Edukira joan

Espainiar nazionalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Espainiar nazionalismoa Espainiaren kultur eta politika batasunaren alde egiten duen ideologia da. Nazionalismo hori hertsiki lotuta dago Espainiako estatu zentralista modernoaren ezarpen eta goraldiarekin, eta atxikia du gaztelaniaren aldeko estatu barruko hizkuntz uniformizazioa eta hedakuntza.

Mendebaldeko Europako beste erresuma batzuetan bezala, Erdi Aroaren amaieran erein ziren Espainiako estatu-nazioaren haziak[oh 1], Gaztelako monarkia eta haren balioak oinarri hartuta. Aditu gehienen ustetan, Iberiar Penintsulako Gerran jaio zen ideologia moduan, liberalismoarekin batera.[1] Espainiako estatu modernoaren zuzenbide oinarri ideologikoek Frantziakoetatik edaten dute; espainiar nazionalismoak, ordea, liberalismoa gabe Antzinako Erregimeneko monarkiaren jarrera autoritarioa zein sinbologia katolikoa lehenetsi ditu.

Uztarria eta geziak, Errege-erregina Katolikoen ikurra eta Espainiako batasunarena ere[2]

Egungo espainiar nazionalismoak 1876ko Canovas del Castilloren konstituzioarekin hartu zuen gorputz instituzionala, eta ia automatikoki Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foruak desagerrarazi zituen. XIX. mendearen amaieran, Espainiako estatuaren barnean beste ideologia nazionalista batzuk sortu ziren, nazio bakarraren ideiaren kontra borrokatu zirenak.[3]

Espainiar nazionalismoa frantsesaren ildokoa da: estatuaren legedia egiten du nazioaren sortzaile eta bermatzaile. Espainiar nazionalismoa ideia eztabaidaezin batzuetan oinarritzen da, «hizkuntza komuna» eta «norbere hizkuntza» sailkatzeko duen moduari eragiten diotenak. Ideia horiek bi axiomatan laburbiltzen dira:[4]

  • Espainiako nazioa zatiezina da, eta
  • subiranotasuna espainiar herriarena da bakarrik.

Bi printzipiook 1978ko konstituzioko 1. eta 2. artikuluan biltzen dira.[4] Baieztatzen den alde horrek, baina, badu esplizituki adierazten ez den beste aldea, Juan Carlos Moreno Cabrerak adierazten duenez: nazioen oinarrizko eskubideen ukazioa, burujabetzarena. Era horretan, beste bi axioma eragiten dira:

  • Ez dago katalan, galiziar edo euskal naziorik Espainiakoaren parekorik (eta, beraz, ez dute burujabetzarako eskubiderik);
  • Katalanek, galiziarrek eta euskal herritarrek inoiz ezingo dute eratu Espainiakoak bezalako eskumenak eta eskubideak dituen naziorik.[4]

Eskubide horiek ukatzeko, berriz, herriak edo nazioak direla ere ukatu behar du. Hori nazioartean aitortutako eskubide baten urraketa da, Moreno Cabrerak nabarmentzen duenez. Axioma nazionalista ofizial horiek hirugarren baieztapen bat dakarte beren baitan, hizkuntzari buruzkoa eta Espainiar Konstituzioko 3. artikuluan hezurmamitua: «gaztelania espainiar hizkuntza ofiziala da». 2. artikuluari lotutako 3.ak espainiar nazioaren batasun zatiezina espainiar hizkuntzari uztartzen dio, nazio horren zatiezintasunaren hizkuntz osagaia den aldetik.[4][5]

Espainiar nazionalismoa Espainiako estatu zentralistaren justifikazioa da, Borja de Riquer-en arabera; alde horretatik, interes politiko-ideologiko-ekonomiko oso jakinen emaitza historikoa da, presio talde batzuen gogoarena, eta horien artean aipatzen ditu «herri hispanikoetako» elite asko.[6]

Lehen nazionalismo linguistiko espainola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiaren estatu egitura Errege-erregina Katolikoen garaian politikoki eta inperialki garatzen hasi zen garaian, ekarpen teoriko handi bat ere gertatu zen, Antonio de Nebrijak 1492 urtean idatzitako Gramática sobre la lengua castellana lanarekin.[7] Isabel erreginari zuzendutako hitzaurrean, Nebrijak hizkuntzaren balio politikoa azpimarratu zuen, bere asmoa ere "gure nazioaren gauzak handitzea" izan zelarik.[4] Beste esaldi ospetsu bat ere utzi zuen hitzaurrean Nebrijak, "hizkuntza beti inperioaren lagun izan zen".

Hizkuntza, beti inperioaren lagun.

Apologista batzuen arabera, klasizismoari eta Erromari egindako erreferentzia da hori; ez Espainiak edo Gaztelak ezarri behar zuen hegemonia politikoari. Hala ere, gramatikaren argitalpenaren baino lehenago ere, 1487an, lanaren beharra azpimarratzean erreginari, beste hizkuntza batzuen aipua egina zuen Nebrijak:

« ...mas los vizcaínos, navarros, franceses, italianos y todos los otros que tienen algún trato y conversación en España y necesidad de nuestra lengua, si no vienen desde niños a la deprender por uso, podrán la más aína saber por esta mi obra »
Antonio de Nebrija, 1487

Eta hitzaurrean bertan ere aski argia da hizkera:

« Después de que Su Alteza haya sometido a bárbaros pueblos y naciones de diversas lenguas, con la conquista vendrá la necesidad de aceptar las leyes que el conquistador impone a los conquistados, y entre ellos nuestro idioma; con esta obra mía, serán capaces de aprenderlo, tal como nosotros aprendemos latín a través de la gramática latina »
Antonio de Nebrija, 14892

XXI. mendeko Juan Carlos Moreno Cabrera ikertzailearen arabera, nazioanalismo linguistiko espainolaren eta kolonialismoaren hastapenetan funtsezkoa izan zen Nebrijaren lana.[8] Mendeen buruan, Moreno Cabreraren aburuz, Espainian dagoen nazionalismo linguistiko bakarra espainola izaten jarraitzen du.[9]

Erdi Aroan jada nazioari bere hizkuntza dagokiola esaten zen. Espainiara mugatuz, aurrekari bila Joxe Azurmendik VI-VII. mendeko Isidoro Sibiliakoa eta bere Etimologiak aipatuko ditu. Bertan, IX. liburuan, Isidorok esaten du norbere herriko hizkuntza ez dakiena aberea baino kaskarragoa dela. Azurmendik, hizkuntzaren gaiaz aparte, ondoren Espainian garatuko den nazionalismo erlijioso-politikoaren aitzindari gisa Isidoro hori bera, bere anaia Leandro eta Toledoko III eta IV kontzilioak ere aipatuko ditu[10].

Gaztela Bisigodoen Erresumaren lorratzean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1085ean, Alfontso VI.a Leongoaren indarrek Toledo okupatu zuten, eta mugarri bat ezarri zuen, Iberiar penintsula erdialdeko gune historikoa hartu baitzuten, Bisigodoen Erresumako hiriburu izandakoa. Mesetako hedakuntza militar horren bidez, Gaztelak areagotu egin zuen Alfontso II.a Asturiaskoak hasitako aldarrikapena: erresuma hori(ek) bisigodoen eta Erromaren garaiko Hispania probintziaren jarraipena omen zirela eta, ondorioz, Iberiar penintsularen gaineko aginte-zilegitasuna zutela (Alfontso VI.ak bere burua Imperator totius Hispaniae izendatu zuen 1077an, Nafarroaren mendebaldeko lurrak bereganatu zituenean). Horretarako, Erromarekiko lokarriak estutu eta gurutzadarako deiak egin zituzten, «galdutako lurrak birkonkistatzeko» deiak; beren burua kristautasunaren defendatzaile izendatu zuten.

Donejakue santuaren gurtzarako sortutako bideak hiriak sortu, horiek kolonizatu eta merkataritza ekarri zituen eta, haren epelean, Almohadeen kontrako eta Nafarroarekiko lehia bizia; Toledoko apezpiku Rodrigo Ximenitz Arradakoa nafarrak gudu izpiritu kristau sutsua elikatzen zuen kondaira bat zabaldu zuen: Clavijoko gudua. Bertan, gerlari kristauei Donejakue Matamoros santu gerlaria agertu omen zitzaien, borrokarako adorea ematen. Gainera, Ximenitz Arradakoak zerga orokor bat ezarri zuen, Santiagoko katedralari horren ondorioz denek pagatu beharrekoa. Istorioa erreala ez izanik ere, espainiar identitate nazionalaren sinbolo ideologiko irmoenetako bat sortu zuen.[11] Bestalde, Ximenitz Arradakoan, gurutzadaren semantika erromatarra edo unibertsala «nazioaren errekonkistaren» logika batean txertatzen da, monarkia eta tokikoa nabarmenduz, eta ez hainbeste Erromako Aita Santua.[12] Gaztela jarri zen ideologia gerlari horren gidari eta, aldi berean, Donejakueren Ordena sortu zen.

