Edukira joan

Homonimia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Homonimia (grezieratik homōnymos, 'izen berdina') terminoa erabiltzen da bi hitzek jatorri eta esanahi desberdinekoak izan arren, forma bera badute bilakaera historikoagatik, hots, ahoskera bera edo idazkera bera.[1][2]

Kutun hitzak bi homonimo ditu. Lehen homonimoak hiru adiera ditu eta bigarrenak, beste bi.

Hiztegietan, hitz homonimoek sarrera desberdinak izaten dituzte.

Bi homonimo mota bereiz daitezke:

  • Hitz homografoak, idazkeran berdinak direnak, baina ez nahitaez ahoskeran.
  • Hitz homofonoak, ahoskeran berdinak direnak, baina ez nahitaez idazkeran.

Hitz polisemikoak ez dira homonimoekin nahasi behar: homonimoek jatorri etimologiko desberdina dute, baina polisemikoek jatorri bera dute. Esate baterako, banku hitzak hainbat adiera ditu euskaraz ('jarlekua', 'finantza-erakundea', eta abar), baina adiera horiek guztiek etimologia bera dute (azken batean, aitzingermanikozko *banki-tik). Desberdin idazten edo ahoskatzen diren bi hitzek adiera bera dutenean, homonimiaren alderantzizko fenomenoa gertatzen da: hitz horiek sinonimoak dira.

Grezieratik: homo 'berdina' eta grafos 'idazkera'.

Hitz homografoak berdin-berdin idazten dira, baina adiera desberdina dute, hots, adierazle bera dute, baina etimologia desberdina eta, beraz, adiera desberdina.

Euskaraz homografo guztiak homofonoak izaten dira, azentua gorabehera (bahitu aditza /bahitu/ zein /baitu/ ahoskatzen da 'atxilotu' esan nahi duenean, baina bahitu laguntzailea —bazenitu, hika—, aldiz, /bahi'tu/ zein /bai'tu/ esaten dugu). Hala ere, beste hizkuntza batzuetan ez da beti horrela; adibidez, ingelesez read hitza ez da berdin ahoskatzen 'irakurri' (infinitiboa) adiera badu (/ri:d/) edo 'irakurri nuen (huen, zuen, genuen, zenuen, zenuten, zuten)' zein 'irakurrita' esan nahi badu (red/). Era berean, frantsesezko couvent (/ku'vã/, 'konbentua') eta couvent (/'kuv/, 'inkubatzen dute') berdin idatzi arren, ezberdinak dira ahoskatzerakoan, bakoitzaren azken bokal sudurkaria desberdina baita, baita silaba tonikoa ere.

Hitz homofonoek (grezieratikː homos 'berdina' eta fono 'soinu') idazkera eta adiera desberdinak dituzte, berdin ahoskatu arren. Aurreko puntuko bahitu laguntzailea (bazenitu, hika) eta baitu aditz laguntzaile aurrizkiduna (bait- aurrizkia eta du lagutzailea) homofonoak dira anitz euskaldunentzat, hatxea mutua bada eta azken silaba tonikoa bada: /bai'tu/. Japonierazko 私立 eta 市立 hitzak berdin irakurtzen dira, hots, shiritsu: baina lehenak 'eraikin pribatua' esan nahi du, salmenta pribatukoa, eta bigarrenak, aldiz, 'hiri-eraikina', babes ofizialekoa, eta haren antonimoa da!

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Klinkenberg, Jean-Marie (1991).
  2. Casas Gómez, Miguel.