Edukira joan

Debate

Wikipedia, Entziklopedia askea
Debate-lehiaketa bateko finala. (Ekitaldi akademikoa). Vienako unibertsitatea.

Debatea edo mahai-ingurua iritzi kontrajarriak dituzten pertsonen arteko solasaldia da.

Debatearen ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Debatea antolatua eta arautua da.
  • Aurretik adostutako gai nagusi bat izaten da eztabaidaren ardatza. Debatean parte hartzen dutenek, aldez aurretik, adostuta izaten dute debateko gai nagusia zein izango den. Gaitik noiz edo noiz apurtxo bat irtetea, digresioak egitea normaltzat hartzen bada ere, neurriz onartzen dira digresioak.
  • Debateetan parte hartzen dutenen artean rol batzuk markaturik egoten dira. Alde batetik, zenbat eta formalagoa izan debatea orduan eta ezinbesteago bihurtzen da moderatzaile bat egotea. Moderatzaileak partaideen artean hitz egiteko txandak banatzen ditu, digresio batzuk mozten ditu, errespetuzko arauak, batzuetan, gogora ekartzen ditu.
  • Debateak eztabaida formal eta arautuak diren heinean, ohikoa izaten da grabatzea (audio edo bideo formatu batean) edo bestela ohikoa izan da idazkari rola pertsona batek edo batzuk hartzea eta debatean esandakoak idatziz jasotzea. Esandakoaren transkripziori edo laburpenari, batzuetan akta estatusa ematen zaio.
  • Debatea ahozko diskurtso mota bat izanik, batzuk nolabaiteko paraleloa bilatu diote idatzizko testuen artean eta zenbait forotan ematen den eztabaida jaso eta arautuekin topatu dira antzekotasun handienak.

Debatearen ezaugarri batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mikrofonoa txandaka eskutik eskura pasatzea, hitz egiteko txanda banatzeko teknika erabiltzen da maiz jendaurreko debate antolatuetan.
  • Gaia eztabaida-sortzailea izan behar du. Gutxienez bi iritzi multzo sortzen duten horietakoa.
  • Kontrako iritziak defendatzen dituzten parte-hartzaileei, antzeko denbora eman behar zaie.
  • Moderatzailea neutrala agertu behar du.
  • Moderatzaileak, askotan, gidoi bat izaten du, galdera batzuk botatzen ditu parte-hartzaileei bere iritziak plazaratzen laguntzeko.
  • Denbora mugatua. Parte hartzaileek ez dute hitz egiterakoan diskurtso luzeegirik egiten. Parte-hartzaileek moderatzaileari hitz egiteko txandak banatzerakoan nolabaiteko agintea aitortzen diote.
  • Zenbait debatetan, aurretik oso adostuak eta arautuak egoten dira debatea gobernatzeko kontu guztiak. Esate baterako, hauteskunde garaietako politika debateetan, txandak zenbat denborakoak izango diren, parte-hartzaileak nola kokatuko diren, eta beste hamaika kontu aurretik adostuak egoten dira. Moderatzailea nor izango den, debatea non egingo den, tokia eta eguna, dena aurretik adosten da zenbait debatetan.

Debate arautu jasoetan erabiltzen den diskurtsoetan argudio landuak agertu ohi dira. Hizlariek iritziak botatzetik harago joaten dira eta bere iritziak argudio-testuetan ohikoak diren baliabideak erabiltzen dituzte. Zenbait baliabide literario ere agertu ohi da: konparazioak, metaforak, etab. Debateen barruan beste testu-tipo edo diskurtso-tipo batzuk ere txerta daitezke. Parte-hartzaileek anekdotak, pasadizoak, parabolak, narrazio laburrak, igarkizunak, etab. txerta ditzakete bere diskurtsoan.

Moderatzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moderatzaile bakar bat egotea izaten da ohikoena. Parte-hartzaileen onespena beharko du bere moderatzaile lanetan eraginkorra izateko. Txandak banatzeaz gain debatea gidoi jakin bati jarraiki bidera dezake.

Debatea audio edo bideo formatuan graba daiteke. Bestela idazkari bat edo batzuk egon daitezke debatean gertatzen dena idazten. Hortik, gero, akta bat ere atera daiteke. Grabatzen diren debateetan idazkaria egotea ez da ohikoa izaten.

Parte hartzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin izango dute guztiek norabide bereko iritzia defendatu. Debatea egon dadin gutxienez bi iritzi multzo beharko. Parte-hartzaileek aldez aurretik debateko arauak ezagutu beharko dituzte eta bere iritziak plazaratzerakoan debateko arauak beti zaindu beharko.

Politikarien arteko debate bat irrati-etxe batean. Txile. 2013.
  • Moderatzaileak, normalean, lehen hitzak botako ditu. Beharrezkoa den kasuetan parte-hartzaileak aurkeztuko ditu. Gai nagusia eta gaiari buruz eztabaidatzeko erabiliko diren arauen berri ere emango ditu. Beharrezkotzat jo eginez gero, zenbait azalpen eta argibide ere eman ohi ditu moderatzaileak.
  • Moderatzaileak, normalean, parte-hartzaileen artean hitz egiteko txandak banatzerakoan protagonismo handia izaten du. Parte-hartzaileek berez txanda horiek ondo partekatzeko dohaina baldin badaukate, moderatzaileak ez du kontu honetan lan handiegirik izango. Bestela, bere esku egoten da txandak banatzearena.
  • Moderatzaileak denbora kontrolatzen du. Aldez aurretik adostutakoa betearazten saiatuko da.
  • Moderatzaileak, normalean, itxiko du debatea.
  • Debatearen xedea parte-hartzaileen iritzian eragina izateaz gain, kanpoko entzuleengan eragina izatea izaten da.

Zenbait aholku debatea egiteko

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Debate bat telebista-etxe batean: Txileko Canal 13 CNN
  • Debatean hasi baino lehenago, beharrezkoa bada, partaideak aurkeztu beharko.
  • Debatean hasi baino lehenago, beharrezkoa bada, arau batzuk argi utzi beharko. Hitz-txandak zelako iraupena izango duten, nork eta nola banatuko dituen txandak, noiz eta nola bukatuko den debatea, etab.
  • Debate egin bitartean, komeni da moderatzaile batek txandak banatzea eta galderekin-edo debatea dinamizatzea.
  • Debatea noiz bukatu den moderatzaileak edo dinamizatzaileak ebatziko du. Azken txanda nork erabiliko duen aldez aurretik erabakita balego hobe. Bestela moderatzaileak berak itxi ahal du debatea, laburpen ahal eta objektiboena eginez-edo.
  • Argudioak iritzi bat defendatzeko erabiltzen diren arrazoiak dira. Iritzi baten aldeko eta kontrako argudioak erabil daitezke debate batean. Argudio batzuen alde, nolabaiteko frogak aurkez daitezke; alde dauden argudioei frogak deitu ohi zaie. Kontrako argudioei objekzioak edo eragozpenak deitu ohi zaie.

Tranpa duten argudioei falazia deitzen zaie. Sofisma hitza ere erabili izan da formaz itxuroso diren argudioak izendatzeko, formaz itxuroso baina azken batean tranpati diren argudioak izendatzeko.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]