Gaztelaren lurralde hedakuntza, gurutzada aldarrikatzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Donejakue Matamoros, Espainiar Monarkiaren ideologia gerlaria irudikatzen zuen ikonoa

1212ko Navas de Tolosako gudua, mairuen lepotik gailentzen ari zen herri kristauaren metafora bihurtu zen, Gaztelaren nagusitzaz. Gaztelako monarkia gerlariak lurralde hedakuntza oso handia lortu zuen: Iberiar penintsularen erdialde osoa hegoalderaino. Gaztelako Trastamara leinua XV. mende erdialdera Aragoira zabaldu zenean, bere hizkuntza eraman zuen erresuma horretako gortera, aragoieraren kaltetan.[13]

Aragoin finkatutako Trastamara leinua, Fernando II.a buru zuela, Gaztelako koroarekin uztartu zen, Elisabet I.a erreginarekin ezkonduz (1476). Gainera, berretsi egin zuten Euskal Herriko lurraldeen gainean zuten boterea; Nafarroako Erresumari protektoratua, kontrol estua, inposatu zion, Tuterako Hitzarmenaz urte horretan bertan, 1492ko Granadako Hitzarmenaz berretsia.[14] Urte berean, Ermandade Santua sortu zuen, "benetako gaztelar armada nazionala", Guardia Zibilaren aurrekaritzat jo izan dena. 1478an, Inkisizioa eratu zen, koroaren mendeko erakundea.[15]

Nikolas Makiavelok miresmen eta erru sentimendu batez jarraitu zuen Fernando II.aren joko politikoa («doilorra eta arraroa»), erlijioa baliatzen zuela ikusita, arrazakerian eta antisemitismoan oinarritutako ordena sozial bati hasiera emanez;[16] are, haren izena zuzenean aipatzera ausartu gabe, Makiavelok dio «beti fedea eta bakea aldarrikatzen ditu[ela]; aldiz, bera da horien etsai handiena».[oh 2]

Fernando II.a, Inperioa osatzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antonio Nebrijaren irudia
Fernando II.a Aragoikoaren errege armarria 1512ko Nafarroako Erresumaren inbasioaren ondoren

1491n, Granadako gerran, Gaztela eta Aragoiko indarrek eraso egin eta hura konkistatu zuten, XIX. mendean sortutako Espainiako historiografia nazionalista «Errekonkistaren amaiera» deitzen hasi zen ekintzan. Kultur homogeneizazio ahaleginaren eredu esanguratsu horretan emandako ediktuek, Errege Katolikoen pean, aurrekaririk gabeko moriskoen eta konbertsoen suntsipen fisikoa eta kulturala, egungo garbiketa etnikoen parera heldu zena; hasierako jazarpen erlijioso-ideologikoa gutxiengoen arraza eta etnia jazarpen bilakatu zen. Errege horien agintaldian, halaber, Kanarietako guantxeen azpiratze militarra eta deuseztapena amaitu zen, Ameriketan gertatuko zenaren ataria, Bartolome de las Casasek adierazi zuen bezala.[17]

1493an, Errege Katolikoek Done Jakueren Ordena bereganatu eta, gero, Adrian VI.ak Ordena hori koroarekin iraunkorki uztartu zuten, bertako kidetza monarkiako ohore handienetako bat bilakatuz. Europan zabaltzen ari zen kristau erreformaren kontra, Gaztelako koroak Erromako Elizaren ortodoxiaren babesle egin zuen bere burua, ideia hori Donejakueren ikono kristau gerlariaz irudikatuz. Era horretan, Fernando II.ak Iberiar penintsularen gainean zuen nagusitza aldarrikatu zuen. Aita Santuak «Errege Katolikoak» izendapena eman zien Fernando eta Isabel errege-erreginei, Eliza katolikoaren babesleak (1496an, Fernandori gutxienez).[16]

1491n, Antonio Nebrijak Gramática castellana idatzi zuen Fernando bere jaunari dedikatuta; bertan, «hizkuntza Inperioaren bidelaguna dela» adierazten du, garaituek irabazlearen hizkuntza ikasi behar dutela eta, horretan, haren gramatika baliagarri izango duela.[18] Berak eta Juan López de Palacios Rubiosek ondu zituzten, halaber, errege horien Nafarroako inbasioa (1512) eta konkista legitimatzeko txostenak. Lehenak De bello Navariense idatzi zuen («Nafarroako gerraz», 1545ean argitaratua); bigarrenak, berriz, Mendebaldeko Indiak konkistatzeko doktrina ere landu zuen.[18] XV. mendean, ordea, ez zegoen Espainiaren kontzeptu politikorik; Penintsulan bizi ziren herrien bilduma adierazten zuen, tartean zela ere Portugal, eta Errege Katolikoek ez zuten inoiz Espainia baliatu titulu ofizialetan.[19]

Italiar Gerren testuinguruan, lehendabiziko aldiz, Fernando II.aren indarrek «Espainia, Espainia, Espainia» oihukatzen hasi ziren, lehenago «Gaztela» edo «Aragoi» esaten zen tokian, eta izendapen hori esanahi politikoa hartzen hasi zen,[20] Amaiurko batailan (1522), Karlos V.a enperadorearen armadako soldaduek «Gaztela» eta «Espainia» oihukatzen zuten, gazteluaren defendatzaileek «Nafarroa» oihukatzen zuten bitartean. Zalantzarik gabe, Nebrijak eta Errege Katolikoetatik aurrera beste batzuek (Mariana, Quevedo, etab.) gogoko izan zuten espainiar identitate kolektiboaz hitz egitea, etsai komunen eta erlijioaren lokarrian oinarrituz, nahiz eta eliteen hizketatik at nekez hitz egin zitekeen orduan eskualdea gainditzen zuten lurralde identitateez.[21]

Zentralismo ahaleginak, araztasuna eta ortodoxia aldarrikatuz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe II.ak Erromaren garaiko Hispania proiektu politiko-geografiko bihurtzea lortu zuen denbora batez, Portugal bere erresumara elkartuz (1581-1640). Presioak presio, Habsburgoen leinuarekin, mantendu egin zen, artean, erresumako egitura poliedrikoa. Erregeek, Fernando II.aren garaitik, Inkisizioa auzitegi zentralista babestu zuten, erresumetako legeen gainetik ziharduena. Nahiz eta erlijio gaietarako auzitegia izan, Felipe II.ak legea bihurritu zuen Antonio Pérez del Hierro estatu idazkari aragoitarra jazartzeko (1589), espetxeko ihesaldi bat hura hereje izendatzeko aitzakia hartuta; era horretan, Aragoiko jurisdikzioa urratzen zen, eta Inkisizioa bilakatu zen kasuan eskumendun. Kasua Aragoiko foruen aldeko aldarri eta koroaren kontrako matxinadav bihurtu zen Aragoin. 1591n, Felipe II.ak armada bat bidali zuen Zaragozara hura zapaltzera.[22]

Odol garbitasuna eta leinuaren antzinatasuna bihurtu ziren kristau eredugarriaren adierazgarri. Ideologia horretan kokatuta, Alpujarrako erreboltaren ondoren (1568–1571), eskualde horretako biztanle morisko gehienak sakabanatu, asimilatu edo Afrikara kanporatuak izan ziren, demografia, gizarte eta ekonomia ondorio larriak ekarriz. 1609an, geratzen ziren morisko ia denak Filipe III.aren dekretuz kanporatuak izan ziren. Olivares konde-dukeak, Filipe IV.a erregearen balidoak, zentralizazio oldar bati ekin zion, eta oldar hori ideologia inperial batez eta Gaztelaren moldeko uniformizazioz jantzi zuen.[23]


« Har beza Berorrek, Errege Jaunak, bere monarkiako eginkizun garrantzitsuentzat Espainiako errege bihurtzea; esan nahi baitut, Jauna, ez dezala Berorrek nahikoetsi Portugalgo, Aragoiko, Valentziako errege edo Bartzelonako konde izatea [...] eta, aldiz, lan egin eta eginahalak egin bitza, gomendio helduz eta sekretuz, Espainia osatzen duten erresuma horiek Gaztelako estilo eta legeetara ekartzeko [...], eta Berorrek hori lortzen badu, munduko printze ahaltsuena izango da. »

— Olivares konde-dukea (1624an Filipe IV.ari aurkeztutako txostenean) [oh 3][23]


Asmoaren alde ekonomikoak zein politikoak uste bezalako harrera txarra izan zuen; ondorioz, Bizkaian Gatzaren Matxinada piztu zen (1631-1634), eta altxamenduak Katalunian, Andaluzian eta Portugalen.[23]

Despotismo ilustraturantz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borboi dinastiak garai berri bati eman zion hasiera, erregearen botere absolutuan oinarritua. Filipe V.a monarkiaren peko jurisdikzio bakar bat sortzen saiatu zen eta, horretarako, Oin berriko Dekretuak eman zituen (1716 arte), Aragoi, Valentzia, Balear eta Kataluniako lege eta erakundeak (aduanak ere tartean) indargabetuz eta horietara Gaztelako eredua eta agiri ofizialetara hizkuntza (gaztelania) hedatuz,[24][25] hura «perfektuena» zela adieraziz. José Rodrigo Villalpando Gaztelako Kontseiluko Fiskal Nagusiak instrukzio sekretuak helarazi zizkien Kataluniako Printzerriko korrejidoreei, hizkuntzaren berdintasuna goretsiz eta gaztelania ezartzeko instrukzio oso epel eta disimulatuak balia zitzatela gomendatuz, «asmoak eta ahalegina nabaritu gabe behar ondorioak izan ditzan» (1716ko urtarrilaren 29a);[25] era horretan, euskararen gainean Nafarroari aplikatutako eredua jarraituko zuten.[oh 4] Ordutik, Hego Euskal Herrikoak ziren erregeari ihes egiten zioten jurisdikzio politiko-administratibo bakarrak,[25] 1718ko matxinadaren ondoren. Gerraren lorratzean, Espainiako estatu homogeneo eta zentralista modernoaren egiturak finkatu ziren,[24] eta estatuaren ordu arteko egitura konfederala baztertu.[25]


« (...) komenigarri iritzi diot, horregatik eta nire Espainiako erresuma guztiak lege, usadio, ohitura eta auzitegi bakarren pean bateratzeko nire nahia hala delako, aipatutako Aragoi eta Valentziako erresumetan orain arte bete diren adierazitako foru eta pribilegio eta jardunbide eta ohiturak abolitu eta desegitea, denak Gaztelako legeen arabera berdintsu gobernatzeko.[oh 5] »

—Filipe V.a, Buen Retiro, 1707ko ekainaren 29a[26]


Espainiako Errege Akademiaren hiztegia (1726)

