Edukira joan

Kontu (kontabilitatea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kontabilitate-kontua aktibokoa edo pasibokoa den, bere gehikuntzak eta gutxikuntzak kontuaren alde ezberdinetan erregistratzen dira, T bateko adarren azpian.

Kontabilitatean, kontua ondare-elementu bati esleitzen zaion adierazpen estandar eta bateratua da, izen generiko eta kode baten bitartez. Espainian indarrean dagoen Kontabilitate Plan Orokorraren arabera, kontuak 3 digitoko kode baten bitartez izendatzen dira, dagokien izenburu batekin batera. Adibidez, 213 kontua Makineria ataleko elementuak biltzen ditu. Kontuak azpitalde (2 digito) eta taldetan (1 digito) biltzen dira. Aldi berean, kontuak 4 digitoko azpikontuetan zehaz daitezke.

Kontuak kontabilitate-egitateen erregistro eta urteko kontuen bilketarako oinarri dira, kontu-sail bikoitzaren metodoaren bitartez. Kontabilitate-kontu batek T batez bereizten diren bi zati ditu: zor eta hartzeko. Kontuak jasotzen dituen aldaketek gehikuntza edo gutxikuntza adierazten duten, erregistroa alde batean edo bestean egin beharko da:

  • aktiboko kontuetan, gehikuntzak zor aldean erregistratzen dira eta hartzeko aldean gutxikuntzak;
  • pasibo eta ondare garbiko kontuetan, gehikuntzak hartzeko aldean erregistratzen dira eta zor aldean gutxikuntzak.

Kontuari buruzko terminologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Kontu bat ireki: T baten gainean, kontuaren izena jartzea da, bertan kontuaren mugimenduen erregistroa egiten hasteko.
  • Kontu-irekiera: kontuan egiten den lehenengo idazpena da.
  • Kontu bat zordundu edo kargatu: zor aldean eragiketa bati dagokion zenbatekoa idaztea da, data eta eragiketaren xehetasunekin batera.
  • Kontu bat abonatu: hartzeko aldean eragiketa baten zenbatekoa eta bestelako xehetasunak erregistratzea da.
  • Zorra: zor aldean agertzen diren zenbatekoen batura da.
  • Hartzekoa: hartzeko aldean agertzen diren zenbatekoen batura da.
  • Saldoa: zorraren eta hartzekoaren arteko aldea da. Kontu baten saldoa beti da positiboa , dagokion aldean.
  • Saldo zorduna: zorra hartzekoa baino handiagoa denean.
  • Saldo hartzekoduna: hartzekoa zorra baino handiagoa denean.
  • Kontua likidatu: kontuaren saldoa kalkulatzea.
  • Kontua saldatu edo kitatu: saldoa dagokion aldean erregistratzea da, zorra eta hartzekoa, zor eta hartzeko aldeen baturak alegia, berdinak izan daitezen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Ekonomia Artikulu hau ekonomiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.