Edukira joan

Carta Pisana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carta Pisana

Carta Pisana XIII. mende amaieran, 1275-1300 inguruan, egindako itsas mapa bat da. Gaur egun, Frantziako Liburutegi Nazionaleko Mapa eta Planoen Sailean dago. Ikerketa berriek mende bat geroago egin zela iradokitzen dute. Pisan aurkitu zen, eta hortik datorkio izena. Mediterraneo osoa, Itsaso Beltza eta Atlantikoko kostaldearen zati bat erakusten ditu (gaur egungo Maroko iparraldetik gaur egungo Herbehereetaraino) baina maparen zehaztasuna nagusiki Mediterraneora mugatzen da[1]. Iraun dirauen mapa nautiko zaharrena da (hau da, ez da soilik mapa bat, baizik eta nabigazio-norabide zehatzak erakusten dituen dokumentu bat)[1][2]. Mapa portulano bat da, kostaldeei eta portu askori buruzko azterketa zehatza erakusten duena, baina ez du inolako adierazpenik barnealdeko topografiari edo toponimiari buruz[3]. Mapa honetan iparraldea goialdean dago, garai bereko beste mapa batzuetan ez bezala, hala nola Hereford Mappa Mundia (1300 inguru), non goialdean ekialdea dagoen.

Maparen jatorri posibleak dira Pisa (aurkitu zen lekua)[2], Venezia eta Genova, azken hau adituek ontzat jotzen dutena. Mapan aipatu portuen dentsitateari dagokionez, handiagoa da Tirreno itsasoko kostaldean, eta txikiagoa Jonikoan. Horri esker froga daiteke mapa genovarra dela, garai hartan Genova potentzia handia baitzen Tirreno itsasoan.

Alde atlantikoan zehaztasun gutxi du, bereziki Mediterraneoarekin alderatuta, eta hori argi ikusten da Britainia Handiak duen irudikapenean: forma irregularra, angeluzuzena, ekialde-mendebalde ardatz batean kokatua. Gainera, uharte osorako sei leku-izen bakarrik ditu, horien arrean Civitate Londra (Londres) uhartearen hegoaldeko kostaldearen erdian.

Maparen datari dagokionez, bere antzinatasuna Manfredonia hiriaren aipamenak mugatzen du, 1256an Manfredo Siziliakoak sortu zuena.

Zaila da zehaztea Carta Pisana egiteko erabilitako iturriak. Mapan adierazitako toponimoetan hainbat dialekto erabili izanak, hainbat tokiko iturri bildu zirela iradokitzen du. Beste aukera batzuk ere izan daitezke: aurreko portulano hipotetiko bat, jada existitzen ez dena, edo Antzinako Erromako kartografia. Hala ere, ez dago inolako frogarik aurreko portulano baten existentzia babesten duenik, eta mapako akatsik nabarienak Italiari buruzkoa izateak Antzinako Erromaren eraginaren teoria ahulduko luke[4].

Nabigazio-alderdiak eta iparrorratzarekin lotura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mapak ia Mediterraneo osoa hartzen du, bi norabide-zirkulurekin, bat mendebaldeko Mediterraneorako eta bestea ekialdekorako. Zirkulu hauek hamasei zatitan banatuta daude, bakoitza haize-arrosaren norabide bati dagokiolarik. Gainera, bi norabideko eskala du, hainbat segmentutan banatuta: 200, 50, 10 eta 5 milia[2]. "Portulano milia" hauen balio zehatza kalkulatzea zaila da gaur egungo unitateetan; izan ere, desadostasunak daude mapa honetako eta besteetako eremu geografikoen artean, baina egiunez adostuta dago 1,25 kilometro inguru dela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) Diffie, Bailey Wallys; Winius, George Davison. (1977). Foundations of the Portuguese empire, 1415-1580. University of Minnesota ISBN 9780816607822..
  2. a b c (Ingelesez) Aczel, Amir D.. (2001). The riddle of the compass: the invention that changed the world. Orlando: Harcourt Books ISBN 9780156007535..[Betiko hautsitako esteka]
  3. (Italieraz) Brancaccio, Giovanni. (1991). Geografia, cartografia e storia del Mezzogiorno. Guida editori Napoli ISBN 9788878351219..
  4. (Ingelesez) History of Cartography. University of Chicago Press ISBN 9780226316338..[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]