Mineralak solido naturalak dira; eta, normalean, presio eta tenperatura altuak izaten dituzten prozesu geologiko askoren bidez sortzen dira. Minerala izateko, kristal egitura, eta elementu fisiko uniformeak (momentu oro) izan behar ditu substantzia batek. Mineralek formula kimiko zehatza daukate; eta elementu puruak, gatzak, zein silikato konplexuak izan daitezke.
Arrokak, ostera, mineralez edota mineralen aleazioz daude osatuta, eta ez dute konposizio kimiko zehatzik. Lurrazaleko arrokarik gehienetan, mineral hauek agertzen dira: kuartzoa, feldespatoa, mika, klorita, kaolina, kaltzita, epidota, olibinoa, augita, hornblenda, magnetita, hematitea, limonita eta beste mineral gutxi batzuk.
Gainera, kuartzoak, mikak edo feldespatoak munduko leku askotan daude modu arruntean. Beste batzuk, ostera, munduko leku gutxi eta zehatz batzuetan baino ezin ditugu aurkitu.
Bestalde, Lurrean gehien agertzen den mineral taldea silikatoa da. Silikatoa, gehienbat, silizioz eta oxigenoz dago osatuta. Arroka gehienetan, % 95 baino gehiago silikatoa da, eta gainontzekoa aluminio, magnesio, burdina, kaltzio eta bestelako metalen ioiak ere izan daitezke.
Mineralen ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira mineralen zenbait ezaugarri:
-Solidoak dira: mineral guztiak solidoak dira Lurrean tenperatura normalean.
- Naturalak dira: mineralak naturan aurkitzen dira. Laboterategi kimiko batean sortzen diren elementu solidoak ez dira mineralak.
-Inorganikoak dira: mineralen jatorria ez dago landareetan, animalietan edo bizirik dauden beste organismo batzuetan.
-Egitura kimiko finkoa: mineralek beti dute formula kimiko bera eta elementu konbinaketa bera.
Mineral motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mineral mota asko daude, baina askotan bi taldetan banatzen dira: silikatoak eta ez silikatoak. Silikatoak silizioa eta oxigenoa duten mineralak dira. Lurrazalaren %90 baino gehiago silikatoz osatuta dago. Gainontzeko mineralak ez silikatoak deituriko talde batean batzen dira.
Zertarako balio dute?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jendeak mineralak erabiltzen ditu eraikinak, makinak, tresnak, garbiketa produktuak, kosmetikoak, bitxiak eta beste artikulu batzuk egiteko ere. Baliagarriak diren mineralak Lurretik ateratzearen prozesuari meatzaritza deritzo.