Despotismo Ilustratuak sendotu egin zuen zentralismorako joera (regalismoa), Eliza ere zentralizatuz; gaztelania, aldi berean, Elizarako hizkuntza formal bakartzat agindu zen eta, zehazki, monarkiaren eremu osoan gaztelaniaz hitz egiten zuten apezpikuak ezarri. Borboi leinuaren frantses eredu absolutistatik edanez, eliteen kultura egitura ofizialak eratu ziren, jarraibide finko eta bateratu batzuk zehazteko, hala nola hizkuntzaren Espainiako Errege Akademia (1713),[27] baita Historiako Errege Akademia ere (1735). Despotismo Ilustratua Karlos III.arekin heldu zen gorenera (1759-1788), arrazionalismo eta merkataritza eraginkorragoaren izenean. Une horretan bihurtu zen gaztelania (espainiera) inprima zitekeen monarkiako hizkuntza bakarra («Inperioaren hizkuntza nazionala», 1766, 1768), gainerakoak debekatuz, eta hezkuntza maila guztietarako gaztelania bakarrik onartuz. Hego Euskal Herrian, auzietako idazkari (komisario) gaztelaniadunak ezarri ziren herri euskaldunetan.[25]

Erregeari itzala egiten zioten erakundeak susmopean geratu ziren, eta Eliza bera deserosoa izaten hasi zen. 1766an, Jesusen Lagundia Espainiar Inperioko lurretatik kanporatua izan zen. Trukean, koroak elkarte ilustratuak sustatu zituen. Karlos III.aren erregealdian, 1778ko Merkataritza Libreko Erregelamenduak Cádizen Amerikako merkataritza-monopolioa hautsi zuen, eta monarkiako Iberiar penintsulako portuei ireki. Aldiz, Hego Euskal Herriko lurraldeen kontrako tresna politiko bat bihurtu zen, Ebroko aduanak ken zitzaten: aurrerantzean, euskal produktuak eta portuak atzerritartzat hartuak izango ziren monarkiaren lurralde komunean.[28][29]

Ilustratuen artean kokatzen zen Manuel Godoy lehen ministroa Karlos IV.a erregearekin; aldiz, Konbentzioaren Gerra piztu zenean (1793), ez zuen zalantzarik izan «gurutzada» deitzeko, hura espainiarren berezko balioa zelakoan. 1795eko udaberrian, Francisco Zamorak, Nafarroako errege-ordezkariak, Godoyri proposatu zion nafarren gerrako leialtasun-eza aitzakia hartuta, nafar foruak kenduz, egin zezala Filipe V.aren eta Cisnerosen neurriko «balentria historikoa».[oh 6] Hurrengo urtean, monarkiako ministro edo errege bat lehen aldiz saiatu zen Hego Euskal Herriko foruak guztiz indargabetzen (Nafarroan, 1796an).[28]

Konstituzioen garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1812ko Cadizko Gorteen irudikapena
1812ko Konstituzioa 'Espainiak', konstituzioa eta Jainkoaren grazia uztartzen

Aditu gehienen ustetan, Iberiar Penintsulako Gerran jaio zen ideologia moduan, liberalismoarekin batera.[30] Frantses eredua jarraitzen zuen estatu ideologia hori Hirurteko Liberalean jarri zen indarrean, egungo Espainiako probintzien diseinu berdintzailea ezarriz, labur bada ere. Borja de Riquer-en arabera, 1824ko Ayacuchoko gudura arte ez zen «espainiar nazioa»ren proiektu errealik egin, herrialde desberdinen lotespen politiko-administratiboko inperioarena baizik.[31] Fernando VII.a hildakoan (1833), liberalak heldu ziren Espainiako gobernura, Cádizko konstituzioaren eredua nola edo hala berrezartzearen aldekoak. 1833an, Javier de Burgosek, Frantziako departamendu sisteman oinarrituta, probintzien sistema arbitrario bat diseinatu eta hala ezarri zen.[32] 1837an, artean Lehen Karlistadiak astinduta, konstituzio liberala ezarri zuten, Maria Kristina Borboikoa erreginordea zela.


« (...) guk geure asmo sendoen artean izan behar dugun helburu nagusietako bat da espainiar nazioa nazio egitea, orain ez baita hori, eta orain arte ez baita hala izan. »

Antonio Alcalá Galiano, Errege Estatutuen Gorteetako prokuradorea (1835)[31]


Espainiako bandera nazionala (1843–1873 eta 1875–1931)

Probintziako aldundiak eratu ziren, lehen auzialdiko epaitegiak eta gobernadore zibilak, besteak beste, eta aurrez aurre talka egin Hego Euskal Herriko lege eta instituzio errealitatearekin. 1841ean, Nafarroa ia berdindu egin zen Espainiako probintziekin, baina Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundi nagusiek uko egin zioten desegiteari. Urte berean, Espartero liberalak, ordea, Espainiako aduanak Euskal Herriko kostaldera eta Pirinioetara lekualdatu zituen Gasteizetik emandako ediktuan, kanpaina armatu batean. Euskal lurraldeen kasuan izan ezik, Espainia uniformatua izan zen eta konstituzioaren bitartez Espainiako herriarena zen aurrerantzean subiranotasuna. Espartero erbestera ihes egin berritan, zerrenda hori-gorriak bihurtu ziren bandera nazional, 1843ko urriaren 13ko Errege Dekretuz, Elisabet II.a erregina zela. 20ko hamarkadan, Hirurteko Liberalaren epelean eta Amerikako kolonietan metropoliaren kontrako errebolta piztu ahala, 1808-1814ko gerra "Independentzia Gerra" hasi zen zabaltzen zirkulu batzuetan, eta 40ko hamarkadaren bigarren erdialdean finkatu zen izendapen hori; gertaerak, baina, nabarmen desitxuratu ziren horretarako, Espainia estatu baten oinarri izateko naziotasun bazuela justifikatzeari begira.[21][oh 7]

Hala ere, urte horietan eta hurrengoetan, Espainiako estatu liberalak porrot egin zuen nazio identitate espainiar liberalik hedatzen eta, 1851tik (eta bereziki 1876tik) aurrera, Elizaren eskuetan utzi zuen hezkuntza, neurri handi batean.[33] Hala ere, 1857ko Moyano Legea onartu zen Madrilen: nahitaezko hezkuntza publikoa ezarri zuen, eta gaztelania irakaskuntzako hizkuntza bakar bihurtu.[oh 8] 1862an eta 1867an, hurrenez hurren, estatu osorako beste bi legek gaztelania hizkuntza esklusibo bihurtu zuten, lehenak eskritura publikoetan, eta bigarrenak debekatu egin zituen gaztelania ez beste hizkuntzak antzezlanetan, ezin bestean tokian tokiko gogoa hauspotzen zutelakoan.[oh 9] Handik gutxira, 1870eko azaroan, Espainiaren nazio ideia liberalak forma instituzionala hartu zuen, errege bati lehenengoz «Espainiako errege» izendapena eman zitzaionean, Amadeo I.a Saboiakoari.

Aldi berean, literaturan eta, paradoxikoki itxura batean, frantses eraginez, espainiar herriaren arimaren ideia umotzen ari zen, giro erromantikoan sartuta. Horretan gailentzen hasi zen Agustín Durán, literatur kritikaria. Defendatu zuen Gaztelako erromantzeroak edo barrokoko antzerkiak espainiar nazioaren arima adierazten dutela.[34] Herri subiranotasunaren ideia, baina, ez zen errotzen Espainian. Estatu liberalaren aurrean, Elizak uko egin zion bere rola sinesmen pribatuen arlora baztertzeari (laikotasuna), eta eutsi egin zion bizitza publikoan bete-betean egoteari eta, are, bere eragina areagotzeari. Haren ikuspegiak berez zekarren aniztasunaren ukazioa eta izaera antidemokratikoa.[35] Ideia horiek bat zetozen eskuin autoritarioarenekin, eta nazionalismo tradizionalista baten forma hartu zuten Espainian, klerikala eta europar eragin liberalaren kontrakoa. Horren arabera, katolizismoa eta nazioa ernamuin bereko osagaiak ziren: nazional-katolizismoa.[35]

Berrezarkuntzako nazionalismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Espainiako lurraldeetako buruzagi kazikeen mapa bat (1897)
Getafeko Cerro de los Ángeles kontsakratzen Alfontso XIII.arekin (1919)
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
El Correo Español egunkariko artikulua, euskal abertzaleen kontra (1908)
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Espainiako Kongresuko Victor Praderaren hitzaldia (1918)

1874tik aurrera, Borboi monarkia berrezarri zen Bigarren Karlistaldian eta, bertako azken erasoarekin batera (1876ko otsaila), Canovas del Castillo politikari eta legegizonak Espainiako konstituzio berria diseinatu zuen, euskal foruak erabat desegin zituen Espainiako gobernuaren armada okupatzailearen pean, aldi berean foru aldundi nagusiak deseginez eta, trukean, probintziako aldundiak ezarriz. Canovas del Castilloren sistema liberal oligarkiko berria, Berrezarkuntza deitua, Elizak gogo onez hartu zuen.[4][oh 10] eta Espainiako Txandakatzen ziren bi alderdiko sistema berria zen, estatu moderno baterako ahalegina, espainiar nazionalismoan oinarrituta; eraikitzeko, edonola ere, berezkoa zuen kalkulatutako indarkeria politikoaren erabilera.[36] Nekazari lurren jabe handien sare batek, militarrekin eta industria burgesiarekin batera agintzen zuen, kazikismoan oinarritutako sistema. Estatu berria irmotzeko, Moyano Legeak hasitako bidea sendotu zen. Espainiar identitatea eratzeko, gaztelania irakaskuntzako hizkuntza bakarra egin zen, eta estatuko beste hizkuntzak baztertu.[36] Liberalismoaren orduko kultura eta hezkuntzari buruzko enfasia nazionalismoaren ideologiari hertsiki lotuta zegoen; haren bidez, gora egiten ari zen burgesiak nazio lurraldeko biztanleria osoa bere egitasmora bildu nahi zuen, Helen Graham eta Jo Labanyiren arabera.[oh 11]

