Edukira joan

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna
Irudia
Motanazioarteko egun
Honen izena daramaEmakumeen aurkako indarkeria
Commemorates (en) ItzuliEmakumeen aurkako indarkeria
Indarraldi1999ko abenduaren 17a - 
EgunAzaroaren 25
Denbora-tarte1981 - 
FundatzaileaNazio Batuen Erakundea
AntolatzaileaNazio Batuen Erakundea

Webguneun.org…
Hashtag#25N
Txileko memoriala.

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna urtero azaroaren 25ean ospatzen den nazioarteko eguna da. Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Nagusiak erabaki zuen egun hori ospatzea, 1999ko abenduaren 17ko 50/134 Ebazpenaren bidez. Eguna Dominikar Errepublikak proposatu zuen, eta beste hirurogei herrialdek babestu zuten. Hain zuzen ere, egun hau emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta desagerrarazteko helburuarekin sortu zen.

Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna izendatu zen 1999an. Egun hori Mirabal ahizpen hilketa oroitzeko aukeratu zen. Mirabal ahizpak Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko izan ziren eta 1960ko azaroaren 25ean Rafael Trujillo diktadorearen poliziak bortizki hil zituen. Urte horretatik aurrera, emakumeen talde eta mugimendu feministak data hori hartu zuen emakumeenganako indarkeria sexistaren aurkako egun bezala. Azkenean, 1999. urteko abenduaren 17an Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen kontrako bortizkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna” izendatu zuen.

Mirabal ahizpen borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadan, Dominikar Errepublikan, Mirabal ahizpek gogor borrokatu zuten Trujillo diktadorearen erregimenaren aurka. Horren ondorioz, behin baino gehiagotan kartzelatu, bortxatu eta torturatu zituzten. Nolanahi ere, gertatutakoa jasan arren, ez ziren errenditu.

Santo Domingon, 1960ko maiatzaren 18an, hiru ahizpetatik bi epaitu egin zituzten, baita haien senarrak ere. Estatu dominikarraren segurtasunari erasotzeagatik salatu zituzten eta ondoren kartzelaratu. Senarrak izan ezik abuztuaren 9an aske utzi zituzten bi ahizpak.

Mirabal ahizpak senarrak bisitatzera joan ziren kartzelara eta kartzelatik etxerako bidean, errepidean zehazki, Inteligentzia Militarraren Zerbitzuko heriotza-eskuadroi batek gelditu zituen. Bertan hil egin zituzten eta jipoitu egin zituzten, jendeak auto-istripuz hil zirela pentsa zezan.

1962an epaitu zituzten hiru ahizpen hiltzaileak. Hainbat urtetako kartzela-zigorra ezarri zieten, baina ez zuten asko iraun espetxean. Azkenean, Dominikar Errepublikatik ihes egitea lortu zuten Trujilloren aldeko hainbat talderi esker.

NBE-k aipatu dituen datu kezkagarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Mundu osoan hiru emakumetik batek indarkeria fisikoa eta sexuala jasaten du.
  • Ezkondutako emakumeen % 52k bakarrik erabakitzen du harreman sexualaren inguruan, antisorgailuen erabileran adibidez.
  • Gaur egun bizi diren 750 milioi emakume inguru 18 urte bete baino lehen ezkondu ziren.
  • Mundu osoko salerosketa biktimen % 71 emakumeak dira eta 4 kasutatik 3 sexu esplotazio kasuak dira.
  • Emakumezko biktimen kasuen % 50ren egilea bere mutil laguna edo familiako kide bat da; gizonezkoetan, berriz, 20 biktimetatik batena.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]