Enkomienda
Enkomienda (gaztelaniaz: encomienda, “zerbait edo norbait babesteko jasotako agindua eta eskubidea”) erakunde juridiko-ekonomikoa izan zen, espainiar kolonizatzaileek XVI. mende hasieratik aurrera Ameriketan ezarri zutena, bertatiarrekiko harremanak estutik kontrolatzearren.
Sistema haren arabera, Espainiako Koroak kolonoaren esku uzten zuen mendeko zituen indiarren zergak edota lanen emaitzak, eta ordainez kolonoak babesa, hazkurria eta kristau ikasbidea eskaini behar zizkien indiarrei. Nolanahi ere, berez esklabotasun molde bat baizik ez zen eta 1510. urtean Bartolomé de las Casas domingotar fraideak sistema hura gogor salatu zuen.
Espainiako Koroak atzera jo eta indarrik gabe utzi nahi izan zuen indiarren morrontza hura (Burgosko legeak, 1512-1513). Kolonoek, ordea, inoiz ez zituzten xedapen haiek aintzat hartu. 1542an, esklabotasuna eta derrigorrezko lanak debekatu zituen Karlos Habsburgokoak (Indietako Lege Berriak), eta enkomienda sistema leundu egin zen, funtsean bere hartan segitu bazuen ere. 1550etik aurrera, lan sistema berri bat abiarazi zuten espainiarrek, enkomienda bazter utzi gabe, repartimiento de indios ("indiarren banaketa") izenekoa. Molde berri horren arabera, urtero hainbat hilabetez aritu behar zuten nahitaez indiar heldu guztiek, meatze, ola, etxalde eta herri lanetan.
XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Espainiako Koroa zerga handiagoak hasi zitzaien eskatzen kolonoei, eta handik aurrera izugarri ahuldu zen sistema hori. XVIII. mendearen bukaeran desagertu ziren enkomiendak. Ameriketako indiarrak bigarren mailako pertsonatzat hartzen eta erabiltzen zituen molde juridiko-ekonomikoak, ordea, XX. mendea arte iraun du, hacienda izeneko sistemen bidez bereziki.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2019/4/1 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.