Espainian, estatuaren nagusitasun ideologiko horren marka osoa darama Marcelino Menendez Pelayok, Canovas del Castillok babestutako egileak: berak ondutako hiru bolumeneko Historia de los heterodoxos españoles liburua bolo-bolo zabaldu zen Espainiako hezkuntza sisteman. Esentzialismoen eta argumentu historikoen artean, baieztatu zuen espainiarrak «arraza» edo «kasta» bat zirela, berezko erlijio ortodoxia zuena, eta ondo merezia zuela borroka eta oinaze handiz irabazitako kultur eta erlijio batasuna.[36] Eskainitako hauteskunde askeen erregimenak bide laburra zuela geratu zen agerian. 1880tik aurrera garatutako sisteman, hauteskunde iruzurra ohikoa zen, eta lagun izan zuen oposizioaren kontra Guardia Zibil kidego paramilitar nahiko berria.[36] Polizia horrek nazio-estatu horren presentzia bazter guztietara eraman eta hor ezartzea zuen helburu nagusi, bereziki landa eremuetan.[37] Sistema oligarkiko horrek, baina, alienatu egin zituen Espainiako herriak eta langile klasea, 1890eko hamarkadan gero eta ageriago geratu zen bezala. Ipar Afrikan, Filipinetan eta Kuban egoera biziki aztoratu zen, eta tropak bidali ziren independentziaren aldeko mugimenduak zapaltzera. Horrek, gainera, herri nazionalismo espainiar bat hauspotu zuen.[36]


« Espainiari probidentziazko zeregina betetzea egokitu zaio historian (...). Herri espainiarra kristautasunaren aitzindaria da, Israelgo herriak izan zuen antzeko xedea du; haren historia kristau zibilizazioko gudariaren historia da. (Egun erasotzen gaituzten) barbaroak ez datoz larru gorritan, ez pantera-larruzko mozorrotan jantzirik (...), baizik eta lurrun-makina handien gainean, elektrikaz armaturik eta mozorro europarretan jantzirik. Aldiz, tribu barbaro guztien antzera, gutizia baino ez da haien ideala, eta borondatearen araberako desmasiak beste araurik ez dute ezagutzen (...) Jaungoikoa nahi dute kendu tronutik eta dolarra aldareratu, idolo unibertsal gisa (...). Gerra hau (...) bada ere erlijio-gerra, gerra santua, gurutzada (...) »

— Luis Calpena Ávilaren (es) sermoia Madrilgo katedralean, 1898ko maiatzaren 2an


1898 Espainia asaldatu zuen urtea izan zen. Urte horretan, Filipinak eta Kuba independizatu egin ziren. Kolpe psikologikoa handia izan zen espainiar agintarientzat bereziki: «Hondamendia» («El Desastre»). Espainiaren funts eta muinari buruz gogoeta egiten zuen mugimendu bat piztu zuen margolan, eleberri, poesia eta saiakeren bitartez, Espainia suspertzea bilatzen zuena. Tartean zen Jose Ortega y Gasset.[38] Porrot horrek, aldi berean, euskal eta katalan nazionalismoa harrotu zituen beren nazioak benetako errealitate politiko bihurtzeko. Espainiar nazionalismoak Espainia areago zatitu zezakeen laidotzat jo zuen hori, eta militarrek haien kontra ekin zieten: militarrek bultzatuta, 1900an kode penala birmoldatu egin zen eta «separatismo» kargua «estatuaren kontrako delitutzat» hartu zen (en); are, 1906an, halakotzat jotako adierazpenak «armadaren kontrako krimentzat» hartu ziren, eta justizia militarraren jurisdikziopean jarri.[38][oh 12][oh 13]


« Ez dugu beste kulturarik hispaniar kultura baizik, Gaztelak, Andaluziak, Aragoik laga digutena... Ikas ezazue, nire odol senideok, zuen pentsamendua kultura hizkuntza baten bidez hezurmamitzen, zuen gurasoen hizkuntza milenarioa alboratuz; utzi zuen seta, eta, gero, zuen gogoa, gure arrazaren gogoa, hizkuntza horretan isuriko da, On Kixoterenean, munduetakoan, denenean. »

José Madinabeitia, El Liberal, Bilbo; 1918ko azaroaren 11[39]


Los Heroes del Sitio de Zaragoza film laburra (1903): espainiartasuna gerraren bidez sublimatua

1898ko gertaerek Berrezarkuntzaren krisia iragarri zuten. Kataluniako burgesia ez abertzaleak Espainiako estatu ikuspegi federal kontserbadorea proposatu zuen, tokiko identitateak aitortzen zituena, baina Sebastian Balfour-en iritziz, aurrez aurre izan zituen errepublikarrak eta sozialistak, eta horiek eredu zentralista lehenesten zuten, Espainiako masetan oinarritutako espainiar nazionalismoa. Mugimendu sozialistak ez zituen onartu tokian tokiko berezitasunak eta, internazionalismoaz baino, espainiar langileriaz mintzatu zen;[oh 14] monarkiaren zein eskuinaren sektarismoa eta muturreko katolizismoa jo zituen espainiar kontzientzia nazionalaren galeraren erruduntzat, eta espainiar nazionalizazioa soluzio demokratiko bati lotu. Espainiar militar gero eta urduriagoek misio kristauaren eta gaztelar gerlariaren balioak bultzatu zituzten, estatu eredu autoritario batez. Militarren nazionalismoaren bertsio liberalak eta kontserbadoreak, biek ere, Gaztela hartzen zuten erdigune osoki.[36][40][oh 15] Espainiar sektore kontserbadoreenek liberalei egotzi zieten ideologia «barreiatzaileen» hedakuntza eta, era horretan, kontzientzia nazionala ahultzea; presakoa zen nazio identitate espainiarra baieztatzea, dogmaren bidez: espainiar identitatea ukaezina egitea, fundamentalismo katolikoz betea eta, ondorioz, benetako nazionalismo baztertzailea.[40][oh 16] Bere lurralde galerei erantzunez, nazionalismo militarista Ipar Afrikako askapen mugimenduetara hasi zen bideratzen bere oldarra, 1914tik aurrera.[oh 17]


XX. mende lehen herenean, espainiartasuna aztertu eta babestu zuten teorialari batzuk

Eskuin muturreko nazionalismo berria II. Errepublikaren pean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
José Antonio Primo de Rivera, Falange eta JONSeko buruzagietako bat
José Calvo Soteloren mitina Donostiako Urumea pilotalekuan (1935).

Inperioaren galera eta Espainiaren gainbeheraren etengabeko endekapena kanpoko indarrek eta Espainia barruko haien lankideek eragin zutelako irudipena zabaldu zen espainiar zirkulu erreakzionarioenetan: «konspirazio judu-masonikoa» sonatua. Ondorioz, eskuin muturrak, Elizaren hierarkiari uztartuta, behar moral baten ondorioz jarduten zutelako mezua zabaldu zuen, eta ez hainbeste ekimen politikoz. Gimenez Caballerok El Genio de España liburua idatzi zuen, Falangearen oinarrizko testua; espainiar arraza nahastua defendatu zuen, «hispanitatea», Espainiar Inperioaren arraza latino-mediterranear bat, Ortega y Gassetek irekitako bidetik, baina arraza nahasketaren faktorea tartean sartuta.[41] Aldi berean, euskal autoreen laguntzaz, euskaldunak erromatartu-zibilizatu gabeko espainiarrak zirela defendatu zuten hainbat intelektualek, basko-iberismoaren teoria oinarri hartuta.

Gimenez Caballero Falangekoa zen, mugimendu berri batekoa, 1933an sortua. Ortega y Gasseten ideietatik edan zuen, eta horiek berritxuratu: azaldu zuenez, Espainia «destino batasun bat da unibertsaltasunean», ikuspegi ia mistiko bat, Joxe Azurmendik adierazi duen bezala. Falange mugimenduaren buruzagitza Jose Antonio Primo de Riverak hartu zuen, Miguel Primo de Riveraren seme nagusiak. Aldamenean izan zituen Onésimo Redondo eta Ramiro Ledesma, JONS talde faxistaren sortzaileak 1931ko urrian. Indarkeria goresten zuten, Espainiaren 'esentzietara' itzultzea, Errekonkistara deitzea, kontzeptu hori espainiar nazionalismo militaristaren erdigune bihurtuz.[42][oh 18] Bada, JONSek eta Falangek 1934ko martxoan bat egin zuten, monarkiazaleekin eta africanista militarrekin estatu kolpea emateko 1933an elkar hartu ondoren.[43]

1934ko abenduaren 8an eskuin muturreko ideologia erradikala[44] zuten espainiar politikari batzuek, ezagunena José Calvo Sotelo zelarik, Bloke Nazionala alderdia sortzea proposatu zuten. Renovación Española alderdi eskuindarrak eta beste alderdi txikiagoek bat egin zuten ideiarekin. Azkenean alderdi hori aurrera atera ez bazen ere, CEDA alderdiak, alderdi erregezaleek eta beste eskumako alderdi gehientsuenek, Falangearen inguruan amaitu zuten bere ibilbide politikoa. Ondorengo Bloke Nazionalaren adierazpenak argi uzten du espainiar nazionalismo katoliko eskuindarraren ikuspuntua; Espainiar nazionalismoaren ideia lehenengo paragrafoan argi ageri da.

Pelaio, nazional-katolizismoaren sinboloetako bat


« Beraz, Espainia denaren aurretik eta gainetik. Espainia benetakoa, historiarekin eta itxurarekin leiala: bat eta banaezina. Hortik, beraz, gure ekintza programaren lehenengo puntua: Monarkiak eta herriak hamabost mendetan jorratu zuten batasun espainiarra hil edo bizi defendatu eta gorestea. (...) Katolizismoa gure naziotasuna eraikitzeko faktore erabakigarria izan zen.

Frantziako iraultzan jaio eta gaurko erakundeei eusten dien sistema politikoa zaharkituta dagoela uste dugu eta, Cánovasek aurresan zuen legez, ziur gaude komunismora garamatzala. Etorkizuneko Estatua betebeharretan eta eskubideetan oinarritu behar da. Gizakien izaerari atxikitutako eskubide naturalak onartu eta bermatu behar ditu Estatuak, bakoitza bere mailaren arabera, absolutismorako bidea zabaldu gabe. Bermerik onena Estatu indartsua eraikitzea izango da, diziplinarik gabeko nukleo edo jende multzoen gehiegikeria gelditzeko gai izango dena.

Gaurko Estatu anarkikoa gaindituta, Estatu integratzailea eta klase sozial eta ekonomiko guztien gainean agintea ezartzeko gai izango dena nahi dugu. Klaseen arteko borrokaren garaia amaitzear dago.

