Elias Canetti
Elias Canetti (Ruse (Bulgaria), 1905eko uztailaren 25a– Zurich (Suitza), 1994ko abuztuaren 14a) Bulgariako idazlea izan zen eta, 1981ean, Literatura Nobel Saria irabazi zuen[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elias Canetti Rusen jaio zen Bulgarian, 1905eko uztailaren 25ean.
Canetti harro zegoen bere arbaso sefardiekin eta, urteak geroago, Nobel Saria jaso eta geroago, Cañeteko alkateari idatzi zion bere birraitona, aurreko mendean, handik gertu bizi izan zela esanez, Adrianópolis zeritzon italiar kolonian, alegia. Gero aldatuko zuen Cañete eta Canetti hartu haren ordez. Sendi osoa joan zen Bulgariara bizitzera eta han jaio zen Elias, baina ladino hizkuntza betirako geratu zitzaion odolean. Cañeteko alkateak bertako seme izendatu zuen erantzun bezala[2].
1912an aita hil eta gero, batetik bestera ibili ziren, amak adimen-gaitasun handiko haurra ikusten baitzuen eta semea ahalik eta kultura ezberdin gehiagotan murgilarazten saiatu zen. 5 hizkuntza menperatu zituen eta Manchesterren bizi zen eta Londresen ere bai, 1952an britainiar pasaportea betirako izan zuelarik. Frankfurt am Mainen ere izan zen eta Zürichen ere bai, azken formazio urteak Vienan eman zituelarik[2]. Hantxe biziko zuen Lehen Mundu Gerra eta, garai horretan, alemaniera hizkuntza nagusi bihurtzen joan zitzaion.
Zürichen eta Alemanian izan ondoren, Vienara itzuli zen 1924an Zientzia Kimikak ikasteko asmoz eta, 1929an, graduatu zen; hala ere, zaletasun handiena literatura du eta horretan dihardu zuen Suitzan.
Vienan egon zen garaian, bere bizitzan eragin handia izango zuten jende asko ezagutu zuen. 1934an, Venetia Toubner-Calderán, Veza Taubner, idazlearekin ezkondu zen eta lehenengo obrak idatzi zituen: Hochzeit (Ezkontza) 1932an idatzitako antzerkia, Die Komödie der Eitelkeit (Harrokeriaren komedia) 1934an idatzitako antzerkia eta Die Blendung (Dizdira) 1936an idatzitako eleberria. Veza Canetti 1960an hilko zen eta senarrak ez zituen sekula bere idatziak argitaratu. Ez da denbora asko austriar editore batek Vienako egunkari batean argitaratu zituen testuak bildu eta ezagutzera eman zituela.
1938an, berriz, Kristal hautsien gauaren ondoren, Canetti Londresera joan zen eta hiritartasuna lortu zuen han 1952an. Erresuma Batuan, lanik ospetsuenetako bat landu zuen, Masse und Macht (Masa eta boterea) gertutik bizi izan zuen Alemania naziaren eragina islatzen zuelarik[3].
Ez zen britainiarren pentsakera eta ohiturekin eroso sentitu eta kritiko izan zen herri horretako intelektualekin. Horrela erakusten du Partei unter den Bomben (Festa Bonben Azpian) lanean. Iris Murdoch britainiar idazlearen maitale izan zen eta errukirik gabeko argazkia egiten dio lan horretan.
70eko hamarkadatik aurrera Zürichen joan zen berriro bizitzera. 1971n, haren lehenengo emaztearen heriotzaren ondoren, Hera Buschor zaharberritzailearekin ezkondu zen eta alaba bat izan zuten.
1972an, Georg Büchner Saria jaso zuen, alemaniarren hizkuntzaren sari literario garrantzitsuena eta, 1981ean, berriz, Literatur Nobel Saria.
Elias Canetti Zürichen hil zen, Suitzan, 1994ko abuztuaren 14an. Orduak eman zituen igande goiz hartan hilezkortasunaz ari zen entseguan lanean. Aukeratuta utzi zuen hilobia, James Joycerenatik gertu[2].
Canettiren obra pertsonalen sorta ezin izango da ezagutu 2024rarte, testamentuan eskatzen zuen bezala.
« | ...Hala eta guztiz hilezkor banintz, Goetheri esker izango litzateke...[4] | » |
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Komödie der Eitelkeit 1934 (The Comedy of Vanity).
- Die Blendung 1935 (Auto-da-Fe).
- Die Befristeten 1956 (Their Days are Numbered).
- Masse und Macht 1960 (Crowds and Power).
- Aufzeichnungen 1942-48 1965 (Sketches).
- Die Stimmen von Marrakesch 1968 (The Voices of Marrakesh).
- Der andere Prozess 1969 (Kafka's Other Trial).
- Hitler nach Speer.
- Die Provinz des Menschen 1972 (The Human Province).
- Der Ohrenzeuge. Fünfzig Charaktere 1974 (Ear Witness: Fifty Characters).
- Das Gewissen der Worte 1975 (The Conscience of Words).
- Die Gerettete Zunge 1977 (Mihia aske)
- Die Fackel im Ohr 1980 (The Torch in My Ear).
- Das Augenspiel 1985 (The Play of the Eyes).
- Das Geheimherz der Uhr 1987 (The Secret Heart of the Clock).
- Die Fliegenpein 1992 (The Agony of Flies).
- Nachträge aus Hampstead 1994 (Notes from Hampstead).
- Party im Blitz; Die englischen Jahre 2003 (Party in the Blitz).
- Aufzeichnungen für Marie-Louise 2005.
Elias Canetti euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]* 2014an Ibon Uribarri Zenekortak egindako Die Gerettete Zunge 1977 liburuaren itzulpena Erein argitaletxea plazaratu zuen: Mihia aske. Erein-Igela, 2013. 427 or. ISBN: 978-84-9746-815-2.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ http://www.nobelprize.org/nobel_prizes/literature/laureates/1981/
- ↑ a b c http://elpais.com/diario/1994/08/19/cultura/777247202_850215.html
- ↑ http://www.nobelprize.org/nobel_prizes/literature/laureates/1981/press.html
- ↑ http://elpais.com/diario/1981/10/16/cultura/372034805_850215.html
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]