John Major
Sir John Major (Carshalton, Surrey, 1943ko martxoaren 29a) Erresuma Batuko politikari kontserbadorea da. 1990 eta 1997 artean lehen ministroa izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Suttonen jaio bazen ere, familia Brixtonera aldatu zen aitak erreka jo zuenean. Arazo ekonomikoak zirela eta, hamasei urterekin ikasketak utzi behar izan zituen. 1965ean Standard Chartered bankuan lanean hasi zen. 1967an auto istripu larria izan zuen Nigerian. Politika oso gaztetik interesatu zitzaion eta Alderdi Kontserbadorean sartu zen. 1968 eta 1971 artean Lambethko Udal Kontseilaria edo zinegotzia izan zen. 1979an Legebiltzarreko Behe Ganberako parlamentario edo diputatu aukeratu zuten Huntingdonshire barrutian (Cambridgeshire)[1]. Gero eta ardura handiagoko karguak izan zituen Margaret Thatcherren gobernuetan: Altxor idazkari nagusia (1987), Kanpo eta Commonwealth-eko Arazoetarako estatu idazkaria (1989) eta Ekonomia eta Finantza ministroa (1989). 1990eko azaroaren 28an lehen ministro bihurtu zen, Thatcherrek dimisioa eman ondoren. 1992ko apirileko hauteskundeetan berriz hautatua izan zen.
Margaret Thatcherren politikaren jarraitzailea izan zen, baina Europa batuaren aldekoagoa, Europar Batasunaren aldeko politika bultzatu baitzuen. Hori zela eta, Alderdi Kontserbadoreko euroeszeptikoen aurkakotasuna jasan behar izan zuen[2]. Golkoko Gerran (1990-91) AEBei laguntza eman zien baina bigarren mailako papera jokatuz. Hala ere, Majorren agintaldiko arazo nagusiak ekonomikoak izan ziren: inflazio handia, langabeziaren goratzea eta liberaren ahulezia. 1992ko irailaren 16an, Asteazken Beltza deitutakoan, eraso espekulatzaileek beharturik, libera Europako Moneta Sistematik atera zen.[3] Ipar Irlandako gatazka konpondu nahian, 1993ko abenduaren 15ean John Majorrek eta Irlandako lehen ministro Albert Reynoldsek Downing Streeteko adierazpena egin zuten. Agintaldiaren amaieran Behi eroen krisia gertatu zen[4].
1997an, Tony Blair laboristak hauteskundeak irabazi ondoren, Majorrek Alderdi Kontserbadoreko buruzagitza utzi zuen. 2001eko Komunen Ganberako hauteskundeetara ez zen aurkeztu eta politikatik erretiratu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Biografias y vidas: John Major
- ↑ (Gaztelaniaz) «John Major lanza una apasionada campaña europeista» El País 1993-4-24.
- ↑ (Ingelesez) Tempest, Matthew. (2005-2-9). «Treasury papers reveal cost of Black Wednesday» The Guardian.
- ↑ (Gaztelaniaz) Maurois, André. (2007). Historia de Inglaterra. , 566-574 or..