Antzinako Greziako biztanleek izugarri maite zuten zuzeneko antzerkia. Hiri bakoitzak zuen gutxienez aire zabaleko antzoki bat. Antzoki horiek 15.000 pertsona inguru erakartzen zituen saio bakoitzean. Hasieran, greziar antzokiak ez ziren antzerkirako erabiltzen; jainko-jainkosei musika, abestiak eta dantzak eskaintzeko izaten ziren. Koru batek abesten zituen abestiak. Abesti horiek jainko-jainkosen istorioak kontatzen zituzten, greziarrek ezagutzen eta maite zituzten istorioak, alegia. Denboraren poderioz, koruko kide batzuk istorioak antzezten hasi ziren. Greziako idazleak obrak idazten hasi ziren koruak abesteko eta antzezteko.
Ez zegoen ia dekoraturik ezta atze-teloirik ere. Antzezlekuan erabiltzen ziren bi makina sinple baino ez ziren egoten. Horietako bat jainko-jainkosaren papera antzezten zuena airera igotzeko erabiltzen zen. Beste makinak trumoiaren hotsa egiten zuen; gehienetan Zeus izaten zelako obraren pertsonaietako bat, eta trumoiaren hotsa Zeusekin lotzen zutelako antzinako greziarrek. Antzezleek maskarak erabiltzen zituzten.
Hiri bakoitzarentzat harro egoteko arrazoia izaten zen antzerkigile eta antzezle ospetsuak izatea; greziarrak oso lehiakorrak ziren, eta hirien arteko antzerki lehiaketak zituzten. Irabazleak begirune handiz tratatzen zituzten, ia Olinpiar Jokoetako garaileak bezainbeste.
Greziar asko saiatu ziren antzerkigile bihurtzen. Sofokles izan zen arrakasta eta ospea lortu zituenetako bat. Sofoklesek 120 obra idatzi zituen; haren antzezlanak oso erakargarriak ziren jendearentzat.
Greziako arkitektoek antzerkiak muino-aldapetan eraikitzen zituzten. Horri esker eserleku luzeak jartzen zituzten ilaratan, bata bestearen gainean, ikusle oro eszenan gertatzen zena ikusi ahal izateko. Antzeztokia muinoaren oinarrian egoten zen. Obrak oso ondo entzuten ziren, greziako antzokiak soinu oso ona izateko diseinatzen baitziren.
Antzinako greziarrek hiru obra mota asmatu zituzten. Tragediek beti izaten zuten amaiera tristea; komediek, ordea, alaia; eta satiren bidez benetako pertsonei eta gertaerei barre egiten zieten. (Antzinako Grezian, ilegala zen jainko-jainkosei burla egitea, eta heriotzarekin zigortzen zen.) Komediak eta tragediak entretenigarriak ziren, baina ondo idatzitako satira batek iritzi publikoan eragin handia eduki zezakeen.
Obra bakoitza aldi berean bi modu desberdinetan kontatzen zen. Koru greziarrak ahots ozenez kontatzen zuen istorioa eta, bitartean, hitz egiten ez zuten antzezleek istorioa antzezten zuten. Antzezle edo aktore horiek maskarak eta keinuak erabiliz kontatzen zuten istorioa. Aktore bakar batek hainbat paper desberdin izaten zituen; horretarako, maskara baino ez zuen aldatu behar. Hala ere, aktore ona izateko gaitasuna ezinbestekoa zen, gaur egun bezalaxe. Tespis izan zen antzinako Grezian aktore ezagun eta arrakastatsuenetakoa.