Beraz, espainiarrok, Estatua konkistatzea helburu duen Bloke Nazionala proposatzen dizuegu (...).[45]

»


Atzerritarrak eta haien Espainia barruko aliatuak Espainiari eraso egiten ari zirelako mezu manikeoak Errepublikaren kontrako asmo kolpista elikatu zuen ia hasieratik. Asmo hori bultzatu zuen Victor Praderak; bere Espainiako ereduak bertako lurraldeetan oinarritutako nazionalismo espainiar tradizionalista aldarrikatzen zuen (españolismo) eta, aldi berean, Euskal Estatutuaren kontrako diskurtso bortitza lantzen zuen. XIX. mende amaieran sendotutako ikonografia kutsu nazionalista-militarista berri batez jantzi zen, Rifeko Gerran zakartutako ofizial militarrek babestuta: Cid Kanpeadorea, Errekonkista (Pelaio), Gurutzada, «mairu» arrotzen kontrako borroka aldarrikatu ziren, horiek nazioaren salbazioa zuzentzen zuten erakusgarriak zirelakoan. Testuinguru horretan gertatu zen 1936ko uztailaren 18an Errepublikaren kontrako estatu kolpea, militarrek zuzenduta. Orduan, haiekin bat egin zutenek «nazional» jarri zioten izena beren buruari, esan nahirik estatu kolpearen alde egin ez zutenak ez zirela espainiarrak ere eta, beraz, ohilduak edo suntsituak izan behar zirela.[oh 19]

Francoren diktadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gehiago jakiteko, irakurri: «Frankismoa»
Falangeren ekitaldia Donostian (1941)
Falangeko Frente de Juventudesen gazte kanpalekua Orion
Una, grande y libre, orduko estatu nazionalismoaren goiburu ezaguna

Erregimen militar kolpistak bere oinarri politikoa lotu zuen, 1937ko apirilean Falange eta Tradizionalismoa nahitaez bateratuz (FET y de las JONS) eta gizarte talde guztiak «Mugimendua»n bilduz (Movimiento Nacional); nazionalkatolizismoa hartu zuten ideologia ofizialtzat. Gerra ostean, erregimenak kontrol totalitario bati ekin zion, hezkuntza sistematik hasi eta komunikazio bitarteko, prentsa, irrati eta argitalpen industria guztiraino, biztanleriaren burua garbitzeko ahalegin iraunkorrean. Erregimenak Gerra Zibilaren epe labur eta luzeko jatorriari buruzko bertsio hermetiko eta opaku bat ezarri zuen. Prentsa, irakaskuntza, testuliburu eta pulpituetako etengabeko errepikapenaren bidez, oroimen historiko bakar bat finkatu eta zabaldu zen ia lau hamarkadaz.[46] Historiaren berridazketak eta irabazleen zein galtzaileen oroimenaren ukazioak militar kolpistak garbi utzi zituen errutik eta egindako krimenetatik, eta erregimena zuritu zuen Espainiatik kanpora.[47] Gerora, Paul Prestonen irudiko, egungo espainiar gizartean kalte handia eragin duten neurriak izan ziren, herrialde horretan indarkeriazko iraganari zintzotasunez eta zabalik begiratzea eragotzi duelakoan, Franco hil ondoren ere frankismo soziologikoa iraunaraziz. 2000tik aurrera, segurtasuna ematen duen baina oinarri faltsuak dituen oroimen hori (irabazleena zein ordu arteko galtzaileena) auzitan jarri denean, tentsio biziak sortu dira.[47]

Francoren erregimenak tradizionalismoan hezurmamitu zuen José Pemán Pemartinek espainiar nazioaz zuen ideia. Permartinen iritziz, «ideal katolikoa» gauzatuko zuen espainiar monarkia militar bat zen espainiar nazionalitatea eraikitzeko oinarria, XVI. mendea eredu hartuta.[48] Nolanahi ere, erregimenaren nazionalismoa itxuraldatzen joan zen erregimen barruko botere taldeen harremanen arabera. 1945 arte falangistak ziren nagusi: muturreko nazionalismo faxista, II. Mundu Gerran Ardatzak irabaziko zuelakoan, baina Francoren mende argi eta garbi, Mugimendu Nazionalaren kutsu katolikoaren zaindari.[49] Gero, 1957 arte, katolikoak nagusitu ziren, eta geroztik teknokratak. Zeinek bere ñabardura utzi zion nazionalismoa adierazteko erari. Erregimenaren Espainia eredua unitario eta biziki zentralista zen, kontserbadurismo liberalaren nazio-estatu klasikoaren ildotik. Erreakzionarioa zen, oso katolikoa, eta isuri inperialekoa. Kontrairaultza nabarmentzen zuen, Espainia bere «misio historikotik» hastandu zuten indarren kontrakoa, misio hori zein zen interpretatzen botere taldeak bat ez zetozen arren.[49] 1936 eta 1937tik aurrera, gaztelania ez beste hizkuntzak debekatu egin ziren, horien erabilera publikoa gogor zigortuz eta horien gizarte gutxiespena bultzatuz, «si eres español, habla español» (euskaraz, «espainiarrak bazarete, espainolez hitz egin») goiburuan laburtuta. Erregimenak sendotu, orokortu eta sinplifikatu egin zituen espainiartasunaren ikono eta erakusgarri batzuk: gurutze santua, Zaragozako Birjina Pilarekoa espainiartasunaren zaindari, Errekonkista eta Gurutzada, Pelaio, El Cid (biak ere Franco bera gorpuztuko balute bezala aurkeztuak),[50] eta futbolaren zaletasuna. Espainiaren batasunaren erakusgarri sustatutako beste bi adierazpide zezenketa eta Andaluziako flamenkoa ziren.[51]

Bandera sinbolo bateratzaile garrantzitsua zen, bertan uztartzen baitziren falangisten zein tradizionalisten ikurrak. Beste ikono bat Francoren irudi pertsonalista zen, aberriaren gorespena eta salbamena uztartzen zituelakoan, baita «Espainia berria»ren eta goian aipatutako galtzaileen eta irabazleen bereizketa betikotzen zuen gerra garaipenaren erretolika, eta inondik ere ez berradiskidetzea. Espainiaren ideia mesianikoa eta bakantasuna nabarmendu zen: 1956ko Mugimendu Nazionalaren Printzipioen Legean, Jose Antonio Primo de Riveraren «España, unidad de destino en lo universal» ofizialdu zen printzipio nagusi gisa.[49] Erregimenak nazionalizazio politikak eraman zituen aurrera, horretarako baliatuz, alde batetik, erregimenaren egitura korporatiboko esperientzia formalak eta gertaerak: meza, tertulia, zerbitzu militarra, irrati/telebista aurreko arratsalde eta gauak, futbola, besteak beste.[49] Beste era bat arteen instrumentalizazioa eta zentsura izan ziren, adibidez, NO-DOa, eta beste hedabideen erabilera, bereziki azken etapan: irrati-telebista eta, haren bidez, futboleko «oldar espainiarra» nabarmentzea, Real Madrid futbol talde totemiko gisa, etab. Nazionalizazio horretan berez zetozen txertatuta militarismo, katolizismo eta falangismoaren gorespena.[49]


Espainiar nazionalismoaren ohiko ikono batzuk


Copla española (hemen, Marifé de Triana), espainiar kulturaren eredu garrantzitsu bat diktadurapean

Bestalde, mezuaren sinplifikazioan, gaizkia ez-espainiartasunarekin identifikatu zen. Juduak eta masoiak aipatzen ziren Espainiako nazioari kontrajarrita; «Espainia bakarra, handia eta askea» erregimenaren goiburuari, «gorriek eta separatistek» egiten omen zioten itzala. Aldi berean, erregimenak masak xaxatzen zituen atzerritik zetozen kritiken kontra («anti-espainiarrak»). Adibidez, Municheko adierazpenaren kontra ekin zion (erregimenak «Contubernio de Munich» deitua), sistema demokratikorik gabe Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartzea eragoztearen alde zegoena (1962). Guztiek ere kanpotartasuna adierazten zuten, ez-espainiartasuna. Erregimenaren goiburu nazionalistak, eguneroko bitartekoen bidez gainera, askotariko zeremonia eta data berezietan errepikatzen ziren, adibidez, Jose Antonio Primo de Rivera edo Emilio Molaren omenaldietan. Eliza zen nazional-katolizismoaren oinarria, baina Vatikano Bigarrena Kontzilioaren ondorioz, gaiztotu egin ziren erregimenaren eta Elizaren arteko harremanak. Testuinguru horretan, Antonio Añoveros Bilboko apezpiku ataundarrak euskal herriak bere hizkuntza eta kultura izateko eskubidea zuela defendatu zuen, erregimenak «Espainiako batasunaren kontrako» adierazpentzat hartu zuena, eta krisi larria piztu Elizarekin; Arias Navarroren Gobernuak etxean atxiloarazi zuen apezpikua, baita hegazkin bat bidali ere Bilbora apezpikua berehala Espainiatik kanporatzeko, Elizarekiko elkarrizketek azkenean hori eragotzi zuten arren.[52][53][54]

1978tik aurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1978ko Konstituzioa, espainiar nazionalismoaren ohiko gai bat
Francoren diktadurazaleak, haren bandera soinean, Valle de los Caídos bisitatzen (2007)

Francok Juan Carlos I.a gaztea hartu zuen oinordeko, estatuburu izateko, eta errege berriak zin egin zuen Mugimendu Nazionalaren printzipioak betetzea. 1978an, Espainiako oposizioko hainbat indarrek, PCE eta PSOE ere tartean, hauteskunde irekiak eta konstituzio bat hitzartu zituzten diktadurako agintariekin bertako buru Francisco Franco hil ondoren (1975). Konstituzio horrek, berrespenerako erreferendumean onartuak, axioma nagusi batzuk ezarri zituen: Espainiaren zatiezintasuna, gaztelaniaren nahitaezko nagusitasuna eta Espainiaren batasun politikoa bermatzeko armadaren eskumen bereziak (Konstituzioko 8. Artikulua). Alderdi politikoak onartu ziren, baina diktadurako botere judizialak eta haren jurisprudentziak indarrean jarraitu zuten, baita polizia eta indar armatuak ere, aldaketa gutxirekin. Estatu kolpez 1936an ezarritako bandera hori-gorriak Espainiako bandera ofiziala izaten jarraitu zuen, diktaduraren kontrako indar ezkertiarrek hori nahi ez zuten arren.

