Victoria (Seychelleak)
- Artikulu hau Seychelletako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Victoria (argipena)».
Victoria | |
---|---|
hiria | |
Administrazioa | |
Herrialdea | Seychelleak |
Geografia | |
Koordenatuak | 4°37′25″S 55°27′16″E / 4.6236°S 55.4544°E |
Azalera | 20,1 km² |
Demografia | |
Biztanleria | 24.701 (2014) −1.749 (2010) |
Dentsitatea | 1.229 bizt/km² |
Informazio gehigarria | |
Ordu eremua | UTC+04:00 |
Hiri senidetuak | Djibuti eta Haikou |
Victoria Seychelleetako hiriburua eta hiri nagusia da. Mahé uharte nagusiko ipar-ekialdean dago eta inoiz Mahé izen horrekin ere ezaguna izan da. Seychelletako biztanleriaren heren bat bertan bizi da eta estatuaren zentro ekonomiko, politiko eta kulturala da[1]. Seychelleetan hiri izena merezi dezakeen gune populatu bakarra da hiriburua,
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazioarteko aireportu bat dago hiriaren aldirietan, 1971ean inauguratua, eta Mahe uharteko puntuekin errepidez konektatua dago Victoria[2].
Merkataritza-ontziak har ditzakeen portu bakarra bertan dago.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]18. mendeko nabigatzaile frantsesek Abondance izeneko uhartea (gaur egunean Mahé) bisitatua zuten, baina 1744. urtean Lazare Picault iritsi zenean bertara Elisabeth ontziarekin, egun Victoria hiria dagoen badia lasai eta segurua aurkitu zuen, bertan ainguratu, eta Port-Royal izena eman zion: toki horretan dago Victoria[3].
Le Cerf fragata frantsesa 1756ko azaroaren 1ean iritsi zen Port-Royalera, Zazpi Urteko Gerraren kontestuan, eta jabetza adierazten zuen zutarri bat ezarri zuen bertan, Mahé izena emanez tokiari eta uharteari. Seychelleetako monumentu zaharrena da hori, eta hirian dagoen Seychelleetako Museo Nazionalean ikus daiteke.
Mahé izenak 1778ra arte iraun zuen, eta urte horretan Établissement du Roy izena eman zitzaion. 1811. urtean Britainiar itsas-armadak hartu zuen uharteen kontrola. Hala ere, hiriaren nukloea izendatzeko Établissement edo L'Établissement izenak jarraitu zuen 1838an Port-Victoria izena hartu baino lehen, Ingalaterrako erreginaren omenez. Hiriak ez zuen orduan ehun bat etxe txiki baino gehiago, zurezko barandaz estaliak. Port-Victoria oraindik erabiltzen da izen gisa kaia eta inguruak izendatzeko, baina hiriak Victoria izena du propio.
1976ko ekainaren 29an, Seychelleak independente bilakatu ziren, eta Victoria estatuaren hiriburu.
Ikustekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Victorian ikusten den tokirik interesgarrienetakoak:
- Merkatu zentrala. Tamaina txikia duen arren, leku koloretsua da eta biziz betea, arrain, fruta, barazki, espezia eta arropa postu ugarirekin. Sir Selwyn-Clarke uharteetako gobernadore britainiar izandakoaren izena darama merkatuak.
- Sri Navasakthi Vinayagar tenplu hindua, Ganesh jainko-elefanteari dedikatua. Hinduak gutxiengo dira Seychelleetan, baina tenplu honetan ospatzen den jaialdi hinduista nagusia, Thaipoosam Kavady delakoa, Gobernuak jai ofizial izendatua du.
- Erlojuaren dorrea. 1903an, Seychelleak britainiar kolonia bihurtu zirenean, Victorian instalatu zen, eta Londresko Vauxhall zubian ikus daitekeen erlojuaren dorrearen erreplika bat da aldi berean Londresko Big Ben ezagunaren itxura duelarik, beste eskala batean.
- Lorategi botanikoa, ez bakarrik landarediara dedikatua, baita saguzarrak, dortokak eta beste animalia bertako batzuk ikus daitezke.
- Victoriako Katedrala, 1874an eraikia estilo kolonial frantsesean.
- Hiriaren gainean, Morne Seychellois mendia dago, 905 metrorekin Seychelleetako punturik altuena, eta haren maldetan dago Independentziaren Monumentua, herrialdeak hura lortu eta 38. urteurrenean, 2014an, inaguruatua[4].
- Historia Nazionalaren Museoa, 1964an irekia.
- Kaz Zanana museo-etxea, George Camille herrialdeko artista nagusiaren lana erakusten duena, 1996tik irekia.
- Sainte-Anne itsasoko parke nazionala, Victoriako kaiko ipar-ekialdera dago[2].
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Hiria, Ozeano Indikora begira.
-
Erlojuaren dorrea.
-
Katedrala.
-
Tenplu hindu bat.
-
Diamantezko Jubileoaren iturria.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Datu klimatikoak (Victoria) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 29.8 | 30.4 | 31.0 | 31.4 | 30.5 | 29.1 | 28.3 | 28.4 | 29.1 | 29.6 | 30.1 | 30.0 | 29.8 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 26.8 | 27.3 | 27.8 | 28.0 | 27.7 | 26.6 | 25.8 | 25.9 | 26.4 | 26.7 | 26.8 | 26.7 | 26.9 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 24.1 | 24.6 | 24.8 | 25.0 | 25.4 | 24.6 | 23.9 | 23.9 | 24.2 | 24.3 | 24.0 | 23.9 | 24.4 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 379 | 262 | 167 | 177 | 124 | 63 | 80 | 97 | 121 | 206 | 215 | 281 | 2172 |
Prezipitazio egunak (≥ 1.0 mm) | 17 | 11 | 11 | 14 | 11 | 10 | 10 | 10 | 11 | 12 | 14 | 18 | 149 |
Eguzki orduak | 153.3 | 175.5 | 210.5 | 227.8 | 252.8 | 232.0 | 230.5 | 230.7 | 227.7 | 220.7 | 195.7 | 170.5 | 2527.7 |
Hezetasuna (%) | 82 | 80 | 79 | 80 | 79 | 79 | 80 | 79 | 78 | 79 | 80 | 82 | 79.8 |
Iturria (1): World Meteorological Organization[5] | |||||||||||||
Iturria (2): NOAA[6] |
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Victoria - La capital de Seychelles» www.disfrutaseychelles.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- ↑ a b (Ingelesez) «Victoria | national capital, Seychelles | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
- ↑ (Frantsesez) «La colonisation française des Seychelles (1742-1811)» La Cliothèque 2017-11-10 (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Qué ver en Victoria, la diminuta capital de Seychelles» Viajero Crónico 2021-09-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
- ↑ World Weather Information Service - Victoria. World Meteorological Organization (Noiz kontsultatua: November 16, 2012).
- ↑ SEYCHELLES INTL AP Climate Normals 1971-1990. National Oceanic and Atmospheric Administration (Noiz kontsultatua: November 16, 2012).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez)Seychelles Port Authority
Artikulu hau geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |