Bulat Okudzhava
Bulat Xalvovitx Okudzhava (errusieraz: Була́т Ша́лвович Окуджа́ва; georgieraz: ბულატ ოკუჯავა; Tbilisi, Georgia, 1924ko maiatzaren 9a - Paris, 1997ko ekainaren 12a) errusiar idazle eta kantaria izan zen.
1961ean eman zuen bere burua ezagutzera, Lehen lerroan eleberria argitaratuz. Eleberri horretan Bigarren Mundu Gerrako sarraskiak kontatzen dira, eskolatik gerra-mugara eramaten duten nerabe baten ikuspegitik. Bigarren eleberriak (1969, Avrosimov gaixoa) Sobietar Batasuneko prosalari onentsuenetako bat zela erakutsi zuen. Aurrerago, Moskuko Literatura Aldizkariko arduradun izan zen, eta Idazleen Elkarteko idazkari hautatu zuten. Beste lan batzuk: Zhor-en argazkia (1970); Tula-ko agentea (1971); Shipov agente sekretua 1862. urtean Leon Tolstoi kondearen atzetik zihoaneko abentura miresgarriak (1973); Diletanteen bidaia (1978). Bestalde, 1960 ondoko urteetako kantari frantsesen lagun eta mireslea izan zen (George Brassens, Jacques Brel), eta bera ere abeslari handia izan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bulat Okudzhava |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.