oreka egoerak lortzea, mugimendua mekanizatzea, eta modelo teknikoak ongi burutzea.
Oinarrizko jarrera altua
aldatuHauek dira oinarrizko jarrera honen funtsezko ezaugarriak:
- Oin puntak aurrera begira jartzen dira.
- Oin bat aurrera begira.
- Hankak erdi tolesturik.
- Enborra zuzen, pittin bat aurrera etzanda.
- Gorputzaren pisua oin aurreko aldean.
- Besoak erdi tolesturik eta aldaka edo aurpegiaren parean.
- Burua altu, beste zelaira edo baloira begira.
Oinarrizko beheko jarrera
aldatuBeste jarrera baino askoz baxuagoa da. Belaunak oin punten aurretik, eta sorbaldak belaunen parean jarri behar dira.
- Hankak sorbalden zabaleran irekita.
- Oin bat aurreratua.
- Gorputzaren pisua guztiz oinen aurreko aldean.
- Besoak erdi tolesturik, aldaka edo aurpegiaren parean.
- Burua altu, beste zelaira, eta baloiari begira.
Oinarrizko beheko jarrerak erabilpen jakin batzuk ditu:
- Bigarren lerroko defentsa sustatzea.
- Erorketak eta plantxetarako posizioa ahalbidetzea.
- Sake gogorretarako harrerak egiaztatzea.
- Erasoaren gertuko laguntzak eskaintzea.
- Blokeoan indarra hartzea.
Desplazamenduak
aldatuDesplazamenduek garrantzia handia dute, haien eraginez mugimendua norabidetu edota hurrengo ekintzarako jarrera egokia izatea ahalbidetzen dutelako. Hainbat desplazamendu mota bereizten dira, baina bi taldetan sailka ditzakegu: aurrera/atzera eta alboetara. Alboetako desplazamenduen artean pausuak gehitu, pausuak gurutzatu, edota pauso mistoak egin daitezke.
- Erasoko ekintzak
- Defentsarako ekintzak
Estrategia
aldatuSet bakoitza baino lehen entrenatzaileak jokalari guztien posizioak aukeratzen ditu. Beraz, sake guztien ordena finkatu dezake, errotazioa araudiak markatzen baititu. Horrez gain, mugimendu horren ondorioz jokalari bakoitzak izango duen posizioa jakin daiteke eta, hori horrela, egoera horiek guztiak entrenatu beharko dituzte.
Defentsa eta eraso faseak bereizten diren arren, oso zaila da bi fase horien arteko hasiera eta amaiera finkatzea. Horregatik, entrenatzaile asko bi fase horien loturan oinarritzen dira prestakuntza taktikoak bideratzerakoan. Hala ere, defentsa ekintzak lau taldetan sailkatzen dira: sakearen defentsa, errematearen defentsa, baloi erraz baten defentsa, eta aurkakoen blokeoaren defentsa. Egoera horiek guztiak banan-banan entrenatu behar dira. Ekintza horiek K-1 (sakearen defentsa), K-2 (errematearen defentsa), K-3 (baloi erraz baten defentsa) eta K-4 (aurkakoen blokeoaren defentsa) izena dute, eta horiei K-0 gehitzen zaie (sakearen estrategia).
Lehenengo egoera estrategikoa (K-1), aurkakoen sakearen defentsa edo harrerarekin eta hurrengo erasoarekin hasten da. K-1 ekintza sakearekin batera gehien egiten den ekintza da. Gainera, K-1 egoeran arrakasta izanez gero, % 70eko probabilitatea dago puntua irabazteko. K-2 estrategia errematearen defentsarekin hasten da, eta sakea egin duen taldeak egiten du, baldin eta aurkariek sakea itzuli eta baloia beste zelaira bidali baldin badute.
Erasoko ekintza teknikoak
aldatuZerbitzua
aldatuPuntu bakoitza zelaiko atzeko marratik hasten da. Aurkako jokalarien puntu txarrak kontuan izanik, baloia airera bota eta beste zelairantz kolpekatzen da. Kolpea zutik edo saltoan egin daiteke. Orientazioa garrantzitsua da, aurkako jokalaria baloia berriro jaurtitzeaz arduratu behar baita. Era desberdinetara egin daiteke:
- Azpiko zerbitzua: Hankak sorbalden neurrira zabaltzen dira, baloiari ematen diogun eskuaren kontrako hanka aurrerago dagoela. Gorputza aurreraka inklinaturik dago belaunak tolestua dauden bitartean. Baloiari jotzen dion eskua atzeraka luzaturik eta beste eskuak baloia heltzen du. Baloia kolpekatzean aurreraka kulunka txiki bat egoten da.
- Eskua goian: Kolokazioa azpiko sakearen berdina da baina kasu honetan baloia joko duen besoa lepoaren atzean jartzen da kutxara moduan. Kontrako eskuarekin baloia gora botatzen da, eta buruaren parean dagoenean baloia jotzen da besoa luzaturik dagoela. Horrela baloia beste zelaian indarrarekin jaitsiko da beheraka.
