Edukira joan

Cicatriz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cicatriz
Datuak
EzizenakZika
Cika
Cica
JatorriaGasteiz
Musika motaPunk (hasieran)
Rock gogorra/Heavy metal (geroago)
Urteak1983 - 1994
Produkzioa
Diskoetxea(k)Oihuka
Zika Records
Taldekideak
Natxo
Pepin
Pedrito
Pakito
Lehengo taldekideak
Poti
Pescadilla
Manolo
Goar
Dieguillo
Informazio gehigarria
Spotify: 7f3sBMcnvGfOkHiKmeXtIz Last fm: Cicatriz Musicbrainz: 8e7bfacd-f5b8-4918-98c4-421e80390b61 Songkick: 153341 Discogs: 1119370 Allmusic: mn0001399421 Edit the value on Wikidata

Cicatriz 1983. urtean Gasteizen (Araba) sortutako euskal punk taldea da.

Taldearen historia drogekin lotura oso estua izan zuen hasiera-hasieratik. Dena Gasteizko Las Nieves ospitale psikiatrikoko desintokxikazio unitate berrian hasi zen. Drogak uzteko terapia moduan musika talde bat sortzea erabaki zuten, eta horrela, 1983an Cicatriz en la matriz jaio zen. Natxo Etxebarrietak eta Marieli Arronizek (Natxoren neska-laguna, La Poti bezala ezaguna) abesteko ardura hartu zuten. Bi hauetaz gain, taldean El Pescadilla (gitarra), Toñin (bateria) eta Emilio (baxua) zeuden[1]. Lehen kontzertuen ondoren Toñinek taldea utzi, eta haren ordez Pedro Landatxe sartu zen. Pedrok aurretik ere beste talde batean jo zuen, Los Freaks deiturikoa.

Hasierako kontzertuetatik bat oso ezaguna bilakatu zen, elkarrizketa askotan kontatzen baitzen anekdota modura. Dena Lolarekin izandako gaizki ulertu batekin hasi zen (urte batzuk geroago neska honi abesti bat ere egin zioten). Lolak taldekideei galdetu zien ea San Marcos tabernan jo nahi zuten, eta hauek baiezkoa eman zuten. Arazoa zen Lolak San Roque taberna esan nahi zuela. Kontzertu egunean taldekoak eta hainbat lagun San Marcosen agertu ziren, Lolaren partez zetozela esanez, eta musika ekipoak tabernan sartzen hasi ziren. Kontzertua oso basatia izan zen, askok tripiak jan zituzten, eta denek garagardo ugari edan zuten. Garagardo botilak hustutakoan, lurraren nahiz paretaren aurka apurtzen zituzten, zoru guztia kristalez estaliz. Ondorioz, jendea erortzean zauriak egin eta dena odolez bete zen. Natxok esan zuenez, tabernakoak zur eta lur gelditu ziren, eta handik aurrera taldearen jarraitzaile sutsuak bihurtu ziren. Bien bitartean, Lola San Roquen zegoen zain.[1]

Taldeak, Cicatriz en la Matriz izenaz, bi maketa grabatu zituen. San Ferminetan lehen maketa grabatu zuten Iruñean, eta bigarrena Bilbon, baina, antza denez, bigarren hau galdu egin zen 1983ko uholdeetan.

Gero, taldean nahikotxo aldaketa gertatu ziren: Pakito Rodrigo taldean sartu zen baxua jotzeko; Potik Natxorekin zuen erlazioa amaitu eta Londresera joan zen bizitzera, taldea bertan behera utzirik. Gainera, taldeak beste aldaketa bat ere izan zuen: José Arteaga Pepin gitarra jotzeko sartu zen Pescadillaren ordez. Handik aurrera taldeak Cicatriz izen laburtua hartu zuen.

Lehen diskoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985ean Kortatu, Jotakie y Kontuz Hi! taldeekin batera disko bat grabatzera sartu ziren, urte berean argitaratuko zena Soñuaren (Oihuka) eskutik. Cicatrizek hiru kantu sartu zituen disko hartan. Luis Nogalesek zuzendutako Esto saldrá bien abestiaren bideoklipa grabatu eta Gasteizko Bideo Jaialdian aurkeztu zuten.