Hamarkadetan, Foreign Affairs kazeta digitalaren arabera, espainiar nazionalismoa ez da nabarmena izan, Espainiako estatuak estatu moderno eta kulturaniztunaren irudia zabaldu nahi zuen neurrian.[55] Adierazpen batzuetan, Eduardo Serra Espainiako defentsa ministroak Konstituzioko 8. artikulua babestu zuen, baina adieraziz berea ez zela nazionalismoa, «abertzaletasuna baizik», agerian utziz bi terminoen artean Espainian egin nahi izaten diren ñabardurak.[56][oh 21] Katalan subiranotasunaren inguruko krisialdian, nabarmen bizkortu dira espainiar nazionalismoaren adierazpenak, Espainiako banderak harro erakutsiz eta Francoren garaiko zantzuak dituzten esloganak ageri-agerian berreskuratuz.[57] 2017an, Espainiako ereserkiaren kontra futbol partidu batean egindako txistuak epaitu zituzten Audientzia Nazionalean: deitzailearentzako 14.400 euroko isuna eskatu zuen fiskalak.[58] 2018ko otsailean, ETAren biktimen zenbait elkartek, hizkera gogorrez jantzitako ekitaldian, berretsi egin zuten "ETA erabat zapaltzeko" gogoa eta, horretarako, porrot kultural eta politikoa nabarmendu, katalan eta euskal independentismoaren kontrako adierazpenen artean.[59]

Espainiako banderaren aldeko PPren kanpaina
Kataluniako independentzia mugimenduaren kontrako manifestazioa Madrilen (2019ko otsaila)

2018ko martxoan, «Espainiaren eta koroaren aurkako laidoa» delitua berretsi zuten Espainiako Gorteetan, Ciudadanos, Alderdi Popularra eta PSOE alderdiaren babesaz.[60] 2018ko martxoan, Espainiako gobernuko lau ministro, kulturakoa ere tartean, Legioaren Aste Santuko prozesio ekitaldi berezian izan ziren, eta hainbat urtez Espainiako bandera erdi-jaitsia jarri zuten, «Kristoren heriotzaren oroimenez», Espainiako estatua akonfesionala izan arren.[61][oh 22] Sarritan terrorismoa gai hartuta eta Altsasuko auziaren eta Kataluniako autodeterminazio erreferendumaren epelean, hainbat espainiar alderdik Espainiako bandera eta batasuna jarri dute beren diskurtso eta ekintzaren erdigunean.

Urtarrilaren 2an, espainiar identitatea aldarrikatzen dute eskuin-muturreko taldeek, Espainiako Legioaren desfilea aldean dutela, Granadaren konkista (1491) ospatzeko ekitaldian, askotan indarkeria tartekatuz; 2019an, PPk Espainiako banderak banatu zituen hor.[62] Urte bereko otsailean, espainiartasuna aldarrikatzeko manifestazio nazionala deitu zuten eskuin eta eskuin muturreko hainbat taldek Madrilen, UPN ere tartean, Sanchez lehen ministroari «aberriaren etsaien» aurrean Espainiari «traizio larria egitea» leporatuta, katalanekin izan beharreko eztabaidetan lekuko bitartekari bat («errelatorea») onartu zuelako.[63][64][65] 2018tik aurrera, «Errekonkista» eskuineko eta eskuin muturreko alderdientzako borroka deiadarra bihurtu da Espainiako askotariko gobernu erakundeetatik aukera progresistak eta nazionalista periferikoak, baita haien balioak ere, kanporatzeko.[66][47][67][68][69][oh 23] Halaber, alderdi horiek ikur bihurtu dute erakunde publiko guztietan nahitaezko hizkuntza bakarra gaztelania («hizkuntza komuna») izatea, EAEko Euskararen Legearen kontra, adibidez.[70]

Sinbolo berriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Santiago Matamoros, Gurutzadari hertsiki lotua eta Barrokoan espainiarren zaindari ofizial eta bakar bihurtua
Jesusen Bihotzaren monumentua Oviedon

Espainiarentzat identitate katoliko berria sortzeko ahaleginean, tradizio berriak sortu ziren, erlijio irudi berriak, XIX. mende erdialdetik. Bestalde, orduko Espainiako historiografiak, isuri erromantiko eta nazionalista (baita kolonialista) handi batez, Errekonkistaren kontzeptua sendotu zuen, espainiar identitate nazional bat eratzeari lotuta: Espainiako lurralde guztiei iragan eta helburu komun bat eskaini zien eta, Europako beste herrialdeek ez zuten funtsezko berezitasun bat: atzerritarren (musulmanen) atzaparretatik berreskuratu behar zen aberri bat.[71] Ideia horrek, gainera, arrakasta handia izan zuen, absurdoraino errepikatua izateraino, García Fitzek adierazi duenez.

Ramon Menendez Pidalek espainiartasunaren Volkgeist edo herri gogoa bilatu zuen, baita hura tradizioarekin eta ortodoxia katolikoarekin identifikatu ere.[72] Historialari espainiar askoren antzera defendatu zuen "ez Godoen Erresumaren desagerpenak, ez ondorengo mendeetako sakabanaketak", ez zutela "deuseztatu «espainiarren» batasun nazionalaren ideia eta sentimendua". Errekonkista espainiar nazionalismoak sustatutako espainiartasunaren mito sortzaile bilakatu zen.[71][oh 24]

Horrelako sinboloak liberalismoaren kontrako karga handia zuten, aniztasunaren kontrakoak ziren, eta teokratikoak. 1886tik indarberrituta, Jesusen Bihotzaren debozioa zabaldu zen; Frantziako Iraultzaren kontrako erakusgarria zen. 1919an, bere gorenera altxa zuten, Cerro de los Angelesen Bihotz Sakratua kontsakratuz, Espainiaren ustezko erdigune geografikoan.[73][oh 25] 20ko hamarkadan, beste ikono bat eratorri zen hartatik: Kristo Errege, konnotazio politiko are borrokalari eta argiagoak zituela. Espainiako Elizaren hierarkiaren interpretazioan, Kristo Erregek Espainiaren identitate katolikoaren iraupena esan nahi zuen, era horretan bere «errealitate nazionalari eusteko eta galdutako handitasuna berreskuratzeko aukera». Primo de Riveraren diktaduran, Kristo Erregeren gurtzak testuinguru politiko egokia aurkitu zuen, mito politiko bihurtuta, Espainia zeruko erreinuak lurrean aukeratutako zatia zelakoan; horixe adierazi zuen, hain zuzen, Valladolideko artzapezpiku bizkaitarrak garai horretan.[73] Elizkizunetan, Espainiako Errege Martxa jotzen hasi ziren.[73]

Esanahi nazionalista irmo hori Ama Birjina Pilarekoak ere bazuen, aldi berean kontrairaultzailea; urte hauetan, biziberritu egin ziren gurtzarako emakumezko izen batzuk. Zaragozako Ama Birjina Pilarekoak osagai politiko garrantzitsua zuen Penintsulako Gerratik: espainiar balio abertzale militarrak hezurmamitu zituen, atzerritarren kontrakoa, zama chauvinista handikoa. Santu hori ikono nazional bihurtzeko pauso handia Alfontso XIII.ak eman zuen, urriaren 12ko Ama Birjina Pilarekoaren eguna «Arrazaren edo Hispanitatearen Eguna» izendatu zuenean.[74] Ia aldi berean, kanonizazioaren ehungarren urteurrenenean, Santa Teresa «Arrazaren eta Hispanitatearen Santua» izendatu zuten (1922), izaera hispaniar-abertzalea isuri militar batekin uztartuz eta arraza ere tartean sartuz.[74] Santa Teresaren izendapen hori bat zetorren osoki XVII. mendetik Espainiako zaindari eztabaidaezin bihurtutako Donejakue Matamoros santu gerragilearekin. XIX. mendean, erromantizismoz goretsi zen Donejakueren irudia, arrotzen kontrako gerlari gisa adierazia.[oh 26]

Frankismoaren garaian, zinema arma politiko gisa erabili zen. NO-DO nahitaezko albistegiaz gain, filmetan Espainiako historiaren topiko nagusiak agertzen ziren: La leona de Castilla, Locura de amor, Amaya, Jeromín, Alba de América, Agustina de Aragón, ¿Dónde vas, Alfonso XII?, Los últimos de Filipinas, Raza (Franco bera gidoilari zuena).[75]

Aldi berean, komikiak funtzio bera bete zuen. Garaiko komikiek «Erdi Aroko Espainia kristaua» goresten zuten (El Guerrero del Antifaz eta El Capitán Trueno), erromatar Hispania (El Jabato), edo Espainia garaikidea (Roberto Alcázar y Pedrín). Flechas y Pelayos (1938-1949) umeentzako aldizkaria propagandarako sortu zuten, Donostian argitaraturiko Flecha aldizkari falangista eta Pelayos karlista elkartuz.[76]

Frankismoaren ondoren, nazionalismo autoritarioaren eta polizia ustelkeriaren ikuspegi satiriko bat erakusten da Torrente, el brazo tonto de la ley filmean (1998).