- Esekian: Aurrekoaren antzekoa da baina baloia beste aldera heltzean bere indarra galtzen doa lurrera iritsi arte. Gainera sake mota hau saltoan egiten da.
- Jauzi handia: Baloia airera botatzen da hanka ezkerra aurreraka emanez eta bi pasu eginez, eskuinera eta ezkerrera, gero biak elkartu eta saltoa ematen da, baloia indar handiagoarekin mugitu dadin.
- Kako flotantea: Jokalaria jokora saiheska kokatzen da, gorputza aurreraka inklinaturik. Baloia goraka botatzen 20 zentimetroetara gutxi gora bera eta eskuarekin kolpekatzen da behetik gora, besoa guztiz luzaturik egon daiteke. Aldi berean atzerago zegoen hanka bestearen parera jartzen da. Sakea motza eta zehatza izaten da.
Pasea edo harrera
aldatuBaloia jaso eta kontrolatzen jakitea oso garrantzitsua da, horrela gainerako jokalariek baloia posizio onean izango dute beste zelaira pasatzeko. Paseak modu askotara egin daitezke, baina baloia nola etortzen den arabera aukeratzen dira pase motak:
- Besaurrea ukitua: Pase mota hau baloia baxu datorrenean aukeratzen da.Gorputza aurrerantz inklinaturik dagoela, besoak luzaturik gerriaren parera jartzen dira eta kanporako errotazioa egiten da eskuak elkarturik daudela (euren artean elkarloturik). Pase honetan, jokalariak belaunen eta aldaken flexio-estentsio mugimendua egiten dute baloiaren ukitua egiteko. Baloiari norabide jakin bat emateko, sorbaldak baloiari eman nahi diogun norabiderantz kokatu behar dira, horregatik oso garrantzitsua da azkar mugitzea.
Beste batzuetan golpe zailagoetara behartuta daude jokalariak, kasu hauetan lurrera botatzen eskuak luzatuz baloia euren eskuetan jo eta botea bertan eman dadin.
- Hatz tokea: Pase mota hau boleibolaren pase zehatzena izaten da. Pasea egiten duen jokalariak, beste jokalariei baloia ondo iristeko ardura baitu. Normalean bigarrengo kolpea izaten da, bere helburua baloia posizio onean jartzea baita, hurrengo jokalariak erremate batez beste zelaian sartzeko. Kolpe honen kolokazioa besoak eta eskuak 90ºtako angelua osatuz lortzen da. Eskuetako behatzek era triangelu bat osatzen dute euren artean, gainera hatzek duten posizioa baloiak hartuko duen norabidea izango da . Azkenik hankak sorbalden zabaleran banatu behar dira, oina bat bestea baino aurreratuago dagoelarik, aldakak eta belaunek inpultso egin eta baloia jaurtitzen da.
Batzuetan pasea albora egin behar izaten da, eta orduan, eskuen posizioa aldatzen da, hartu nahi dugun norabidea lortzeko. Baloia eskuinera joatea nahi badugu, ezkerreko eskua baloiaren ezkerrean kokatu behar dugu, eta esku honekin inpultsoa egin. Ezkerrera joatea nahi badugu, ordea, eskuineko eskua baloiaren eskuinaldean jarri eta honek egingo du inpultsoa. Horretaz gain, pase mota hau atzeraka ere egin daiteke. Atzerakako pase honek, orokorrean, aurrekoaren ezaugarri berak ditu, baina pase honetan baloia buruaren gainean kolpatzen da, enborrak eta eskumuturrek tentsioa egiten duten bitartean.
Erremateak
aldatuJokalariak salto batez baloia beste zelaira kolpatzen du indarrez, gaizki defendituta dauden aldeak kontuan izanik. Saltoa egiterako orduan eskuen eta hanken koordinazio jakin bat eraman behar da. Normalean erremateak egin aurretik bi edo hiru pausoz osatutako karrera egin ohi da, indar handiagoa lortzeko. Lehen pausoa ezkerrarekin egiten da eta nahiko motza izaten da, gero eskuinarekin pauso luzeagoa ematen da saltorako inpultsoa hartzen joateko eta azkenik ezkerrarekin egiten den pausoa motza izango da, inpultsoa hartzeaz bukatuko baitugu. Erremate onak egin ahal izateko teknikak eta salto handiak egiteak garrantzi handia izaten du. Hasieran eskuak flexionatuak egongo dira, sorbalden parean.
Eraso sistemak
aldatuErasoak garrantzi handia du, eta taldeek normalean erasorako jokabidea erakusten dute. Jokalariek lau rol desberdin betetzen dituzte:
- Kolokatzailea: bigarren pasea ematen duen jokalaria, erasoa gidatzeaz arduratzen dena.
- Errematatzailea: hirugarren kontaktuaz arduratzen dena, hau da, errematatzeaz.
- Unibertsala: errematatzaile eta kolokatzaile funtzioak bete ditzakeen jokalaria.
- Liberoa: atzeko eremuetan jolasten duen jokalaria. Ezin du errematatu, ezta sakea egin, ezta aurreko eremuetara joan ere.
