Mairu-belar
Mairu-belar | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Solanales |
Familia | Solanaceae |
Leinua | Solaneae |
Generoa | Solanum |
Espeziea | Solanum nigrum |
Mairu-belarra (Solanum nigrum) Solanaceae generoko landare-espeziea.
Landare belarkara da, eta 50 cm-ko garaierara hel daiteke. Hosto handi, lantzeolatu edo erronboide-formakoak ditu, peziolatuak eta aldizkakoak. Loreak hermafroditak dira, 5-7 cm-koak, eta 3-6 loreko infloreszentziak osatzen dituzte. Loreek petalo zuriak eta antena horiak dituzte.
Fruituak globulu-formako baiak dira; berdeak izan ohi dira ondu gabe daudenean, eta beltzak eta distiratsuak, ondutakoan. Solanina-kontzentrazio handia izan lezakete, lurzoruaren eta fruituen umotasunaren arabera. Substantzia hori oso toxikoa izan liteke; izan ere, harrapariek jan ez dezaten baliatzen du, defentsa gisa. Hortaz, ez du bazka-baliorik abereentzat, ezta elikadura interesik ere gizakiontzat. Solanum nigrumaz pozoituz gero, goitika, tripako mina, loeria, tenperatura-igoera eta, kasu larrietan, paralisia eta heriotza eragin dezake, bihotza gelditzeagatik.
Landare pozoitsu askok bezala, ordea, badu interesik sendabelar gisa. Kasu honetan, hosto, zurtoin eta fruituak baliatzen dira. Solanum nigrumen hostoekin egindako infusioak propietate lasaigarri, antiinflamatorio, antipiretiko eta libragarriak ditu. Nekazaritza ekologikoan ere baliatzen da intsektizida gisa, Agrobacterium tumefaciens bakterioarekin nahasita, bereziki.
Jatorriz Eurasiakoa da, eta Amerikan, Australian, Asian eta Afrikaren hegoaldean ere sartu da. Solanazeoa denez, patataren, alberjiniaren eta tomatearen familiakoa da. Nitrogeno ugari duten lurzoruak gustatzen zaizkio, eta, hori dela eta, ganadua dagoen tokiekin hazten da sarri.