  1. Espainiar nazionalismoak historian zehar erabili izan duen mitologia azaltzeko VII. mendeko Isidoro Sibiliakoa aipatzen du Joxe Azurmendik. Hispania bisigodo katolikoaren batasunari begira iberiarrak eta bisigodoak Tubalen familian ahaidetu behar izan zituen santu godoak. Ik. Azurmendi, J. 2023: "Laus Spaniae" in Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 19-31.or.
  2. Honela italieraz: "Alcuno principe de’ presenti tempi, il quale non è bene nominare, non predica mai altro che pace e fede, e dell’una e dell’altra è inimicissimo: e l’una e l’altra, quando e’ l’avessi osservata, gli arebbe più volte tolto e la riputazione e lo stato".
  3. Jatorriz, gaztelaniaz: "Tenga Vuestra Majestad por el negocio más importante de su monarquía el hacerse rey de España; quiero decir, Señor, que no se contente con ser rey de Portugal, de Aragón, de Valencia, conde de Barcelona [...]; sino que trabaje y procure, con consejo maduro y secreto, por reducir estos reinos de que se compone España, al estilo y leyes de Castilla [...], que si V.M. lo alcanza será el príncipe más poderoso del mundo".
  4. Zehazki, Villalpandok azaltzen duenez, "izan ere, Nafarroan, euskaraz hitz egiten dute gehienean, eta Ministro Gaztelauak doaz hara gobernatzera"; ikus Esparza Zabalegi, J.M. 2012, 632. or.
  5. Adierazpen osoak honela dio gaztelaniaz: "Considerando haber perdido los reinos de Aragón y Valencia y todos sus habitadores, por la rebelión que cometieron faltando enteramente al juramento de fidelidad que me hicieron como a su legítimo Rey y Señor, todos los fueros, privilegios, exenciones y libertades que gozaban y que con tal liberal mano se les habían concedido así por mí como por los señores reyes mis predecesores, particularizándoles en esto de losdemás reinos de eta corona; y tocándose el dominio absoluto de los referidos reinos de Aragón y Valencia, pues a la circunstancia de ser comprendidos en los demás que tan legítimamente poseo en esta monarquía se añade ahora la del derecho de conquista que de ellos han hecho últimamente mis armas con el motivo de su rebelión; y considerando también que uno de los principales atributos de la soberanía es la imposición y derogación de las leyes, las cuales, con la variedad de los tiempos y mudanza de las costumbres, podría Yo alterar aun sin los grandes y fundados motivos y circunstancias que hoy concurren para ello en lo tocante a los de Aragón y Valencia; he juzgado por conveniente, así por esto como por mi deseo de reducir todos mis reinos de España a la uniformidad de unas mismas leyes, usos, costumbres y tribunales, gobernándose igualmente todos por las leyes de Castilla, abolir y derogar enteramente los referidos fueros y privilegios, prácticas y costumbres hasta aquí observadas en los referidos reinos de Aragón y Valencia".
  6. Honela adierazi zion: "Bake honen ondotik, Probintzia hauek gainerako Nazioari elkartuko balitzaizkio, hartatik banantzen dituzten eta Erresumako kide hil bat egiten duten foruen trabarik gabe, berorrek Cisneros kardinaletik edo Filipe V.a handitik ikusi ez dugun obra handietako bat egingo luke. Garai hauek baliatu behar dira monarkiaren indarra eta funtsak handitzeko. Bilbo eta Donostiako aduanak eta Nafarroako mugak Erresumako finka onenetakoak izango lirateke. Hiru probintziotako katastro ekarpenak, behetik asko jota ere, berrehun mila eurotik gorakoak izango lirateke nire kalkuluen arabera. / Pentsa daiteke hortik gutxienez zazpi mila gizon atera genitzakeela tropetarako. Badira legezko argumentuak operazio horretarako: "haiek kale egin dute funtsean beren betebeharrei, kostu bat du Monarkiarentzat bere lurraldearen zati bat berreskuratzea". Godoyk honela erantzun zion: "Beste une baketsuago batean, mendean hartuko dugu faltan den bazter hori". Ikus Martínez de Muniain, Emilio V. 1993, 168-169. or.
  7. Complutense Unibertsitateko Álvarez Juncok mito nazionalista baten sorreraz hitz egin du. Independentzia Gerraren ideia espainiar nazionalismoaren ardatz erretoriko bihurtu zen XIX. mende eta XX. mende hasieran; ikus Álvarez Junco, José. 1994, Abstract eta 91. or.
  8. Gobernu kontserbadore moderatuaren garaian onartu arren, gobernu progresistak prestatu zuen.
  9. 1862ko maiatzaren 28ko Notariotza Legeko 25. artikulua; eta, Errege Agindua, Isabel II.arena, 1867ko urtarrilaren 15ekoa, hizkuntza gutxituak antzerkian debekatzen dituena; ikus Torregarai, Joan Mari. 2009, 36-37. or.
  10. Canovas bera historialaria zen, eta Historia Nacional de España ondu zuen, bere estatu unitario eredua eta Borboien berrezarkuntza legitimatzera bideratua, ikus Xabier Alberdi eta Fernando Txueka Nabarralden.
  11. Hezkuntza sistema bera Gobernazio Ministerioaren agindupean zegoen.
  12. Egoera berri horrek bete-betean harrapatu zuen Sabino Arana, Estatu Batuetako presidente Roosevelti "Kuba esklabutzatik askatzeagatik" igorritako telegrama atzeman ziotenean, eta horregatik kartzelatu.
  13. Giro horretan, 1901ean, Nafarroako gobernadoreak eskoletan euskara erabiltzea debekatu zuen, artean egiten zela jakin zuenean, eta, 1902an, hezkuntzaz arduratzen zen Madrilgo ministerioak dotrina ere erdaraz egitera behar zituen irakasleak; ikus Xamar. 2010, 202-203. or.
  14. Espainiar nazionalismoaren goraldian, espainiar sozialistak Lore Jokoak, euskal literatura eta, are, hizkuntza debekatzeko eskatu zuten La lucha de clases beren Bilboko agerkarian (1899 eta 1911), adieraziz hala behar zuela "Euskal Herri eta Espainiaren arteko lokarriak sendotzeko" ("para el reforzamiento de los lazos entre el País Vasco y España"); ikus Xamar. 2010, 192, 218. or.
  15. Izan ere, bi eredu horiek existitu ziren militarren baitan eta elkarren osagarri izan ziren. Jansenek ("Military Nationalism and the State") orduko liberalei egotzi die XX. mendeko espainiar nazionalismo eskuindar-autoritarioaren alde jardun zutela, izan kontserbadore, izan faxista edo beste mota batekoa; ikus Watson, Cameron. 2003, 156-167. or.
  16. "Batasun nazionala" ezin zen auzitan jarri, ezin zen eztabaidatu, "ezin baita aberria bozkatu", historiaren gainetik zegoen, Maurak Espainia familiako kideekin parekatuz 1918an adierazi zuen bezala; ikus Borja de Riquer. 2001, 202. or.
  17. Rifeko Gerrak 1859-60ko Afrikako Gerran zuen bere aurrekaria.
  18. Jose Antonio Primo de Riverak godoen eta berbereen arteko liskar amaiezintzat zeukan Espainiako historia, eta "Espainiako Bigarren Errepublika berbereen beste inbasio bat" zela zeritzon; ikus Preston, Paul. 2012, 48. or.
  19. Konparatu ingelesez eman zen ordainarekin: Nationalist. Ikuspegi dualistari lotuz, kolpistek rojos edo separatistas deitu zieten Errepublikari leial mantendu zirenei.
  20. Zezenketari "festa nazional" ere deitu izan zaio eta, artean, hala deitzen zaio zenbait testuingurutan; Vox alderdiak, adibidez, sutsuki defendatzen du ospakizun horren esanahi hori, ikus albistea.
  21. 8. Artikuluaren esanahiari gabe, bi terminoen artean dagoen aldeari erreparatu zion: bera "abertzale" (patriota) izatearren kritikatu zutela, eta argi utzi zuen, bere iritziko, abertzaletasuna "norbere herrialdea maitatzea" dela eta nazionalismoa, berriz, "auzoko herrialdearen gorrotoa".
  22. Espainiako herriaren defendatzaileak legez kontrakoa izan zitekeela adierazi zuen horregatik.
  23. Espainiar nazionalismoaren jite bereko beste aldaera bat Amerikaren konkista da, ekimen zibilitzatzailetzat joa, Madrilgo Alderdi Popularretik sutsuki babestua, hala nola Isabel Díaz Ayuso, Amerikaren konkistari buruzko Frantzisko aita santuaren barkamen eskaerari erantzunez, "Me sorprende que un católico que habla español hable así a su vez de un legado como el nuestro, que fue llevar el español y el catolicismo y, por tanto, la civilización y la libertad al continente americano" eta "el indigenismo es el nuevo comunismo"; ikus La Sexta eta El País (2021-09-29); ikus ildo beretik Alderdi Popularreko lider berresteko ekitaldian Pablo Casadoren diskurtso nazionalista gogorra in Público (2021-10-03).
  24. Joera nazionalista beretik jo zuen Claudio Sánchez Albornozek, mende luzez espainiarrek, "nazio eta erlijio borroka bat" jarraituz, musulman inbaditzaileen okupaziotik 'lurralde nazionala' askatu zutelakoan; ikus García Fitz, F. 2009, 145. or.
  25. 1871ko Pariseko Komunaren ondoren, Sacre Choeur basilika eraiki zen Parisen, herri harpidetzaz; ikus Dronda, Javier. 36-40. or.
  26. Filipe IV.a Habsburgokoaren garaitik, santu hori Espainiako zaindari bakartzat hartu zen ofizialki, espainiar nazioaren zentzu gerlari eta inperialista berresteko asmoz. Bazuen, harrezkero, bere egun ofiziala, uztailaren 24 eta 25an. XII. mendetik espainiar izaera nazionala hezurmamitzen zuen santua zen, Matamoros ezizenekoa, eta 'Errekonkista'ren babeslea, Clavijoko Gudu mitikoan mirariz agertu omen zela eta; Amerikan, berriz, konkista kolonialaren zaindaria zen, Mataindios eziezenaz; ikus Américo Castro in Discurso colonial hispanoamericano, 117. or.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Álvarez Junco, José. (2001). Mater dolorosa. La idea de España en el siglo XIX. Madril: Taurus.
  2. Parkins, Wendy. (2002). Fashioning the body politic: dress, gender, citizenship. Oxford: Berg, 178 or..
  3. Peces-Barba, Gregorio. (2010-11-23). «Los nacionalismos en España» El País.
  4. a b c d e f Moreno Cabrera, J.C. 2010, 3-8. or. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":1" defined multiple times with different content