Rol horien banaketaren arabera oinarrizko eraso sistema desberdinak bereizten dira:
- 5-1 eraso sistema. Gaur egun gehien jokatzen den sistema da. Bost errematatzaile egon ahal dira, eta kolokatzaile bat. Sistema honetan desoreka handiak daude errotazioak egiterakoan. Izan ere, hiru errotaziotan hiru aurrelari erasotzaile egongo dira, eta beste hirutan soilik bi. Sistema hau erabiltzeko entrenamendu denbora gutxiago beharrezkoa da.
- 4-2 eraso sistema. Eraso sistema honek bi kolokatzaile eta lau errematatzaile ditu. Bi kolokatzaileak aurkaritzan ipintzen dira, hau da, bat aurreko eremuan badago, bestea atzean kokatuko da. Horrela, horietako batek kolokatzaile funtzioa egingo du. Hasieran, kolokatzailea hirugarren eremuan kokatuko da, gero bigarren eremura pasatzeko. Modu honetan, altuagoak diren jokalariak errematatzeko sarearen erdian egongo dira. Sistema hau hastapenean erabiltzeko sistemarik egokiena da.
Sakearen harrera sistema
aldatuAzken urtetan sakearen harrerarako formakuntza aldatu egin da. Gizonezkoen boleibolean antzeko sistema baten bidez bideratzen da. Bi harrera-jokalari egongo dira sakean jauzirik baldin ez badago, eta hiru sakean jauzia egotekotan. Emakumezko boleibolean, ordea, aldaera gehiago daude. Izan ere, formakuntza desberdinak daude (5,4,3, eta bi harrera-jokalariekin).
Defentsarako eraso teknikoak
aldatu- Blokeoa: Akzio honetan aurkako jokalarien edozein eraso saihesteko erabiltzen da. Sarearen alboan egiten da salto eskuak goian dituzula. Hasieran eskuak flexionatuak egongo dira, sorbalden parean eta gero jausian erasotzailearen errematearen arabera eskuen kokapena aldatzen da, horrela baloia segituan bueltatu ahal izateko. Hori ondo ez bada ateratzen behintzat aurkako taldearen atakea zailagoa izango da. Blokeoan hiru jokalariek hartzen dute parte, aurrelariak izaten dira normalean.
- Harrera: Ekintza mota honek besaurreko ukituaren ezaugarri berak ditu
- Erorketak: Hauen helburua baloia oso baxu datorrenean baloia altxatzea da. Erorketak kontuz egin behar dira lezioak egiteko aukerak ematen baititu. Erorketa txar batek, eragina izan dezake jokalari batengan. Erorketa aurrera egin daitezke, kasu honetan pauso handi bat ematen da aurrerantz eskuak luzatuk baloia jotzeko. Baloiari eman eta gero erorketa moteltzeko besoak eta enborrak lurrean jarri behar dira, kokotsarekin lurra ez ukitzeko. Horregatik mutilek lurraren ukitua bularrarekin egiten dute eta neskak berriz sabelarekin.
Erorketa albora egitean antzekoa gertatzen da, pausoa baloia datorren alderantz ematen da eskuak luzatuz. Erorketan baloia jotzen den eskuko sorbaldaren gainean zilipurdi bat egiten da eta ahal den azkarren zutik jarri.
Defentsa sistemak
aldatuEskuarki, defentsa sistemak K2-n erabiltzen dira, K-1 amaitzen den erremate bati erantzuteko. K1-en erasotzaileak erraz irabazten du. Lehen eta bigarren lerroen aldekoek oso oldarkorrak izan behar dute, oso zaila baita zelaiko 81 metro karratuak ondo betetzea. Defentsaren hasiera sarean ematen da, lehenengo mailan. Hiru blokeatzaile daude. Blokeoa oldarkorra izan behar du, baloia aurkakoen zelaiaren lurrera eror dadin, edo baloia indargabetu kontra erasoa hasteko. Posizio altu bat lortu behar da, blokeoaren kontaktua ahalik eta lasterren lortu ahal izateko.
Erreferentziak
aldatu- ↑ 최승재; 김효진. (2018-09). «The Effects of Merchandised Sex on Satisfaction and Behavioral Intentions of Beach Volleyball by Sport Tourists: 2017 FIVB (Federation Internationale de Volleyball) Daegu Women’s Beach Volleyball Exhibition» Culinary Science & Hospitality Research 24 (7): 19–27. doi: . ISSN 2466-0752. (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ Zsheliaskova-Koynova, Zshivka; Bozhilov, Georgy. (2007). «Types of female volleyball players depending on their personality traits, intelligence, tactical thinking and volleyball efficacy» PsycEXTRA Dataset (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ Marinho, Blena; Das Virgens Chagas, Daniel. (2022-04-25). «Can motor coordination level predict performance on volleyball skills in youth? (¿Puede el nivel de coordinación motora predecir el rendimiento en habilidades específicas de volea en los jóvenes?)» Retos 45: 195–201. doi: . ISSN 1988-2041. (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ a b Swaim, Norman M.. Factors influencing college basketball players to attend selected NCAA Division I colleges, NCAA Division II colleges or NAIA colleges or NCAA Division III colleges. Iowa State University (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).