Edukira joan

Can Xue

Wikipedia, Entziklopedia askea

 

Deng Xiaohua (mandarinera: 邓小华; pinyin: Dèng Xiǎohuá; Changsha-n jaioa, 1953ko maiatzaren 30ean), Can Xue (mandarinera: 残雪; pinyin: Cán Xuě; literalki, elur iraunkorra) izengoitiarekin ezagunagoa, Txinako fikziozko idazle eta literatura-kritikaria da.

Bere idazkerak, batez ere fikzio motzean datzanak, lehen idazle txinatar modernoen errealismoa hausten du. Eleberriak, kontakizun laburrak eta Dante, Jorge Luis Borges eta Franz Kafkaren literatur kritikak ere idatzi ditu. Can Xue "Txinako fikzio esperimentaleko autorerik nabarmenena" bezala deskribatu izan dute, eta bere fikzioaren zatirik handiena beste hizkuntza batzuetan itzuli eta argitaratu dute.[1]

Deng Xiaohua 1953an jaio zen, Changshan (Hunan, Txina). Bere bizitzako lehen urteak, bere obraren zuzendaritzan eragina izan zuten zailtasun tragiko batzuek markatu zituzten. Aita New Hunan Dailyko (Xin Hunan Ribao) editore buru izan zen, baina 1957ko Kanpaina Antiderechistan kanporatu zuten, eta bi urtez bidali zuten landara errepresalian, ustez egunkarian talde antikomunista baten buru izateagatik. Bi urte geroago, familia osoa etxetik atera eta Yuelu mendiaren ondoko txabola txiki batera eraman zuten, Changsha landa-kanpoaldean.

Hurrengo urteetan, jazarpen handiago baten ondorioz, familiak asko sufritu zuen. Aita espetxeratu egin zuten, eta ama bi anai-arrebekin batera bidali zuten landa eremura, lanaren bidez berriz hezteko. Osasun txarra zuenez, Dengi hirian egoteko baimena eman zioten (Iraultza Kulturalaren garaian, Dengek hamahiru urte zituen). Lehen hezkuntza amaitu ondoren, bere hezkuntza formala behin betiko eten egin zen.

Can Xuek bere gaztaroko izugarrikeriak xehetasunez deskribatzen ditu "Un día de verano en el hermoso sur" izeneko bere oroitzapenetan (Elkarrizketak paradisuan ipuin bilduman). Aldi horretan, familia osoa "hiltzeko zorian" borrokatu zen, eta berak metalurgiako lana aurkitu zuen geroago. Hamar urte geroago, 1980an, lehen semea erditu ostean, lantegiko lana utzi eta, senarrarekin batera, beren kabuz josten ikasi ostean, jostun negozio txiki bat ireki zuen.

1983an idazten hasi eta 1985ean argitaratu zuen bere lehen ipuina: "Xaboi-buruxkak ur zikinetan" (污水上的肥皂泡). Urte horretan beste bi ipuin etorri ziren, "Zezena" (公牛) eta "Etxola muinoan", Can Xue ezizena aukeratu zuen momentua. Izen hori neguaren amaieran geratzen den elur zikin eta bihurri gisa interpreta daiteke, edo gainerakoa urtu ondoren mendi baten tontorrean geratzen den elur gisa. Ezizen baten azpian argitaratzeak bere generoa aipatu gabe idazteko aukera eman zion Can Xueri. Tonglin Lu Montrealgo Unibertsitateko Literatura irakaslearen arabera, kritikariek emakumea zela jabetu zirenean, haren "ahotsak" deseroso sentiarazi zituen. Tonglin Luk "subertsio bikoitza" deitu zion horri, abangoardiako fikzioa idazteaz gain, emakumea ere bazelako. 2002an, Dengek esan zuen: "Askok [gizonezko kritikariek] gorroto naute, edo, gutxienez, isiltasuna gordetzen dute, ni noiz desagertuko zain. Inork ez ditu nire lanak eztabaidatzen, ados ez daudelako edo ulertzen ez dituztelako. "[2]

Can Xueren estilo abstraktuak eta ezohiko forma narratiboak kritikarien arreta piztu zuen1990eko hamarkadan. Bere istorioetako irudi asko Iraultza Kulturalarekin, Eskuinaren aurkako mugimenduarekin eta Txinako Herri Errepublika goiztiarreko beste mugimendu politiko zurrunbilotsuekin lotu dira. Baina hala ere, ekitaldi horien zuzeneko aipamenak ez dira oso ohikoak haren obran. Are gehiago, egileak berak esplizituki ukatzen ditu besteek bere lanean aurkitu omen dituzten komentario politiko gehienak, behin elkarrizketa batean zera esateraino iritsiz: "Ez dago inolako kausa politikorik nire lanean".[3]

Can Xuek, aldiz, istorio bakoitza bera subjektua den bizi esperimentu moduko bat balitz bezala tratatzen duela dio.[4] “Geruza oso sakonetan”, dio, “nire obra guztiak autobiografikoak dira”.[5]

Bibliografia hautatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Can Xuek eleberri, ipuin eta liburu iruzkin andana argitaratu ditu.[6]

Eleberriak

    • 《不祥的呼喊声》 lit. Zulo txarreko oihuak.
    • 《 影族》 lit. Jende iluna.
    • 《山上的小屋》 lit. Txabola mendian.
    • 《苍老的浮云》lit. Ur gaineko hodei zaharra.
    • 《鬼屋》 lit. Etxe sorgindua.
    • 《沼泽地》lit. Zingira.
    • 《天堂的对话》 lit. Elkarrizketak Paradisuan.
    • 《最后的情人》 lit. Azken maitalea.

Gaztelaniara itzuliak

    • La oscura llamada, in: RCT, nº 3-4, 2016, trad. Manuel Pavon-Belizon. Kontakizun laburra.
    • La Frontera. Itzul. Blas Piñero. Madril: Hermida Editores, 2021. Eleberria.
    • Hojas rojas. Itzul. Belen Cuadra Mora. Madril: Aristas Martínez, 2022. Kontakizun laburren bilduma.
    • Nubes flotantes ya envejecidas. Itzul. Blas Piñero. Madril: Hermida Editores, 2022. Eleberria.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]