Carl Sagan
Carl Sagan (Brooklyn, New York, AEB, 1934ko azaroaren 9a - Seattle, Washington, AEB, 1996ko abenduaren 20a) astronomoa eta zientzia-dibulgatzailea izan zen.
Ezaguna egin zen bereziki Cosmos: A Personal Voyage («Kosmosa: bidaia pertsonala») telesail ospetsua aurkeztu zuelako 1980an. Denetariko gaiak jorratzen zituen bertan, besteak beste, astronomia, filosofia edota eboluzioa. Narratzailea eta egilekidea izan zen. Ameriketako Estatu Batuetako telebista publikoaren historiako telesailik ikusiena izan zen, 60 bat herrialdetan 500 milioi pertsonako audientzia izan zuena. Geroxeago Cosmos liburua argitaratu zuen. 1985eko Contact zientzia-fikziozko eleberria ere idatzi zuen, eta bertan oinarritu ziren 1997ko izen bereko filma ekoizteko.
Eszeptizismo zientifikoaren eta metodo zientifikoaren defendatzailea izan zen. Exobiologiaren aitzindari, SETI (Estralurtar Adimenaren Bilaketa) proiektuaren bidez adimen estralurtarra bilatzearen sustatzailea izan zen. Ildo horretan ere, espaziora bidalitako zundetan mezuak bidaltzea bultzatu zuen, balizko estralurtarrei giza kulturari buruzko berri helarazteko.
Haren lan zientifikoetan esanguratsuenetakoa izan zen Artizarraren atmosferari buruz egindakoa. Ikerketa horren bidez, berotegi-efektua aztertu zuen lehen zientzialarietako bat izan zen.
Bere bizitzan zehar, Saganek sari eta kondekorazio ugari jaso zituen zientziaren eta kulturaren komunikatzaile gisa egindako lanagatik. Gaur egun, zientziaren dibulgatzaile karismatiko eta eraginkorrenetakotzat jotzen da, ideia zientifikoak eta alderdi kulturalak publiko espezializatu gabeari zehaztasunez transmititzeko zuen gaitasunari esker.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]New Yorkeko Brooklyn hirian jaio zen, judu ukrainarren familia batean. Aita Sam Sagan Ukrainako Kamianets-Podilskyn jaiotako ehungintzako langile bat zen, eta ama, Rachel Molly Gruber, etxekoandrea.
Familia apartamentu xume batean bizi zen, Brooklyngo auzo batean. Saganen arabera, judu erreformistak ziren, hiru talde judu nagusien artean liberalena. Carlek eta arrebak uste zuten aita ez zela bereziki erlijiosoa, baina amak, zalantzarik gabe, Jainkoarengan sinesten zuela, eta aktiboki parte hartzen zuela tenpluan.
Fisika ikasi zuen Chicagoko Unibertsitatean, eta han graduatu zen, hogei urterekin. 1960an doktoregoa Astronomia eta Astrofisikan egin zuen. 1961ean, hainbat artikulu idatzi zituen planetei buruz, eta ospe handia izan zuen zientzialari eta gai zientifikoen dibulgatzaile gisa.
1962an Harvard Unibertsitateko irakasle izendatu zuten, eta Smithsonian Institution-eko Astrofisika Behatokian sartu zen. Garai hartatik aurrera, NASArekin lan egin zuen, eguzki-sistemaren ikerketan batez ere. 1966an J.B. Pollack eta R. M. Goldsteinekin Artizarraren gainaldearen ikerketa batzuk egin zituen radarrarekin, eta bertan 10 km-ko garaiera duten mendiak daudela frogatu zuen ikerketa haien bidez.
1978an Pulitzer literatura-saria irabazi zuen Edeneko dragoiak liburuarekin. Lan horretan gizakiaren garunaren bilakaerari buruzko ideiak azaltzen ditu. Hala ere, nazioartean Cosmos telebista-sailarengatik egin zen ospetsu. Azken urteetan, Cornelleko Unibertsitateko ikerketa planetarioen behatokiko zuzendari izan zen. Lurraren inguruko espazioaz gainera, bizitzaren sorrerari eta unibertsoari buruzko gogoetak egin zituen. Gogoeta horietako batzuk Zer da bizitza? lanean bildu zituen.
Aktibismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sagan betidanik aktibismoaz eta pazifismoaz kontzientziatua egon zen; Gerra Hotzaren gailurrean, gerra nuklearraren eraginez kontzientziatzen saiatu zen. TTAPS txostenaren bost egileetako bat da: lan horretan, negu nuklear baten hipotesia planteatzen da.[1]
Halaber, marihuanaren erabilera defendatu zuen; izan ere, bere Marihuana Reconsidered[2] obran, haren kontsumoa hainbat obraren inspirazio iturria izan dela azaltzen du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ http://www.atmos.washington.edu/~ackerman/Articles/Turco_Nuclear_Winter_90.pdf
- ↑ Grinspoon, Lester. (1994). Marihuana reconsidered. Oakland, CA : Quick American Archives ISBN 978-0-932551-13-9. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Carl Sagan |
- Carl Sagani buruzko webgunea (Ingelesez)
- 1934ko jaiotzak
- 1996ko heriotzak
- Ameriketako Estatu Batuetako astronomoak
- Astrofisikariak
- Ingelesezko idazleak
- Ameriketako Estatu Batuetako idazleak
- Estatubatuar juduak
- Agnostikoak
- Bakezaleak
- Humanistak
- Newyorkarrak
- Pneumoniak hildakoak
- Zientzia dibulgatzaileak
- SETI
- Judu agnostikoak
- Judu eszeptikoak
- Harvard Unibertsitateko irakasleak