  5. (Gaztelaniaz) Moreno Cabrera, Juan Carlos. (2008). El nacionalismo lingüístico : una ideología destructiva. (1 ed. argitaraldia) Ediciones Península ISBN 978-84-8307-816-7. PMC 217189762. (Noiz kontsultatua: 2021-07-09).
  6. Borja de Riquer. 2001, 314. or.
  7. Fernando, Lázaro Carreter. (1974). Lengua española : historia, teoría y práctica. Ediciones Anaya ISBN 84-207-0726-0. (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  8. Moreno Cabrera, Juan Carlos. (2014). «3. Nacionalismo lingüístico y colonialismo.» El nacionalismo lingüístico : una ideología destructiva.. ISBN 978-84-9942-353-1. PMC 892486517. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  9. Ferragut, Mar. (2019-06-05). «Juan Carlos Moreno Cabrera :"El español es el único nacionalismo lingüístico que existe en España"» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  10. Azurmendi, Joxe (2023): "Laus Spaniae" in Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 19-31.or.
  11. (Ingelesez) Mitchell-Lanham, Jean. (2015). [url=https://books.google.com/books?id=N9C0BgAAQBAJ&pg=PR12 The Lore of the Camino de Santiago: A Literary Pilgrimage. ] Two Harbors Press, xii or. ISBN 978-1-63413-333-3..
  12. García Fitz, F. 2009, 183. or.
  13. Elvira (coord.), Javier. (2008). Lenguas, Reinos y Dialectos en la Edad Media Ibérica: La Construcción de la Identidad; Homenaje a Juan Ramón Lodares. , 57 or. ISBN 978-84-8489-305-9..
  14. (Italieraz) «Ferdinando il Cattolico II re d'Aragona nell'Enciclopedia Treccani» www.treccani.it (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
  15. (Gaztelaniaz) Xoxe, Estevez. (2011). «La política peninsular de los Reyes Católicos» Haria (1512. Historia de una conquista). Nabarralde, 18-25 or. ISSN 1885-2513..
  16. a b (Italieraz) «Ferdinando il Cattolico in "Enciclopedia machiavelliana"» www.treccani.it (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
  17. Conversi, Daniel. «Nación, Estado y cultura: por una historia política y social de homogeneización cultural» Historia contemporanea. 45 UPV/EHU - Ikerbasque Foundation (argitaratze data: 2012-06-07), 443 or. ISSN 1130-2402..
  18. a b (Gaztelaniaz) Monreal, Gregorio; Jimeno, Roldán. (2012). Conquista e incorporación del reino de Navarra a Castilla. Pamiela, 47-52 or. ISBN 978-84-7681-736-0..
  19. (Gaztelaniaz) Kamen, Henry. (2015). Fernando el Católico. La Esfera de los Libros, 72-74 or. ISBN 978-84-9060-502-8..
  20. Nieto Soria, Jose Manuel. (2006). «Conceptos de España en tiempos de los Reyes Católicos» Norba, Revista de Historia. 19, 117-118 or. ISSN 0213-375X..
  21. a b (Gaztelaniaz) Álvarez Junco, José. (1994). «La invención de la Guerra de la Independencia» STUDIA HISTORICA-HISTORIA CONTEMPORÁNEA. Universidad de Salamanca, 75-99 or. ISSN 0213-2087. https://gredos.usal.es/bitstream/handle/10366/80055/La_invencion_de_la_Guerra_de_la_Independ.pdf;jsessionid=9D83D3E0F091D4124AB7B5EDAB1A3B32?sequence=1.
  22. Martínez Navas, Isabel. (1991). «Proceso inquisitorial de Antonio Pérez» Revista de la Inquisición. 1 Madrid: Editorial Universidad Complutense, 141-161 or..
  23. a b c Unanue Letamendi, José Miguel, 1945-. Euskal Herria : una mirada desde la historiografía : raíces y evolución de su identidad política. , 186-187 or. ISBN 978-84-7681-860-2. PMC 908181236. (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
  24. a b Martínez de Muniáin, Emilio V. 1993, 94-105. or.
  25. a b c d e (Gaztelaniaz) Madariaga Orbea (koord.), Juan; Adot, Álvaro. (2014). El euskera en las altas instituciones del gobierno a través de la historia / Euskal gobernuko goi erakundeetan historian zehar (Jornadas Internacionales - Nazioarteko Jardunaldiak). Pamiela, 79-81 or. ISBN 978-84-7681-867-1..
  26. López Serrano, Alfredo. «EL CAMBIO DEL SIGLO XVII AL SIGLO XVIII» LOS CAMBIOS DE SIGLO EN LA HISTORIA DE ESPAÑA (siglo XV - siglo XXI). Universidad Carlos III, 9 or. ISSN 0213-375X..
  27. Watson, C. 27. or.
  28. a b Martínez de Muniáin, Emilio V. 1993, 151-171. or.
  29. Martinez, F. 2016, 107-110. or.
  30. Álvarez Junco, José. (2001). Mater dolorosa. La idea de España en el siglo XIX. Madril: Taurus.
  31. a b Borja de Riquer. 2001, 307. or.
  32. Moreno, Luis. (2010). Ethnoterritorial Concurrence and Imperfect Federalism in Spain. Madril: Instituto de Estudios Sociales Avanzados (CSIC), 5 or..[Betiko hautsitako esteka]
  33. Dronda, Javier. 2013, 94-95. or.
  34. Azurmendi, Joxe. 2014, "2. DURÁN: ERROMANTIKOA ERROMANTZERO BILA"
  35. a b Dronda, Javier. 2013, 14-15. or.
  36. a b c d e f Watson, Cameron. 2003, 112-114, 156-168. or.
  37. Watson, Cameron. 2003, 107. or.
  38. a b Kurlansky, Mark. 2000, 172-176. or.
  39. Joan Mari Torrealdai. 2009, 64. or.
  40. a b Borja de Riquer. 2001, 202. or.
  41. Azurmendi, Joxe. 2014, "16. GIMÉNEZ CABALLERO: 'GENIO DE ESPAÑA'"
  42. Preston, Paul. 2012, 44-50. or.
  43. Preston, Paul. 2012, 62-65. or.
  44. Frankismoaren finkapena eta Krisialdia. 2012ko apirilaren 20a. http://frankismoaazkenaldia.wordpress.com (Ingelesez)
  45. García Nieto, M.C.; Donézar, J.M.. (1974). Bases documentales de la España Contemporánea. Madril: Guadiana, 169-172 or..
  46. Preston, Paul. 2012, 520-521. or.
  47. a b c Preston, Paul. 2012, 520-521. or.
  48. «Carlos Santamaria Zentroa - Gipuzkoa Campusa - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-14).
  49. a b c d e (Ingelesez) Moreno-Almendral, Raúl. «Franquismo y nacionalismo español: una aproximación a sus aspectos fundamentales [Francoism and Spanish Nationalism: an approach to its key aspects»] Hispania Nova, n. 12, pp. 7-36. (Noiz kontsultatua: 2019-02-14).
  50. García Fitz, F. 2009, 144-147. or.
  51. (Ingelesez) «Spain Frets Over Future of Flamenco» Flamenco the Studio (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  52. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1987-10-25). «Fallece Añoveros, el obispo que provocó la mayor crisis entre la Iglesia y el franquismo» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  53. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2013-04-27). «La Iglesia vasca y el fin del romance entre Franco y el Vaticano» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  54. «El día que Franco rozó la excomunión» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  55. (Ingelesez) Encarnación, Omar G.. (2018-02-05). Why Spanish Nationalism Is on the Rise. ISSN 0015-7120. (Noiz kontsultatua: 2019-08-01).
  56. Watson, C. 19. or.
  57. (Ingelesez) Encarnación, Omar G.. (2018-02-05). «Why Spanish Nationalism Is on the Rise» Foreign Affairs ISSN 0015-7120. (Noiz kontsultatua: 2018-05-20).
  58. Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «14.400 euroko isuna eskatu dute 2015eko Kopako finaleko txistuengatik» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  59. Berria.eus. «ETA "garaitu arte", Frantzia eta Espainiaren lankidetza defendatu du Vallsek» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  60. (Gaztelaniaz) «PP, PSOE y Ciudadanos apoyan que las injurias a la Corona sigan siendo delito pese al varapalo de Estrasburgo» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  61. (Gaztelaniaz) «Religión y política se enredan esta Semana Santa en un estado supuestamente aconfesional» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2018-03-29).
  62. (Gaztelaniaz) López, Álvaro. «La Toma de Granada: entre gritos de "yo soy español" y "no hay nada que celebrar"» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-02-10).
  63. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-02-06). «UN RELATOR NIMIO DESATA EL «GUAIDOISMO» ROJIGUALDO» GARA (Noiz kontsultatua: 2019-02-10).
  64. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2019-02-10). «Pincha la manifestación de las derechas: solo acuden 45.000» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-02-10).
  65. (Gaztelaniaz) Junquera, Natalia; Blas, Elsa García de. (2019-02-10). «El PP, Ciudadanos y Vox reúnen a decenas de miles de personas en Madrid contra la “traición” de Sánchez» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-02-10).
  66. ¿Por qué Vox rescata ahora el viejo concepto de 'Reconquista'?. (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  67. Press, Europa. Casado, tras apelar Vox a la Reconquista: El PP ha empezado la reconquista por Andalucía y la acabará en Asturias. (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  68. (Gaztelaniaz) Bravo, Francisca. Vox designa a Toledo como el punto donde comenzar la "reconquista" del centro de España. (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  69. Casado promete una "reconquista" para que "caiga el engaño independentista". (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  70. (Ingelesez) Berria.eus. «Euskara. Hizkuntzak bandera gisa» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
  71. a b García Fitz, F. 2009, 144-146. or.
  72. Azurmendi, J. 2014, "Menendez Pelayo"
  73. a b c Dronda, Javier. 2013, 36-40. or.
  74. a b Dronda, Javier. 2013, 49-56. or.
  75. Prieto Arciniega, Alberto. (2002). David Romero Campos ed. El franquismo en el cine: 'Amaya'", en La historia a través del cine. in: Memoria e Historia en la España de la Postquerra. Gasteiz: EHUArabako Foru Aldundia, 35-64 or..
  76. (Gaztelaniaz) Meléndez Malavé, Natalia. Humor gráfico y cómic ante la guerra: entre la propaganda y la contestación. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]