1986ko martxoan, Egin egunkariak bultzatutako musika sarian, zuzeneko rock talderik onenaren sailean bigarren gelditu ziren. Hilabete berean Elkar estudioetan (Lasarte) sartu ziren lehen disko luzea izango zena grabatzera. Uztailean bertan argitaratu zen diskoa.

1987an taldeak beste aldaketa bat izan zuen. Pepin heroinaren ondorioz arazoak edukitzen hasi zen, eta taldea utzi behar izan zuen. Haren ordez Goar, Gasteizko talde Heavy-etatik zetorrena, sartu zen gitarra jotzera. Urte honetan Cicatrizek Euskal Herriko gaztetxeetan zehar bira bat egin zuen Quemando Ruedas taldearekin batera.

1988. urtean Natxo eta Poti Amsterdamera (Holanda) joan ziren bidaian. Itzuleran, Barajasko aireportuan (Madril) atxilotu egin zituzten, izan ere, LSD eta anfetaminak bezalako substantziak zituzten . Natxo Carabanchelen (Madril) kartzelaratu zuten, eta Poti, berriz, Yeserias-eko kartzelan. Natxori ezarri zioten zigor luzeena, 4 urte, 2 hilabete eta egun bateko kartzelaldiarekin, baina 3 hilabete baino gutxiago bete zituen, fidantza ordainduta. Kartzelan egon ostean, Natxok motor istripu larri bat izan zuen Ondarretako hondartzatik Gasteiza itzultzean. Istripu honen ondorioz, Natxo elbarri gelditu zen gurpil-aulki batean. Denborarekin hanketan mugimendua berreskuratu zuen, baina hortik aurrera makuluen laguntza behar izan zuen.

Geldialdia eta itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natxoren istripuak taldearen geldialdi bat ekarri zuen. Taldea 1991ean itzuli zen, estudioan grabazioak hasita. Natxok istripuaren ondorioz lortutako diruaz Londresera (Erresuma Batua) joan ziren disko berria grabatzera eta Zika Records zigilua sortu zuten. Urte horretan argitaratu zen 4 años, 2 meses y 1 día diskoa.

1992an Colgado por ti diskoa argitaratu zen Zika Recordsen eskutik.

1993an Pakito HIESak jota hil zen. Dieguillo (Quemando Ruedas) sartu zen taldean baxua jotzeko.

1994ko abenduaren 30ean Lakuntzako Matraka diskotekan kontzertua grabatu eta 1995ean argitaratu zen En directo diskoa, Pakitoren omenez.

Geroago HIESak Natxo eta Pedritorenak egin zituen.

  • Natxo Etxebarrieta (ahotsa). (†)
  • Jose Arteaga, Pepin (gitarra). (†)
  • Pedrito Landatxe (bateria). (†)
  • Pakito Rodrigo (baxua). (†)

Beste taldekideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Marieli Arroniz, La Poti (2. ahotsa).
  • Goar Iñurrieta (gitarra).
  • Pescadilla (gitarra).
  • Dieguillo (baxua).
  • Emilio - (baxua).
  • Pedro (Rock Dam) (bateria).
  • Toñin (bateria)
Hasierak 1984 1985 1986 1987 1988 1989 1990 1991 1992 1993 1994 1995
Natxo Etxebarrieta
La Poti
Pescadilla Pepin Goar Iñurrieta
Emilio Pakito Rodrigo Dieguillo
Toñin Pedrito Landatxe Pedro Rock Dam
Ahotsa Gitarra Baxua Bateria


  • Kortatu, Cicatriz, Jotakie, Kontuz Hi! (1985, Soñua)
  • Bat, bi, hiru... hamar (1995, Oihuka)
  • Viva la punk (2001, Revelde discos)
  • Esto saldrá bien

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b "Si yo fuera tú me gustarían cicatriz" dokumentala, Jorge Tur Moltó

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]